
49. zk., 2012ko martxoaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
Justizia eta Herri Administrazio Saila
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
1111
31/2012 DEKRETUA, otsailaren 28koa, «Aspasor» Arabako gorren guraso eta lagunen Elkartea herri-onurakoa dela aitortzen duena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, «Aspasor» Arabako gorren guraso eta lagunen Elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakunde herri-onurakoa dela aitortzea merezi duelako, gizarte-esklusioaren aurka egiten duen lanagatik.
Eskaera egin duen elkartea 1977. urtean eratu zen, eta Arabako Gobernu Zibilak 1977ko urriaren 27an emandako Ebazpenaren indarrez inskribatu zen. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta dago, AS.R.P.A.00233 zenbakiarekin.
Elkarteak batik bat Arabako Lurralde Historikoaren eremuan garatzen ditu bere jarduerak.
Eratu zenetik, «Aspasor» Arabako gorren guraso eta lagunen Elkarteak behar diren ekintzak egiten ditu bere helburu nagusia betetzeko, alegia entzumen desgaitasun larria duten pertsonak eremu guztietan integra daitezen egiten du lan.
Gizarteak, benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.
Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu baten bidez aitortuko du elkartea herri-onurakoa dela. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek (gaiaren arabera) eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betetzearren, beharrezko espedientea izapidetu da, zeini erantsi baitzaizkio sailak eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.
Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak elkarrekin proposaturik, entitate eta erakunde interesdunek egindako txostenak ikusirik eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko otsailaren 28an bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.- «Aspasor» Arabako gorren guraso eta lagunen Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS.R.P.A.00233 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 28an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
RSS