Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2012ko otsailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
736

EBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 24koa, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziako zuzendariarena, 2011ko azaroaren 29an Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziako Administrazio Kontseiluak berretsitako Euskal Unibertsitate Sistemako graduko titulazioei lotutako ikasketa planei buruzko Unibasq-en aldez aurreko txostena egiteko protokoloa jakinarazten duena.

Euskal unibertsitate sistemako graduko titulazioei lotutako ikasketa planei buruzko unibasq-en aldez aurreko txostena egiteko protokoloa

Erreferentzia esparrua

Espainiako unibertsitateak Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparru berriaren sorreran parte hartzen ari dira eta, horren ondorioz, Europagintzan funtsezkoa den proiektu horretan abiapuntu diren printzipioetara egokitutako graduko titulu berriak prestatu behar dira.

Zeregin horretan ari dira honako erakunde hauek: Espainiako Gobernua, legedia bultzatzeko eta tituluak Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistro berrian erregistratzeko zereginarekin; Eusko Jaurlaritza, titulazioak baimentzeko arduradun den aldetik; Unibertsitateen Kontseilua eta ANECA, ikasketen egiaztapen akademikoaren arduradun diren aldetik; eta Unibasq, Eusko Jaurlaritzak ematen duen baimenaren aldez aurreko txostena egiteko arduradun den aldetik. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko honako arau hauetan xedatutakoari jarraiki: apirilaren 12ko 4/2007 Legearen 35. artikuluan; otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 48. eta 80.3.c) artikuluetan; urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 24., 25. eta 26. artikuluetan (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bitartez aldatu zen); eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 48. artikuluaren arabera, goi-mailako irakaskuntzako titulu ofizialak lortzeko ikasketa-plan berriak onartu ahal izateko, Unibasq-en aldez aurreko txostena beharko da beti. Aurrerago, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren bitartez txosten hori egiteko prozedura eta irizpideak finkatu ziren.

Agentziak, protokolo hau egiteko garaian, lege-agindu hori eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80.3.c) artikuluan xedatutakoa kontuan izan ditu, baita Unibasqen Estatutuetako 6.2.i), 10.d) eta 15.6.c) artikuluak ere.

Xedea

Protokolo honen helburua honako hau da: egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek kontuan izan beharko dituzten irizpideak eta prozedura finkatzea, graduko tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak baimendu aurreko txostena eskatu ahal izateko.

Euskal unibertsitate sistemako graduko tituluei lotutako ikasketa planei buruzko unibasq-en aldez aurreko txostena egiteko prozedura.

Graduko titulu ofizialak lortzeko gauzatu behar diren ikasketa-plan berriak onartzeko Unibasqen aldez aurreko txostena ikasketa-plan berriak egiaztatzeko prozesuaren zati bat da. Unibasqek egiten duen ebaluazio-prozesua Unibasqen Kode Etikoaren printzipioen araberakoa izango da.

Irizpideak eta prozedura definitzeko prozesu horretan Unibasqen Administrazio Kontseiluak parte hartzen du, Agentziaren gobernu-organoa den aldetik, baita Aditu Batzordeak ere, organo zientifiko-teknikoa den aldetik, betiere Unibasqen Estatutuetako 10.d) eta 15.6.c) artikuluetan erabakitakoari jarraiki.

Aldez aurreko txostena egiteko prozesuari hasiera emateko, unibertsitateek txostena egiteko eskaera aurkeztu beharko dute.

a) Unibertsitateak txostenaren eskaera aurkeztuko du honako dokumentu hauekin batera:

- Proposatzen den graduko unibertsitate-irakaskuntza ofizialaren justifikazioko memoria; urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren eranskinean zehaztutako irizpideei jarraiki, honako alderdi hauek bildu behar ditu memoriak:

- Titulu ofizial bat lortzeko gauzatu beharreko ikasketa-planaren justifikazioa.

- Prestakuntza-programa.

- Antolamendu akademikoa.

- Dauden baliabideak.

- Kalitatea Bermatzeko Sistemak.

- Memoria ekonomikoa: unibertsitate-irakaskuntza ofizialari loturiko inbertsio, gastu eta diru-sarrerak.

- Hala badagokio, nazioko edo atzerriko unibertsitateekin sinatutako baterako antolamendu-hitzarmena, graduko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak nazioko edo atzerriko unibertsitateren batekin batera antolatuz gero. Hitzarmen horretan, ikasleen espedienteak zaintzeaz eta titulua eman eta erregistratzeaz zein unibertsitate arduratuko den adierazi behar da, baita ikasketa-planak aldatu edo azkentzeko prozedura ere, gutxienez. Atzerriko unibertsitateekin hitzarmenik izanez gero, hitzarmenarekin batera, atzerriko unibertsitatea edo unibertsitateak ofizialak edo egiaztatuak izatearen egiaztapena aurkeztu beharko da, dagokion agintaritzak emandakoa edo, hala badagokio, egiaztapena egin duen erakundearena. Nolanahi ere, baterako titulazio horretan parte hartzen duen Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak berak ematen dituen tituluen espedienteak zainduko ditu edo, hala badagokio, titulu hori eman izana egiaztatzen duen dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko garaian lehen aipatu ditugun hitzarmen horiek formalizatu gabe baldin badaude, hitzarmena sinatuko duten unibertsitateek lankidetzan aritzeko borondatea dutela dioen dokumentu bat aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, ikasketak hasi aurretik sinatu beharko dira hitzarmen horiek.

b) Unibasqek txosten bat egingo du titulu bakoitzeko. Horretarako, protokolo honetan zehaztutako irizpideei egingo die kasu.

Txostena egiteko gehienez ere hiru hilabeteko epea izango da, eskaera osorik aurkezten den egunetik kontatzen hasita, urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak xedatutako dokumentu guztiekin.

c) Behin-behineko txostena aldekoa baldin bada, behin betikotzat hartuko da eta eskaera egin duen unibertsitateari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango zaie horren berri.

d) Behin-behineko txostena kontrakoa bada edo aldekoa baina hobekuntzak txertatzeko baldintzarekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta eskaera egin duen unibertsitateari horren berri emango zaie eta hamabost eguneko epea izango dute egoki iritzitako alegazioak egiteko.

e) Aurkeztutako alegazioak aztertu ostean, Unibasqek behin betiko txostena egin beharko du alegazioak jaso eta gehienez ere bi hilabeteko epean, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera eta eskaera egin duen unibertsitatera igorriko du.

Euskal unibertsitate sistemako graduko titulazio ofizialei lotutako ikasketa planak aldatzeko prozedura

Graduko unibertsitate-titulu ofizialak lortzeko gauzatu behar diren ikasketa-planen funtsezko aldaketen berri Unibasqi eman beharko diote unibertsitateek, hiru hilabeteko epean txostena egin dezan. Funtsezko aldaketa zera izango da, jarraipen-txotenean halakotzat hartzen dena.

a) Txostena aldekoa baldin bada, behin betikotzat hartuko da eta eskaera egin duen unibertsitateari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango zaie horren berri.

b) Txostena kontrakoa baldin bada Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta eskaera egin duen unibertsitateari horren berri emango zaie eta hamabost eguneko epea izango dute egoki iritzitako alegazioak egiteko.

c) Aurkeztutako alegazioak aztertu ostean, Unibasqek behin betiko txostena egingo du alegazioak jaso eta gehienez ere bi hilabeteko epean, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera eta eskaera egin duen unibertsitatera igorriko du.

Txosten hori egiteko, Unibasqek hurrengo atalean deskribatuko ditugun ebaluazio-organoak baliatu ahal izango ditu; organo horiek atal horretan bertan deskribatutako moduan funtzionatuko dute.

Ebaluazio organoak

1.1.- Ebaluazio-organoen osaera.

Adituen Batzordeak proposatuta, Unibasqeko zuzendariak Titulazioen Ebaluazio Batzordeko kideak izendatuko ditu, Agentziaren estatutuei jarraiki.

Titulazioen Ebaluazio Batzordea hamar kide akademikok osatuko dute gutxienez (jakintza-esparru bakoitzeko bik). Kopuru hori, Agentziaren Adituen Batzordearen erabaki bidez, ebaluazio-prozesuaren premien arabera aldatu ahal izango da, protokoloa aldatu behar izan gabe.

Doktoreak diren, gutxienez beren irakaskuntza-jardueraren aldeko bi ebaluazio (hamar urte) egiaztatzen dituzten eta gutxienez ikerketa-jarduerari eskainitako bi aldi (bi seiurteko) aitortuta dituzten irakasle eta ikertzaileen artean hautatuko dira Batzordeko kideak. Gainera, kudeaketa akademikoan eta ebaluazioan izandako esperientziaren egiaztapena hartuko da kontuan. Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleen kasuan, unibertsitate pribatu bateko irakasle doktore (edo baliokidea) izan direla egiaztatu beharko da eta unibertsitate publikoetako irakasleen kasuan aipatutako kanpoan egiaztatutako meritu baliokideak egiaztatu beharko dira.

Unibasqeko zuzendariak, Titulazioen Ebaluazio Batzordeko kideen artean, presidentea eta idazkaria izendatuko ditu.

Titulazioen Ebaluazio Batzordeko kideen agintaldia hiru urtekoa izango da, eta bigarren agintaldi baterako baino ezin izango dira berriz aukeratu. Bigarren agintaldi hori amaitu ondoren, beste hiru urte beharko dira berriz aukeratuak izateko. Agintaldia amaitzen dutenean, Titulazioen Ebaluazio Batzordeko kideek beren funtzioak betetzen jarraituko dute ordezkatuko dituzten hurrengo kideak aukeratzen eta izendatzen diren arte.

Administrazio Kontseiluak Adituen Batzordearen proposamena berretsi eta hurrengo egunetik aurrera izango du balioa Titulazioen Ebaluazio Batzordearen osaerak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Unibasq agentziaren web-orrian argitaratuko da.

Batzordeak profesionalen eta ikasleen aholkularitza eskatu ahal izango du.

1.2.- Ebaluazio-organoen funtzionamendua.

Unibasqek Titulazioen Ebaluazio Batzordearen bidez egingo ditu txostenak. Batzorde hori ebaluazio-prozesua koordinatzen duen organoa da. Prozedura osoa planifikatu, kontrolatu eta aztertuko du, eta behin betiko txosten indibidualak egingo ditu, iritzi teknikoak aztertu ondoren.

Prozesuaren hasieran, urteko plangintza orokorra egingo du. Plangintza horretan, Adituen Batzordeak onartutako zerrenda batean oinarrituta, titulu bakoitzari buruzko txosten indibidualak egingo dituzten kanpoko aholkulariak hautatuko dira, eta kanpoko aholkulari horiek eta Batzordeak berak beren ebaluazio-zereginak betetzeko izango dituzten epeak adieraziko dira, Unibasq Agentziaren txostena protokolo honetan adierazitako gehieneko epean unibertsitateetara iritsiko dela ziurtatzeko. Batzordeak erabakitako plangintzari jarraiki, Unibasq Agentzian jaso diren denbora-ordenaren arabera ebaluatuko dira eskaerak.

Aurkeztutako eskaerak bidezko aholkulariei atxikiko zaizkie, eskaera egiten duen unibertsitateak adierazitako jakintza-esparruaren arabera.

Ebaluazio-prozesuan parte hartzen duten guztiak erabat inpartzialak izango dira euren jardunean, ager litezkeen interes-gatazken berri emango dute eta, hala badagokio, ez dute prozesu osoan edo zati batean parte hartuko. Ebaluazio-prozesuan eskuratutako informazio guztia konfidentziala da.

Espediente guztiak aztertu eta ebaluatu ondoren, Titulazioen Ebaluazio Batzordean txostenaren zirriborroa lantzeko ardura duen kideari igorriko zaizkio.

Zirriborroak amaitu ondoren, Batzordeko kideek espedienteak batera ebaluatzeko bileraren eguna eta ordua finkatuko ditu Batzordeko presidenteak.

Bilera horren ondoren, ebaluatu beharreko eskaera bakoitzerako behin-behineko txosten bakarra egingo da, eta Titulazioen Ebaluazio Batzordeko presidenteak eta idazkariak sinatuko dute. Idazkariak bilera horren akta idatziko du, eta ebaluazioaren gorabehera guztiak eta Batzordeak egindako behin-behineko txosten guztiak bildu beharko ditu akta horrek. Behin-behineko txostenak aldekoak izan daitezke, aldekoak hobekuntzak egiteko baldintzarekin, edo kontrakoak. Kasu guztietan, Batzordearen erabakia arrazoitua izango da. Behin-behineko txostena aldekoa bada baina hobekuntzak egiteko baldintza jartzen badu, hobekuntza horiek argi eta garbi azaldu beharko dira, eskaera egin duen unibertsitatera igortzeko. Behin-behineko txostena kontrakoa bada, berriz, arrazoitu egin beharko da eta erabaki hori hartzeko arrazoiak zehatz-mehatz deskribatu beharko dira.

Titulazioen Ebaluazio Batzordeak ebaluazioa eta behin-behineko txostena (bertan bildu beharreko iritzi teknikoari dagokionez loteslea izango dena) egin ondoren, Unibasqeko zuzendariari helaraziko zaio unibertsitateetara igor dezan.

Unibertsitateek hamabost eguneko epea izango dute txostenaren edukiaren inguruko alegazioak aurkezteko. Alegazioak jaso ondoren, Agentziak Titulazioen Ebaluazio Batzordeari helaraziko dizkio, balioets ditzan eta behin betiko txostena egin dezan. Horretarako, Batzordeak beharrezkotzat hartzen badu, behin-behineko txostena lantzen lagundu duten aholkularien parte-hartzea izango du. Behin betiko txosten hori aldekoa, aldekoa oharrekin edota kontrakoa izan daiteke.

Kasu guztietan, Batzordearen erabakia arrazoitua izango da. Txostena aldekoa bada baina oharrak baditu, ohar horiek argi eta garbi azaldu beharko dira, eskaera egin duen unibertsitatera igortzeko. Kontrako txostena bada, berriz, arrazoitu egin beharko da eta erabaki hori hartzeko arrazoiak zehatz-mehatz deskribatu beharko dira.

Titulazioen Ebaluazio Batzordeak ebaluazioa eta behin betiko txostena (bertan bildu beharreko iritzi teknikoari dagokionez loteslea izango dena) egin ondoren, Unibasqeko zuzendariari helaraziko zaio, alegazioak jaso eta bi hilabeteko epean unibertsitateetara igor dezan.

Aldizka, Unibasqeko Adituen Batzordeak emaitza balioetsiko du eta, hala badagokio, baimena eman aurreko txostena egiteko prozeduran egoki iritzitako hobekuntzak proposatuko ditu.

Ebaluaziorako jarraibideak eta irizpideak

Graduen proposamenaren ebaluazioa kalitateari dagozkion honako jarraibide eta irizpide hauen arabera egingo da. Dokumentu honetan bildutako irizpide eta jarraibideak tresnak dira, aurkezturiko ikasketa-planen kalitatea balioesteko tresnak, alegia, betiere honako alderdi hauek kontuan izanik:

● Tituluaren deskribapena.

● Tituluaren justifikazioa.

● Proposaturiko prestakuntza-programa, helburu orokorrak eta ikasleek eskuratuko dituzten gaitasunak egokiak ote diren bereziki balioetsita.

● Ikasleen sarbidea eta onarpena arautzen duten sistemak argiak eta nahikoak ote diren.

● Irakaskuntzen plangintza.

● Langile akademikoen kalitatea eta egokitasuna.

● Baliabide material eta zerbitzu erabilgarriak.

● Aurreikusitako eraginkortasuna espero diren emaitzei dagokienez.

● Aurreikusitako Kalitatea Bermatzeko Sistema, titulazioa ebaluatu eta hobetzeko proposamenak egitearren.

● Aurreikusitako ezarpen-egutegia egokia ote den.

● Tituluaren irekitasuna eta nazioartekotzea.

● Memoria ekonomikoa.

Proposaturiko kalitate-jarraibide eta -irizpideak honako arau hauetan xedatutakoari jarraiki definitu dira: Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen) eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan; eta Bergeneko Ministroen Bileran (2005eko maiatzaren 19an eta 20an izan zen) unibertsitateko irakaskuntzaren ebaluazioa egiteko finkatutako jarraibide eta irizpideetan, eta International Network for Quality Assurance Agencies in Higher Education sareak garatutako Unibertsitate Ebaluazioko Agentzietarako jardunbide egokien kodean.

«A priori», irizpide eta jarraibide horiek zehazteko garaian, unibertsitateek eta ebaluatzaileek, hurrenez hurren, ikasketa-planen proposamenak diseinatu edo ebaluatzeko erreferente argiak izateko moduan zehaztu dira.

Irizpideak eta jarraibideak

1.- Tituluaren deskribapena.

Irizpidea. Titulu-proposamen bakoitzak deskribapen egokia eta koherentea izan behar du, maila edo ondorio akademikoak ere adierazita, eta ez du nahasterik eragin behar edukiari eta, hala badagokio, lanbide-ondorioei dagokienez.

Jarraibideak. Titulu-proposamenean ezaugarri orokorrak deskribatu behar dira (izena, eskaera egin duen unibertsitatea, irakaskuntza mota eta abar). Informazio hori aurkezteko garaian, uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bitartez aldatutako urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan adierazitako gradu mailetarako deskribatzaileak kontuan izan beharko dira. Atal horretan aurkezten den informazioa erreferentziatzat hartuko da titulu-proposamenaren gainerako atalak balioesteko.

Proposamenean:

● Tituluaren izena adierazi beharko da, proposaturiko ikasketa-planarekin koherente izanik eta nahasterik eragin gabe mailari edo ondorio akademikoei dagokienez eta, hala badagokio, lanbide-ondorioei dagokienez.

● Tituluaren izenak bat etorri behar du uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuan xedatzen denarekin: «Graduatuko tituluen izena honela osatuko da: Tn graduduna, hala badagokio, An aipamenarekin, U Unibertsitatearentzat; T tituluaren izen espezifikoa izanik, A aipamenaren izena eta U titulua ematen duten Unibertsitatearen izena».

● Lanbide arautuetan jarduteko gaitzen duten tituluen kasuan, izenak Ministro Kontseiluaren Erabakiarekin eta dagokion Ministro Aginduarekin bat etorri behar du eta aipatu egin behar du. Ingeniaria tituluaren izenean hautatutako espezialitatea txertatu behar da.

● Demagun izenean bi prestakuntza-eremu edo gehiago biltzen direla «eta» juntagailuaren bidez lotuta -esate baterako, An eta Bn graduatua-; kasu horretan, garrantzi txikieneko eremuari tituluari dagozkion kreditu guztien % 20, gutxienez, esleitu behar zaizkio.

● Eskaera egin duen unibertsitatea eta programaren ardura duen institutu, departamentu edo zentro nahiz zentroak aipatu behar dira.

● Beste unibertsitate batzuekin batera diseinatu eta garatu diren baterako tituluen proposamenen kasuan, lankidetza-hitzarmena erantsi behar da eta, gutxienez, honako hauetaz arduratuko den unibertsitatea zein den zehaztu beharko da:

- Ikasleen espedienteak zaintzeaz

- Titulua eman eta erregistratzeaz

- Ikasketa-plana aldatu edo azkentzeko prozeduraz.

● Irakaskuntza motari (presentziala, erdi-presentziala edo urrunekoa) buruzko informazioa eta justifikazioa adierazi beharko da.

● Ikasle berriak hartzeko zenbat plaza eskaintzen diren adierazi beharko da. Zenbaki horrekin batera, aurreikusitako plaza kopurua zehaztu beharko da, honela kalkulatuta: graduak ordezten duen titulazioan aurreko segidako 5 urteetan euskaraz eta gaztelaniaz izandako matrikula berrien batez bestekoa eginda.

Lehen aldiz proposatutako irakaskuntzen kasuan, ikasle berrien eskaeraren aurreikuspenean azken ikasturteetan antzeko titulazioetan izandako eskaera hartuko da erreferentziatzat.

● Kreditu kopurua eta matrikulatzeko betekizunak zehaztu beharko dira. Nolanahi ere, atal honetan proposatutako betekizunetan hezkuntza-premia bereziekin loturiko gaiak ere kontuan izaten direla egiaztatuko da. Hala dagokionean, ikasleei ikasketak modu partzialean egiteko aukera ematen diela egiaztatuko da.

● Titulurako Europako Osagarria emateko beharrezkoa den gainerako informazioa ere bildu behar du, indarreko legediari jarraiki.

● Tituluak emateko beharrezkoa den informazioaren barruan, gradua zer jakintza-adarri atxikitzen zaion adierazi behar da. Diziplina batekin baino gehiagorekin loturiko tituluen kasuan, atxikitze hori adar nagusiarekin egin beharko da. Memorian honako datu hauek bildu behar dira: titulua ematen duen erakunde mota, tituludunak ikasketak burutu dituen unibertsitate-zentroaren mota, titulua lortzeak zer lanbidetarako gaitzen duen eta prestakuntza-prozesuan erabilitako hizkuntzak.

2.- Justifikazioa.

Irizpidea. Titulu-proposamen bakoitzak prestakuntza- edo ikerketa-esperientziari dagokionez duen garrantzia erakutsi behar du, eta dagokion eremu akademikora eta dauden antzeko ikasketetara egokituta egon beharko du.

Jarraibideak. Titulu-proposamena arrazoituta aurkeztu behar da gizartean, administrazio publikoetan eta unibertsitatean bertan. Titulu-proposamenarekin batera aurkeztutako erreferente edo justifikazioetan abala ematen dieten argudioak eman behar dira, alderdi akademikoari, zientifikoari edo profesionalei dagokienez.

Proposamenean:

● Tituluaren interes eta garrantzi akademikoa, zientifikoa edo profesionala agerian uzten duten ebidentziak aurkeztu behar dira.

● Proposatutako graduko tituludunen lan-arloko eskaintza, eskaera eta laneratzea dokumentatu behar da edo, bestela, aurreko antolamendu akademikoan antzekoak ziren titulazioetako tituludunena.

● Eremu akademiko, zientifiko eta profesionalean aldez aurretik izandako esperientziak (irakaskuntzarekin, ikerketarekin eta kudeaketarekin loturikoak) aipatu behar dira, proposaturiko tituluari dagokionez.

● Proposatutako tituluaren prestakuntza-eremuan dagoen eskaintzaren azterketa bat aurkeztu behar da.

● Benetako eskaera ba ote dagoen kontuan izan behar da, bai gizartean, bai ikasleen aldetik. Eskaera hori kanpoko azterlan eta abaletan oinarritu beharko da. Eskaera txikia izanik ere, euskal gizartearen premiei erantzuteko ezinbestekoak diren titulazioak bereziki aztertuko dira.

● EHUk sustatutako tituluen kasuan, urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 11. artikulua betetzearren, titulu bat unibertsitate beraren Zentro batean baino gehiagotan eskaini nahi baldin bada, azalpen arrazoitua eman beharko da, bikoiztasun horren premia eta egokitasun sozialari buruzko ebidentzietan oinarrituta.

● Ikasketa-plana egiteko erabili diren kanpoko eta barneko kontsulta-prozedurak deskribatu beharko dira, bai nazioan, bai nazioartean. Profesionalekin, ikasleekin edo beste hainbat kolektiborekin egin ahal izango dira.

- Proposamena egin duen unibertsitateaz kanpoko erreferenteak eman beharko dira, proposamena antzeko ezaugarri akademikoak dituzten tituluetarako nazioko edo nazioarteko irizpideekin bat datorrela bermatzeko. Honelakoak izan daitezke:

- ANECAren Konbergentzia Europarreko Programaren liburu zuriak (www.aneca.es; liburu zurien atala).

- Kalitatea edo interesa egiaztatuta duten Espainiako edo nazioarteko unibertsitateetako ikasketa-planak.

- Nazioko edo nazioarteko elkargo edo elkarte profesionalen txostenak.

- Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoa indarrean hasi zenean indarrean zeuden tituluak.

- Besterik, kalitate edo interes akademikoa justifikatuta badute.

3.- Gaitasunak.

Irizpidea. Tituluaren helburuek egokiak izan behar dute eta ikasleek eskuratu beharreko gaitasunek bat etorri behar dute Titulua emateko eska daitezkeen gaitasunekin eta Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparruan finkatutako kalifikazioekin.

Jarraibideak. Tituluaren helburu orokorrek tituluari eman nahi zaion orientazio akademiko, profesional edo espezializatuaren araberakoak izan behar dute.

Ikasleak eskuratu beharreko gaitasunek ebaluagarriak izan behar dute, baita gradu mailari dagozkion gaitasunekiko koherenteak ere.

Proposamenean:

- Tituluaren helburu orokorrak zehaztu behar dira.

- Ikasleek ikasketak amaitzean eskuratu beharko lituzketen gaitasunen zerrenda zehaztu behar da. Proposatutako gaitasunek koherenteak izan behar dute uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bitartez aldatutako urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan finkatutakoekin, graduaren dagokion mailarako, baita Goi Mailako Hezkuntzarako Espainiar Kualifikazio Markoa (MECES) ezartzen duen uztailaren 15eko 1027/2011 Errege Dekretuan finkatutakoekin ere. Graduari esker araututako lanbide-jardueretan jarduteko gaituz gero, proposatutako gaitasunak dagokion Ministro Aginduan bildutakoekin bat etorriko dira.

- Ikasleek tituluaren gaitasun orokorrak eta espezifikoak eskuratzeko prozesuan jakintzagai bakoitzak betetzen duen eginkizuna eta egitekoa justifikatu behar dira, arrazoituta. Jakintzagai bakoitzean, tituluaren zein gaitasun espezifikori bereziki laguntzen dion aipatu beharko da.

- Ikasketa-planeko jakintzagaien artean errepikapen edo gainjartzerik ote dagoen aztertu beharko da, eta baldin badago, zenbaterainokoa adierazi beharko da, premia eta zentzua arrazoituta.

- Ikasketa-planeko jakintzagai bakoitzean ‘genero-ikuspegia’ biltzen ote den egiaztatu behar da.

- Helburu orokorrak definitu behar dira, honako hauek kontuan izanik: oinarrizko eskubideak eta gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasuneko eskubideak, desgaituen aukera-berdintasuneko eta irisgarritasun unibertsaleko printzipioak, eta bakearen eta balio demokratikoen kulturaren berezko balioak.

4.- Ikasleen sarbidea eta onarpena

Irizpidea. Tituluak onartzeko irizpideei, sartzeko modalitateei eta ikasleak ikasketak hastean orientatzeko eta babesteko politikei buruzko informazio-sistema argiak, eskuragarriak eta osatuak eskaini behar ditu.

Jarraibideak. Matrikulatu aurretik, Tituluaren ezaugarriei eta Ikasketa Planari buruzko informazioa eman behar zaie sartu berri diren ikasleei. Gainera, jakintzagai bakoitza zer hizkuntzatan eman daitekeen adierazi beharko da.

Sartzeko baldintza edo proba bereziei buruzko informazio-sistemak ere izan behar ditu, administrazio eskudunak baimena emanez gero.

Tituluak kredituak baliozkotu eta transferitzeko sistema egokiak izan behar ditu eta deskribatuta egon beharko dute, bai jakintzaren adar bereko edo beste adar bateko oinarrizko jakintzagaien kasuan, bai lortutako beste kredituen kasuan.

Proposamenean:

- Titulua egiteko bideak eta baldintzak adierazi behar dira, baita ikasleentzat gomendatutako sartzeko profila ere.

- Matrikulazioaren aurreko informazio-sistemak eta sartu berri diren ikasleei orientazioa eman eta harrera egiteko prozedurak adierazi behar dira, unibertsitatean eta titulazioan txertatzen laguntzeko.

- Ikasturtea hasi aurretik, ikaskuntza-prozesuaren plangintza egiteko behar adina informazio akademiko eskaini behar dio ikasleari (irakasgaien irakaskuntza-gidak, tutoretza-ordutegiak, azterketa-egutegia...). Urruneko irakasgaien kasuan, honako hauei buruzko informazioa ematen duten prozedurak bildu behar dira: irakaskuntzan erabiltzen diren baliabideei (internet, telebista, irratia eta abar) buruz, eskura dituzten irakaskuntzako materialei buruz, eta ikasleei arreta emateko puntu eta zerbitzuei buruz.

- Hala dagokionean, eta administrazio eskudunak baimenduta betiere, sartzeko proba edo baldintza bereziak adierazi beharko dira.

- Kredituak baliozkotu eta transferitzeko mekanismo argi eta egokiak izan behar dira, betiere oinarrizko honako arau hauek errespetatuta:

- Jatorrizko titulazioa eta xede-titulazioa adar berekoak direnean, adar horretako oinarrizko prestakuntzako jakintzagaiei dagozkien 36 kreditu, gutxienez, baliozkotu ahal izango dira.

- Xede-adarrari dagozkion oinarrizko prestakuntzako beste jakintzagai batzuei dagozkien kredituak ere baliozkotuko dira.

Gainerako kredituak xede-unibertsitateak baliozkotuko ditu, gaitasunak eskuratutako jakintzetara egokitzen direla kontuan izanik, dela ikasleak egindako beste jakintzagai edo irakaskuntzetan, dela aldez aurreko lanbide-esperientzia bati loturikoak eta ikasketa-planean aurreikusitakoak edo zeharkakoak direnak. Lan-arloko eta lanbideko esperientzia ere kreditu moduan baliozkotu ahal izango da eta titulu ofizial bat lortzeko zenbatu ahal izango dira, betiere esperientzia hori tituluaren berezko gaitasunekin loturik baldin badago. Lan-arloko edo lanbideko esperientziagatik edo unibertsitateko irakaskuntza ez ofizialengatik baliozkotutako kredituen kopuruak ezin izango du gainditu, oro har, ikasketa-plana osatzen duten kreditu guztien % 15 eta ez dira kontuan izango espedientea barematzeko, ez dutelako kalifikaziorik.

Berezko tituluetako kredituak, salbuespen moduan, baliozkotu ahal izango dira aurreko paragrafoan aipatutakoa baino ehuneko handiagoan edo, hala badagokio, erabat baliozkotu ahal izango dira baldin eta berezko titulu hori desagertu egin bada eta titulu ofizial batek ordeztu baldin badu. Egoera horren berri eman beharko da aurkezturiko justifikazio-memorian eta berezko tituluaren curriculum-diseinua ere erantsi beharko zaio, honako datu hauek bilduta: kreditu kopurua, irakasgaien plangintza, helburuak, gaitasunak, ebaluazio-irizpideak, kalifikazio-irizpideak eta espedientearen batez besteko nota, gradu amaierako lana eta abar. Titulu berriak aurreko berezko tituluarekin behar adina parekotasun baduela egiaztatuko da.

- Ikasleek unibertsitateko kultura-arloko, kirol-arloko, ikasleen ordezkaritzako, elkartasunezko eta lankidetzazko jardueretan parte hartzeagatik kredituak baliozkotzeko aukera bildu beharko da eta egindako ikasketa-planaren guztizko kredituetatik gutxienez 6 kreditu izango dira. Unibertsitateko kredituak transferitu eta baliozkotzeko sisteman puntu hori esanbidez aipatu beharko da.

- Unibertsitateak aurreko antolamenduko tituludunei graduko ikasketak egiteko curriculum-diseinu jakin bat (egokitze-kurtso bat) eskaintzea beharrezkotzat hartzen duen kasuetan, diseinu horri eta sartzeko irizpide eta baldintzei lotutako alderdi guztiak zehaztu beharko dira.

Sartzeko prozesuan aldez aurreko prestakuntzarekin loturiko betekizunak finkatu ahal izango dira (esate baterako, espediente akademikoan gutxieneko maila lortzea).

Matrikulatu ostean, ikasleei harrera egiteko orientazioko eta babeseko mekanismo bereziak deskribatu beharko dira. Desgaitasunen baten ondorioz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzu egokiak aipatu beharko dira.

5.- Irakaskuntzen plangintza.

Irizpidea. Ikasketa-plana modu koordinatuan diseinatutako prestakuntza-proposamena izango da, aldi jakin batean ikasleen dedikazioa kontuan izanik.

Jarraibideak. Ikasketa-planak modulu, jakintzagai eta kredituetan oinarritutako egitura izan beharko du eta egitura horrek koherentea izan beharko du definituriko gaitasun eta helburu orokorrekin, irakaskuntzako koordinazio-mekanismoetan oinarrituta.

Modulu edo jakintzagai bakoitzean zehaztutako aldez aurreko betekizunak, ebaluazio-sistema, prestakuntza-jarduerak eta edukiak egokiak izango dira modulu edo jakintzagai horretan aurreikusitako gaitasunak eskuratzen laguntzeko.

Irakaskuntzen plangintzak eta denbora-sekuentziazioak modulu edo jakintzagaien arteko koordinazioa ahalbidetu behar du, baita ikaslearen dedikazio erreala aurreikusitako dedikaziora egokitzea ere.

Proposamenean:

- Ikasketen egiturak eta antolamenduak helburu orokorrekin koherentea izan behar du eta irakaskuntza-koordinazioan oinarritu behar du, betiere ikasleari gaitasunak eskuratzea bermatzeko.

- Espezializazio goiztiarra eta gehiegizkoa saihestu behar da. Ikasketak honelako eredu baten arabera egituratzea komeni da: hasierako ikasturteetan hainbat ikasketen artean partekatutako jakintzagaiak ematea eta azken ikasturteetan dibertsifikazio egokia izatea, ikasleek hainbat aukeraren artean mugitzeko parada izan dezaten eta baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzearren.

- Titulu-proposamena osatzen duten modulu edo jakintzagaien laburpena egin behar da, oinarrizko prestakuntzako gaiak, nahitaezkoak eta aukerakoak, kanpoko praktikak eta titulazio amaierako lana ere aipatu behar dira, eskuratu beharreko gaitasunak eta horien ebaluazioarekin batera.

- Aukeratutako oinarrizko jakintzagaien eta Tituluaren jakintza-esparruaren arteko koherentzia erakutsi behar da.

- Hala dagokionean, ikasketa-planetan gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuneko eta oinarrizko eskubideekin loturiko irakaskuntzak txertatu behar dira, baita desgaituen irisgarritasun unibertsalaren eta aukera-berdintasunaren printzipioekin eta bake-kulturaren eta balio demokratikoen berezko balioekin loturikoak ere.

- Modulu edo jakintzagai bakoitza zehatz-mehatz deskribatu behar da eta honako datu hauek zehaztu: banaketa ECTS kredituetan, izaera (oinarrizko prestakuntza, nahitaezkoa, aukerakoa, kanpoko praktikak, gradu amaierako lana), denboraren planifikazioa (seihilekoa, hiruhilekoa, astekoa eta abar) eta planaren barruko sekuentzia (ikasturtea eta seihilekoa). Hainbat hizkuntzatan ematen baldin bada, hizkuntza zehaztu beharko da.

- Bertako eta harrerako ikasleen eta titulazioari atxikitako langileen mugigarritasuna antolatzeko prozedurak zehaztu behar dira, baita ECTS kredituak metatu eta baliozkotzeko sistema ere.

- Ikasleen egoteko erregimena ezarri behar da.

- Lanbide-praktika egokiak planteatu, eta enpresekiko eta beste erakunde batzuekiko lankidetza-hitzarmenak ezarri behar dira praktika horiek egiteko. Alderdi hori bereziki garrantzitsua izango da lanbide-izaera espezifikoagoa duten graduen kasuan.

- Erakunde laguntzaileekin jada sinatutako hitzarmenak deskribatu behar dira, Koordinazio Organoen eginkizuna, osaera eta egitura zehaztuta.

- Proposatutako titulua irakasteko hizkuntzei buruzko informazioa eman behar da.

● Ikasketa-planean oinarrizko prestakuntzako 60 kreditu, gutxienez, sartu behar dira. Horien artetik, gutxienez 36 urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren II. eranskinean bildutako jakintzagaiekin loturikoak izango dira, titulua atxiki nahi den jakintza-adarraren kasuan, eta gutxienez 6 kredituko irakasgaietan zehaztu beharko dira; irakasgai horiek ikasketa-planaren lehen erdian eskaini beharko dira. Gainerako kredituak (60 kreditu osatu arte, hala badagokio) II. eranskinean bildutako jakintza-adar bereko edo beste adar bateko oinarrizko jakintzagaiekin osatuko dira, edo beste jakintzagai batzuekin, baldin eta ikaslearen prestakuntzarako oinarrizkoak direla edo zeharkakoak direla justifikatzen bada.

● Kanpoko praktikak programatzen badira, gehienez 60 kreditu izango dituzte eta, ahal dela, ikasketa-planaren bigarren erdian eskaini behar dira.

● Gradu amaierako lanak 6tik 30era bitarte kreditu izango ditu; ikasketa-planaren azken fasean burutu beharko da eta tituluarekin loturiko gaitasunak ebaluatzea izan behar du xede. Lana burutu eta defendatu egin beharko da.

● Espainian araututako lanbide-jardueretan jarduteko gaitzen duten tituluen kasuan, ikasketa-planek bat etorri beharko dute Gobernuak ezarritako baldintzekin eta, gainera, aplikatu beharreko Europako araudiaren araberakoak ere izan beharko dute, hala badagokie. Nolanahi ere, ikasketa-plan horiek diseinatzeko garaian lanbide horretan jarduteko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzea ahalbidetu behar da.

6.- Langile akademikoak.

Irizpidea. Titulu bakoitzeko irakasleek eta laguntzeko beste giza baliabideek titulu-proposamenean aurreikusitako gaitasunak eskuratu eta helburu orokorrak betetzeko egokiak izan beharko dute.

Jarraibideak. Tituluan inplikatutako langile akademikoek nahikoak izan behar dute eta proposatutako ikasketa-plana burutzeko dedikazio-maila, prestakuntza eta esperientzia egokia izan beharko dute.

Proposamenean:

- Eskuragarri dauden langile akademikoak zehaztu behar dira, honako hauek adierazita: kategoria akademikoa, unibertsitatearekiko lotura mota, irakaskuntzan eta ikerketan edota lanbide-arloan izan duen esperientzia, eta tituluari loturiko jakintza-esparruetara egokitzen den. Irakasleen maila zehaztu beharko da; kategoriak eta irakaskuntza eta ikerketako zereginaren ebaluazio positiboa. Nolanahi ere, Unibasqek alderdi horri dagokion informazio gehigarria eskatu ahal izango du proposamenaren ebaluazioan.

- Eskuragarri dauden laguntzeko langileak zehaztu behar dira, honako hauek adierazita: unibertsitatearekin duten lotura, lanbide-esperientzia eta tituluari loturiko jakintza-esparruetara egokitzen den. Nolanahi ere, Unibasqek alderdi horri dagokion informazio gehigarria eskatu ahal izango du proposamenaren ebaluazioan.

- Irakaskuntza ez-presentzialaren kasuan, honako gai hauei erantzuteko behar adina laguntzeko langile badirela justifikatu behar da: laguntza-zerbitzua behar bezala emateko eta ikasle nahiz irakasleei orientazioa eskaintzeko; laguntza teknologikoa emateko, e-learning-eko plataforma bereziren bat erabiltzen ari baldin bada; irakasleei laguntza eta babesa emateko irakaskuntzarako materialak prestatzeko garaian, urruneko heziketarako euskarri teknologiko espezifikoen bitartez.

- Irakasleen eta beharko diren beste giza baliabideen aurreikuspena zehaztu beharko da, honako hauek kontuan izanik: ikasketa-planaren egitura, eman beharreko kreditu kopurua, tartean sartutako jakintza-adarrak, ikasle kopurua eta beste aldagai garrantzitsu batzuk.

- Baterako tituluen kasuan, parte hartzen duten unibertsitate guztietako irakasleen parte-hartzea antolatzeko moduari buruzko informazioa txertatu behar da.

- Irakasleak kontratatzeko garaian, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren eta desgaituak ez diskriminatzeko irizpideei kasu egingo zaiela ziurtatzeko mekanismoak esanbidez aipatu behar dira.

- Lanbide-arlora bideratutako titulua izanez gero, nahitaezko betekizuna izango da lanbide-sektore horrekin behar besteko kontaktua eta esperientzia duen irakasle taldea izatea.

7.- Baliabide materialak eta zerbitzuak

Irizpidea. Aurreikusitako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren baliabide materialek eta zerbitzuek ikasketa-planean aurreikusitako gaitasunak eskuratu eta helburuak betetzeko egokiak izan beharko dute.

Jarraibideak. Ikasketa-planak plana bera garatzeko azpiegitura eta baliabide material egokiak izan behar ditu.

Oro har, baliabide materialek egokiak izan behar dute emandako irakaskuntzei dagozkien zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko, aurreikusitako tamainako taldeak osatzea, irakaskuntzako-ikaskuntzako metodologietarako egokitzea eta abar ahalbidetuta.

Liburutegiak, irakurketa-aretoek eta talde-lanerako aretoek, baita baliabide bibliografikoek ere, nahikoak eta irisgarriak izan beharko dute, jakintzagaien programetan aurreikusitakoa betetzearren.

Irakaskuntza ez-presentzialen kasuan, urruneko irakaskuntzaren berezko baliabideen premia kontuan izan behar da, hala nola, irakasleen eta ikasleen arteko harremanetarako mekanismoak eta sistemak. Irakaskuntza mota horretan, ikasleek espazio birtual edo plataformetarako sarbidea izateko baliabideek garrantzi handiagoa izango dute ebaluazioan.

Hala dagokionean, loturiko zentroetako zerbitzu eta baliabideak aintzat hartuko dira.

Proposamenean:

- Bai parte hartzen duten unibertsitateetan, bai erakunde laguntzaileetan, erabilgarri dauden azpiegitura eta ekipamenduen hornidura nahikoa aurreikusi behar da, prestakuntza-helburuei egokitzen zaizkiola justifikatuz. Zehazki, tituluaren helburuak betetzeko funtsezkoak diren baliabide material eta zerbitzuak (laborategiak, ikasgelak eta ekipamendu bereziak, liburutegi espezifikoak...) identifikatu eta deskribatu behar dira. Nolanahi ere, irisgarritasun unibertsalaren eta guztiontzako diseinuaren irizpideak bete behar dira, Pertsona ezinduen aukera berdintasuna, bazterketarik eza eta mugierraztasun unibertsala lortzeko abenduaren 2ko 51/2003 Legean xedatutakoari jarraiki.

- Irakaskuntza ez-presentzialen kasuan, urruneko irakaskuntzaren berezko baliabideen premia kontuan izan behar da, hala nola, irakasleen eta ikasleen arteko noranzko biko komunikaziorako mekanismoak eta sistemak. Irakaskuntza mota horretan, ikasleek espazio birtual edo plataformetarako sarbidea izateko baliabideek garrantzi handiagoa izango dute ebaluazioan.

- Hala dagokionean, prestakuntza-jardueren garapenean beste erakunde batzuen parte-hartzea arautuko duten hitzarmenei buruzko informazioa aurkeztu behar da. Nolanahi ere, erakunde laguntzaileetan eskuragarri dauden zerbitzu eta baliabide materialen bitartez planifikaturiko prestakuntza-jardueren garapena bermatzen dela justifikatu behar da.

- Unibertsitatean eta erakunde laguntzaileetan, zerbitzu eta materialen azterketa eta mantentze-lanak egiteko edo bermatzeko mekanismoak zehaztu behar dira, baita eguneratzeko mekanismoak ere.

- Titulua proposatu den unean ezinbestekoak diren zerbitzu eta baliabide material guztiak eskura ez dauden kasuetan, azpiegiturak hobetzeko eta eraldatzeko planak deskribatu behar dira, baita ekipamendu berriak eskuratzeko planak ere, betiere programako prestakuntza-jarduerak garatzeko ezinbestekoak badira. Nolanahi ere, Unibasqek zerbitzu eta baliabide materialei buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango du proposamenaren ebaluazioan.

8.- Aurreikusitako emaitzak.

Irizpidea. Tituluaren proposamenean tituluaren eraginkortasunarekin loturiko emaitzen aurreikuspena txertatu behar da, baita ikasleen ikaskuntza-emaitzak balioesteko mekanismo orokorrak ere.

Jarraibideak. Egiaztapena berritzeko fasean, estimazio horiek aztertuko dira, unibertsitateak aurkeztutako justifikazio eta jarraipenetik eratorritako ekintzen arabera.

Tituluan prozedura sorta bat gaitu behar da ikasleen aurrerapena eta ikaskuntzaren emaitzak balioesteko.

Proposamenean:

- Tituluaren aurreikusitako emaitzekin loturiko adierazle multzo bat estimatu behar da eta estimazio hori honako hauen arabera justifikatu behar da: gomendaturiko sartzeko profila, ikasketa-planean sartzen den ikasle mota, proposaturiko helburuak, ikasleek karrerari emandako dedikazio-maila eta egoki iritzitako testuinguruari dagozkion beste elementu batzuk. Egiaztapena berritzeko fasean, estimazio horiek aztertuko dira, unibertsitateak aurkeztutako justifikazioen eta jarraipenetik eratorritako ekintzen arabera. Proposamenean, Graduazioko tasari, Uzte-tasari eta Eraginkortasun-tasari buruzko balioak, gutxienez, bildu behar dira, indarreko legedian xedatutakoa betez:

- Graduazioko tasa: irakaskuntza ikasketa-planean aurreikusitako epean bukatzen duten ikasleen ehunekoa, edo dagokion sarrerako kohortea baino ikasturte bat beranduago.

- Uzte-tasa: alde batetik, sartu berri den kohorte bateko ikasleen guztizko zenbatekoaren eta, bestetik, titulua aurreko ikasturtean lortu behar zutenen artetik, ikasturte horretan eta aurrekoan matrikulatu ez zirenen arteko portzentajezko erlazioa.

- Eraginkortasun-tasa: alde batetik, ikasturte jakin batean, ikasle gradudun guztiek ikastaldi osoan matrikulatu behar izango luketen ikasketa-planeko kreditu teorikoen guztizko zenbatekoaren eta, bestetik, egiaz matrikulatu diren kredituen guztizko zenbatekoaren arteko portzentajezko erlazioa.

- Halaber, Unibertsitate Titulu Ofizialen Jarraipena eta Akreditazioa Arautzeko Batzordeak (CURSA/SATUO) egin eta 2010eko uztailean Unibertsitateen Kontseiluak eta Unibertsitate Politikaren Konferentzia Nagusiak onartutako Unibertsitate-titulu ofizialen jarraipenerako eta egiaztapenaren berrikuntzarako protokoloari jarraiki, errendimendu-tasari buruzko datuak biltzea egokitzat hartzen da: alde batetik, ikasturte jakin batean ikasleek gainditutako kreditu arrunten guztizko zenbatekoaren eta, bestetik, ikasle horiek matrikulatutako kreditu arrunten guztizko zenbatekoaren arteko portzentajezko erlazioa.

- Unibertsitateak ikasleen aurrerapena eta ikaskuntzaren emaitzak balioesteko finkatuta duen prozedura orokorra azaldu behar da. Kanpoko proben emaitzak, titulazio amaierako lanak eta abar har daitezke kontuan.

9.- Kalitatea Bermatzeko Sistema.

Irizpidea. Titulu-proposamenak Kalitatea Bermatzeko Sistema bat bildu behar du tituluaren kontrola, berrikuspena eta etengabeko hobekuntza bermatzeko, inplikatuen parte-hartzean eta ‘erantzukizun sozial korporatiboan’ oinarritutako orientazio batekin.

Jarraibideak. Titulazioa emango duen zentroak edo, hala badagokio, Unibertsitateak kalitatea bermatzeko prozedurak eskaini behar ditu, eta mekanismo formalak —zehatzak eta gardenak— behar ditu titulua onartzeko, kontrolatzeko, aldizka berrikusteko eta hobetzeko. Mekanismo horiek inplikatu guztien parte-hartzea bermatu eta antolatu beharko dute.

Atal horretan bildutako informazioa titulurako berezko sistema bati buruzkoa izan daiteke, edo irakaskuntzez arduratuko den zentro edo unibertsitatearen sistema orokor bati buruzkoa, tituluari aplika badakioke.

Proposamenean:

- Ikasketa-planaren Kalitatea Bermatzeko Sistemaren ardura izango duen organoa edo unitatea zehaztu behar da (egitura eta osaera), baita araudia edo funtzionamendu-arauak ere. Atal horretan, irakasleek, ikasleek, arduradun akademikoek, laguntzeko langileek eta kanpoko beste agente batzuek nola parte hartuko duten finkatu behar da.

- Titulazio bakoitzak batzorde bat sortu behar duela adierazi behar da; batzorde horren bitartez, enplegu-emaileekin eta, oro har, titulazio bakoitzerako garrantzitsua den ingurune ekonomiko eta profesionalarekin elkarrizketarako gune irekia lortu nahi da.

- Ikasketa-planaren garapena nola aztertuko den finkatu behar da (helburuak, gaitasunak, plangintza...), honako hauei buruzko informazioa bildu eta aztertzeko aldizka egingo diren mekanismo eta prozedura egokiak aplikatuta:

- Irakasleei eta irakaskuntzaren kalitateari buruz.

- Kanpoko praktiken eta mugigarritasun-programen kalitateari buruz.

- Gradudunen laneratzeari eta jasotako prestakuntzarekiko gogobetetze-mailari buruz.

- Inplikatutako kolektibo guztien (ikasleak, langile akademikoak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta abar) gogobetetze-mailari eta iradokizun eta erreklamazioei emandako arretari buruz.

- Ikasketa-planaren hobekuntza bermatuko duten erabakiak hartzeko mekanismo eta prozedurek egokiak eta sistematikoak izan beharko dute; mekanismo eta prozedura horietan honako elementu hauek izan behar dira kontuan:

- Irakaskuntzaren eta irakasleen kalitatea.

- Kanpoko praktiken eta mugigarritasun-programen kalitatea.

- Mekanismo eta prozedura horien artean sartuko dira, gutxienez, arduradunak, erabakiak hartzeko moduak eta horien jarraipena.

- Titulua bertan behera uzteko mugak finkatuko dituzten irizpideak zehaztu beharko dira. Horretarako, aldez aurretik, zentroan/unibertsitatean irizpide horiek definitzeko, berrikusteko, onartzeko eta aldizka eguneratzeko sortu den sistema deskribatzen duen prozedura bat ezarri behar da.

- Ikasketa-planari, planaren garapenari eta emaitzei buruzko informazioa argitaratzeko mekanismoak zehaztu behar dira, informazio hori inplikatu edo interesdun guztiengana (ikasleak, irakasleak, laguntzeko langileak, ikasle izango direnak, kanpoko agenteak eta abar) irits dadin.

- Genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzeko prozedura egokiak ezarri behar dira.

10.- Ezarpen-egutegia.

Irizpidea. Titulazio berriak ezartzeko prozesuak denboran planifikatuta egon behar du eta, hala dagokionean, lehendik badiren planetako ikasleak ikasketa-plan berrira egokitzeko mekanismo bat ere aurreikusi behar du.

Jarraibideak. Kronograma bat egin behar da; titulazio berriak ezartzeko egutegi bat finkatu behar da, aurreikuspenaren arabera Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan erregistratuko den urtetik hasita.

Hala dagokionean, lehendik badiren planetako ikasleak ikasketa-plan berrietara egokitzeko hautatu den prozedura zehaztu behar da.

Era berean, proposatutako titulua ezartzearen ondorioz desagertuko diren irakaskuntzak zehaztu beharko dira.

Proposamenean:

● Kronograma bat sartu behar da, titulua ezartzeko egutegiarekin.

● Hala dagokionean, lehendik badiren ikasketetako ikasleak ikasketa-plan berrira egokitzeko prozedura zehaztu behar da. Antzinako planen eta horiek ordezkatzen dituen gaur egungoaren arteko jakintzagaien baliozkotze edo egokitzeen Taula bildu behar da.

● Desagertu ondoko hainbat ikasturtetan, desagertu diren irakaskuntzak gainditzeko aukera emango dien mekanismo bat ezarri beharko da.

● Proposatutako titulua ezartzearen ondorioz desagertuko diren irakaskuntzak zehaztu beharko dira.

11.- Irekitzea eta nazioartekotzea.

Irizpidea. Tituluak, bere konfigurazioan eta garapenean, irekia eta egokia izan behar du Estatuko, Europako eta nazioarteko sektore eta komunitate guztientzat, oro har, eta aktiboki lan egin behar du Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparru bat finkatzeko.

Jarraibideak. Tituluak unibertsitate-ikasketak egiteko eta behar bezala garatzeko aukera ahalbidetu behar die Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainia osoko eta beste herrialde batzuetako ikasle guztiei.

Era berean, tituluak, ikasketa-planean eta horren garapenean, argi eta garbi adierazi behar du eskaintzak nazioartekotze-izaera duela eta beren jardueran Europar Batasuneko edozein herrialdetan behar bezala garatu ahal izango dituzten herritarrak eta profesionalak prestatzen direla.

Azkenik, eta helburu berarekin, tituluak irakasleen proportzio adierazgarri bat bere unibertsitatetik kanpo erabat edo partzialki prestatuta egotea modu positiboan balioetsiko da, eta/edo beste unibertsitate-sistema batzuekin koordinatutako elkartruke- eta lankidetza-programetan eta proiektuetan inplikatuta egotea.

Proposamenean:

Estatuko eta atzerriko beste unibertsitate batzuekin lankidetzan jarduteko eta ikasleak eta irakasleak trukatzeko programetan sakondu behar da.

12.- Memoria Ekonomikoa.

Irizpidea. Titulazio berrien ezarpen-prozesuak denborazko plangintza ekonomiko egokiaren babesa izan behar du.

Jarraibideak. Proposaturiko tituluarekin loturiko diru-sarreren, gastuen eta inbertsioen denborazko deskribapena txertatu behar da. Bultzatu nahi duen titulazio bakoitzeko, unibertsitateak memoria ekonomiko zehaztua aurkeztu beharko du eta azpiegitura materialari, irakasle eta ikertzaileen baliabideei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei buruzko datuak aipatu beharko ditu, baita finantzaketa-iturriak ere.

Proposamenean:

Honako Taula honetako informazioa aurkeztu behar da:

I.- XXXX graduko tituluaren diru-sarrerak eta gastuak.

(Ikus .PDF)

Oharra: urte kopurua titulazioaren iraupenaren arabera moldatu behar da

Era berean, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

Diru-sarreren azalpen labur bat.

Tituluaren memorian aurkeztutako helburu eta jarduerei dagokienez, gastuen premiari buruzko azalpen labur bat.

Honako Taula honetako informazioa ere aurkeztu behar da:

I.- XXX graduko titulurako aurreikusitako inbertsioak.

(Ikus .PDF)

Oharra: urte kopurua titulazioaren iraupenaren arabera moldatu behar da

Bukatzeko, tituluaren memorian aurkeztutako helburu eta jarduerei dagokienez, inbertsioen premiari buruzko azalpen labur bat aurkeztu behar da.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 24a.

Unibasqeko zuzendaria,

JUAN ANDRÉS LEGARRETA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala