Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2012ko otsailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

IRAGARKIAK

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua
754

IRAGARKIA, honako ebazpen hau argitara emateko dena: urtarrilaren 27koa, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariarena, euskal kooperatiben gatazkak ebazteko prozeduren Araudia argitara emateko xedatzen duena.

2012ko urtarrilaren 19an egindako osoko bilkuran, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilu Gorenak erabaki bat hartu zuen. Bada, haren berri guztiek izan dezaten, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorena arautzen duen maiatzaren 11ko 213/1999 Dekretuaren 10.2 artikuluan ematen zaidan eskumena erabiliaz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Beherago zehaztu araudiaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

Erregelamendua, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenaren Araudia, euskal kooperatiben gatazkak ebazteko prozedurei buruzkoa.

Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuren bitartez (KAEZ), Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenarenak honako funtzio hauek baliatzen ditu: Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legeko 145-2-d) eta f) artikuluan aurreikusitakoak; izan ere, kooperatiben arbitrajea lantzen du, eta bai adiskidetzea eta bitartekotza ere; betiere, kooperatiben artean, kooperatiben eta bazkidean artean edo kooperatibetako bazkideen sortzen diren eztabaidei dagokienez, judizioz kanpoko aterabideak eskura izateko.

Euskal kooperatiben gatazkak ebazteko prozedurei buruzko Araudian eta bere bi eranskinetan, jada arautua dago guzti hori; Goren Kontseiluaren 2004ko uztailaren 15eko osoko bilkuran onartu zen araudi hori, eta 2010eko abenduaren 16ko bilkuran, eranskinak

Maiatzaren 20ko 11/2011 Legearen bitartez, Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legea partez aldatu zen eta Estatuko Administrazio Orokorraren arbitraje instituzionala arautu zen. Bada, aldaketa hori dela-eta, beharrezkoa da araudi hori egokitzea, eta hobekuntza teknikoak sartzeko baliatzea.

Araudi honek parte hauek ditu: zazpi titulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indagabetzaile bat eta azkeneko xedapen bi.

I. titulua xedapen orokorrei buruzkoa da, eta lau artikulu ditu; eta oraingoan honako berrikuntza hauek sartzen dira: Arbitrajeari buruzko Legearen 14. artikuluari ezarritako idazketa berriari egokitzen da araudi honen xedea; KAEZen bitartez, konkretatu egiten da ezen, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua arbitraje instituzionala kooperatiboa beteko duen erakunde publiko gisa eratzen dela; eta, euskal kooperatiben gatazkei aurre hartzeari dagokionez, KAEZi honako ahalmena ematen zaio arlo horretan egiten zaizkion kontsultak ebaztekoa.

Gatazkak Ebazteko Prozeduren Administrazioari buruzko II. tituluan (5 kapitulu eta 12 artikulu ditu) honako berrikuntza hauek sartzen dira: Kooperatibetan gatazkei aurrea hartzeko, aholkularitza-neurrien koordinazioa lehendakariari esleitzen zaio; Aholku Batzorde Teknikoari esleitzen zaizkio idazkariaren funtzioak; adiskidetze prozeduretan, letratu aholkulariaren esku-hartzea finkatzen da; eta Aholku Batzorde Teknikoa sortu eta arautzen da.

Arbitrajeari -bost kapituluz eta berrogeita hamabi artikuluz osatutakoari- buruzko III. tituluan, honako berrikuntza hauek nabarmendu daitezke: arbitraje-hitzarmen bati edo konpromisozko klausula bati lotutako parteen artean sortutako eztabaidak ebazteari dagokionez, auzitegiei ezespena eskatzeko beharrizana; «apud acta» ordezkaritza prozedura osorako izan daiteke edo, bestela, prozedura horretan gauzatzen diren jardueretariko baten batentzat; jakinarazpen edo komunikazio optikoak gaitzen dira; arbitrajeak ekitatezko ez izatea ezartzen da, eta arbitro batek ebatzi behar dituenean, horrek jurista kondizioa izan beharko du, eta arbitraje-elkargo batek ebatzi behar duenean, gutxienez kideetariko batek jurista kondizioa izan beharko du; KAEZeko arbitro izendatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da; Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salaren eskumena izango da arbitroen izendatze eta kargugabetze judiziala; honako hau abstentziorako eta, beharrezkoa bada, mugiarazteko kausatzat ezartzen da: parteen artean, gatazka berean bitartekari gisa parte hartu izana; arbitraje laudoaren gehiegikeri partziala zuzentzea, noiz-eta ebazteko aurkeztu ez zaizkion kuestioen edo arbitrajea onartzen ez duten kuestioen gainean ebazpena eman denean; laudoa zuzentzea; laudoa ezeztatzeko egintza izapidetzea, eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko Salan finkatzen da; berrikuspen-egintza; Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu ezin daitezkeen erabakiak laudoz indargabetzea; arbitraje-laudo eta -ebazpenak derrigorrez exekutatzea; arbitraje-prozedura laburtua arautzen da, hura izapidetzea posible dieneko suposizioak tasatua, eta, betiere, parteen akordioz haien mendekotasuna ahalbidetuaz; salbuespen gisa arbitraje kooperatiboa doakoa izatea ezartzen da, kasu hauetan: parteetarikoren baten fede txarra edo ausarkeria ikusten badu arbitroak eta kondenatuko den parteak haren kostua ordaintzen badu, eta, betiere, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak balioetsiko du kostuaren zenbatekoa.

Adiskidetzeari buruzko IV. tituluan nahitaezko adiskidetzea ezartzen da, ohiko arbitrajearen aldez aurretikoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK.- Indarrik gabe usten ditu honako hauek: 2010eko uztailaren 15eko osoko bilkuran, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak onartutako Araudia, euskal kooperatiben gatazkak ebazteko prozedurei buruzkoa; eta araudi horren bi eranskinak, 2010eko abenduaren 16ko osoko bilkuran onartutakoak.

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Araudi honen helburua gatazkak epai-bideetatik kanpo konpontzeko prozedurak arautzea da; gatazka horien administrazioa -Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen eta hori garatzeko arauen arabera- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari dagokio, hain justu ere Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuaren (KAEZ) bitartez.

Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legeko 14. artikuluaren idazketa berriarekin bat etorriaz, eta bai lege hori aldatzeari eta Estatuko Administrazio Orokorrean arbitraje instituzionala arautzeari buruko maiatzaren 20ko 11/2011 Legearekin ere, arbitrajea administratzea eta arbitroak izendatzea erakunde publikoen esku utzi dezakete parteek, betiere erakunde horiek -euren garapen-arauen arabera- arbitraje-funtzioak egin baditzakete.

KAEZen bitartez, 11/2011 Legeak aipatutako erakunde publikoa bihurtzen da Kontseilu Gorena, eta honako hauek bete daitezen arduratuko da: arbitroen gaitasun-baldintzak betetzea, beren izendapenetan gardentasuna izatea, eta beren independentzia izatea.

2. artikulua.- Kooperatibetan gatazkak ebazteko prozedurak arautzea.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak administratutako gatazkak ebazteko prozedurak araudi honetan ezarritakoaz erregulatuko dira, eta horretan aurreikusten ez denari dagokionez honako hauek bitartez: Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legea, eta lege hori aldatzeari eta Estatuko Administrazio Orokorrean arbitraje instituzionala arautzeari buruko maiatzaren 20ko 11/2011 Legea, edo aipatu arauak aldatu zein indargabetzen direnean aplika daitezkeen arau-xedapenak.

3. artikulua.- Gatazkak konpontzeko prozeduren arloa.

Bat.- Kooperatiben artean sortzen gatazkez KAEZ arduratuko da. Halaber, kooperatiben -edo euren organo sozialen- eta haien bazkideen arteko gatazkez, bazkideen arteko gatazkez eta kooperatiben organo sozialen arteko gatazkez.

Bi.- Bazkide kooperatibisten artean sortzen diren gatazkei dagokienez, kooperatibaren jardueraren ondoriozkoetara mugatuko da ardura, eta kanpo utziko da bazkideen arteko erlazio partikularrak izan daitezkeenak.

4. artikulua.- Euskal kooperatibetan gatazkak prebenitzea, eta gatazkak ebazteari buruzko formazioa izatea.

Euskal kooperatibetako gatazkei aurre hartzeko neurriak sustatuko ditu KAEZek, eta hartarako, bere eskumen arloan egiten zaizkion kontsultak ebatziko ditu, eta kooperatiben sektoretik etor daitezkeen gatazkak ebazteko formazio-premiak aseko ditu.

II. TITULUA

GATAZKAK EBAZTEKO PROZEDUREN ADMINISTRAZIOA

I. KAPITULUA

ALDERDI OROKORRAK

5. artikulua.- Karakterizazioa.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak KAEZen esku uzten du honakoa: araudi honen arabera, prozeduren administrazioa.

Bi.- KAEZek ez du nortasun juridiko propiorik eta hierarkikoki Goren Kontseiluaren menpe dago, betiere araudi honek ematen dizkion eskumenak eta ahalmenak kaltetu gabe. Eta arbitrajeari dagokionez, kooperatiba sozietateei eta horien bazkideei zerbitzu bat ematen die, betiere honako hauetan oinarriturik: 11/2011 Legaz aldatutako 60/2003 Legean jasotako zuzenbide pribatuko arauak, edo arau horiek aldatu eta indargabetzen badira, aplikatzekoak diren arau-xedapenak.

6. artikulua.- Egoitza.

