Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2012ko urtarrilaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Uraren Euskal Agentzia
195

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 19koa, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena; honen bidez, publiko egiten da urari eta ur-sistemei loturiko berrikuntza-, ikerketa- eta garapen-programetarako eta -egitasmoetarako diru-laguntzen deialdia.

Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak Uraren Euskal Agentzia sortu eta arautzen du II. kapituluan, Zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, EAEn uraren politika bideratzeko bitarteko nagusi izateko. Alde horretatik, Agentzia izango da erakunde arduraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari uraren alorrean dagozkion eskumenen eremuan, eta beraz, aipatutako Legearen 7. artikuluan ezarritako zereginak beteko ditu.

Zeregin hauen artean daude: zientzia eta teknikaren laguntza bultzatzea, urari eta ur-sistemei loturiko berrikuntza, ikerketa eta garapen programak landu eta gauzatzen laguntzea eta uretako ekosistemetan klima-aldaketak eragin ditzakeen ondorioak eta ondorio horiek arintzeko beharrezkoak diren ekintzak ebaluatzea.

Hain zuzen ere, helburu horiek betetzeko jarraipen ematen du laguntza-lerro hori, urari eta ur-sistemei loturiko berrikuntza, ikerketa eta garapen programak eta egitasmoak egiteko, 2010ean hasita.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi naizen honek, abenduaren 18ko 240/2007 Dekretu bidez onartutako Agentziaren Estatutuetako 7.2.h) artikuluak emandako eskumena erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Helburua.

1.- Oinarri horien helburua diru-laguntzak emateko finkatuko diren baldintzak arautzea da. Diru-laguntzen helburua, berriz, lurrazaleko eta lurrazpiko hidrologiari, hidraulikari eta uretako ekosistemei loturiko berrikuntza-, ikerketa- eta garapen- programak eta -egitasmoak gauzatzeko EAEko ekimenen gastuak ordaintzea da.

2.- Aurreko atalean ezarritakoaren arabera, ondoko jarduera hauei eman ahal izango zaie diru-laguntza:

- Azaleratzen diren lehentasunezko gai kutsatzaileen gaineko azterketak.

- Ur-masak morfologikoki eta ekosistemikoki leheneratzeko eta hobetzeko teknikei buruzko azterlanak.

- Klima-aldaketak ur-masetan eta azpiegitura hidraulikoetan dituen ondorioak zehazteko ikerketak.

- Klima-aldaketaren ondorioak arindu edo/eta prebenitzeko aukerak.

- Ur-masen egoera eta ekologia-potentziala zehazteko metodologiak eta ur-masen gaineko neurrien programen eraginkortasunaren balioespena.

- Uretako ingurunean eta azpiegitura hidraulikoetan espezie inbaditzaileek duten eraginaren eta horiek erauztearen gaineko azterketak.

- Ibaien ibilbideetan fauna gora eta behera igarotzea hobetzeko azterketak.

- Ur-baliabideak kudeatu eta erabiltzean eraginkortasun teknikoa hobetzeko garapena.

- Lurrazpiko uraren arloko azterketak.

- Artikulu honen 1. atalean ezarritakoarekin bat datozen jarduerak.

2. artikulua.- Aurrekontu-baliabideak.

Ebazpen honen xederako laurehun mila (400.000) euroko aurrekontu-baliabidea dago 2012ko aurrekontuan, agindu honetako Lehen Xedapen Gehigarrian ezarritakoa kaltetu gabe.

3. artikulua.- Onuradunak.

Ebazpen honek arautzen dituen diru-laguntzen onuradun, erakunde hauek izan ahalko dira: udalak, mankomunitateak, partzuergoak, eta tokiko beste erakunde batzuk; horietako batek edo batzuek osatutako tokiko merkataritza-sozietateak; unibertsitateak; teknologia-zentro publiko edo pribatuak; eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteak eta fundazioak. Diru-laguntza horien helburua urari eta ur-sistemei loturiko berrikuntza, ikerketa eta garapen ekimenen gastuak ordaintzea izango da.

4. artikulua.- Onuradunen betekizun orokorrak.

Diru-laguntza hori jaso ahal izateko, erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatu.

- Aurkeztuko den proiektuan proposatutako helburuak beteko direla bermatzeko behar den egitura eta gaitasuna edukitzea.

- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko organoek eta horien erakunde autonomoek emandako lehenagoko diru-laguntzarik ez edukitzea justifikatzeke edo itzultzeke.

- Onuradun izaera lortzeko debekurik ez edukitzea; Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan daude adierazita debekuak.

- Erakunde eskatzaileak ezingo du sartuta egon diru-laguntzak edo laguntza publikoa jasotzea eragozten duen inolako debeku edo administrazio-zehapen edo zehapen penaletan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako seigarrenean ezarritakoa barne.

- Kideen artean boluntarioak dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legea bete beharko dute.

5. artikulua.- Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bera izan eta aurrekontu publikoen kargura eman daitezkeen beste diru-laguntza batzuekin.

6. artikulua.- Eskariak aurkezteko epea eta lekua.

1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

2.- Eskaerak Uraren Euskal Agentziari zuzenduko zaizkio, eta leku hauetan aurkeztu ahal izango dira: Uraren Euskal Agentziaren Erregistro Orokorrean Orio kalean 1-3, 01010, Vitoria-Gasteiz (Araba), Agentzia horren Arroen bulegoetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

7. artikulua.- Dokumentazioa.

1.- Onuradun mota bakoitzari eska dakiokeen berariazko dokumentazioa gorabehera, eskatzaile guztiek aurkeztuko dute eskabidea, jarraian zerrendatuko diren agiriekin batera. Originalak edo kopiak aurkeztuko dira, eta, kopiak badira, behar bezala konpultsatuta egon beharko dute.

a) I. eranskinaren araberako eskaera-eredua, erakundearen arduradunak izenpetuta.

b) Diruz laguntzea eskatu den jarduera egitea onartu dela adieraziz, erakundeko organo eskudunak egindako ziurtagiria.

c) Ogasunari eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak ordainduta daudela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua.

Zergen adierazpena aurkezteko betebeharrik ez duen erakundea baldin bada edo salbuetsita baldin badago, edo Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharrik ez baldin badauka, zerga-betebeharretan edo Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharrik ez daukala ziurtatzen duen adierazpena aurkeztu beharko du erakundearen ordezkariaren izenean, eta gainera, Ogasun Publikoko zergapekoen erregistroan eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran dauden afiliatuen erregistroetan erakunde hori ez dagoela dioten administrazio-ziurtagiriak ere bai.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizuna duen pertsonaren erantzukizunezko adierazpena, xede bererako diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo eman diren edo bideratzen ari diren eta zenbatekoak diren adieraziz, ebazpen honen II eranskinean zehazten den eredu normalizatuaren arabera.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez edukitzearen erantzukizunezko adierazpena, ezta horretarako legezko inolako debekurik izan ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztu bezala, ebazpen honen II eranskinean zehazten den eredu normalizatuaren arabera.

f) Aurrekontuan nahikoa zuzkidura dagoela dioen erantzukizunezko adierazpena: gutxienez, eskatutako aurrekontuaren eta diruz laguntzeko gastuaren arteko aldea ordaintzeko lain, ebazpen honen II eranskinean zehazten den eredu normalizatuaren arabera.

g) Azalpenen memoria, gutxienez hauek dituela:

- Jardueraren izenburua.

- Jardueraren definizioa.

- Proposamena diru-laguntzaren helbururako egokia dela azaltzeko justifikazioa.

- Aurrekontua.

- Jarduera gauzatzeko epea eta lanen kronograma.

2.- Aurreko atalean eskatutako dokumentazio orokorraz gain, elkarteek eta fundazioek eskaera bat aurkeztuko dute, ondoko zerrendako agiriekin batera. Originalak edo kopiak aurkeztuko dira, eta, kopiak badira, behar bezala konpultsatuta egon beharko dute.

a) Eraketaren eskritura, eta, hala badagokio, Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

b) Izaera juridikoaren arabera Erregistroan duen inskripzioaren ziurtagiri eguneratua eta erregistroan erregistratuta dauden estatutuen kopia.

c) Kideen artean boluntarioak dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen kasuan, Boluntariotza Erakundeen Errolda Orokorrean izena emanda egotearen ziurtagiria, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan horren inguruan ezarritakoaren arabera.

d) Erakunde eskatzailea fundazioa denean, Babesletzan aurkeztutako azken kontu-ematearen egiaztagiria.

3.- Eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta akatsak dituela edo osatu gabea dela ikusiz gero, eskabidea egin duen erakundeari hamar laneguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko. Dokumentazioa era egokian zuzentzen ez bada, eskabideari uko egin diola ulertuko da; horretarako, Zuzendari Nagusiak ebazpena emango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.- Arestian esandakoaz gain, Agentziak eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo/eta informazio guztia eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei. Arau honetan berariaz ezarri ez den guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da.

8. artikulua.- Datuak babestea.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzerakoan aurkezten diren datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa kontuan izanik. Fitxategi horretan bildutako datuak ezin izango zaizkie hirugarren batzuei edo erakundeei laga, eta fitxategia Uraren Euskal Agentziak erakunde eskatzaileei ematen dizkien laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko. Hala nahi badutenek, legean aurreikusten diren sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatu daitezke, laguntza-lerro bakoitza kudeatzen duen organoari zuzendutako idatzi baten bidez.

9. artikulua.- Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi horretako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Hori dela eta, diru-laguntzak emateko, jasotako eskaerak parekatu eta hurrenkera bat ezarriko da, eskaera bakoitzak lortutako puntuen arabera. Ondoko atalean adierazitako balioespen-irizpideetan oinarrituta emango dira puntuak.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, 10. atalean ezarritako Balioespen Batzordeak aztertuko ditu, eta aurkeztutako eskabideen artean zenbatekoak banatzeko proposamen bat egingo du.

10. artikulua.- Balioespen Batzordea.

Balioespen Batzorde bat eratuko da, eta Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak izendatuko du. Batzorde horren zereginak hauek izango dira: Ebazpen honetako 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak aintzat hartu eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta Zuzendari Nagusiari aurkeztutako zaion ebazpen-proposamena egitea.

Batzordea honako hauek eratuko dute:

- Uraren Euskal Agentziak hartarako izendatutako zuzendari, arduradun eta teknikari bat.

11. artikulua.- Balioespen-irizpideak eta laguntzen kuantifikazioa.

1.- Ebazpen honen babesean emango den diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa ezingo da izan diruz lagundu daitekeen gastu egiaztatuaren % 80 baino handiagokoa, BEZa barne, eta egitasmo bakoitzeko ehun mila euro (100.000) baino gehiagokoa ere ez.

2.- Halaber, eskabide bakarra onartuko da erakundeko.

3.- Egitasmo edo jarduera bakoitzari dagokion puntuazioa baremo honen arabera erabakiko da:

a) Memoria eta metodologia (60 punturaino).

b) Lanen kronograma (10 punturaino).

c) Proposamena diru-laguntzaren xedeari zenbateraino egokitzen zaion (30 punturaino).

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Balorazio Batzordeak igorritako proposamena ikusirik, zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko edo ukatzeko Ebazpen arrazoitua egingo du.

2.- Ebazpena gehienez ere hilabete bateko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik kontatzen hasita. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44. artikuluaren arabera.

3.- Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da laguntza jasoko duten erakundeen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta.

13. artikulua.- Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten duen Ebazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badute, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Uraren Euskal Agentziaren esku jarri behar dituzte inbertsioa eta gastuak egin direla frogatzeko behar diren agiri guztiak.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea, jasotako dirulaguntzak direla eta informazioa eska diezaiotenean, beraien fiskalizazio-zereginak betetzeko.

e) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri eman behar diote idatziz Uraren Euskal Agentziari.

f) Diru-laguntza emateko orduan aintzat hartu den egoeretako edozeinetan -dela egoera subjektiboa nahiz objektiboa- aldaketarik gertatuz gero, Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko zaio.

g) Uraren Euskal Agentziak proiektua finantzatu duela adieraziko da, identifikazio-karteletan, iragarkietan eta edozein publizitate edo seinale motatan.

h) Egindako jardueren eta horien ondorioen inguruan eskatzen diren agiri guztiak Uraren Euskal Agentziari bidaltzea.

i) Uraren Euskal Agentziari lagatzea, doan eta ez modu baztertzailean, aurkeztutako agirietan dagoen materiala erabiltzeko eskubidea, zabalkundea egin edo/eta argitaratzeko, baliabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edo teknika erabiltzeko aukera ematen duen edozeinetan. Material horrek indarrean dagoen legeria bete beharko du: jabetza intelektualarena, egileen eskubideena, lege-gordailuarena, banaketarena, etab.

j) Lanen kasuan, kontratatzea, zuzentzea eta teknikoki ikuskatzea, eta lanak gauzatzeko erantzukizuna hartzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

14. artikulua.- Laguntzak gauzatzeko eta egiaztatzeko gehienezko epeak.

1.- Diruz lagundutako ekintzak 2012an hasiko dira, eta aurkeztutako gauzatze-programan ezarritakoaren arabera garatuko dira. Nolanahi ere, ekintzak 2012ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.

2.- Laguntzak eman ziren xederako erabili direla frogatzeko, ondoko agiri hauek aurkeztuko zaizkio Uraren Euskal Agentziari:

a) Gauzatutako jardueren justifikazio-memoria; bertan, proiektua betetzeari eta horren gauzatze-mailari buruzko informazioa bilduko da.

b) Ordainketaren fakturak eta ziurtagiriak. Agiri originalak edo fotokopia konpultsatua bakarrik onartuko da. Baliagarria izateko, faktura orok 2012koa beharko du izan.

c) Langileei dagozkien gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien originalen bitartez egiaztatzen direnak.

3.- Inbertsioa egin izanaren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko zaizkio, Uraren Euskal Agentzian, ezarritako jarduerak gauzatzeko epemugatik gehienez hilabete bateko (1) epean.

15. artikulua.- Emandako diru-laguntza aldatzea.

1.- Diruz lagundutako proiektua gauzatzearen behin betiko kostua diru-laguntza emateko aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emango den zenbatekoa murriztu egingo da proportzio berean, eta ehunekoa oinarri berriari ezarriko zaio.

2.- Aurkeztutako proiektuaren aurrekontua handiagoa bada berriz, ez da emandako laguntza handituko.

3.- Aurrekontua handitzerik ez dakarten proiektu-aldaketak 18. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

16. artikulua.- Ordainketa.

1.- Diru-laguntzen zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da osorik, aurreko puntuan aipatzen diren agirien bidez gastua edo inbertsioa justifikatu ondoren. Ez da diru-laguntzen aurrerakinik emango.

2.- Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira, horrek diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du. Ondorio horietarako, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak dagokion ordainketa Ebazpena jaulkiko du, emaniko diru-laguntzaren kopurua doitzeko, hala dagokionean, lortutako gehiegizko diru-kopurua itzuli beharra suposa dezakeelarik.

18. artikulua.- Betebeharrak ez betetzeak eta laguntza itzultzeko prozedura.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako dirua eta honek sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuliko zaizkio, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zenak) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenaren arabera.

Era berean, diru-laguntza honen xede den ekintzaren kostuaren gaindik lortutako soberakina itzuli egin beharko da. Horrez gain, dagozkion zigorrak jarri ahal izango dira, eta kalte-galeren ordainak eta, hala dagokionean, erantzukizun zibila eskatu ahal izango da.

Dagozkien ondorioei begira, zenbateko horiek sarrera publikotzat joko dira.

2.- Betebeharren zati bat bete ez eta, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren iritziz, aurkeztu eta onartutako proiektu bat osorik hutsaltzen bada, laguntza osorik ordaindu beharrik ez izatea ekarri lezake.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Uraren Euskal Agentziako aurrekontu-baliabideak kontuan izanda, 2. artikuluan adierazitako diru-kopurua aldatu egin daiteke, eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta. Kopuru hori aldatzea edo ez aldatzea diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik erabakiko da. Halakorik egiten bada, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honetan berariaz oharteman gabe gelditu diren kasu guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuko dira.

Bigarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 19a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

IÑAKI URRIZALQUI OROZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala