Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2012ko martxoaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1375

EBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 31koa, Energia eta Meategien zuzendariarena; honen bitartez, Altzoko, Alegiako, Tolosako, Ibarrako, Belauntzako, Berrobiko, Berastegiko eta Elduaingo udalerrietan Altzo-Leitza 30 kV-ko zirkuitu bikoitzeko aireko linea elektrikoaren eta horren deribazioen Zuhaitz Zerrenda Zabaltzeko onura publikoa deklaratzen da (Erreferentzia: 24007/AT-H-2010-144).

GERTAKARIAK

Bat.– 2010eko urriaren 20an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi Pasealekua, 1-3), Altzoko, Alegiako, Tolosako, Ibarrako, Belauntzako, Berrobiko, Berastegiko eta Elduaingo udalerrietan aipatu den Zuhaitz Zerrenda Zabaltzeko Administrazio Baimena ematea, dagokion Egikaritze Proiektua onartzea eta Onura Publikoko Deklarazioa egitea eskatu zuen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAren eskaera hori jendaurrean erakusgai jarri da 2011-03-17ko EHAAn, 2011-02-11ko GAOn eta 2011-02-3ko El Diario Vasco egunkarian, enpresa horren ustez desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2011ko urtarrilaren 27an, ofizio bat igorri zitzaien Altzoko, Alegiako, Tolosako, Ibarrako, Belauntzako, Berrobiko, Berastegiko eta Elduaingo Udalei, adierazitako iragarkia bertako Ediktu Taulan jartzeko.

Lau.– 2011ko urtarrilaren 5ean, separata bat igorri zitzaien Altzoko, Alegiako, Tolosako, Ibarrako, Belauntzako, Berrobiko, Berastegiko eta Elduaingo Udalei, eskatutako baimenari adostasuna edo ukoa emateko.

Bost.– Altzoko eta Alegiako Udalek aurkeztutako proiektuarekin ados zeudela adierazi zuten, eta baldintza batzuk ezarri zituzten.

Sei.– Tolosako eta Ibarrako Udalek aurkeztu zen Proiektuarekin ados zeudela adierazi zuten.

Zazpi.– Belauntzako, Berrobiko, Berastegiko eta Elduaingo Udalek, txosten-eskaera berriz egin ostean, ez zioten eskaera horri erantzunik eman.

Zortzi.– 2011ko urtarrilaren 5ean, separata bana igorri ziren Gipuzkoako Foru Aldundira, Ura-Uraren Euskal Agentziara eta ADIFera, eskatutako baimenarekiko adostasuna eskatuz, eta baita baldintza teknikoak ere, aldeko erantzuna emanez gero.

Bederatzi.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ura-Uraren Euskal Agentziak, txosten-eskaera berriz egin ostean, ez zioten eskaera horri erantzunik eman.

Hamar.– Alegiako eta Altzoko Udalek ezarritako baldintzen berri eman ondoren, ezarritako baldintza horiek onartzen zituela erantzun zuen Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak.

Hamaika.– Jendeari jakinarazteko ezarritako epearen barruan, Lourdes Martiarena Montes andreak aurkeztutako alegazioari eman zaio sarrera, eta bertan adierazten zuen argitalpenean Isabel Montes Aizpurua andrearen izenean agertzen zen 50 zenbakidun finka alegatzailearen jabetzakoa dela, aurkeztu den Tolosako Jabetzaren Erregistroaren ohar sinplean agertzen den bezala.

Hamabi.– Lourdes Martiarena Montes andreak egindako alegazioak Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileari igorri zitzaizkion, eta enpresa horrek adierazi zuen onartzen zituela eta 50 zenbakidun finkaren titulartasuna aldatuko duela.

Hamahiru.– 2011ko uztailaren 1ean, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileak atzera egin zuen administrazio-baimena emateko eta proiektua onartzeko eskaeran, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenetik eratorritako Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen diren goi-tentsioko lineetako zortasun-zerrenda zabaltzeari buruzko espedienteak izapidetzeko jarraitu beharreko argibideetan ezarritakoari jarraiki.

Hamalau.– 2011ko urriaren 27an idazki bat bidali zitzaion Lourdes Martiarena Montes andreari, bertan jakinaraziz enpresa eskatzaileak egikaritza-proiektuaren baimen administratiboa eta onespena eskatzeari uko egin ziola, eta bidezkotzat jotzen zituen alegazioak formulatzeko aukera ematen zitzaiola adieraziz. Ezarritako epea igaro zen eta ez zen inolako erantzunik jaso bidali zen idazkiari dagokionez.

Hamabost.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2011ko abenduaren 28ko Ebazpen bidez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatuta Altzo-Leitza 30 kV-ko aireko linea elektrikoaren eta haren deribazioen zuhaitz-zerrenda zabaltzeko hasitako prozeduraren atzera egite partziala onartu zen.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Espedienteak betetzen ditu Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legeak, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legeak, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuak, eta goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenak eta bat datorren gainerako legediak agintzen dituzten arauzko izapideak.

Bi.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA) esleitutako atribuzioei jarraiki, honako hau

EBAZTEN DU:

Baimendutako instalazio elektrikoetako zuhaitz-zerrendaren zabalkuntza onura publikokotzat deklaratzea; deklarazio horrek berarekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, Lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epearen barruan, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 31.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE juan LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala