
49. zk., 2012ko martxoaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Fundación 2012 Fundazioa
1133
IRAGARKIA, Fundación 2012 Fundazioaren laguntza ekonomikoak esleitzeko oinarriak jakinarazteko dena; laguntza ekonomiko horiek «2012 Euskadi, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea» kanpainaren helburu eta balioekin bat egiten duten arlo artistikoetako kultura-ekitaldi eta -ekintzak antolatzeko dira, betiere kanpainaren programazioan txertatzeko modukoak badira, modu osagarrian eta partizipatiboan.
Fundación 2012 Fundazioa sektore publikoaren fundazioa da eta helburu nagusia honako hau du: «2012 Euskadi, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea» kanpaina antolatzea; 2012. urte osoan egingo dira ekitaldiak, Gernikako, Durangoko eta Eibarko bonbardaketen 75. urteurrena dela-eta. Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen helburu nagusien artean honako hau nabarmenduko dugu: kultura-edukien sortzaileei bakearen aldeko parte-hartze transformatzailea ahalbidetzea eta, aldi berean, herritarrari bakeari buruzko elkarrizketa eskaintzea bere kulturaren eta ingurukoen artean, jakintza eta ekintza-gaitasuna aberastearren.
Fundación 2012 Fundazioak egoki iritzi dio kultura arloko ekintzak eta programak gauzatzen laguntzeko jardunbide bat ezartzeari, bai Urtearen ospakizunen barruan soilik, edo bai ospakizun horien osagarri, kultura-programazioan jada ohikoak diren jaialdi, ziklo, lehiaketa eta abarretan bildutako proposamen berezien bitartez. Kultura-sorkuntzaren arlo guztietako jardun horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan izan daitezke (arreta berezia emango zaie horiei), edo, bestela, Estatuko edo nazioarteko edozein eremutan ere gauzatu daitezke, 2012 Euskadi Urtearen kanpo-proiekziorako nolako interesa duten ikusita.
Helburu hori betetzearren, Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuak laguntza ekonomikoak ematea onartu du, «2012 Euskadi, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea» kanpainaren helburu eta balioekin bat egiten duten arlo artistikoetako kultura-ekitaldiak eta ekintzak antolatzeko; honako oinarri hauen arabera arautuko dira:
OINARRIAK
1. artikulua.- Xedea.
1.- Oinarri hauen xedea da diru-laguntzak esleitzeko baldintzak arautzea; hain zuzen ere, «2012 Euskadi, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea» kanpainaren helburu eta balioekin bat egiten duten eta helburu horiek ahalik eta hobekien betetzeko interes berezikoak diren arlo artistikoetako kultura-ekitaldiak eta ekintzak antolatzeko diru-laguntzak dira.
2.- Diru-laguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuaren barruan edo kanpoan garatuko dira, 2012ko martxoaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
b) Aurkeztutako programak edo jarduerak diru-laguntza jaso ahal izateko, ekonomikoki bideragarria izan beharko du.
c) Programen edo jardueren edukiak honako hauekin loturikoa izan beharko du, behar bezainbeste:
c.1.- 2012 Euskadi kanpainak jarduten duen eremu eta balioekin, hau da, lotura zuzena izan dezaketen guztiak eta kanpainaren jardun-ardatz nagusien laguntzailekide izan daitezkeenak; hona hemen jardun-ardatz nagusiak: indarkeria amaitzeko nahia, herritarren bizikidetza bidezkoa eta askatasun indibidualak eta sozialak.
c.2.- Kultura-sorkuntzaren arloekin, honako esparru hauetan: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, arte bisualak, narratiba grafikoa, literatura eta abar, bai objektuetan eta/edo zuzenean egindako adierazpenetan, bai adierazpen birtualetan.
3.- Aurreko idatzi-zatian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten programa edo jarduerak deialditik kanpo geratuko dira.
2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.
1.- Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzetan, gehienez ere 500.000 euroko zenbateko orokorra banatuko da eta lehen xedapen gehigarrian finkatutakoaren arabera zenbateko hori handitzeko aukera egongo da.
2.- Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez 40.000 euro emango zaizkio.
3.- BEZaren zenbateko kengarria ez da izango diruz lagun daitekeen gastua, inolaz ere.
3. artikulua.- Erakunde onuradunak.
1.- Oinarri hauetan oinarrituta, diru-laguntzen eskaera egin ahal izango du pertsona juridiko publiko edo pribatu orok, baldin eta oinarrietan aipatzen diren programa edo jarduerak egiten baditu eta, eskabidea(k) aurkezteko egunean, egoitza soziala eta fiskala Espainiako Estatuan edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko edozein estatu kidetan badu.
2.- Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren baten eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.
3.- Oinarri hauen arabera emandako laguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izan behar dira.
4. artikulua.- Emateko prozedura.
Deialdi honen babespean emandako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira; beraz, finkatutako diru-laguntzaren gehieneko mugak errespetatuta, onuradunen zenbateko jakin bat baino ez da hautatuko -betiere ezarritako irizpideei jarraikiz-, hautatutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna bermatzearren, dimentsioari dagokionez.
5. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauen bidez arautzen eta deialdia egiten den diru-laguntzak kudeatzea.
6. artikulua.- Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.- Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak I. eranskinean agertzen den inprimaki-ereduan bete behar dira eta eredu horretan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da, nahitaez. Eskabide horiek Fundación 2012 Fundaziora bidali beharko dira eta, deialdiaren eranskinetan eskatutako dokumentazioarekin batera, Fundación 2012 Fundazioaren bulegoetan (Nicolás Alcorta kalea, 2; 48003, Bilbao) aurkeztu beharko dira, bai zuzenean, edo bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusita dagoen bitartekoren bat erabiliz.
2.- Dena den, oinarri hauen II. eranskineko bigarren atalean aipatzen den dokumentazioaren (erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa) ordez, eskatzailearen erantzukizun-adierazpen bat aurkez daiteke, betiere III. eranskineko ereduari jarraikiz. Erantzukizun-adierazpenean adierazitako datuak egiazkoak direla egiaztatu beharko da, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta, onuradun izateko proposamena jakinarazten duen komunikazioa jasotzen denetik kontatzen hasita 5 eguneko epean.
3.- Eskaera-orria eta eskatutako eranskinak Fundación 2012 Fundazioaren webgunean ere eskura daude: www.euskadi2012.org
4.- Eskabideak aurkeztuz gero, deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzak formalki eta esanbidez onartzen direla esan nahi du.
7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko azken eguna 2012ko apirilaren 2a izango da.
8. artikulua.- Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.
Eskabidearen izapidea onartzeko eskaturiko dokumentuak falta direla edo horietan akats formalak daudela ikusiz gero, eta balioesteko alegaturiko dokumentazioan akatsak ikusten badira, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzendu edo dagozkion dokumentuak aurkezteko, eta hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko da, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.
9. artikulua.- Balioespen Batzordea.
1.- Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Balioespen Batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izango ditu:
● Batzordeburua: Fundación 2012 Fundazioaren patronatukide bat edo hark izendatzen duena.
● Batzordekideak: fundazioaren Patronatuak izendatutako 3-5 kide, deialdi honen xedea den gaiari buruzko adituen artetik.
● Idazkaria: Batzordearen idazkariak hitza izango du baina botorik ez, eta fundazioaren Patronatuak izendatutako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da.
Era berean, Balioespen Batzordearen saioetan landu beharreko gaiei buruzko jakintza espezifikoa dutenek bileretan parte hartu ahal izango dute (hitzarekin baina botorik gabe), baldin eta bertaratuen gehiengoak onartzen baditu.
2.- Eskabideak behar bezala ebaluatu ahal izateko, Balioespen Batzordeak, beharrezko ikusten duen bakoitzean, egoki iritzitako argibideak azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei.
10. artikulua.- Balioesteko irizpideak.
1.- Aurkeztutako proiektuak balioesteko eta, horren ondorioz, hautatu behar diren ala ez erabakitzeko eta diru-laguntzen zenbatekoak zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Jardueraren eduki sozialen interesa eta egokitasuna honako helburu hauek lortzeko: indarkeria amaitzea, herritarren bizikidetza berreskuratzea eta askatasun indibidual eta sozialak defendatzea. Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 30, gehienez.
b) Jardueraren interes kulturala eta kalitate artistikoa. Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 30, gehienez. Proiektu bakoitzean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, batez ere:
a.- Kultura intereseko elementuak:
● Jardueraren garrantzi kulturala.
