Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2012ko martxoaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
1115

AGINDUA, 2012ko otsailaren 9koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, 2008ko abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren babesean, elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte hartzeko 2012ko ekitaldirako ekintzetarako laguntzak (Bikain programa) deitzen dira.

Elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte hartzeko ekintzetarako diru-laguntzei buruzko (Bikain programa) abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuak elikagaien ekoizpenaren eta produktuen kalitatea hobetzeko laguntzen araubidea ezarri du, laguntza-ildo hauek barne hartuta: batetik, nekazariek elikagaien kalitateari buruzko programetan parte hartzeko laguntzak, eta, bestetik, elikagaien kalitate-programen esparruan produktuen informazio- eta sustapen-jarduerak garatzeko laguntzak.

Arestian aipatutako dekretu horren 8. artikuluak ezartzen du Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduaren bidez, bertan ezarritako laguntzetarako deialdia egingo dela urtero, eta artikulu horretan jasotzen diren puntu batzuk jasoko direla.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.5 artikuluan ezarri legez, behin ekonomia ekitaldi bakoitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jarrita, programetarako diru-laguntzak emateko arauak gaurkotu, berrikusi edo hala badagokio, ezarriko dira, eta amaiera jakinik gabe arautu zirenen deialdia egin.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legearekin bat etorriz, hauxe

Arau biak aplikatuta, urte horretako elikagaien kalitate programak sustatu eta bertan parte hartzeko jarduerentzako laguntzen deialdia egingo da.

Horri jarraikiz, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Agindu honen xedea da elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte-hartzeko ekintzetarako laguntzak (Bikain programa) deitzea 2012ko ekitaldirako, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren babesean.

Bigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea eta eskabide-eredua.

1.- 203/2008 Dekretuaren babesean emango diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.- Eskabide-orria, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuan aurreikusita dagoena, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta web-orri honetan eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

Hirugarrena.- Gehieneko diru-horniketa.

Agindu honen bidez 2012ko ekitaldirako deitu diren laguntzei erantzuteko gehieneko diru-horniketa 1.328.125 eurokoa da. Horietatik 796.875 euro II. kapituluari dagozkio, eta 531.250 euro, berriz, III. kapituluari.

II. kapituluari dagozkion 796.875 euroetatik 286.875 euro Feader funtsen kargura finantzatuko dira, eta 510.000 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kargura.

III. kapituluari dagozkion 531.250 euroetatik 191.250 euro Feader funtsen kargura finantzatuko dira, eta 340.000 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kargura.

Laugarrena.- Diru-laguntzak jasoko dituzten III. kapituluko ekintzak.

1.- III. kapituluan aurreikusitako ekintzek 2012ko ekitaldian gauzatuta egon beharko dute.

2.- Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren 31. artikuluan aurreikusitako ekintza guztiek jaso ahal izango dute diru-laguntza.

Bosgarrena.- III. kapituluan aurreikusitako laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren 38. artikuluan jasotako kuantifikazio-irizpide objektiboen artean, honako hauek aukeratu dira III. kapituluan aurreikusitako diru-laguntzak balioztatzeko:

1.- EAEtik kanpo sustapen- edo informazio-ekintzak eta sustatu nahi diren produktuetarako merkatu berriak irekitzea ekartzen duten jarduerak: 30 puntu gehienez.

2.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Industria eta Elikagaien Kalitateari buruzko plan estrategikoan aldi horretarako lerrokatutako diruz laguntzeko ekintzak: 20 puntu gehienez.

3.- Kalitate-programan ekoizle berriak sartzea errazten duten informazio- edo sustapen-ekintzak: 20 puntu gehienez.

4.- Euskarri edo bide berritzaileak erabiltzen dituzten edo horien eraginkortasuna eta inpaktua neurtu eta zehazten duten azterketen bidez ebaluatzen diren informazio- edo publizitate-ekintzak: 20 puntu gehienez.

5.- Ondorioak estatu kide bat baino gehiagotan sortzen dituzten sustapen-ekintzak: 15 puntu gehienez.

6.- Sustatu nahi diren produktuetarako irekitako merkatuetan gehiago barneratzea edo finkatzea ekartzen duten ekintzak: 15 puntu gehienez.

7.- Kontsumitzaileari elikagaien segurtasunari dagokionez euren kalitate-programen diferentzialei buruzko informazioa ematen dioten publizitate-kanpainak: 15 puntu gehienez.

8.- Aurreko kanpainetan aipamen, sari edo antzekoren bat lortu duten sustapen-ekintzak: 10 puntu gehienez.

Seigarrena.- Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

1.- Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako agiri guztiak.

2.- Aurreko idatzi-zatian xedatutakoaz gain, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren II. kapituluan sartutako proiektuetarako diru-laguntzak eskuratzeko, aipatutako dekretuaren 25. artikuluan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

3.- 1. idatzi-zatian xedatutakoaz gain, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren III. kapituluan sartutako proiektuetarako diru-laguntzak eskuratzeko, aipatutako dekretuaren 36. artikuluan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

Zazpigarrena.- Pizgarri unitarioaren zenbatekoa.

1.- Hona hemen 21. artikuluaren 2. idatzi-zatian aipatutako kalitate-programa bakoitzerako pizgarri unitarioaren zenbatekoa:

(Ikus .PDF)

2.- Honako aldi edo data hauek hartu dira kontuan pizgarriaren kalkulua egiteko beharrezkoak diren hektareak edo abelburuak zehazteko:

- Idiazabal Gaztari eta Nekazaritza Ekologikoari buruzko programei atxikitako abelburuen kasuan, deialdi honen aurreko urtean aurrera eramandako saneamendu-kanpainen barruan foru-aldundiek egindako errolda.

- Txakolinen eta Gernikako Piperraren jatorrizko deiturei eta Nekazaritza Ekologikoko programari atxikitako hektareen kasuan, 2011ko irailaren 1ean erregistratuak.

- Eusko Labelari atxikitako abelburuen kasuan, 2011. urtean zehar hildakoak.

Zortzigarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epea.

Bederatzigarrena.- Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 9a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala