Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6359

AGINDUA, 2011ko abenduaren 21ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena; agindu honen bidez, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten da, 2012ko ekitaldirako, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean.

Nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzei buruzko uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuak xedetzat du nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza suspertzeko eta pizgarritzeko laguntzen araubidea ezartzea eta arautzea.

Araubide horrek aukera ematen du diru-laguntzak modu zuzenean emateko.

Arestian aipatutako dekretuaren 10. artikuluak ezartzen du urtero bertan ezarritako laguntzak deituko direla eta artikulu horretan jasotzen diren puntu batzuk zehaztuko direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, finkatu egingo dira programen diru-laguntzak emateko arauak; eta kasuan kasuko deialdia egingo da, bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Bestaldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera, 2009. urteari dagokion aurrekontu-ekitaldian laguntza hauetarako jarritako aurrekontuko diru-izendapenaren menpe dago laguntza-deialdi hau.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Agindu honen xedea da uztailaren 27ko 218/2012 Dekretuan aurreikusitako nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egitea, 2012ko ekitaldirako.

Bigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea eta eskabide-eredua.

1.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean emango diren laguntzen eskabideak aurkezteko epe bikoa izango da, agindu honek ondorioak dituen egunetik zenbatzen hasita.

2.- Eskabidea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta web-orri honetan eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

Hirugarrena.- Aurrekontu kreditua.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eta uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko a), c) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako ekintzak finantzatzera bideratuta dagoen aurrekontu-kreditua 1.880.000 eurokoa da. Kopuru horretatik, 1.230.000 euro 2012. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 650.000 euro, berriz, 2013. urterako konpromiso-kredituari.

2.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko e) idatzi-zatietan aurreikusitako ekintzak finantzatzera bideratutako kredituak, berriz, 227.897 euro izango dira, eta kopuru horretatik, 145.854 Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 82.043, FEADER erkidego-funtsaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko 2007-2013 Programaren babesean. Horiek guztiak 2012ko ordainketa-kredituari dagozkio.

Laugarrena.- Inbertsioen iraupena.

1.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko a), b), c) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako ekintzei dagozkien inbertsioak urterokoak edo hainbat urtetarako izan daitezke, eta 2012ko eta 2013ko ekitaldiei egokituko zaizkie, 18. artikuluan eta 21. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2.- Uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 6. artikuluko e) paragrafoetan aurreikusitako ekintzei dagozkien gastuak, berriz, urterokoak edo hainbat urtetarako izango dira, eta 2011ko ekitaldiari egokituko zaizkio, 18. artikuluan eta 21. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Bosgarrena.- Diruz laguntzeko jarduerak.

2012ko ekitaldian uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean diruz lagunduko diren jarduerak 6. artikuluko a), c) d) eta e) idatzi-zatietan xedatutako guztiak izango dira.

Seigarrena.- Laguntzen balorazio eta kuantifikatze irizpide objektiboak.

Proiektuak baloratzeko, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 14. artikuluan aurreikusitako irizpide objektibo guztiak hartuko dira kontuan.

Zazpigarrena.- Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzak eskatzen dituztenek, eskabide-orriarekin batera, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztuko dute.

Zortzigarrena.- Inbertsioa edo gastua justifikatzeko izapidean eskatzeko moduko dokumentazio osagarria.

19.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, onuradunek Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzari, dokumentazio osagarria aurkeztu diote, erantzukizunezko adierazpena, hain zuzen ere. Adierazpen horretan azalduko da uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren 19.1.c) artikuluan aipatutako fakturak eta ordainagiriak ez direla beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuan xede berbera duten diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo bestelako baliabideak lortzeko.

Bederatzigarrena.- Xedapen gehigarria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutako ondorioetarako, agindu honen eragingarritasuna behin betiko ebazpena hartzen den unean laguntza hauetarako jarritako aurrekontuko diru-izendapenaren menpe dago.

Hamargarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Hamaikagarrena.- Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 21a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala