Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6358

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 30ekoa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena, 2012ko laguntzetarako deialdia ezagutarazten duena, industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu integratuak -izaera estrategikokoak- EAEn burutzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduak ezarritakoaren esparruan. Etorgai Programa.

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduak EAEn industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektu integratuak egiteko laguntzen «Etorgai programa» arautzen du.

Agindu horren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkaturiko laguntzetarako deialdia egitea 2012ko ekitaldirako, bai eta horretarako beharrezkoak diren arauak ematea ere.

Adierazitako laguntza horiek emateko ekonomia-baliabideak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan ezarritako dagozkien aurrekontu-partidetatik aterako dira.

Horrenbestez, agindu horren 9. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Ebazpen honen helburua da Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea 2012ko ekitaldirako. Agindu horren bidez arautu zen Industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu integratuak -izaera estrategikokoak- EAEn burutzeko laguntza-programa. Proiektuak 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan egin ditzakete.

Horretarako, 42.119.631 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horri dagokionez ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

Deialdi honen kontura emango diren diru-laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko artikulu honetan ezarritako zenbatekoa edo, kasuan kasu, zenbateko hori handitzetik, betiere prozedura ebatzi baino lehen, ateratzen dena, indarreko legedian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez.

2. artikulua.- Eskakizunak.

1.- Deialdiaren gai diren laguntzez baliatu ahal izateko, proiektuei eta onuradunei buruz Etorgai programa arautzen duen Aginduaren 4. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatu beharko da.

2.- Eskaerak eta gainerako agiri osagarriak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea SAren (SPRI) bulegoetan -Urkixo zumarkalea, 36-4. solairua, Bilbao (Bizkaia Plaza Eraikina)- aurkeztu beharko dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako edozein bitarteko erabilita, eta Interneteko https://www.spri.es/idi/idi helbidean ere bete ahalko dira.

3.- Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2012ko martxoaren 30ean amaituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapideketa arautzen da. Bada, agindu horrekin bat etorriaz, ebazpen honetan aipatutako laguntzak emateko, kreditu egokia eta aski dena izan beharko da Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 30a.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GOICOLEA RUIGÓMEZ.


Azterketa dokumentala