● Gaiaren aldetik, berritzaile eta erakargarri izatea.
b.- Kalitate artistikoko elementuak:
● Proiektuan parte hartzen duten talde artistiko eta teknikoak.
● Talde horiek egokitzeko modua eta proiektuaren garapena.
c) Euskadi 2012 ekimenaren proiekzio publikoa, komunikazioko ekintza eta euskarri guztietan, baita ekitaldiaren kanpo-zabalkundea eta oihartzuna ere. Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez.
d) Aurrekontua egokia izatea eta eskatutako diru-laguntzarekiko erlazioa, baita beste Erakunde publiko batzuek jarduerarako ekarpenik egitea ere. Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez.
e) Euskara erabiltzea. Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez.
f) Emakumeen ekarpena eta parte-hartze profesionala eta, oro har, genero-ikuspegia txertatzea. Lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 5, gehienez.
2.- Artikulu honetan xedatutako balioespen-baremotik gutxienez % 50eko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira eta ezin izango dira hautaketan sartu.
3.- Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema proportzionala aplikatuko da, era honetan: deialdiaren kreditu osoaren zenbatekoa, 1. puntuan agertzen diren irizpideei jarraituz balioespen-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, modu proportzionalean eta Fundación 2012 Fundazioari eskatutako kopuruari aplikatuta, betiere hurrengo artikuluan ezartzen diren gehieneko mugak errespetatuta.
11. artikulua.- Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa.
Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa aurrekontuaren % 100ekoa izan daiteke, puntuazio hori lortzen badu eta proiektu bakoitzeko 40.000 euroko gehieneko zenbatekoa gainditu gabe.
12. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna eta berrikuspena.
Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituztenekin, baina ezin da inolaz ere gain-finantzaketarik gertatu; kasu horretan, bidezkoa izango da diru-laguntza murriztea, diruz lagundutako jardueraren guztizko kostuaren mugaraino.
13. artikulua.- Ebazpena.
1.- Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuak emango du, Balioespen Batzordeak egindako proposamena aztertu ostean; interesdun guztiei gehienez ere hiru hilabeteko epean emango zaie horren berri, iragarki hau indarrean hasten den egunetik hasita. Era berean, jende guztiak jakiteko, honako datu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira: onuradun guztien zerrenda bat, diruz lagundutako jarduerak eta oinarri hauen arabera esleitutako diru-laguntzen zenbatekoa.
Balioespen Batzordearen proposamenean ordezko onuradunak ere aipa daitezke, hautatutako hautagaiek uko egiten baldin badute edo deialdi honetako baldintza bereziak ez badituzte onartzen. Horrelakorik gertatuz gero, hasierako onuradunari oraindik ordaindu ez zaion zenbatekoa jasoko du ordezkoak. Deialdi honetako baldintzak betetzen edo onartzen ez dituen edo uko egiten dion onuradunak Fundación 2012 Fundazioari itzuli beharko dio ordura arte jasotako laguntza ekonomikoaren zatia.
2.- Fundazioaren Patronatuaren ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkez dakioke Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuko presidenteari, jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean.
14. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.
Oinarri hauen bidez araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako eginbehar hauek bete beharko dituzte betiere:
1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunek idazki batean esanbidez adierazi ahal izango dute onarpena. Hala egin ezean, diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek ukoa idazki batean esanbidez adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.
2.- Diru-laguntza eman den helburu jakin horretarako erabiltzea.
3.- Ikuskatze-lana egiteko beharrezko den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatuko direla bermatze aldera.
4.- Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunak betetzerakoan eskatzen zaien informazioa ematea.
5.- Aurkeztutako hasierako proiektuan aldaketarik eginez gero, idazki bidez jakinarazi beharko diote Fundación 2012 Fundazioari, gehienez hilabeteko epean, esleipenari buruzko ebazpena jasotzen duten egunetik kontatzen hasita. Fundazioak, bestalde, 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko, aldaketaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarotakoan erantzunik ez badago, aldaketa onartu dela ulertuko da.
6.- Esleipenaren ebazpena jasotzen den egunetik kontatzen hasita, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortutako katalogoen, egitarauen, kartelen, argazkien eta gainerako material grafikoaren edo soinudunaren aleetan Fundación 2012 Fundazioaren babesa esanbidez aipatzea. Material hori euskaraz hedatu behar da, gainerako hizkuntzak alde batera utzi gabe.
15. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.
Deialdi honen arabera ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honi jarraikiz:
● Emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 80, 16. artikuluan zehaztutako epea igaro eta esanbidez ukorik egin ez bada.
● Emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren gainerako % 20a, oinarri hauen hurrengo artikuluan laguntza justifikatzeko eta likidatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkeztu ostean.
16. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta likidatzea.
1.- Iragarki honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jarduerak amaitu ondoko bi hilabeteko epean, eta, edonola ere, 2012ko abenduaren 31 baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntza jaso duen jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehaztua.
b) Zinpeko aitorpen bidez, diru-laguntza jaso duen jardueraren gauzatzearen behin betiko aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak); kopuruak ahalik eta xehatuen eman behar dira.
Diru-sarreren zerrendan, besteak beste, honako hauek sartu behar dira:
○ Erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena.
○ Beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek egindako ekarpenak. Erakunde onuradunak, Fundación 2012 Fundazioaren diru-laguntzaz gain, besterik jaso ez badu, horri buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du.
○ Fundación 2012 Fundazioak emandako diru-laguntza.
c) Diru-laguntza jaso duen programa edo jarduera gauzatzeak eragindako gastu guztien ziurtagirien zerrenda. BEZaren zenbateko kengarria ez da izango diruz lagun daitekeen gastua.
d) Gutxienez emandako diru-laguntzaren zenbatekoa osatzen duten gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiriak eta fakturak, originalak edo konpultsatutako fotokopiak.
Dena den, Fundación 2012 Fundazioak eskatuz gero eta artikulu honen lehen paragrafoan finkatutako epearen barruan, aurkeztutako aurrekontuaren guztizko zenbatekoa estaltzen duten egiaztagiriak Fundazioaren esku jartzeko konpromisoa hartzen dute onuradunek.
e) Jardueraren ondorioz argitaratutako katalogoen, egitarauen, kartelen, argazkien eta gainerako material grafikoaren edo soinudunaren hizkuntza-bertsio guztien ale bana, Fundación 2012 Fundazioaren babesa esanbidez agertzen dela.
17. artikulua.- Ez-betetzeak.
1.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluaren arabera, honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat:
a) Gastuak zuritzeko beharkizuna ez betetzea.
b) Laguntza edo diru-laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak izan gabe.
c) Laguntzak edo diru-laguntzak emate-erabakian zuen helburua ez betetzea.
d) Laguntzaren edo diru-laguntzaren emate-erabakian ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Lege honetan ezarritako kontrol-jarduketak oztopatzea edo uko egitea.
f) Laguntza edo diru-laguntza bakoitzaren arau espezifikoetan aurreikusitako gainerako kasuak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Fundación 2012 Fundazioaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, 2. artikuluan adierazitako diru-kopurua alda daiteke, eskatutako diru-laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta eta horiek gauzatu aurretik. Horrelakorik gertatuz gero, 2.2 artikuluan aipatutako gehiengoak errespetatuko dira eta Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuko Lehendakariaren ebazpen bidez emango da horren berri.
Bigarrena.- Oinarri hauetan jasotako diru-laguntzen programa 2006ko abenduaren 28ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (L 379/5) argitaratutako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 zenbakiko Erregelamenduan (EE), hau da, Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamenduan ezarritako minimis arauari lotuta geratuko da, eta, beraz, oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzen erakunde onuradun bati emandako guztizko minimis laguntzak hiru zergaldiko edozein alditan 200.000 euroko zenbatekoa ez gainditzeko beharrezkoak diren bitartekoak antolatuko ditu fundazioak.
AZKEN XEDAPENA
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituzte ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 16a.
Idazkaria,
MIKEL TORAL LÓPEZ.
(Ikus .PDF)
RSS