Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
6362

AGINDUA, 2011ko abenduaren 21ekoa, Kulturako sailburuarena, 2012an Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (IKT deialdia).

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 15. artikuluak Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 45/2011 Dekretuak, martxoaren 22koak, Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 14.2.e) artikuluan (EHAA, martxoaren 25ekoa, 59. zk.): Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea, betiere beste administrazio-organo batzuek bereziki esleituta dituzten egitekoak ezertan galarazi gabe.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura Sailak, oraingo Agindu honen bitartez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko 2012ko diru-laguntza deialdia arautzen du.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak arautzea.

2. artikulua.- Programak edo jarduerak egikaritzeko epea.

Laguntza deialdi honek 2012an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2012ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

3. artikulua.- Onuradunak.

1.- Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako, edo beste edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta jarduera ekonomikoren bat garatzen badute, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, eta Agindu honen 4. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Hala ere, kanpoan geldituko dira honako hauek:

a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu -edo zuzendaritza- partaidetza nagusiki publikoa duten entitateen eskabideak.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren 2012ko diru-laguntzen deialdiaren onuradunak.

2.- Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00) baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko.

4.- Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortutakoa izan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen egitasmoak eta kopuruak.

1.- Honako hauek dira laguntza-mota honetara bil daitezkeen egitasmoak eta multzo bakoitzerako aurreikusitako diru-laguntza kopurua:

1.1. A multzoa (950.000 euro): Euskarazko atari eta webguneak edo Interneterako euskarazko eduki berriak.

1.2.- B multzoa (514.200 euro): Softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea.

2.- Nolanahi ere, aurreko puntuan zehaztutakoari dagokionez, honako egitasmo hauek ez dute sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

a) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen egitasmoak.

b) Atari eta webgune pertsonalak.

c) Atari eta webgune puntualak (gertakizun, ekitaldi edo jardunaldi jakin baten inguruan propio antolatutakoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

d) Demoak eta prototipoak.

e) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatzen ez dituzten egitasmoak eta, ondorioz, herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementuak jasotzen dituztenak; halaber, herritarren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuak jasotzen dituztenak.

f) Sexu bien arteko trataera-berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoak.

g) Laguntza-mota honetan sarbiderik izan arren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2012an diruz lagundutako egitasmoak.

h) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.

i) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten atari edo webguneetan egindako berrikuntza edo horietan kokatuko diren euskarazko eduki berriak. Hau da, lehendik abian dagoen atarian edo webgunean berrikuntzak egin behar direnean, edo euskarazko eduki berriak sartu behar direnean, ezinbestekoa izango da atari edo webgune horrek euskararen kalitatea bermatzea, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartuz eta betez.

5. artikulua.- Baldintza bereziak.

Laguntza-mota honetan parte hartu ahal izateko honako baldintza berezi hauek behar dira:

1.- A multzoari dagokionez:

a) Euskarazko atari eta webguneek zerbitzu anizkoitzak eskaini beharko dituzte.

b) Euskarazko atari edo webguneek etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko plana ere.

c) Euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko plangintza zehaztuko da.

d) Webguneek agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute. Ezkutuan bada, entitate eskatzaileak izandako bisita-kopurua ikusi ahal izateko beharrezkoa den aukera teknikoa emango dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

2.- B multzoko egitasmoek Interneten kokatzeko eta publiko zabalarentzako eskuragarri egoteko moduko plan jakina izan beharko dute nahitaez. Plan honetan ezinbestean jasoko da produktuaren euskarazko bertsioaren zabalkundea.

6. artikulua.- Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.- Laguntza-mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partzialki aurre egitera dator. Nolanahi ere, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoen kasuan, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

Honako gastu hauek ere kanpoan geldituko dira:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

b) Aurretiaz euskara ez den beste hizkuntza batean garatutako atari edo webguneari eta softwareari dagozkion gastuak.

c) Sortzen diren atari edo webgune, eduki edota aplikazio berriak euskaraz gain beste hizkuntza batean edo gehiagotan garatzeko asmoa baldin badago, aurkezten den egitasmoari kostuaren parte bat bakarrik egotziko zaio, euskarari dagokion kostua hain zuzen ere.

d) Halaber, dagoeneko sortutako edukia sarean ipintzeko eskatzen denean diru-laguntza, egokitzapen kostua soilik hartuko da kontuan.

e) Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak.

f) Sareko hedabideen kasuan, laguntza honen bitartez soilik diruz lagunduko dira aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, sistema berriak egitea edo diren sistemak egokitzea. Hedabideetako edukiak, berriz, ez dira diruz lagunduko. Alegia, ez dira diruz lagunduko testu-eduki periodistikoei dagozkien erredakzio-lanak.

2.- Egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du ezinbestean. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan utziko da. Aurrekontuari dagokionez, bestelako gastuetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 5 hartuko da kontuan, eta bestelako gastu horiek zein kontzepturi dagozkion zehaztuko da.

3.- Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du ezinbestean, % 40koa hain zuzen ere. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa lehiaketatik kanpo utziko da.

4.- Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Entitate-eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

5.- Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Hots, begiz jotako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak lehiaketatik kanpo utziko dira.

6.- Egitasmo bakoitzari esleitutako diru-laguntza, ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa baino handiagoa izango. Gehienez ere, berrogei mila (40.000) euro izango da eta, gutxienez, bi mila (2.000) euro.

7.- Entitate bakoitzak ezingo ditu deialdi honetara sei egitasmo baino gehiago aurkeztu.

8.- Entitate bakoitzak ezingo ditu Agindu honetatik 120.000 euro baino gehiago eskuratu.

9.- Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, beti ere, lagundutako egitasmoak gain-finantzaketarik ez badu. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 9. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gain-finantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 18. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gain-finantzaketaren bestekoa izango da.

7. artikulua.- Diru-laguntzaren organo-kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio.

8. artikulua.- Eskabideak eta justifikazioak aurkezteko epea.

Eskabideak.- Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok gehienez ere 6 eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Justifikazioak.- 2013ko urtarrilaren 31ra arteko epea dago justifikazioak aurkezteko.

9. artikulua.- Eskaerak eta justifikazioak aurkezteko lekua eta modua, baita kasu bakoitzeko dokumentazioa ere.

a) Eskaerak eta justifikazioak honako leku hauetan aurkez daitezke:

a.1.- Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Erregistroa: Donostia kalea, 1 - Lakua I, 2. solairua - 01010 Vitoria-Gasteiz.

a.2.- Eusko Jaurlaritzako Erregistro Orokor Nagusia: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

a.3.- Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Kale Nagusia, 85 - 48001 Bilbao.

a.4.- Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Andia kalea, 13 - 20004 Donostia-San Sebastián.

a.5.- Herritarren Arretarako Bulegoak.

a.6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste erregistro orokor nagusi eta laguntzaileak (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa; EHAA, 102. zk., 2008ko maiatzaren 30ekoa).

b) Eskaerak eta justifikazioak entrega daitezke, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusita dagoen prozeduraren bat erabiliz:

b.1.- Eskaerak: laguntza-mota honetara jo nahi duen eskatzaileak eskabide-orria behar bezala bete behar du eta, izenpetu ondoren, finkatutako epean eta moduan aurkeztu behar du. Horretarako, euskadi.net webguneko «Euskara» atarian (www.euskara.euskadi.net) dagoen eredu normalizatua (I.A eranskina) erabili beharko da. Honako beste eranskin hauek ere aurkeztu beharko dira, atal guztiak beteta: I.B, I.C eta I.D eranskinak.

Horrez gain, eskabide-orriarekin batera honako hauek ere aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:

b.1.1.- Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiaztatuko du eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dituela, elkarreraginkortasun-sistemen bidez.

b.1.2.- Zerga-betebeharrak.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiaztatuko du eskatzaileak zerga-betebeharrak kitatuta dituela, elkarreraginkortasun-sistemen bidez.

Hala ere, eskatzaileak helbide fiskala Nafarroako Foru Erkidegoan edo Espainiako Estatutik kanpo baldin badu, eta kontuan hartuta elkarreraginkortasun-sistema oraindik ez dagoela erabilgarri kasu horietan, eskatzaileak honako hau aurkeztu beharko du: zerga-betebeharrak kitatuta dituela adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienik ere sei (6) hilabete lehenago egindakoa eta organo eskumendunak emana.

Agiri horiez gain:

b.1.3.- Pertsona fisikoa baldin bada:

b.1.3.1.- NANaren edo pasaportearen fotokopia (baldin eta I.A. eranskinean dokumentu hori balidatzeko baimena ematen ez bada).

b.1.3.2.- Ekonomi Jardueraren gaineko Zergari dagokion izen-emate agiriaren fotokopia.

b.1.3.3.- Autonomoen Erregimenean edo, hala badagokio, dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoelako agiriaren fotokopia.

b.1.4.- Pertsona juridiko pribatua baldin bada:

b.1.4.1.- Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren NANaren edo pasaportearen fotokopia (baldin eta I.A. eranskinean dokumentu hori balidatzeko baimena ematen ez bada).

b.1.4.2.- Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak lege-ahalmena duela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratuaren fotokopia.

b.1.4.3.- IFZren fotokopia.

b.1.4.4.- Entitate eskatzailearen eratze-eskrituraren fotokopia. Elkarteen kasuan, eratze-aktarena.

b.1.4.5.- Entitateko estatutuen fotokopia, edo entitate eskatzailearen jarduera arautzen duten arauak jasotzen dituen agiriarena.

b.1.4.6.- Eratze-eskriturak edota estatutuak dagokien Erregistro Publikoan inskribatuta daudela egiaztatzen duten ziurtagirien fotokopiak.

Entitateak ez ditu aurkeztu behar izango b.1.4.4, b.1.4.5 eta b.1.4.6 idatzi-zatietan adierazitako agirien fotokopiak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroan dagoen fundazioa edo elkartea bada. Izan ere, kasu honetan Administrazioak ofizioz egiaztatu ahal izango du Erregistroan dagoela, eta nahikoa izango da entitate eskatzaileak hori adieraztea I.A. eranskinean.

Zehaztutako b.1.3 eta b.1.4 ataletako agirietakoren bat edo gehiago Administrazio honetan lehenago ere aurkeztua izan bada eta indarrean jarraitzen badu, eskatzaileak ez du aurkeztu behar izango. Edozein modutan ere, eskatzaileak eskabide-orrian (I.A. eranskinean) adierazi beharko du agiri horiek noiz eta zein Sail edo Zuzendaritzatan aurkeztu dituen.

Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat.

Pertsona fisiko edota juridiko pribatu batek baino gehiagok gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, elkartutako pertsona fisiko edota juridiko pribatuen ordezkari bakar bat izendatuko da diru-laguntzaren inguruko betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoa emanez. Ahalmena izango du, halaber, guztiak ordezkatuz eskabidea aurkezteko. Eskabidea egiterakoan argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edota juridiko horietako bakoitzaren nortasuna, ardura eta egitekoa egitasmoaren baitan. Era berean, honako hauek aurkeztu beharko dira:

- Aipatu ordezkariak ahalmena duela adierazten duen agiria.

- Elkarrekin arituko diren pertsona fisiko edota juridiko pribatu bakoitzak aurrekontuaren atalean daukan parte-hartzea, hau da, adierazitako aurrekontua betetzerakoan, zehaztu beharko da bakoitzaren parte-hartzea, bai gastu-aurrekontuan, bai eta sarrera-aurrekontuan ere.

- Elkarrekin arituko diren pertsona fisiko edota juridiko pribatu bakoitzari dagozkion agiriak (b.1.1, b.1.2, b.1.3, eta b.1.4 puntuetan zehaztutakoak).

- Lankidetzaren terminoak jasoko dituen agiria. Agiri horrek elkartutako pertsona fisiko edota juridiko pribatu bakoitzeko legezko ordezkariak izenpetua egon beharko du, eta beti ere diru-laguntzaren betebeharrak betetzeari begira.

b.2.- Justifikazioak:

b.2.1.- Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

b.2.2.- Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da. Justifikazio-kontu erraztuak, zinpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako informazio hau jasoko du:

- Burututako jardunari eta emaitzei buruzko txostena (II.A. eranskina).

- Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua (II.B. eranskina).

- Diruz lagundutako egitasmoari dagokion behin betiko balantze ekonomikoa (II.B. eranskina).

Diru-laguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri eskatuko dio onuradunari, diru-laguntza behar bezala erabili dela egiaztatzeko. Horretarako, unitate moneta laginketa teknika erabiliko du.

b.2.3.- Honako hauek ere aurkeztu beharko ditu eskatzaileak diru-laguntza justifikatzeko:

- Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiaztatuko du eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dituela, elkarreraginkortasun-sistemen bidez.

- Zerga-betebeharrak.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiaztatuko du eskatzaileak zerga-betebeharrak kitatuta dituela, elkarreraginkortasun-sistemen bidez.

Hala ere, eskatzaileak helbide fiskala Nafarroako Foru Erkidegoan edo Espainiako Estatutik kanpo baldin badu, eta kontuan hartuta elkarreraginkortasun-sistema oraindik ez dagoela erabilgarri kasu horietan, eskatzaileak honako hau aurkeztu beharko du: zerga-betebeharrak kitatuta dituela adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienik ere sei (6) hilabete lehenago egindakoa eta organo eskumendunak emana.

- Produkzioa: A multzoko egitasmoen kasuan, dagokion helbide elektronikoa zehaztuko da II.A. eranskinean; B multzoko egitasmoen kasuan, demorako sarbide-kodea bidali behar da (beti ere, izaera publikoa ez duten egitasmoen kasuan), datu hori II.A. eranskinean zehaztuz. B multzoko egitasmoen kasuan, demorako sarbide-kodea bidali ezin denean, justifikatu egin behar da horren arrazoia, eta gutxienez ere diruz lagundu den egitasmoaren atalak islatuko dituzten pantailak inprimatuta bidali behar dira, aparteko eranskin batean. Azalpena II.A. eranskinean idatzi beharko da.

b.2.4.- Justifikazioari dagokionez, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 18. eta 19. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.

c) Eskaerak, justifikazioak eta horien dokumentazio osagarria Hizkuntza Politikarako sailburuordeari bidali behar zaizkio.

d) Eskaera edo justifikazioa posta-bulego batean aurkeztu nahi izanez gero, kartazal irekian aurkeztu behar da, ziurtapena egin aurretik posta-funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion inprimakiari. Kasu honetan, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

e) Eskaera aurkezteko zein justifikazioa egiteko jarraibideak eta eredu normalizatuak euskadi.net webguneko «Euskara» atarian daude.

f) Eskaeretan zein justifikazioetan, aukera dago eskatzaileak berariazko baimena eman dezan dokumentazioaren zati bat laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol-, eta ikuskatze-eskumenak ahaztu gabe.

g) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 71 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, I.A. eranskinean aipatu agiriak ordezkatu ahal izango dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ahaztu gabe.

Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

10. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

11. artikulua.- Esleipen-prozedura.

1.- Zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.- Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienean.

a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 6. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari zuzenean eta bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak. Halaber, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoak direnean, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

c) Horrez gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua egokitu ahal izango du, lanen merkatuko kostu estimatua kontuan hartuta. Kostu estimatua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, bereziki, Eusko Jaurlaritzako erakundeetako prezio publikoak (adibidez, honako tarifa hauek hartuko dira kontuan: itzulpenetarako IVAPek dituenak, eta lan informatikoetarako Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak dituenak).

d) Aurreko bi puntuetan (b eta c) adierazitakoa aintzat hartuta, eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izatekotan, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuan zehaztutako finantzaketa propioaren kopuruari eta eskatutako diru-laguntzari, beti ere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Modu horretan, aurrekontu onartua finkatuko da. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, aurrekontu onartua eta eskatutako diru-laguntza onartua hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.

1.2.- Puntuei dagokienean.

a) Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera pasatako egitasmoak baloratuko dira, Agindu honen 12. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik hirurogeita hamar (70) puntu edo hortik gora lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherako puntuazioa lortzen duten egitasmoek ez dute diru-laguntzaren banaketan sartzerik izango eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik hartuko.

c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute.

2.- Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 6.6 eta 6.8 artikuluetan finkatutako mugak gordeko dira.

12. artikulua.- Balorazio-irizpideak.

1.- Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere, ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

1.1.- A multzoa (euskarazko atariak edo webguneak eta Interneterako euskarazko eduki berriak):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere hogei (20) puntu.

b) Eguneratze plangintzaren eta webgunea edota edukiak ezagutarazteko proposamenaren zehaztasun- eta egokitasun-maila: gehienez ere hamar (10) puntu.

c) Bisiten edo jasotzaileen kopurua: gehienez ere hamar (10) puntu.

d) Jasotzaileen izaera, hau da, egitasmoa nori zuzendua dagoen (haur eta gazteei, publiko orokorrari, publiko jakinari -sektoriala-, entitate bakarrari): gehienez ere hamar (10) puntu.

e) Euskararen sustapenean izan dezakeen eragin maila: gehienez ere hamabost (15) puntu.

f) Lizentzia libre edo kode irekiko edukiak: gehienez ere bost (5) puntu.

g) Kalitatea: edukiak, diseinua, berrikuntza edota antzekoekiko balio erantsia, eta ezaugarri teknikoak (erabilitako teknologia, eskainitako zerbitzuak eta web 2.0 teknologia) gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

1.2.- B multzoa (softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere hogei (20) puntu.

b) Merkaturatzea eta banaketa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Jasotzaileen izaera, hau da, egitasmoa nori zuzendua dagoen (haur eta gazteei, publiko orokorrari, publiko jakinari -sektore bati-, entitate bakarrari): gehienez ere hamabost (15) puntu.

d) Euskararen sustapenean izan dezakeen eragin maila: gehienez ere hamabost (15) puntu.

e) Lizentzia libre edo kode irekiko edukiak: gehienez ere bost (5 puntu).

f) Kalitatea: Erabilitako teknologia, egitasmoaren izaera, erabilgarritasuna eta hizkuntza-baliabideak, oportunitate-maila edo interesa: gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

2.- Aurreko puntuan finkatutako irizpideetako bakoitzari dagozkion puntuen zehaztapena, Balorazio-batzordeak multzo bakoitzerako berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Taula hori Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

13. artikulua.- Balorazio-batzordea.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.- Balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria edo bere ordezkoa, batzordearen buru izango dena.

b) Foru administrazioetako hizkuntza politikaren ardura duten sailetako teknikari bat, gutxieneko maila zerbitzu buruarena delarik, edo bere ordezkoa.

c) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna, edo bere ordezkoa.

d) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuko arduraduna edo bere ordezkoa.

e) Euskararen Aholku Batzordeko kide bat.

f) IKT alorreko aditu bat.

g) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikari bat. Horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.- Balorazio-batzordearen osaeraren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4.- Balorazio-batzordeak, laguntza-mota honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezkoa joz gero, behin betiko ebazpena har dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izanagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertu izanaren zioa.

b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua; lortutako puntuak, osotara eta atalkakoa; eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Gutxieneko puntuak lortu ez izanagatik diru-laguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuazioa, osotara eta atalkakoa.

14. artikulua.- Ebazpena.

1.- Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.

2.- Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

3.- Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.- Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, eskatzaile horrek aukera izango du Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

15. artikulua.- Diru-laguntzaren onarpena.

1.- Diru-laguntza esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik hamar (10) egun balioduneko epean diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.

16. artikulua.- Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua) finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 20. artikuluan esandakoaren arabera.

j) B multzoko egitasmoei dagokienez, diru-laguntza jaso duen eskatzaileak, egitasmoa behin amaituta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako IKTen inbentarioan alta eman behar du.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

1.- Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira, era honetara:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko laurogei (% 80) ordainduko da, diru-laguntza jasotzea onartzen den egunetik hasi eta bi (2) hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeia (% 20) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean.

18. artikulua.- Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen denean, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren prozedura aplikatuko da.

19. artikulua.- Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.- Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Diru-laguntza eskatu zen helburu jakinetarako erabili dela ez justifikatzea.

c) Honako agindu honen 16. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

d) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

e) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.- Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Honako Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko ditu, aurreko pasartean jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun nagusiaren Antolarauei buruzko legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan edo honako Agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, esandakoaren arabera egingo da.

20. artikulua.- Kultura Sailaren aipamena.

Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotzako datu pertsonalak -parte hartzaileek baimena emango dute datuok tratatzeko eta argitaratzeko- «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.- Honako Agindu honetan aurre ikusitako diru-laguntzen eraginkortasuna Europako Batzordeak baimendua izan edo baimendutzat ematearen menpe dago.

Hirugarrena.- Diru-laguntza hauek 2012ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia edo nahikoa egotearen menpe daude. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3. artikuluan bildutako ondorioetarako, Agindu honetako laguntzen ebazpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

Laugarrena.- Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskarazkoa hartuko da aintzat.

Bosgarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 21a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala