Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

8. zk., 2012ko urtarrilaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
177

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 19koa, Hezkuntzako sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako proba libreen deialdia arautu eta probak nola egingo diren finkatzekoa, 2012. urterako.

Otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuak araubide bereziko hizkuntza-ikasketak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta berariaz arautzen ditu haien mailak: oinarrizkoa, tartekoa, aurreratua eta gaitasun-maila. Dekretu horrek arautzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskumena dela probak antolatzea, irakaskuntza-erregimen presentzialean matrikulatuta ez dauden pertsonek aukera izan dezaten hizkuntza-ziurtagiriak eskuratzeko.

Zeregin hori betetzeko, aintzat hartu dut 46/2009 Dekretuko 9. artikuluko 6. puntuak arautzen duena, eta honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- 1. eranskina osatuko duten baldintzak eta eskakizunak onartzea, eta proba libreen egutegia finkatzea, deialdiko II. eranskinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsistate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintariaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 19a.

Hezkuntzako Sailburuordea,

M.ª ANTONIA OZCARIZ RUBIO.

I. ERANSKINA

HIZKUNTZA-ESKOLA OFIZIALETAKO PROBA LIBREAK EGITEKO BALDINTZAK ETA ESKAKIZUNAK (EEOOII)

1.- Helburua.

1.1.- 2012. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek araubide librean matrikulatutako ikasleentzako probak egingo dituzte, irakasten dituzten hizkuntza guztietan, maila hauetan:

- Oinarrizko Maila (A2).

- Tarteko Maila (B1).

- Maila Aurreratua (B2).

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek araubide librean matrikulatutako ikasleentzako probak egingo dituzte Gaitasun Mailan (C1), eskolek irakasten dituzten hizkuntza guztietan, euskararen kasuan izan ezik. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aukera ematen du Gaitasun Mailako Ziurtagiria (C1) lortzeko, EGA titulua lortzeko urtero deitzen dituen proba libreen bidez.

Irakasten dituzten hizkuntza-maila guztietako azterketak egingo dituzte eskolek.

1.2.- 2011-2012 ikasturtean, ikasle libreek deialdi bakarra izango dute maila bakoitza gainditzeko. Maiatza eta ekaina bitartean egingo dira probak.

2.- Probak egiteko betekizunak.

2.1.- Adina. Probetarako matrikula atera dezakete 2012. urtean 16 urte dituztenek edo urte horretan adin hori betetzen dutenek.

2.2.- 2011-2012 ikasturtean hizkuntza ofizial bati dagokion araubide ofizialean matrikulatutako pertsonek ezin dute matrikularik egin araubide librean hizkuntza bereko ezein mailatan.

2.3.- Espainiar nazionalitatea duten pertsonak ez dira onartzen Espainiera atzerriko hizkuntzari dagozkion proba libreetan.

3.- Prozesutik kanporatzea.

Egiaztatzen bada eskatzaileak ez duela betetzen deialdiko eskakizunen bat, prozesutik kanporatua izan daiteke edozein unetan. Eskatzaileak kanporatuak izan daitezke proba egin ondoren ere.

4.- Eskaerak aurkeztea.

4.1.- Eskatzaileak onartzea. Hizkuntza berean, pertsona bakoitza eskola eta maila bakar batean matrikulatu ahal izango da araubide librean. Norbait maila bitan edo gehiagotan matrikulatzen bada hizkuntza berean, edo maila berean eskola bitan edo gehiagotan, ordaindu duen lehenbiziko matrikula bakarrik formalizatuko zaio. Norbaitek bi hizkuntza edo gehiagotan matrikulatu nahi badu, eskaera bana egin behar du hizkuntza bakoitzeko.

4.2.- Eskaerak aurkezteko modua. Ebazpen honen bidez araututako matrikula egin nahi duten pertsonek Internet bidez soilik egin dezakete matrikula hori, helbide elektroniko honetan ematen den eredua betez: http://eoieuskadi.net edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/hizkuntzak helbidean.

Eskaerako datuak bete ondoren, matrikularen prezio publikoa ordaindu behar da (2011-06-15eko Ordena. 2011-07-27ko EHAA).

4.3.- Eskaeraren edukia. Atal hauek bete behar dira:

a) Datu pertsonalak, prozesua zuzen kudeatzeko eskatzen direnak.

b) Komunikazio datuak.

c) Helbidea.

d) Desgaitasunen datuak.

e) Matrikula-datuak: aukeratutako hizkuntza, maila eta eskola.

f) Gizarte eta lan-arloko datuak.

4.4.- Eskaera egin eta ordaintzeko epea. Matrikula egin eta ordaintzeko epea 2012ko otsailaren 10aren eta 2012ko martxoaren 1aren bitartekoa izango da, biak barne.

Matrikula eta ordainketa formalizatzeko epea 2012ko martxoaren 1ean amaituko da, 15:00etan.

4.5.- Ordainketa egiteko modua. Deialdi honetako 4.2 puntuak ezartzen duen betekizuna betetzeko, ordaintzeko modu hauek izango dira: Ordenagailuren batetik, Internet bidez, banku-sukurtsaleraino joan beharrik izan gabe. Eguneko 24 ordutan erabil daiteke ordaintzeko modu hori. Visa, Maestro edo Mastercard txartelen bidez egin daiteke ordainketa, edo banketxe hauen banka elektronikoko zerbitzuaren bidez: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Vital Kutxa, Gipuzkoako Donostia Kutxa, Caja Laboral - Euskadiko Kutxa, Banco Guipuzcoano, La Caixa, Bankoa, BBVA, Santander, Ipar Kutxa eta BANKIA. Hurrengo paragrafoan adierazten diren banketxeetako sukurtsaletan ere egin daiteke ordainketa.

Banketxe hauetako sukurtsaletan ere ordain daiteke matrikula: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Vital Kutxa, Gipuzkoako Donostia Kutxa, Caja Laboral - Euskadiko Kutxa, Banco Guipuzcoano, La Caixa, Bankoa, BBVA, Santander, Ipar Kutxa eta BANKIA. Ordainketa hori egiteko, matrikula egitean eman zaien egiaztagiria edo ordainketa-agiria aurkeztu behar dute eskatzaileek.

4.6.- Prezio publikoa ordaindu beharrik ez duten pertsonak. Prezio publikoa ordaindu beharrik ez duten pertsonek ere matrikulatzeko prozedura bete behar dute, harik eta ordainketa-agiria inprimatzen duten arte. Gutun horretan adieraziko da ez dutela ezer ordaindu behar. Ordainketa-agiria inprimatzen ez bada, matrikula-prozesua ez da burutuko, eta, beraz, matrikula ez da baliozkoa izango.

Ordainketa egin duenak, akats baten ondorioz, behar ez den ordainketaren bat egin badu, pertsona horrek ez du izango eskubiderik diru hori bueltan jasotzeko.

4.7.- Ezarritako prezio publikoa ez ordaintzearen ondorioak. Eskatzaileren batek ez badu ordaintzen ezarritako prezio publikoa eskaerak aurkezteko epean, prozesutik kanporatu egingo da. Nahitaezkoa izango da, beti, eskaerak garaiz eta 4.3 eta 4.4 artikuluetan araututako moduan aurkeztea; eta prezio publikoaren aurkezpena eta ordainketa egitea ez da izango inoiz izapide horren ordezko.

4.8.- Matrikulazio-prozesuko datuak kudeatu eta babesteko modua. Eskaerarekin batera, Erantzukizunpeko Adierazpen bat aurkeztuko da; bertan, eskatzaileak adierazi behar du eman dituen datu guztiak egiazkoak direla eta bere gain hartzen dituela horien zehaztasun ezak eragin ditzakeen erantzukizunak; horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila baimentzen du dagozkien erakundeen erregistroetan beharrezko diren egiaztapen guztiak egiteko. Era berean, Administrazioari baimena emango zaio beharrezko datuak kontsultatzeko, matrikula betetzearekin lotutako edozein egiaztapen egiteko.

Lege hauek arautuko dute fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua: 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoak, eta 2/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzkoak.

Ikastetxeen Zuzendaritza izango da Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleei buruzko datuak jasoko dituen fitxategiaren arduraduna, eta ikastetxeen zuzendariarengana jo behar da datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak erabiltzeko: Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

Prozesuan parte hartzen duten pertsonen informazio-eskubidea bermatzeko (azaroaren 26ko 30/1992 Legeak arautzen du eskubide hori), Internet bidez kontsultatu ahal izango dira prozesuko zerrendak, honako helbide hauetan: http://eoieuskadi.net eta http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/hizkuntzak.

5.- Informazioa argitaratzea eta iragarki-taulak.

Eskatzaileek http://eoieuskadi.net eta http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/hizkuntzak orrietan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako (EEOOII) iragarki-tauletan jakin ahal izango dute onartuak ala prozesutik baztertuak izan diren, eta, baztertuak izan badira, zergatik ezetsi den haiek egindako eskaera. Horretarako eskatzaileek, NANaren edo AIZaren zenbakia eta haren iraungitze data sartu beharko dituzte. Dokumentu hauek eduki ez badute, identifikazio zenbakia eta bere jaiotze data. Eskaera bat baino gehiago egin baditu pertsonaren batek, horien guztien egoera kontsultatu ahal izango du, NANaren zenbakia eta bere iraungitze data sartuz.

6.- Prozesua egiteko modua.

6.1.- Onartutako eta baztertutako eskatzaileen zerrenda. Eskatzaileak adierazi dituen datuak egiaztatu eta ordainketa egin dela ziurtatu ondoren, hizkuntza-eskola ofizialek 2012ko martxoaren 12an argitaratuko dute onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda, eta zerrenda horietan berariaz adieraziko da hizkuntza eta maila bakoitzean eskatzaileak baztertu izanaren arrazoia. Epe bat emango da erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioa egiteko, matrikula egiteko erabili duten webgunean dagoen edo Hizkuntza Eskola Ofizialak emango dien inprimakia erabili ahal izango dute. Erreklamazio bat aurkeztu behar dute erreklamatu nahi duten eskaera bakoitzeko, dagokion hizkuntza-eskola ofizialean. Erreklamazioak aurkezteko epea 2012ko martxoaren 20an amaituko da.

6.2.- Onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin betiko zerrenda. Aurreko paragrafoan adierazitako epea igarotakoan, hizkuntza-eskola ofizialek 2012ko martxoaren 28an argitaratuko dute, 5. puntuan adierazitako lekuetan, onartu eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda, eta arrazoiak emango dituzte hizkuntza eta maila bakoitzean baztertu diren eskaerak baztertzeko.

7.- Egiaztagiriak.

7.1.- Oinarrizko mailaren (A2) egiaztagiria. Maila horretan matrikulatu diren ikasleek idatzizko proba bat egingo dute idatzizko eta entzutezko ulermena eta idatzizko adierazpena ebaluatzeko. Proba bera egingo zaie ikasle guztiei, aurrez ezarri diren egunetan eta eskola bakoitzak erabakitako lekuetan. Proba horren hiru zatietan ebaluazio positiboa lortzen dutenek mintzamenaren proba egin beharko dute; eskolek zehaztuko dute non eta noiz (eguna eta ordua) egingo den. Proba hori gainditzen duten ikasleek Oinarrizko Mailaren (A2) egiaztagiria eskuratuko dute.

7.2.- Tarteko Mailaren (B1) egiaztagiria eta Maila Aurreratuaren (B2) egiaztagiria. Maila horietan matrikulatutako ikasle libreek ebaluazio positiboa lortu beharko dute trebetasun hauetan: entzundakoaren ulermena, irakurritakoaren ulermena, idatzizko adierazpena eta ahozko adierazpena. Trebetasun horietako edozeinetan ebaluazio negatiboa izanez gero, ikasleak ezingo du egiaztagiria lortu.

Trebetasun horiek ebaluatzeko, maila horietako ikasle libreek, lehenbizi, idatzizko proba egingo dute; proba horretan mintzamena ez beste trebetasun guztiak ebaluatuko dira. Idatzizko proba bera egingo zaie ikasle guztiei, eta Ebazpen honen eranskinean zehaztutako datetan egin beharko da, egun eta ordu beretan, eskolek zehazten dituzten tokietan.

Idatzizko probako hiru trebetasunetan ebaluazio positiboa lortzen dutenek ahozko proba egin beharko dute mintzamena ebaluatzeko; eskolek zehaztuko dute non eta noiz (eguna eta ordua) egingo den. Proba gainditzen badute, ikasleek dagokien mailaren egiaztagiria eskuratuko dute.

Idatzizko proban ebaluatzen diren trebetasun guztiak gainditzen ez dituztenei, probaren emaitzen berri ematearekin batera, dagokien mailaren egiaztagiria ezin dutela eskuratu azalduko zaie. Horrez gainera, azalduko zaie trebetasunen batean ebaluazio positiboa lortu arren, hori ez dela kontuan hartuko hurrengo deialdietan.

Halaber, jakinaraziko zaie, hori guztia horrela izanik ere, nahi izanez gero ahozko proba egin dezaketela, eta horretarako berariazko eskaera aurkeztu behar dutela idatziz, ezarritako epealdiaren barruan. Argi eta garbi ohartaraziko zaie proba horren emaitza edozein dela ere ez dutela jasoko Tarteko Mailaren (B1) edo Maila Aurreratuaren (B2) egiaztagiria, beste trebetasunetako bat ez baitute gainditu, eta adieraziko zaie gainditutako trebetasunak ez direla aintzat hartuko hurrengo deialdietan.

Ahozko proba egitea behar den bezala eta ezarritako epealdiaren barruan eskatzen dutenei proba-deialdia bidaliko zaie, eskola bakoitzak zehazten dituen tokian, egunean eta orduan egiteko.

Tarteko Mailaren (B1) edo Maila Aurreratuaren (B2) egiaztagiria eskuratzen ez dutenek ziurtagiri akademikoa eskatu ahal izango dute; ziurtagiri horrek jasoko du 2012ko deialdian zein trebetasun gainditu dituzten, ebaluazio positiboa lortuta.

7.3.- Gaitasun Mailaren (C1) ziurtagiria. Maila horretan, edozein hizkuntzatan euskara izan ezik, matrikulatutako ikasle libreek ebaluazio positiboa lortu beharko dute trebetasun hauetan: entzundakoaren ulermena, irakurritakoaren ulermena, idatzizko adierazpena eta ahozko adierazpena. Trebetasun horietako edozeinetan ebaluazio negatiboa izanez gero, ikasleak ezingo du egiaztagiria lortu.

Trebetasun horiek ebaluatzeko, maila horretako ikasle libreek, lehenbizi, idatzizko proba egingo dute; proba horretan mintzamena ez beste trebetasun guztiak ebaluatuko dira. Idatzizko proba bera egingo zaie ikasle guztiei, eta Ebazpen honen eranskinean zehaztutako datetan egin beharko da, egun eta ordu beretan, eskolek zehazten dituzten tokietan.

Idatzizko probako hiru trebetasunetan ebaluazio positiboa lortzen dutenek ahozko proba egin beharko dute mintzamena ebaluatzeko; eskolek zehaztuko dute non eta noiz (eguna eta ordua) egingo den. Proba gainditzen badute, Gaitasun Mailaren (C1) egiaztagiria eskuratuko dute ikasleek.

Idatzizko proban ebaluatzen diren trebetasun guztiak gainditzen ez dituztenek, ezin izango dute ahozko proba egin.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala