
16. zk., 2012ko urtarrilaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
Euskal Herriko Unibertsitatea
357
EBAZPENA, 2011ko abenduaren 21ekoa, Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, Tituluaren gehigarri europarra (TGE) UPV/EHUn emateko prozedura ezartzeko dena.
Tituluaren gehigarri europarra (TGE) 1. eta 2. zikloko titulazioetako ikasleei (GHEEra egokitu gabeei) ematea abuztuaren 1eko 1044/2003 EDn arautzen da eta berori UPV/EHUn aplikatzeko gobernu kontseiluak, 2006.eko urriaren 5ean, tituluaren gehigarri europarra (TGE) emateko prozedura onetsi zuen.
Beste alde batetik, abuztuaren 5eko 1002/2010 EDk, unibertsitateko titulu ofizialak emateari buruzkoak, xedapen gehigarrietatik lehenengoan dio tituluaren gehigarri europarra (TGE) doakoa izango dela gradu, master eta doktoregoko ikasketetarako, betiere, ikasketa horiek, uztailaren 2ko 861/2010 EDk eraldaturiko 1393/2007 EDn zehaztutakoaren arabera onartu badira.
Errege dekretu berri honen aplikatzeko, unibertsitateak prozedura berri bat onetsi beharko du, gradu, master eta doktoregoko titulazioak amaituko lituzketen ikasleei ere TGE eman ahal izateko.
Onespena jaso nahi duen testua Akademia Antolakuntzako Batzordeak aztertu du 2011ko urriaren 7an, eta proposamenean ezarritako prozeduraren aldeko txostena egin du; halaber Gobernu-Kontseiluak 2011ko azaroaren 17ko bileran onartu zuen aipatutako prozedura.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeko 10.2 artikuluak dioena betetzeko (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honakoa
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Buletin Ofizialean argitaratzea Tituluaren gehigarri europarra (TGE) emateko prozedura, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.
Leioa, 2011ko abenduaren 21a.
Akademia Antolakuntza errektoreordea,
CARMEN GONZÁLEZ MURUA.
ERANSKINA
TITULUAREN GEHIGARRI EUROPARRA (TGE) UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAN EMATEKO PROZEDURA
1. artikulua.- Eskakizunak.
1.- TGE eskatu ahal izango dute 1. edo 2. zikloko ikasle izanik, unibertsitateko titulua abuztuaren 1eko 1044/2003 ED indarrean sartu ondoren, hau da, 2003ko irailaren 12tik aurrera, eskatu badute, beti ere data horretan zein bere ikasketa plana indarrean egonez gero.
2.- TGE eskatu ahal izango dute, urtarrilaren 21eko 56/2005 EDk eta urriaren 29ko 1393/2007 EDk, uztailaren 2ko 861/2010 EDk eraldatutakoak, araututako gradu eta masterretako ikasleek.
3.- TGE ez zaie ikasketa partzialik duten ikasleei, hots, egindako eskariari dagokion titulazioa amaituta ez dutenei.
2. artikulua.- Eskaera, egitea eta ematea.
1.- Graduko edo masterreko ikasketak gaindituta, interesatuak TGE ematea eskatu ahal izango du titulua bera eskatzeaz batera edo titulua ordaindu ondoren. TGE dohainik emango da 1002/2010 ED indarrean egon denetik, hau da, 2010/08/07tik aurrera.
2.- 1. eta 2. zikloko ikasleek (Goi Hezkuntzaren Europar Eremura egokitu gabeko ikasketetakoek) bi eskari egin beharko dituzte, kontuan izanda:
a) titulua 2011-10-1 baino lehen ordaindu badute, Euskal Gobernuak 2011/2012 akademi ikasturterako unibertsitate zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoen tarifak ezartzen dituen erabakia indarrean sartu baitzen data honetan, 65,76 eurotako tarifa ezartzen da TGErako.
b) Titulua 2011-10-1tik aurrera ordaintzen badute, eskatutako lehendabiziko TGE doakoa izango da.
3.- Aipaturiko erabakian 32,05 eurotako tarifa ezartzen da ikasle guztientzat (1. eta 2. zikloko zein gradu eta masterretakoentzat) ondoko TGE bakoitza eskatzerakoan.
4.- Akademi ikasturte bakoitzean eguneratuko dira tarifak, Euskal Gobernuaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntzarako sailaren erabakiak ezarri bezala.
5.- TGE tituluen unitatean emango da eta unibertsitateko idazkari nagusiaren sinadura inprimatua eta tituluan emateko eta homologatzeko unitate-buruaren sinadura jatorrizkoa eraman beharko ditu. Kasu biotan, kargu horietan ari diren pertsonen izen-deiturak inprimatuko dira. Tituluen unitate-burua kanpoan egonez gero, tituluen bulegoko burutza leukakeenak sinatuko du absentziaz. Halaber, unibertsitatearen zigilua ere jarriko da.
6.- TGE ikastegi bakoitzeko idazkaritzan emango da edo, pertsona ukituak hala eskaturik, campuseko errektoreordetzetako bulegoetan.
3. artikulua.- Inprimatzeko papera.
TGE abuztuaren 5eko 1002/2010 EDk lehendabiziko xedapen gehigarrian (XI, XIIA eta XIIB eranskinetan) ezarritako ereduan eta segurtasun ezaugarri teknikoak dituen paperean inprimatuko da. Euskarri hau akademi gestiorako zerbitzuak erosi beharko du.
4. artikulua.- Emateko hizkuntzak.
UPV/EHUn, TGE euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin eta emanen da. Kolore bat hizkuntza bakoitzari.
5. artikulua.- Erregistroa.
Emaniko TGE bakoitzari erregistro agerpena egingo zaio, dagokion unibertsitate tituluari atxikirik.
6. artikulua.- Ereduaren hedapena.
1.- TGE pertsonalizatzean, curriculuma informazio honetarako eredu estandarrean gordetako eremuan sartuko ez balitz, beste orrialde bat gehituko da, eredu estandarraren 4. atalaren diseinu berarekin.
2.- Irakasgaiei dagozkien datuak hizkuntzaren araberako bloketan inprimatuko dira.
3.- TGE osatzen duten orriak inprimaturik ageriko dira: 1/n, 2/n, 3/n,... n/n.
7. artikulua.- Kalifikazio sistema.
1002/2010 EDren XIIA eranskinaren 4.4 atalean ezarritako kalifikazio erlatiboa lortzeko, irakasgai/taldeko akten itxiera hartuko da aintzat:
a) Graduko ikasketen kasuan, azken urteko irailaren 30a.
b) Master ikasketen kasuan, azken urteko urriaren 15a.
TGE eskatu denean aktarik itxi ez bada, aurreko akademi ikasturteko datuak hartuko dira aintzat.
XEDAPEN IRAGANKORRA
TGE 1. eta 2. zikloko titulazioak (GHEEra egokitu gabeak) amaitu dituzten ikasleei emateko, 2006/11/27ko EHAAn argitaratutako gobernu kontseiluaren 2006.eko urriaren 5eko erabakian xedaturikoari jarraituko zaio, lehendabiziko TGErako tasaren ordaintzeari dagokionean izan ezik, eta honelakoetan prozedura honen 2.b artikuluari lotuko zaio.
AZKEN XEDAPENA
Gestio honen ardura daukan errektoreordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko eta, hala balegokio, berau doktoregoko ikaskuntzetarako TGE emateari egokitzeko.
RSS