
49. zk., 2012ko martxoaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
1112
EBAZPENA, 2012ko martxoaren 8koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, turismoaren sektorean ingurumena eta kalitatea kudeatzeko sistema ziurtagarriak ezartzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduan zehaztutako esparruaren barruan, laguntzak emateko 2012ko ekitaldirako deialdia jakitera ematen duena.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduaren bitartez, turismo-sektorean kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketarako sistema egiaztagarriak ezartzeko laguntzen programa arautzen da (2011ko abuztuaren 16ko EHAA).
Aipatutako aginduaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2012ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.
Adierazitako guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.- Xedea.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak 2011ko uztailaren 27an emandako Aginduaren bitartez arautu zen turismo-sektorean kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketarako sistema egiaztagarriak ezartzeko laguntza-programa, eta, hain zuzen ere, 2012ko ekitaldirako laguntza horien deialdia egitea da ebazpen honen xedea.
Xede horretarako, guztira, 104.500 euro bideratuko dira abenduaren 23ko 6/2011 Legeak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2012ko ekitaldirako eta gai horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz.
2. artikulua.- Betekizunak.
Turismo-sektorean kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketarako sistema egiaztagarriak ezartzeko laguntzak arautzen ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduak, eta laguntza horiek eskuratu ahal izateko, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko dituzte entitate eskatzaileek.
3. artikulua.- Eskaerak.
Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, aipatutako aginduaren 10. artikuluan zehaztutakoari jarraituz, eta honako hauekin bat etorriz: administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (2008ko urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin.
Eskabidea Internet bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html helbidean eta web helbide horretan jasotako funtzionalitateen bidez. Eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak http://www.euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez ere gauzatu ahal izango dira.
Pertsona edo erakunde eskatzailearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.
Aurreko aukera gorabehera, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak adierazitako webgunean (http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/ctac.html), informatikoki gordeak izan ondoren, inprimatu egin beharko dira eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuta bidali beharko dira Turismo Zuzendaritzara, eta, aurkeztu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetan aurkeztu beharko dituzte, edo Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan.
4. artikulua.- Urteanitzeko proiektuetarako ordainketak.
Kalitatearen kudeaketa edota ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko emandako diru-laguntzak bi ordainketaren bidez ordainduko dira, eta honela egingo dira ordainketa horiek:
a) Lehenengo ordainketak lehen urteari dagokion diru-laguntzaren % 50 bilduko du, gehienez ere, eta interesdunak emandako diru-laguntza onartutakoan ordainduko da, agindu honetako 15.1 artikuluan ezarritako epea igarotakoan, hala badagokio.
b) Bigarren ordainketan, gainerako zenbatekoari dagokion ehunekoa ordainduko da, diruz lagundutako jarduna egin dela justifikatzen duen dokumentazioa aldez aurretik aurkeztuta. Justifikazio hori proiektua amaitu beharrekoa zen urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da.
Dena den, ordainketa bakarrean ordaindu ahalko dira lehen aipaturiko diru-laguntzak, diru-laguntzaren ebazpena baino lehen dokumentu bidez justifikatzen bada laguntzekoak diren jardun horiek, haietarako laguntza eskatzen den horiek, eginda daudela.
5. artikulua.- Eskabideak eta epea.
Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2012ko ekainaren 29an.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Bigarrena.- Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 8a.
Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,
MARÍA PILAR ZORRILLA CALVO.
RSS