Bat.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan izango du egoitza KAEZek. Eta arlo horri dagokionez, erakunde horren Funtzionamendu Araudian erregulatutako oro aplikatuko da.

Bi.- Aurreko gori gorabehera, KAEZek Goren Kontseiluaren lurralde-eremuko edozein lekutan egin ahal izango ditu batzarrak eta bestelako jarduketak.

7. artikulua.- Egitura.

Ondorio operatiboetarako, KAEZek honako egitura hau izango du:

a) Lehendakaria.

b) Idazkaria.

c) Arbitroak eta bitartekariak.

d) Letratu adiskidetzailea.

e) Aholkularitzako Batzorde Teknikoa.

II. KAPITULUA

LEHENDAKARIA

8. artikulua.- Titularitatea.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluren Osoko Bilkurak izendatutako zuzenbidean adituari egokituko zaio Lehendakaritza.

9. artikulua.- Funtzioak.

KAEZeko lehendakaritzaren funtzioak honako hauek dira:

a) KAEZek zuzen jokatzeaz arduratzea, eta haren jarduera sustatzea, beharrezko denean.

b) Eskabideak bideratzea onartzea eta arbitroen eta bitartekarien izendapenak egitea, baita beharrezko ordezkapenak ere, betiere araudi honetan ezarritakoarekin bat etorriaz.

c) Izendatutako arbitro eta bitartekarien gaineko errefusatzeak ebaztea.

d) Arbitroek aplikatu beharrezko araudiaren gainekoko interpretazio kontraesanezkoen kasuetan, administrazio-instrukzioak ematea, ofizioz.

e) KAEZen administrazioa zuzentzea.

f) Euskal kooperatibetan gatazkei aurrea hartzeko neurriak faboratzea; eta hartarako, aholkularitza egokia koordinatu beharko du.

g) Euskal Kooperatibetan gatazkak konpontzeko prozeduretan adituak prestatzeko, prestakuntza-jarduera zuzentzea.

h) KAEZi ematen zaizkion funtzioen markoaren barruan, Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak eskuordetu dezakeen beste edozein.

III. KAPITULUA

IDAZKARIA

10. artikulua.- Titularitatea.

Bat.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari orokor teknikoari dagokio KAEZeko idazkariaren funtzioa.

Bi.- Goren Kontseiluko letratu aholkulariaren laguntza izango du idazkariak, eta honen esku utzi ahal izango du ondorengo artikuluan deskribaturiko funtzioetako edozein -a) idatzi-zatian jasoa izan ezik-, bai orokorrean edo KAEZen barruan bidarazten diren espedienteetako bakoitzerako banaka. eskuordetze hura.

11. artikulua.- Funtzioak.

Idazkariaren funtzioak honako hauek izanen dira:

a) KAEZen koordinazioa teknikoa eta administratiboa baliatzea, eta horren eraginkortasuna eta funtzionamendua zaintzea.

b) Prozedura guztiak bideratzea, sartzen direnetik arbitroen esku uzten diren arte.

c) Beharrezkoa denetan, komunikazio-lana egitea, KAEZen eta prozeduretako parteen artean.

d) Aholkularitzako Batzorde Teknikoko idazkari gisa jardutea.

e) Araudi honetan ezarritakoarekin bat etorriaz, prozeduretako gordailuak artxibatu eta zaintzea.

f) KAEZen izapidetutako espedienteei buruzko informazioa jasotzen duen memoria bat apailatzea, zeina, batetik, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko Osoko bilkurari aurkeztuko zaion, eta, bestetik, egokitzat joz gero, Kontseiluaren memorian sartuko den.

g) KAEZeko lehendakariaren bitartez, Goren Kontseiluak enkargatzen dizkion beste batzuk.

IV. KAPITULUA

LETRATU ADISKIDETZAILEA

12. artikulua.- Titularitatea.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letratu aholkulariari dagokio letratu adiskidetzailearen funtzioa; zertarako-eta araudik honetako VI. tituluan erregulatutako adiskidetze-prozeduretan parte hartzeko.

V. KAPITULUA

AHOLKU-BATZORDE TEKNIKOA

13. artikulua.- Eraketa.

KAEZen barruan, Aholku Batzorde Teknikoa eratzen da, iraunkorra izango dena, hain justu ere gatazkak ebazteri dagokionez sustapen-, zabalkunde-, laguntza- eta aholkularitza-lanak egiteko. Eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari dagokio haren kontrol instituzionala egitea eta bai proposatutako egintzak gauzatzea ere.

14.- Osaera.

Bat.- Formalki izendatutako ordezkari baten bitartez, honako hauek izango dira Aholku Batzorde Teknikoan: Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, arbitroak, bitartekariak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroa. Halaber, aipatu batzordeko kide izateko, Legelarien Euskal Kontseiluak aditu independente bat izendatu ahal izango du, aitortutako prestigioa duena.

Bi.- Hauxe izango da kondizio behinena, izendatutako ordezkariei dagokiena: zuzenbidean aditu izatea; ordezkariok ez dute izango euren funtzioaren ordainsarik, baina egiten dituzten gastuak konpentsatu zaizkie.

15. artikulua.- Funtzionamendua.

Bat.- Aholku Batzorde Teknikoko lehendakaritzan KAEZeko lehendakaria izango da, idazkari orokor teknikoak lagunduta, izan ere, Batzordearen idazkari gisa jardungo baitu. Horretaz gain, batzorde horrek letratu aholkulari baten laguntza ere izango du. Letratu hori eta idazkari hura Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilukoak izango dira.

Bi.- KAEZeko lehendakariari dagokio bilkuretarako deiak egitea eta horietarako aztergaiak finkatzea; eta halako deiak sei hilabeterik behin egin beharko dira, gutxienez.

Hiru.- Kideetatik gehiengo bertan bada, Batzordea balioz eratutakoa izango da. Asistentzia pertsonala izango da.

Lau.- Abstentzioak kanpo direla, bertaratutakoen botoetarik gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Berdinketarik bada, lehendakariaren botoak ebatziko du berdinketa hori.

Bost.- Erabakiak aktan jaso beharko dira. Akta hori Batzordeko idazkariak idatziko du, eta batzorde horretako lehendakariaren eta letratu aholkulariaren oniritzia izan beharko du.

III. TITULUA

ARBITRAJEA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

16. artikulua.- Arbitrajepean jartzea.

Bat.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitrajepean izango da eztabaida oro, zehazki araudi honetako 3. artikuluan aipatutako eztabaidak, zeintzuk honako kasu hauetan planteatutakoak izan beharko baitute:

a) Kooperatibaren Estatutu Sozialen eta Barne Araudiaren arabera, parteek hartara behartuta daudenean.

b) Parteen artean arbitraje-hitzarmen bat badago, eta horren arabera euren arteko gatazkak Goren Kontseiluaren arbitrajepean jarri badituzte, betiere parte horietako batek erakunde honetara jotzen badu eta esku-hartzea eskatzen badio araudi honetan ezarritakoaren arabera.

Kontseiluaren arbitrajepean jartzeak arbitrajearen administrazioa nahiz arbitroen izendapena onartzea dakar.

Arbitraje-hitzarmenari dagokionez, horren edukia, arteek onartu duten Arbitraje-araudiaren xedapenek osatuko dute.

c) Parteen artean iritzi-desadostasunak sortzen direnean, guztien adostasunik badago Goren Kontseiluaren arbitraje pean jartzeko.

Bi.- Arbitraje-hitzarmenak behartu egiten ditu parteak ezarritakoa betetzera, eta galarazi egiten die auzitegiei arbitrajepean jarritako eztabaidez arduratzea; betiere, interesa duen parteak hala eskatzen badu ezespenaz, epearen barruan eta honako hauetan ezarritako baldintzekin bat etorriaz: Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legea, 11/2011 Legeaz egindako lege horren aldakuntza, eta Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legea.

17. artikulua.- Arbitraje-motak.

Bat.-Arbitroek euren erabakipean jarritako auzi-gaia zuzenbidez edo ekitatez ebatziko dute, hurrengo paragrafoan zehazten den bezala.

Bi.- Parteek ekitatearen aldeko berariazko hautua egin ez badute, zuzenbidearekin bat ebatziko da arbitrajea. Hartarako berariazko hautu egin dela ulertuko da honako kasu honetan: estutuetako klausulek, barne araudikoek edo, oro har, menperatze arbitraje-hitzarmenak aipatzen badute hautatutako arbitrajearen modalitatea. Horietan ekitatezko arbitrajearen aldeko hautua egin bada, baina, legezko motiboak direla-eta, zuzenbidezko arbitrajeaz ebatzi behar bada kuestioa, azken aukera horren alde egin dela ulertuko da, salbu eta partetarikoren bat berariaz azaldu kontra.

18. artikulua.- Arbitraje-subjektuak.

Arbitrajearen subjektu dira eztabaida-gaian legitimatutako parteak eta arbitroak.

19. artikulua.- Prozedura.

Arbitrajea izapidetzerakoan, arbitraje-subjektuek ezinbestean errespetatu beharko dute araudi hau, eta bai berorrek aipatzen dituen arauak edo era subsidiarioan aplikatu beharrekoak ere. Aipatu araudia ezin daiteke aldatu arbitraje-subjektuen borondatez, salbu eta delako araudiak berariaz xedatu kontrakoa.

20. artikulua.- Arbitrajearen lekua.

Arbitraje-prozedura KAEZen egoitzan gauzatuko da, edota arbitroek zehazten duten lekuan; edonola ere, lekua Euskal Autonomia Erkidegoan izango da.

Bi.- Dena den, arbitroek erabaki dezakete zenbait egintza leku horretatik kanpo egitea, arbitrajea ebazteko komenigarri iruditzen bazaie.

21. artikulua.- Hizkuntza.

Bat.- Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan jo dezakete parteek arbitroengana.

Bi.- Guztiarekin ere, hizkuntzari dagokionez honako hau ere aplikatu beharko da: 60/2003 Legearen 28. artikuluko 1. paragrafoa (11/2001 Legeak emandako idazketa berria duena).

22. artikulua.- Postulazioa.

Bat.- Euren kabuz edota jarduteko gaitasuna duen ordezkariaren (hartarako izendatutakoaren) bitartez jardun edo defendatu daitezke parteek, arbitroen aurrean.

Bi.- Apud acta ahalordearen bitartez baliatu beharko da ordezkaritza, zehazki, KAEZeko idazkariaren aurrean edo notarioaren aurrean emandakoaren bitartez; baina, kasu guztietan egiaztatu beharko da hura. Ordezkaritza hori prozedura guztirako izan daiteke edo, berariaz hala adierazten bada, prozeduran gauzatzen diren jarduketa batzuetarako bakarrik.

Hiru.- Halaber, kooperatibek edo beste pertsona juridiko batzuek, beren administrazio-organoko lehendakariaren edo administratzailea bakarraren bidez dihardutenean, ez badute aurkeztu apud acta edo notario-ahalorderik, beren kargua indarrean dagoela egiaztatzen duen jatorrizko ziurtagiria aurkeztu behako dute, dagokion erregistroak egina.

23. artikulua.- Helbidea eta komunikazioak.

Euren kabuz edo ordezkarien bitartez, parteek honako hauek adierazi beharko dituzte: arbitraje-prozeduren arloan zein izango den jakinarazpen eta komunikazioetarako helbidea.

Halaber, ondorio horietarako, helbide horri buruz gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute.

Bi.- Hartzaileari edo bere ordezkariari zuzenean eman zaion egunean, edo haren etxean, ohiko egoitzan, bizilekuan edo helbidean entregatu den egunean, jakinarazpena edo komunikazioa hartutzat joko da.

Hiru.- Parteek komunikazioak idatziz egin beharko dituzte, eta interesdunak edo bere ordezkariak izenpetu beharko ditu.

Laugarrena.- Halaber, baliozkotzat joko dira honako eraren baten egindako jakinarazpenak edo komunikazioak -interesdunak hala erabaki badu-: telex, fax edo telekomunikazio elektroniko, telematiko, optikoa edo antzeko beste bideren bat erabiliaz egindakoak; betiere, idazkiak eta agiriak bidali eta hartzea ahalbidetzen badu, bidali edo hartu izanaren froga utzita.

Bost.- Arbitraje-prozedurako auzi-jartzaileak ezin badu izendatu kontrako alderdiaren helbidea, edo izendatutakoan ezin bada egin jakinarazpena edo komunikazioa, arrazoizko ikerketa egingo da bizileku, ohiko egoitza, establezimendua edo horren helbidea jakiteko.

Leku horietakoren bakar baten ere ez bada aurkitzen, hartzaileari ezagutzen zaion azken etxe, ohiko egoitza, bizileku, helbide edo establezimenduan egingo zaizkio jakinarazpen edo komunikazioak, posta ziurtatu bidez edo froga uzten duen beste edozein bide erabiliaz. Eta hartutzat joko da emandako edo ematen saiatutako egunean.

Sei.- Arbitrajean parte hartzen duten parteek beharturik daude KEZi edo arbitroei honako argibideak ematera: benetako bizilekua aurkitzeko behar direnak.

24. artikulua.- Epeak.

Bat.- Araudi honetan egunka ezarritako epeak, egun naturalen arabera zenbatu beharko dira.

Bi.- Dena den, prozedura bertan behera geratuko da abuztuan, 25. artikuluarekin bat etorriaz.

Hiru.- Jakinarazpena hartu eta ondoko egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen epeak.

Laugarrena.- Hilabeteka emandako epeetan, horiek datatik data zenbatuko dira.

Bost.- Jakinarazpen edo komunikazioa hartu den lekuan epearen azken eguna jai-eguna bada, hurrengo lehenengo lan-egunera arte luzatuko da. Epearen barruan idazkiaren bat aurkeztu behar bada, epea betetzat hartuko da eta idazkia epe horren barruan bidali dela egiaztatzen bada, nahiz eta benetan beranduago iritsi behar den lekura.

25. artikulua.- Isilbidez edo tazituki uko egitea inpugnazio-ahalmenei.

Parte batek, araudi honen edo aplikagarri den gainerako araudiaren xedapenezko arauren bat edo arbitraje-hitzarmeneko betebeharren bat urratu dela jakinda, horretarako arbitraje-hitzarmenean ezarrita dagoen epean edo, bestela, ahal bezain azkar salatzen ez badu, ulertuko da uko egiten diela araudi honetan ezarritako inpugnazio-ahalmenei.

26. artikulua.- Arbitraje-prozeduraren interpretazioa.

.Arbitraje-prozedura erregulatzen duen araudiaren interpretazioaz sortzen diren zalantza guztiak, kasu zehatz bakoitzean, kasu hori erabaki behar duten arbitroek ebatziko dituzte.

Dena den, entzute-, kontraesan- eta parteen arteko berdintasun-printzipioak errespetatu beharko dira.

27. artikulua.- Zuzenketak.

Prozeduran aldeek egiten dituzten forma-akatsak zuzendu egin daitezke arbitroek eskatuta eta beraiek finkatutako berariazko epean, inola ere ez hamar egunekoa baino epe luzeagoan.

28. artikulua.- Parteen jarduerarik eza.

Parteen jarduera ezak ez du eragotziko laudoa ematea, eta ez dio kenduko eraginkortasunik.

29. artikulua.- Aldi baterako etenaldia.

Bat.- Arbitraje-prozedura aldi baterako eten egin daiteke edozein unetan, honako kasu hauetan:

a) Parte guztiek berariaz hori erabakitzen dutenean epe jakin baterako, baina inoiz ez bi hilabete baino gehiagorako.

b) Arbitroek erabakitzen dutenean, salbu aldeek aho batez kontrakoa erabakitakoan, baina ez bi hilabete baino gehiagoz eta erabaki motibatuaren bidez betiere.

c) Probak praktikatzeko laguntza judiziala eskatzen denean, horrek irauten duen bitartean, eta, edozein kasutan, ez lau hilabetez baino luzeroago.

d) Prozeduran parte den pertsona fisikoetakoren bat hiltzen denean, heriotza egiaztatzen duen edozeinek eskatuta. Prozedura berriro hastea prozesu-ordezkatzeari aplikatzen zaion araudiaren arabera egingo da.

e) Edonola ere, abuztuan zehar.

Bi.- Aurreko e) idatzi-zatian aurreikusitako kasua gertatzen denean izan ezik, aldi baterako etenaldia arbitroek erabaki behar dute berariaz, eta laudoa emateko epearen luzapen automatikoa ekarriko du, aldi baterako erabaki den etenaldia bezain luzea.

II. KAPITULUA

ARBITROAK

30. artikulua.- Karakterizazioa.

Arbitroei dagokie arbitrajepean jarritako auziak ebaztea, laudoa idatziz.

31. artikulua.- Betebeharrak.

Bat.- Arbitro izan daitezke eskubide zibilak bete-betean dituzten pertsona fisikoak, betiere ez badie eragozten beren lanbideagatik bete behar duten legeriak.

Bi.- Zuzenbidearekin bat erabaki behar diren arbitrajeei dagokienez, arbitrajea arbitro bakar batek ebatzi behar badu, arbitro hori jurista izatea eskatuko da, salbu eta prozedurako parte guztiek berariaz onartu KEZek izendatzea halako baldintza betetzen ez duen pertsona.

Hiru.- Arbitrajea arbitraje-elkargo batek ebatzi behar badu, beharrezkoa izango da gutxienez bat jurista izatea.

Laugarrena.- Pertsona inpartzial edo alderdikeriarik gabea izendatu behar da, pertsona-, lanbide- eta merkataritza-mailan independentzia duena, bai prozedurako parteekiko eta bai auzi-gaiarekiko.

Bost.- Ezingo dira arbitro izan, abstentzio edo errefusapenerako kausa gisa araudi honen 34. artikuluan ezarritako zirkunstantziaren batean daudenak aldeekiko edo arbitrajearen xedearekiko.

Inoiz ezingo dira arbitro izan jarduneko epaile, magistratu edo fiskal direnak, edo arantzel bidez ordaindutako funtzio publikoak betetzen dituztenak.

Azkenik, ezingo dira arbitro izan beren erantzukizuna erabat bete ez dutenak, hori, aurrez egindako beste arbitraje-funtzio batzuengatik, epai bidez ezarri den kasuetan.

32. artikulua.- Izendapena.

Bat.- Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak arbitro-zerrenda bat prestatuko du, kooperatiba-gaiak ebazten ospe nabaria eta gaitasuna duten pertsonez osatua. KEZeko arbitro izendatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bi.- KAEZeko lehendakariak arbitraje-prozedura bakoitzerako egokia iruditzen zaion eta lege-betebeharrak betetzen dituen arbitroa edo arbitroak izendatuko ditu.

Hala ere, parteek adostasunez izenda ditzakete arbitroak; betiere araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta KAEZeko arbitroak badira.

Hiru.- Arbitroaren izendapena baliozkoa izateko, honek onartu egin beharko du, legez ezarrita dagoen bezala.

Lau.- Arbitroak onartu egiten badu bere izendapena, arbitrajea araudi honen arabera erabakitzera konprometitzen eta behartzen da.

Bost.- Edonola ere, arbitroen izendatze edo kargugabetzea judizialari dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak izango ditu eskumenak, betiere 11/2011 Legaz idazketa berria duen 60/2003 Legeko 8. artikuluko 1. paragrafoarekin bat etorriaz.

33. artikulua.- Arbitraje-elakagoa.

Bat.- Arbitro batek edo hiruk ebatziko dute arbitrajea, eta kasu horretan arbitraje-elkargo bat eratuko da.

Bi.- Arbitraje-elkargok lehendakaria eta idazkaria izango ditu, KAEZeko lehendakariak izendatuta.

Hiru.- Arbitraje-elkargoa osatu ahal izateko, arbitro guztiek egon behar dute bertan.

Lau.- Arbitraje-elkargoak bere edozein kideren esku utz dezake prozedura bideratzeko edozein izapide edo egintza. Aurrekoa gorabehera, lehendakariak bere kasa erabaki ditzake prozedura antolatu, bideratu eta bultzatzeko gaiak.

Bost.- Arbitraje-elkargoak bere kideen gehiengoz hartuko ditu erabakiak.

34. artikulua.- Abstentzioa eta errefusapena.

Bat.- Arbitroen abstentziorako eta, hala badagokio, errefusatzeko kausa izango dira:

a) Ezkontzaz edo parekagarri den egoeraz lotuta egotea, eta odol-kidetasunagatiko ahaidetasuna laugarren mailaren barruan, arbitraje-prozeduran parte hartzen duten aldeetako edozeinekiko edo horien ordezkariekiko.

b) Ezkontzaz edo parekagarri den egoeraz lotuta egotea, eta odol-kidetasunagatiko ahaidetasuna laugarren mailaren barruan, Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluko edozein kiderekiko.

c) Lehen edo orain parteetako edozeinen defentsari izatea epaitegian edo horien babes-organismoetako kide; baita horietakoren baten, edo horien ordezkarien, zaintzapean edo tutoretzapean egona izatea ere.

d) Lehen edo orain parteetakoren batek edo horien ordezkariek salatu edo akusatu izatea delituren edo hutsegiteren baten erantzule gisa.

e) Parteetakoren baten defentsari edo ordezkari izatea, auziari buruz irizpena eman izana abokatu gisa edo bertan fiskal, peritu edo lekuko gisa esku hartu izana.

f) Lehen edo orain parteetakoren baten edo horien ordezkarien salatzaile edo akusatzaile izatea.

g) Partetakoren batekin edo horien ordezkariekin auziren bat erabakitzeke izatea.

h) Adiskidetasun mina edo etsaitasun nabaria izatea parteetakoren batekin edo horien ordezkariekin.

i) Zuzeneko edo zeharkako interesa izatea arbitraje-prozeduran.

j) Prozedura horren berorren instrukzio-egile gisa jardun izana beste instantziaren batean.

k) Parteen artean; gatazka berean bitartekari gisa parte hartu izana; parteek kontrakoa erabaki dutenean izan ezik.

l) Parteetakoren bat edo horien ordezkariak, auzia erabaki behar duten arbitroen mendeko izatea.

m) Auzia erabaki behar duten arbitroak parteetakoren baten edo horien ordezkarien mendeko izatea.

n) Eta oro har, parteetakoren batekin eta horien ordezkariekin lanbide- edo merkataritza-harremana izatea, eta, halaber, izendatu izan aurreko urtean halakoak eduki izana.

Bi.- Arbitro gisa izendaturiko pertsonak beharturik daude KAEZi eta aldeetako bakoitzari agerian jartzera beraiek ezesteko egon daitezkeen zirkunstantziak, ezagutu orduko, beren izendapena onartu aurretik edota ondoren.

Hiru.- Arbitroa errefusatu nahi duen aldeak onarpenaren berri izan ondorengo edo bere inpartzialtasunaz edo independentziaz zalantza justifikatuak sortzen dituen zirkunstantziaren bat ezagutu ondorengo hamar egunetan azaldu behar ditu zio edo motiboak. Arbitro errefusatuak bere karguari uko egin edo beste aldeak errefusapena onartzen duenean izan ezik, KAEZeko lehendakariak erabaki beharko du horretaz KAEZen errefusapena jaso ondorengo hamar egunetan.

Lau.- Planteaturiko errefusapenak aurrera egiten ez badu, errefusatu duen parteak, hala badagokio, errefusapena balia dezake laudoa aurkatu edo inpugnatzerakoan.

35. artikulua.- Ordezkatzea.

Bat.- Arbitroaren ezintasun, heriotza, gaixotasun, uko egite, errefusapenagatik kentze edo beste edozein kausa efektiboren kasuan, KAEZeko lehendakariak beste arbitro bat izendatuko du lehenengoa ordezkatzeko.

Bi.- Zeinahi dela ere lehenengoaren ordezko beste arbitro bat izendatzeko kausa, ordezkatua izendatzeko prozedura erregulatzen duten arauen arabera egingo da izendapen berria.

Hiru.- Ordezkoa izendatu ondoren, arbitroak edo arbitraje-elkargoak, parteei entzun ondoren, aurrez egindako zenbait egintza errepikatu behar den edo ez erabakiko du.

36. artikulua.- Funtsen hornidura.

Bat.- Arbitroek zein KAEZek funtsen hornidurak eska diezaieke parteei; hain justu ere Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak estali gabeko ordainsariei aurre egitekoak, eta bai arbitrajea administratzearen ondorioz sor daitezkeen gastuei aurre egitekoak.

Bi.- Funtsen horniduren faltan, arbitroek bertan behera utzi ditzake jarduketak edo amaitutzat jo; baldin eta, parteetarikoren bati hartarako emandako epearen barruan, parte horrek ez badu egin hornidura; eta arbitroek guzti horren berri emanen die pertsonatutako parteei.

III. KAPITULUA

ARBITRAJE-PROZEDURA ARRUNTA

37. artikulua.- Arbitraje-eskabidea.

Bat.- Arbitraje-eskabidea parteetarikoren batek aurkeztu beharko dio Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari, idatziz.

Bi.- Arbitrajearen eskari horretan, honako hauek aipatu behar dira gutxienez:

a) Berariazko eskaria auzia Goren Kontseiluaren arbitrajepean jartzeko.

b) Parteak identifikatzeko datuak, besteak beste, izen-deiturak, edo sozietatearen izena eta helbidea, jakinarazpenak balioz egin ahal izateko eta, hala badagokio, zein alderen ordezkari diren, hori araudi honen 22. artikuluaren arabera egiaztatu behar dutelarik.

c) Hala badagokio, konpromiso-klausularen edo arbitraje-hitzarmenaren aipamena, araudi honetan ezarritako edozein modutan, bere kopia bat erantsiz.

d) Arbitrajepean jarritako eztabaida-gaiaren jatorrian dagoen harreman juridikoaren deskribapen labur bat, kopurua eta zenbatekoa adieraziz, horiek zehaztuta badaude; guztia ere, formulatzen diren uzi guztiei dagokienez, edo, behintzat, halakorik egitea posible dutenei dagokienez.

e) Beharrezko bitartekaritza-aktaren kopia; hain justu ere araudi honetako 68. artikuluan erregulatutako bitartekaritza-prozeduren edo prozedura arrunten baino lehenagokoarena.

38. artikulua.- Eskabidea zuzentzea.

Bat.-Eskabide-idazkiak ez badu aurreko artikuluan aipaturiko betebehar horietakoren bat bete, edota adierazpenetakoren bat osagabea edo nahasia baldin bada, hamar egunekoa baino luzeagoa ez den epea emango da auzi-jartzaileak akats horiek zuzentzeko.

Bi.- Ez badu horrela egiten, eskabidea artxibatzea erabaki daiteke, ez-egite edo omisio horiek ezinezko bihurtzen badute eskabidea bideratzea edota horrekin aurrera jarraitzea.

39. artikulua.- Arbitrajea bideratzea onartu eta arbitroak izendatzea.

Bat.- KAEZeko lehendakariak, ebazpen bidez, arbitraje-prozedura bideratuko du, eta arbitroak izendatuko ditu ondorengo baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Bi aldeak, arbitraje-hitzarmenaren bidez, balioz eta behar hainbat jartzea arbitrajepean.

b) Arbitraje-hitzarmenik ez dagoenean, parteek berariaz onartzen badut arbitrajepean jartzea. Ondorio horietarako, eskatzaileak eskaria egiteagatik arbitrajepean jartzen dela ulertuko da. Beste parteaK, berriz, berariaz onartu beharko du, eskariaren berri eman ondoren hamar eguneko epea izango duelarik komeni zaiona alega dezan horretaz. Hitzarmena formalizatzera ez bada iristen, lehendakariak prozedura ez bideratzea erabakiko du.

Bi.- Idazkariak era frogagarrian jakinaraziko die aldeei prozedura bideratzea onartu dela, eta arbitroen izendapenaren berri emango die; aldi berean izendaturiko arbitro horiei helaraziko dizkie jarduketak, beren onarpena adieraz dezaten. Jakinarazten zaienetik zazpi eguneko epean arbitroek ez badute idatziz onarpena adierazten, izendapenari uko egiten diotela ulertuko da, eta beste arbitro bat izendatuko da.

40. artikulua.- Arbitroen ahalmena beren gaitasunaz erabakitzeko.

Bat.- Prozedura bideratzea onartu ondoren, arbitraje-hitzarmena parteetakoren batek salatzen badu, arbitroek gai horretaz erabaki beharko dute laudoan era motibatuan. Halaber, prozeduran plantea daitezkeen salbuespenak arbitroek erabaki beharko dituzte beren laudoan; aldez aurretik ere egin ahal izango dute laudo bidez.

Bi.- Aurreko paragrafoan aipaturiko salbuespenak beranduenik ere erantzuna aurkezten den mementoan aurkatu behar dira, eta arbitroak izendatu edo izendatzen parte hartu izanak ez du aurkatzea eragozten. Uste bada arbitroak dagokien eremutik kanpo irteten direla, hori arbitraje-jarduketetan eremutik irteten den gaia planteatu bezain laster inpugnatu behar da.

Hiru.- Arbitroen ebazpena, ebazpen hori hartu deneko laudoa deuseztatzeko akzioaren bidez bakarrik inpugnatu ahal izango da. Ebazpena salbuespenak ezesteko baldin bada eta aldez aurretik hartzen bada, deuseztatzeko akzioak ez du arbitraje-prozedura etengo.

41. artikulua.- Arbitrajearen hasiera.

Arbitrajearen hasieratzat, arbitraje-hitzarmena dagoenean, prozedura bideratzea onartu dela eta arbitroak izendatu direla jakinarazten duen oharra hartzen den eguna hartuko da. Gainerako kasuetan, eta aldeek beste zerbait hitzartu ez badute behintzat, auzi-gaia arbitrajepean jartzeko errekerimendua salatuak jasotzen duen eguna hartuko da hasierako datatzat.

42. artikulua.- Auzi-eskearen eta erantzunaren idazkiak.

Bat.- Arbitroek auzi-jartzailearengana joko dute hamabost eguneko epean idatziz formula ditzan bere eskaria eta froga-proposamena; idazki horretan eztabaida edo auziaren oinarrizko egitateak, izaera eta zirkunstantziak eta bere uzi edo pretentsioak alegatu beharko ditu, eta posible bada zenbatekoak zehaztu beharko ditu.

Bi.- Arbitroek auzi-eskearen idazkia hartzen dutenean, berari atxikitako dokumentazioarekin batera, salatutako aldeari bidaliko diote, hamabost eguneko epean erantzun-idazkia eta froga-proposamena aurkez ditzan, hau guztia ere auzi-jartzaileari bidaliko zaiolarik.

Hiru.- Auzi-eskearen eta erantzunaren idazkiekin batera, eta komenigarri iruditzen zaien beste edozein froga-bide proposatzea baztertu gabe, parteek beren defentsarik onenerako beharrezko iruditzen zaizkien agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Lau.- Salatutako aldeak, komenigarri iruditzen bazaio, erantzun-idazkian larderiatu egin dezake, auzi-jartzailearen aurka beste uzi edo pretentsio batzuk formulatuz. Kasu honetan, arbitroek auzi-jartzaileari helaraziko diote erantzun-idazkia, honek, bere aldetik, hamabost eguneko epean erantzun diezaien errekonbentzio edo kontra-demandaren xede diren uzi edo pretentsioei, eta frogak proposatu edo aurkez ditzan.

Uzi edo pretentsioen beste edozein aldaketa edo gehitze, edozein kasutan ere, espresuki formulatu beharko da.

Bost.- Aurkezturiko idazki eta agiri guztietatik, jatorrizkoez gain, parte kontrario adina kopia aurkeztu beharko dituzte parteek, nahitaez.

43. artikulua.- Froga egitea.

Bat.- Proposaturiko frogak egin edo ez erabaki dezakete arbitroek, eta zuzenbidean bidezkoak, onuragarriak eta onargarriak iruditzen zaizkienak eginaraziko dituzte. Baita ere, arbitroek ofizioz erabaki dezakete edozein unetan komenigarri iruditzen zaizkien frogak egitea.

Bi.- Froga-praktika guztietara dei egingo zaie, eta parte hartu ahal izango dute arbitrajeko parte guztiek edo beraien ordezkariek.

Hiru.- Arbitroek arbitrajea egiten den lekuko Lehen Auzialdiko Epailearen laguntza eskatu ahal izango dute. Beren jurisdikziotik kanpo frogak egiteko laguntza judiziala behar den kasuetan, arbitroek idatziz joko dute auzitarako deia egin edo frogazko eginbidea agindu behar den lekuko Lehen Auzialdiko Epailearengana, eta honek, aurreko kasuan bezalaxe, arbitroak eskatzen badio, Prozedura Zibileko Legearen arauen arabera, bere zuzendaritzapean bakarrik, eskatutako froga egingo du, jarduketen lekukotasuna eskatzaileari emanez.

Lau.- Frogak egiteko denbora hogeita hamar egunekoa izango da, arbitroek hori luza dezaketelarik komenigarri iruditzen bazaie, epe horretan ezinezkoa delako eskatutako frogaren bat egitea. Epe hori ere ez da aplikatuko laguntza judizial bidez egin behar diren frogetarako.

Bost.- Gorago aipatu gehienezko epearen aurka egin gabe, froga guztiak egiteko, arbitroek -parteek eskatutako frogetarako zein ofizioz erabaki direnetarako- honako hau zehaztu ahal izango dute: egiteko epe laburragoa, baldin eta -frogak gauzatzea erraza dela-eta- uste bada egingarri eta komenigarri dela.

Sei.- Arbitroek arbitrajeko alderdiei helaraziko dizkiete egindako froga guzti-guztiak.

44. artikulua.- Parteek ez agertzea.

Alderdiek kontrakoa erabaki ezean, eta arbitroen iritziz behar hainbat kausa alegatu gabe:

a) Auzi-jartzaileak auzi-eskea epe barruan aurkezten ez badu, arbitroek bukatutzat emango dituzte jarduketak, salbu, salatuari entzun ondoren, honek uzi edo pretentsioren bat egikaritzeko borondatea azaltzen duenean.

b) Salatuak ez badu erantzuna epe barruan aurkezten, arbitroek beren jarduketekin jarraituko dute, baina ez-egite edo omisio hori ez da hartuko auzi-jartzaileak alegaturiko egitateekiko amore emate edo onarpen gisa.

c) Parteetakoren bat ez bada entzunaldira agertzen edo frogarik ez badu aurkezten, arbitroek beren jarduketekin jarrai dezakete eta laudoa eman, eskura dituzten frogetan oinarrituta.

45. artikulua.- Arbitroek aditu edo perituak izendatzea.

Bat.- Parteek kontrakorik erabakitzen ez badute, arbitroek, ofizioz edo aldeetakoren batek eskatuta, aditu bat edo gehiago izenda ditzakete gai jakin batzuei buruz beren irizpena emateko, eta aldeak errekeritu ditzakete adituari beharrezko informazio guztia emateko, baita beharrezko agiri edo gauza guztiak aurkezteko ere, ikuskatu eta azter ditzan.

Bi.- Parteek kontrakorik erabakitzen ez badute, alde batek eskatzen duenean edo arbitroek beharrezkotzat jotzen dutenean, aditu orok, bere irizpena aurkeztu ondoren, entzunaldi batean parte hartuko du, eta bertan arbitroek, baita aldeek ere, beren kabuz edota beste aditu batzuen laguntzaz, galdekatu egin ahal izango dituzte.

Hiru.- Aurreko atal horietan ezarritakoaz gain, parteek ahalmena dute, kontrakoa erabaki ezean, eurek askatasunez izendatutako adituen irizpenak aurkezteko.

46. artikulua.- Ondorioak.

Arbitroek, froga-aldia bukatu dela parteei jakinarazten dietenean, edota frogarik ez badago, erantzun-idazkia jaso eta berehala, hamabost eguneko epean beren ondorioak aurkezteko eskatuko diete prozeduran parte hartzen duten parteei.

47. artikulua.- Hobeto arbitratzeko eginbideak.

Bat.- Parteen ondorioak ezagututa, arbitroek ofizioz, salbuespen gisa, beharrezko iruditzen zaizkien frogak egin ahal izango dituzte, horiek egiteko dauden arrazoiak motibatuz.

Bi.- Frogak egin ondoren parteei helaraziko zaizkie, horien emaitzaz ondorio berriak formulatu ahal izan ditzaten bost eguneko apean.

48. artikulua.- Prozedura bukatzea.

Bat.- Ondorioak aurkezteko epea igarota, arbitroek laudoa emango dute, araudi honetan abenduaren 23ko Arbitrajeari buruzko 60/2003 Legea eta lege hori aldatzen duen 11/2011 Legean ezarritako arauen arabera.

Bi.- Arbitraje-jarduketetan parteak ados jartzen badira eztabaida bere osotasunean edo zati batean bukatzeko, arbitroek bukatutzat emango dituzte jarduketak parteek adostutako puntu horietan, eta bi parteek eskatzen badute eta arbitroek ez badute aurka jartzeko motiborik ikusten, itun hori laudo gisa jasoko dute, parteek hitzartuta bezalaxe. Laudo horrek auziaren muinaz emandako beste edozein laudoren eraginkortasun berbera izango du.

Hiru.- Jarduketak bukatzeko ere aginduko dute arbitroek, kasu hauetan:

a) Auzi-jartzaileak atzera egiten badu bere demandan, salbu demandatua kontra agertzen bada,eta arbitroek auziaren behin betiko konpontzeari dagokionez bidezko interesa aitortzen badiote.

b) Jarduketak bukatutzat ematea erabakitzen badute parteek.

c) Arbitroek ikusten badute jarduketekin jarraitzea ezinezkoa dela edo ez dela beharrezkoa.

Lau.- Jarduketak amaituta, amaitu egingo da arbitroen obligazioa prozeduraren dokumentazioa gordetzeko, eta KAEZeko idazkariari bidaliko diote artxiba dezan. Bi hilabeteko epean aldeetako edozeinek eskatu ahal izango dio KAEZi berak aurkezturiko agiri edo dokumentuak itzultzeko. KAEZek onartu egingo du eskaria, eskatzaileak bere gain hartzen baditu bidalketari dagozkion gastuak.

49. artikulua.- Betebeharrak.

Bat.- Laudoa idatziz emango da, eta, gutxienez, arbitroen eta aldeen zirkunstantzia pertsonalak adieraziko ditu, non ematen den laudoa, arbitrajepean jarritako auzia, egindako frogen zerrenda laburra, aldeen alegazioak eta arbitraje-erabakia, baita arbitrajeak eragindako gastuak ere, eta horien egozpena.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, laudoa idatziz dagoela ulertuko da, bere edukiaren eta sinaduren konstantzia dagoenean eta geroago kontsultatzeko euskarri elektronikoan, optikoan edo beste era batera eskuragarri daudenean.

Bi.- Laudoak, arbitrajea zuzenbidezkoa edo ekitatezkoa izan, motibatua izan behar du, ez baldin bada, behintzat, parteek hitzartutakoaren arabera emandako laudoa.

Hiru.- Laudoa arbitroek izenpetuko dute. Arbitraje-elkargoaren kasuan, laudoarekin ados ez dagoen arbitroak bere iritzia azaldu ahal izango du. Kasu horietan, aski izango da elkargoko kideen gehiengoaren sinadurak edo lehendakariaren bakarrik, betiere sinadura bat eta batzuk faltatzeko arrazoiak azaltzen badira.

Lau.- Demandaren -hasierakoaren edo errekonbetziozkoaren- erantzuna aurkezten denetik edo hura aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera sei hilabeteko epearen barruan erabaki beharko dute eztabaida-gaia arbitroek. Parteek kontrako erabakirik hartu ezean, arbitroek luzatu egin dezakete epe hori, bi hilabetetik pasatzen den epe baten, betiere arrazoitutako erabakia dela medio. Aurreko hori gorabehera, epea luzatu egingo da baterako etenda geratzen denean, zehazki, araudi honen 29. artikuluan ezarritako kasuetan, adi baterako etenaldiari doakion besteko epe batez luzatu ere.

Bost.- Parteek kontrako erabakirik hartu ezean, behin betiko laudoa eman gabe epea bukatzeak ez die eragingo haren baliozkotasunari eta eraginkortasunari; hala ere, beti izango da, hartarako kausarik bada, arbitroek euren erantzukizunari aurre egin beharra.

50. artikulua.- Jakinaraztea eta protokolizatzea.

Bat.- Arbitroek parteei jakinaraziko diete laudoa, KAEZeko Idazkaritzaren bidez, bakoitzari ale bat emango zaiolarik izenpetuta, 49. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera eta bertan ezarritako epearen barruan.

Bi.- Arbitroek, ofizioz, edo pateetako edozeinen eskariz eta kostuak bere gain hartzen baditu, laudoa protokolizatzea erabaki dezakete, jakinarazpena egin aurretik.

51. artikulua.- Laudoa zuzentzea, argitzea, osatzea eta berrestea.

Bat.- Parteek beste epe bat hitzartu dutenean izan ezik, laudoa jakinarazten denetik harako hamar eguneko epearen barruan, parteetariko edozeinek -besteari jakinarazita- honako hauek eskatu ahal izango dizkie arbitroei:

a) Kalkuluzko, kopiazko, tipografiazko edo antzeko beste edozein akats zuzentzea.

b) Laudoaren puntu bat edo zati jakin bat argitzea.

c) Laudoa osatzea, egindako eskariei eta bertan erabaki gabekoei dagokienez.

d) Laudoaren zati baten gehiegikeria zuzentzea, baldin eta honako hauek gaineko erabakiak hartu badira: erabakitzeko aurkeztu ez zaizkion gaiak edo arbitrajepean jarri ezin diren gaiak.

Bi.- Aurrez parteei entzun ondoren, akatsak zuzentzeko eta zenbait puntu argitzeko eskariei buruz erabakiko dute arbitroek hamar eguneko epean, eta osatzeko eta zuzentzeko eskariari buruz hogei eguneko epean.

Hiru.- Laudoa ematen denetik harako hamar eguneko epearen barruan, arbitroek ofizioz egin ahal izango dituzte honakoak: hutsak zuzendu, argibideak eman, osaketak eta aldaketak egin; denak ere, bat paragrafoan aipatutakoak.

Lau.- 50. artikuluan xedatutakoa, laudoa zuzendu, argitu eta osatzeko arbitraje-erabakiei ere aplikatuko zaie.

52. artikulua.- Deuseztatze-akzioa.

Bat.- Laudoa deuseztatu ahal izango da deuseztatze hori eskatzen duen parteak alegatu eta frogatzen duenean:

a) Arbitraje-hitzarmenik ez dagoela edo ez dela baliozkoa.

b) Ez zaizkiola behar bezala jakinarazi arbitroen izendapena edo arbitroen jarduketak, edota ezin izan dituela, zeinahi arrazoirengatik, bere eskubideak baliarazi.

c) Arbitroek beren arbitrajepean jarri gabeko gaiez erabaki dutela.

d) Arbitroen izendapena, edo arbitraje-prozedura, ez dela izan parteek hitzartutakoaren araberakoa -salbu hitzarmen hori Arbitrajeko 60/2004 Legeko edo lege hori aldatzeko 11/2011 Legeko arau inperatiboetako baten kontrakoa denean- edota hitzarmen hori ezean, ez direla egin lege horiei jarraituz.

e) Arbitroek arbitrajeean jarri ezin diren gaiei buruz erabaki dutela.

f) Laudoa ordena publikoaren aurkakoa dela.

Bi.- Kasu guztietan, 11/2011 Legaz aldatutako 60/2004 Legean ezarritakoarekin bat izapidetuko da deuseztapena. Edonola ere, demandarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: uzia justifikatzeko agiriak, arbitraje-hitzarmena, laudoa eta praktikatu naho diren frogabideak.

Hiru.- Laudoa deuseztatzeko egintzaz arduratzeko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salarena izango da.

53. artikulua.- Laudoaren ondorioak.

Laudo irmoak gauza epaituaren ondorioak izango ditu, eta hori deuseztatzeko edo berrikusteko egintza balia daiteke, epai irmoentzat urtarrilaren 7ko 1/2000 Prozedura Zibileko Legean ezarritakoaren arabera bakarrik egin daiteke.

54. artikulua.- Inskribatu ezin daitezkeen erabakiak laudo bidez deuseztatzea.

Bat.- Inskribatu daitekeen erabaki baten deuseztasuna deklaratzen duen laudoa Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharko da.

Bi.- Inpugnatutako erabakia Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta badago, laudoak honako hauek erabakiko ditu: inskripzioaren deuseztapena, eta harekiko kontraesanezkoak diren geroztiko idazpenen deuseztapena.

Hiru.- Kasu horietan, deuseztatutako idazpenei dagokienez, parteek egin ditzaketen komunikazio eta eskabideen kontra egin gabe, KAEZek Kooperatiben Erregistroa ofizio bat bidaliko du eta laudoa komunikatuko dio, laudo hori exekuta dadin.

55. artikulua.- Laudoaren betetzea.

Araudi honetan araututako arbitraje-prozeduran parte hartzen duten parte guztiek onartu eta obeditu egingo dute prozedura horren ondoriozko laudoa, eta beharturik daude hura betetzera.

56. artikulua.- Arbitraje-ebazpenak eta laudoak nahitaez betetzea.

Laudoak eta arbitraje-ebazpenak nahitaez betetzeari dagokionez, erabakia eman den lekuko lehen auzialdiko epaitegia izango da eskumenduna, betiere Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko 545. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriaz.

IV. KAPITULUA

PROZEDURA LABURTUA

57. artikulua.- Suposatuak.

Parte batek eskatuta edo ofizioz, KAEZek erabakia dezake honakoa: kapitulu honetan araututako prozedura laburtuarekin bat izapidetzesa arbitrajea, betiere honako zirkunstantziatarikoren bat jazotzen bada:

a) Parte biek berariaz eskatzea.

b) Auziko zenbatekoa hamar mila (10.000) eurotik gorakoa ez izatea.

c) Indarren den legeriak erregulatutako markoaren barruan, informazio-eskubideaz baliatzeko asmoa baino ez izatea.

d) Konpontzen zailak edo konponezinak diren kalteak baztertzeko, prozedura honekin aurrera egitea komenigarri egiten duen urgentzia atzematea, zenbatekoa edozein delarik ere.

58. artikulua.- Arbitroa.

Kapitulu honetan araututako prozedurarekin bat bideratzen diren arbitrajeetan, honako hauei esleituko zaie ebazpena ematea: KAEZeko arbitroetariko bati; eta hori ezinezkoa bada eta lehendakariak -aparteko kausak direla-eta- egoki baderitzo, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letratu aholkularia.

59. artikulua.- Arbitraje-eskabidea.

Bat.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari aurkeztutako eskabide-idazki baten bitartez abiaraziko da prozedura laburtua, eta idazki horrek honako hauek jaso beharko ditu:

a) Euskal kooperatibetan gatazkak ebazteko prozedurei buruz araudi honetako 17. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren araberako arbitraje modalitatea.

b) Araudiko 37. artikuluan exijitutako informazioa.

c) Araudiko 42. artikuluan aurreikusitako forman, demanda-idazkia; uziak funtsatzeko froga-elementuak eta agiriak jasoko dituena, zeintzu ezin izango baitira aldatu edo hedatu prozeduran zehar, eta honako hauek ere jaso beharko ditu, beharrezkoa bada: aurkeztu ezin izan diren baina ezinbestekoak diren froga-elementuak proposatzea; arbitroak erabaki ahal izango ditu elementu horiek.

Bi.- Arbitroarentzako ale batekin batera, arbitrajea eskatzen dunenak, demandaren eta aurkezten dituen agirien kopiak entregatu beharko ditu; hain justu ere demandatzaile beste kopia.

Hiru.-Testigantza-froga baliatu nahi bada edo kontrako partea galdekatu nahi bada, arbitroak erabaki beharko du froga-elementu horien egokitasuna.

Lau.- Testigantza-froga demandatzaileak proposatzen badu, demandatzaileari dagokio arbitroaren aurrean proposatutako lekukoak aurkezteko obligazioa; demandatzaileak, haiek praktikatzeko izendatutako leku, egun eta orduan. Halaber, obligazio berbera dagokio demandatuari, hain justu ere proposatu ditzakeen testiguei edo, kasua bada, demandari erantzuterakoan.

Bost.- Edonola ere, testigantza-froga proposatuz gero, bai demandatzaileak eta bai demandatuak ere honako hauek adierazi beharko dituzte: arbitrajepean jarritako auzigaiko egitateen eta testiguen arteko zerikusia, eta proposamena egiten duen parteak zer arrazoi direla-eta uste duen bere deklarazioa onartu egin behar dela.

60. artikulua.- Onarpena.

Bat.- Eskabidea jasotakoan, KAEZeko lehendakariak aztertu egingo du ea aurreko artikuluan eskatutakoa eta 57. artikuluan aurreikusi suposaturen batzuk badiren ala ez; eta horretaz gain, 7 eguneko gehienezko epearen barruan egoki den erabakia hartuko du, hain justu ere Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko erregistroan eskabidea jaso zen egunetik hara zenbatuko da aipatu epea.

Bi.- Prozedura laburtuarekin bat etorriaz arbitrajeari bidea egitea erabakitzen badu lehendakariak; erabakia egokia parteei komunikatu zaie, hain justu ere erabaki hori hartu zenetik gehienez ere 7 eguneko epearen barruan.

Hiru.- Lehendakariak erabakitzen badu -prozedura laburtutik- ez diola bide egingo arbitrajeari, horren berri emango dio eskabidea egin duen pertsonari, lehenago araututako epeen barruan; zertarako-eta eskatzaile horrek, kasua bada, hura prozedura arruntetik izapidetzea eska dezan, zazpi eguneko epearen barruan eskatu ere.

61. artikulua.- Errekonbentzioa.

Bat.- Egoki baderitzo, parte demandatuak, demandatzailearen aurka beste uzi batzuk formulatzen dituen idazkiaren bitartez, errekonbentzioa egin dezake, betiere loturarik bada errekonbentzioko uzien eta demanda nagusiko helburu diren uzien artean. Aipatu idazkia arbitroari bidali beharko zaio, zitazioa jasotzen denetik harako 15 eguneko epearen barruan; eta guztiarekin ere, ikustaldirako aurreikusitako datatik harako 10 eguneko epearen barruan; hala egin ezean, ez dela aurkeztu kontsideratuko da.

Bi.- Arbitroari zuzendutako errekonbentzio-idazkiarekin eta horri erantsitako agiriekin batera, demandatzaile beste kopia aurkeztu beharko dira.

Hiru.- Errekonbentzio-egile den parteak, bere errekonbenzioa funtsatzeko, baliatu nahi dituen frogak proposatzea eta aurkeztea honako arauen eta erregelen menpe egongo da: demanda nagusiarekin zerikusi duten frogetarako prozedura honetan ezarritakoak.

Lau.- Errekonbentzio-idazkia jasotakoan, arbitroak beste zitazio bat bidaliko die parteei, hasieran aurreikusitakoaren berdina dena edo ez dena; eta, guztiarekin ere, aurrekoa 10 egunetik gora gaindituko ez duena. Dena dela, parte demandatzaileari igortzen zaion zitazio berriak honako hauek izan beharko ditu: errekonbentzio-idazkiaren eta erantsitako agirien kopiak.

Bost.- Errekonbetziorik bada, errekonbentzio horretan jasotako uziari dagokionez egoki deritzona adierazi dezake parte demandatzaileak; eta horretaz gain, honako froga-elementu hauek baliatu ditzake: eskabide-agirian jaso ez, egokitzat jo eta arbitroak bidezkotza jotzen dituenak; proposamen egiten duen parteari dagokio ikustaldiko egintzan elementuok aurkezteko obligazioa.

62. artikulua.- Ikustaldia eta froga.

Bat.- Arbitroan izendatu eta onartzeko ebazpena jasotzen denetik gehienez ere 10 eguneko epearen barruan, arbitroak zitazioa igorri beharko die parteei; zertarako-eta prozesuko ikustaldi bat gauzatzeko, eta, horretaz gain, adierazi beharko du frogak bidezkoak diren al ez. Bestalde, parte demandatuari adieraziko dio ezen, zitazioa jaso eta hurrengo egunetik harako 7 eguneko epearen barruan, demandatuak bere kabuz aurkeztu ezin dituen pertsonak arbitroak zitatu beharko dituela ikustaldirako;hain justu ere parte edo lekuko gisa deklara dezaten edo espedientera sar daitezen, eta, hartarako, parte demandatuak arbitroari honakok eman beharko dizkio: zitazioa eta errekerimendua gauzatzeko beharrezko diren datuak eta zirkunstantziak.

Bi.- Parte demandatuaren zitazioari honako hauek erantsi beharko zaizkio: arbitraje-eskabidearen eta erantsitako agirien kopia.

Hiru.- Ikustaldian, parteek, euren ordenaren arabera, adierazi beharko dute zer asmo duten eta euren eskubideen arabera komeni zaiena; horren ondoren, honako frogen praktika egingo da: arbitroak egokitzat jotakoak izanik, parteek beharrezkotzat jo eta aurkezten dituztenak; agiriak espedienteari batuko zaizkio.

Laugarrena.- Froga onartzen bada, ikustaldian haren froga praktika egiteko, beharrezkoa dena xedatuko du arbitroak, betiere zitazioa igorri zenetik hara gehienez ere 30 eguneko eperen barruan eginez haren izapideak.

Bost.- Salbuespenez eta motiboak azalduaz, beharrezko kontsideratzen dituen beste froga batzuen praktika egitea erabaki dezake arbitroak, eta bai seinalatutako epea luzatzea ere. Kasu horretan edo euren garaian praktikatu ez ziren frogak onartzen badira, gauzatzeko gehienez ere 10 eguneko epea izango da, ikustaldia amaitu eta hurrengo egunetik hara, salbu eta -arbitroak arrazoitutako erabakia dela-eta- epe hori luzatzea beharrekotzat jotzen bada.

Halaber, aipatu frogen praktika egin behar bada; egindako ikustaldiko egintzan, arbitroak seinalatuko du hurrengo ikustaldia egiteko data; eta ikustaldi horretan, lehenengoaz geroztik praktikatutako frogak aztertu eta praktikatuko dira.

Sei.- Frogak praktikatu ostean, arbitroak hitza emango die parteei; zertarako-eta, ahoz eta laburki, euren ondorioak azaltzeko. Guzti horren emaitza akta baten jasoko da, zeina parte hartu duten pertsonek sinatu beharko baitute, eta bertaratu diren parteei kopia bat emango zaie, eta, beharrezkoa bada, bertaratu ez direnei beste kopia bat bidaliko zaie hiru eguneko epearen barruan. Ikustaldia eta horren akta formatu elektronikoan jarri ahal izango da, arbitroak hala erabakitzen badu.

Zazpi.- Parte demandatua ez bada azaltzen ikustaldirako, horrek ez du eragotziko arbitraje-prozedurak aurrera egitea, ez eta gatazka-gaia arbitroaren ardurapean jartzea; eta azaldu ez dena demandatzailea bada, demandan atzera egin duela kontsideratuko da.

63. artikulua.- Laudoa.

Bat.- Ondorioak entzun ostean, arbitroak laudoa eman dezake ikustaldian bertan edo gehienez ere 10 eguneko epearen barruan eman, ikustaldia amaitzen den egunetik hara.

Bi.- Parteek kontrako akordiorik egin dutenean izan ezik, arbitroak -motiboak azalduaz- luzatu egin dezake laudoa emateko epea; auzitan den kasuko zirkunstantziak izanik, gehienez ere 7 egunez luza dezake.

64.. artikulua.- Ordezko arauak.

Kapitulu honetan berariaz landuta ez dauden prozedura honetako arazoetarako, aplikagarriak izango dira -ordezkoak izanik- Prozedura Arrunterako eta arbitraje-laudorako ezarritako arauak, araudi honetan jasoak.

V. KAPITULUA

ARBITRAJEKO GASTUAK

65. artikulua.- Arbitraje-zerbitzuaren doakotasuna.

Bat.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitrajearen administrazioa doakoa izango da Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak urtero erabakiko duen zenbatekoraino. Kopuru hori, eta bere aldaketak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, guztiak jakitun egoteko. Doakoa ez den guztia aldeek ordaindu beharko dute, laudoan ezarritakoaren arabera.

Bi.- Laudoan zehaztuko dira, halaber, arbitroen gastu behar bezala justifikatuak, arbitraje-jardunari berari ez dagozkion neurrian eta, hala balegokio, jakinarazpenen ondorengoak, frogak egiteak sortzen dituenak eta gertatzen diren bestelakoak. Halaber, laudoak aldeen ordezkarien lansariak ere zehaztu ditzakete, baldin badagozkie, behintzat.

Hiru.- Dena den, aldeek inolako ordainketarik egin behar baldin badute, KAEZi egingo diote zuzenean.

66. artikulua.- Gastuen banaketa.

Bat.-Parte bakoitzak ordaindu beharko ditu bere eskariz egindako gastuak, eta gastu komunak hainbanatuta, salbu arbitroek fede txarra edo ausarkeria ikusten dutenean parteren batean. Kasu honetan, gastuen banaketa arbitroen irizpidearen arabera finkatuko da laudoan.

Halaber, doakotasun-printzipioaren salbuespen gisa, fedea txarraren edo ausarkeriaren kasuei dagokienez, Arbitroak bere esku-hartzearen kostu zehaztu ahal izango du, zeina, indarrean diren ordainsarien tarifen arabera, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak balioetsiko baitu; kostu hori parte kondenatuak pagatu beharko du.

Parteek egindako gastuen banaketari eta arbitroaren esku-hartzearen kostua doakoa izateari dagokionez, fede txarra eta ausarkeria honako hauen ondoriozkoa izanen daiteke: adierazitako egitateak eta erreklamatutakoaren funtsak, eta erreklamatutako zenbatekoak eta kontzeptuak haiekiko proportziorik gabekoak izatea.

Bi.- Prozeduran etsi eta amore emanez gero, itun horren ondorioz KAEZek ematen duen ebazpenean gastuen banaketa aurreko Bat zenbakian ezarritako arauen arabera egingo da, salbu parteen arteko adostasuna baldin badago.

Hiru.- Etenaldia gertatzen bada, banaketa behin-behinekoa izango da, prozedura laudo bidez bukatzen ez den bitartean, eta laudoak ezarriko duen behin betiko banaketa behin-behinekoaren berdina edota bestelakoa izan daiteke, parteen arteko adostasuna dagoenean izan ezik.

67. artikulua.- Arbitroen ordainsariak.

Arbitroen ordainsariak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak Osoko Bilkuran horrela erabakitzen dituenak izango dira.

VI. TITULUA

ADISKIDETZEA

68. artikulua.- Adiskidetzea KAEZen aurrean.

Bat.- Araudi honetako 3. artikuluan zehaztutako edozein eztabaida-gai, parteek aldez aurretik hala erabakita, adiskidetzepean jarri daiteke KAEZeko letratu adiskidetzailearen aurrean.

Bi.- Edonola ere, arrunt edo bitartekaritzako legez izapidetzen den arbitraje-prozedura baliatzeko, obligaziozkoa izango da KAEZen aurreko adiskidetzea; beraz, hori ez dagokie arbitraje-prozedura laburtuei.

Hiru.- Horretarako, parte interesatuei adiskidetzeko ager daitezen dei egingo zaie, eta agerraldiaren bukaeran ados jarri badira, ituna agiri batean formalizatuko da, gehienez ere bost eguneko epean bi parteek hitzarmeneko terminoak izenpetu behar dutelarik; KAEZeko letratu adiskidetzaileak ere izenpetuko du, baina lekuko gisa soil-soilik.

Lau.- Adiskidetze-agerraldian ados jartzen ez badira, KAEZeko letratu adiskidetzaileak akta egingo du, berak izenpetua, adostasunik ezaren berri emanez.

Bost.- Bi aldeek, adostasunez, eten egin dezakete adiskidetzea hamar egun baino gutxiagorako, KAEZeko adiskidetzaileak proposamen formala aurkez diezaien, parte bakoitzak askatasunez onartu edo baztertuko duena.

Sei.- Edozein kasutan, KAEZen aurrean adiskidetzen saiatzeak ez du eragozten, adostasunik gabe bukatzen bada saioa, araudi honetan araututako beste prozeduraren batera jo ahal izatea parteek.

VII. TITULUA

BITARTEKOTZA

69. artikulua.- Bitartekotza KAEZen aurrean.

Araudi honen 3. artikuluaren eremuan sortutako edozein eztabaida, KAEZen bitartekotzapean jar daiteke, aldez aurretik aldeak ados jarrita.

70. artikulua.- Bitartekaria.

Bat.- Bitartekaria parteen arteko adostasuna lortzen saiatuko da. Ez du erabakitzeko ahalmenik izango, eta inolako konponbiderik ere ezingo die ezarri parteei.

Bi.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak bitartekarien zerrenda egingo du, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den; bestade, Kontseiluak haien ordutegiak finkatuko ditu.

Hiru.- Bitartekotzapean jarritako eztabaidaz, bitartekariak ez du lekukotasunik emango epaiketetan, arbitrajeetan edo abian jartzen diren beste prozedura batzuetan.

Lau.- Bitartekariaren abstentzioa, errefusapena eta ordezkatzea araudi honen 34. eta 31. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.

71. artikulua.- Bitartekotza-prozedura.

Bat.- Bitartekotza-eskaria idatziz aurkeztuko du parteetakoren batek KAEZen egoitzan. Dena den, araudi honen 37. artikuluan adierazi bezala idatziko da.

Bi.- KAEZeko lehendakariak, ebazpen bidez, bitartekotza-eskaria bideratzea onartuko du eta bitartekaria izendatuko du. Bitartekotzapean jarrita ez badago, eskariaren berri beste partearI emango dio, hark 10 eguneko epean, eta, hala badagokio, idatziz onarpena jakinarazi eta bere alegazioak aurkez ditzan. Ez badu erantzuten, KAEZek artxibatu egingo ditu jarduketak.

Hiru.- Beste parteak bitartekotza onartzen badu, idazkariak bitartekariari jakinaraziko dio izendapena, onar dezan. Bitartekariak hamar eguneko epean jakinaraziko dio KAEZi berariazko onarpena eta parteei beren izendapena.

Lau.- Bitartekariaren lana izendatu orduko hasiko da eta gehienez ere bi hilabeteko iraupena izango du, epea luza daitekeelarik parteek berariaz eskatzen badute.

Bost.- Bitartekariak erabateko inpartzialtasun eta neutraltasunez jokatuko du, parteen berdintasun- eta kontraesan-printzipioak defendituz. Halaber, parte guztien entzute-eskubidea bermatuko du, kausaren isilpekotasuna eta parteek emandako dokumentazioaren eta informazioaren pribatutasuna.

Sei.- Parteek fede onez jokatuko dute eta horien ordezkari edo laguntzaile izan daitezke prozeduran behar bezala ahalmenak hartuta daudenak, betiere bitartekariak aldez aurretik zirkunstantzia horren berri izaten badu.

72. artikulua.- Bitartekotzaren bukaera.

Bat.- Bitartekotzaren prozedura honela bukatuko da:

a) Parteen adostasunez.

b) Parteetariko batek berariaz amore ematen badu.

c) Bitartekariaren erabaki motibatuaz.

d) Bitartekotzarako ezarritako epea amaitu izanagatik, eta ez badu luzapenik izan.

Bi.- Bitartekariak idatziz jakinaraziko dio KAEZi bitartekotza bukatu dela, adostasuna, lortu baldin bada, erabatekoa ala partziala izan den, eta non eta noiz izan den ikustaldia; jakinarazpen horren kopia parteei ere bidali behar zaie.

Hiru.- Bitartekotza bukatu ondoren, bitartekotza egiteko parteek aurkeztu zituzten agiri idatzi guztiak itzuli egingo dizkiete bitartekariak eta KAEZek, parteek horrela eskatu eta bidaltze-gastuak ordaintzen badituzte.

Lau.- Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren bitartekotzaren administrazioa doakoa izango da Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak urtero finkatzen duen kopururaino, eta araudi honen 65. artikuluan arbitrajearen administraziorako araututa dagoen bezalaxe.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Araudi hau Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak aldatu ahal izango du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Araudi hau indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak aurreko araudiaren arabera erregulatuko dira, salbu eta 60/2003 Legeko eta hori aldatzeko 11/2011 Legeko arau inperatiboen bidez aldatzen diren puntuetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Euskadiko Kooperatiben goren Kontseiluko euskal kooperatiben gatazkak ebazteko prozeduren Araudia -2004ko uztailaren 15eko osoko bilkuran onartua eta 2004ko irailaren 21eko EHAAren 181. zenbakian argitaratutakoa- indargabeturik geratzen da. Halaber, indargabeturik geratzen dira aipatu araudiaren bi eranskinak, osoko bilkurak 2010eko irailaren 16an onartuak, 2011ko otsailaren 18ko EHAAren 34. zenbakian argitaratuak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Argitalpena.

Araudi hau, behin Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bigarrena.- Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean araudi hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 27a.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria,

JOSÉ FELIPE YARRITU DÍAZ.


Azterketa dokumentala