Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
6354

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 16koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuordearena; honen bidez, baimena ematen da, kontratuko oinarria duten kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri bat ezartzearekin lotuta, Caja de Ahorros Bilbao Bizkaia Kutxa-Aurrezki Kutxa eta bahitetxearen Finantza-Negozioa transferitzeko, horri esleitutako aktibo eta pasiboen titulartasunarekin batera.

2011ko urriaren 13an, Bilbao Bizkaia Kutxa Aurrezki Kutxa eta Bahitetxeak idazkia aurkeztu zuen eta, horren bitartez, derrigorrezko administrazio-baimena eskatu zuen bere finantza-jarduerari esleitutako aktibo eta pasiboak bereizteko, Bilbao Bizkaia Kutxa SAU («Bankua») bankuaren alde. Honako dokumentazio hau erantsi zuen:

- BBKko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren ziurtagiria.

- Integrazio Kontratuaren kopia.

- Bereizteko Proiektuaren kopia.

- BBKko Administrazio Kontseiluaren txostena Bereizteko Proiektuari buruz.

- Aditu independentearen txostena.

- Batzar Orokorraren erabakien ziurtagiria.

- Integrazio Kontratuaren Berritze Aldarazlearen kontratua.

- BBKren bereizte-balantzea.

- Indarrean dauden BBKren estatutuak.

- BBKren azken hiru ekitaldietako urteko kontuak eta kudeaketa-txostenak, baita kontuen ikuskapen-txosten egokiak ere.

Aurkeztutako idazkia eta dokumentazioa aztertu dira, eta honakoak hartu dira kontuan:

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2011ko ekainaren 30ean, BBK-k, Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Gipuzkoa y San Sebastián-Guipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxarekin («Kutxa»), Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxarekin («Vital») eta Bankuarekin batera, Integrazio Kontratua izenekoa sinatu zuten (aipatutako kutxen finantza-negozio guztia Bankuaren alde bereizi ondoren taldea eratu eta arautzeko). Kontratu hori 2011ko irailaren 23an aldatu zen Integrazio Kontratuaren Berritze Aldarazlearen kontratua izenekoaren bitartez. Kontratu biak hiru kutxetako Batzar Orokorretan onetsi ziren.

Bigarrena.- BBKren Batzar Orokorraren erabakien arabera, Kutxak erabaki du, Integrazio Kontratua onesteaz gain, estatutuak aldatuko dituela eta kutxaren finantza-jarduera bereiziko duela bankuaren alde, Bereizteko Proiektuan azaldutakoaren arabera.

Estatutuen aldaketak Ogasun eta Finantzetako 2011ko abenduaren 16ko Ebazpenaren bitartez onetsi dira.

Hirugarrena.- Zehatz-mehatz, honako hauek izan dira, besteak beste, Batzar Orokorrak 2011ko irailaren 16an hartutako erabakiak:

- Kutxak finantza-jardueraren zeharkako garapena egitea, 11/2010 Errege Lege-dekretuaren 5.4 artikuluan aurreikusitakoaren babespean.

- BBK Bankuaren alde Bereizteko Proiektua onestea, 2011ko ekainaren 30eko datarekin.

- Kutxa Bankuaren alde bereiztea onestea, Bereizteko Proiektuaren arabera.

- 2011ko ekainaren 30ean sinatutako Integrazio Kontratua onestea. Ondoren, 2011ko urriaren 20an, BBKren Batzar Orokorrak, Integrazio Kontratuaren Berritze Aldarazlearen Kontratua onetsi zuen.

- Kutxaren estatutuak aldatzea, finantza-jardueraren Bankuaren bitartezko zeharkako garapenaren oinarrizko baldintzak sartzeko beharrezkoa den ataletan.

- Sozietateen gaineko Zergaren kontsolidazio-erregimenari heltzea Bizkaiko Lurralde Historikoko 3/1996 Foru Arauaren VIII. tituluko IX. kapituluan azaldutakoaren arabera.

Laugarrena.- Taldea kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri gisa hartzeko bidezko baimena eskatu zaio Espainiako Bankuari, 13/1985 Legearen 8.3.d) artikuluaren arabera.

Bosgarrena.- Kutxen aktibo eta pasiboak Banco Bilbao Bizkaia Kutxa SAU bankuaren alde Bereizteko Proiektuei Espainiako Bankuaren Batzorde Betearazleak 2011ko abenduaren 5ean emandako aldeko txostena dago sailean.

Seigarrena.- Era berean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza Zuzendaritzaren aldeko txostena ere badago espedientean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.26 eta 18.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak aurrezki-kutxei buruzko eskumen esklusiboa du esleituta, Estatuak kredituaren eta banketxeen antolamenduaz ezar ditzan oinarrien eta diru-politika orokorraren esparruan, baita kredituaren antolamenduari, bankuei eta aseguruei buruzko gaiotan oinarri-arauak legez garatzeko, eta bere lurraldean betearazteko ere.

Bigarrena.- Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen urriaren 20ko 568/2009 Dekretuaren 11.1 artikuluaren 1.b) atalak honakoa esleitzen dio Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari, Finantzen arloan: «Autonomia-erkidegoaren eskumenetatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen antolaketa, dependentzia-araubidea eta lege-araubidearekin lotutakoak, zehazki, baimena ematea, onestea eta kontzesioak ematea behar dutenak».

Hirugarrena.- Babes Sistema Instituzionaleko partaidetzak (Integrazio Kontratua) bete egiten ditu Inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei, eta finantza-bitartekarien informazio-betekizunei buruzko 13/1985 Legearen 8.3 artikuluak eta babes-sistema instituzionalei buruzko araudi osagarriak eskatutako baldintzak.

Laugarrena.- Kutxaren gobernu-organoek hartutako erabakiek bete egiten dituzte erabakiak hartzeko botoen eta eraketa quorumaren inguruko legezko formalitate eta baldintzak.

Bosgarrena.- Bereizitako aktibo eta pasiboen titulartasunaren ekarpena egiteko aukeratu den egitura juridikoari dagokionez, Merkataritza-sozietateen egitura-aldaketei buruzko 3/2009 Legearen 49. eta 52. artikuluetan bat-egite berezietarako aurreikusitako araubidearen araberako bereizketa izan da. Horixe aplikatu behar da, oro har, zatiketetarako, 73. artikuluak eta Hirugarren Xedapen Gehigarriak diotenaren arabera. Halaber, bete egin da Bereizteko Proiektua Merkataritza Erregistroan gordailatzeari buruzko betebeharrak, baita bereizteko erabakia argitaratzeari buruzkoak ere, aipatutako 3/2009 Legearen 32. eta 43. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Seigarrena.- Aurreko oinarri juridikoan esandakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko Legearen 7.2 artikuluan bat-egiteetarako xedatutakoa aplikatu behar da, administrazio-baimenaren ondoreetarako. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko 7.2 artikuluan xedatutakoa, baita 13. eta 15. artikuluetan xedatutakoa ere, bete da, eragindakoen eskubide eta bermeak seguru daudelako eta gizarte-ekintzarekin jarraitzeko aukera ematen delako, aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatu denez.

Aurrekariak, berariazko araudia eta aplikatu beharreko gainerako legeria orokorra, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu dira, eta Espainiako bankuaren aldeko txostena kontuan hartuta, honakoa

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Baimena emango da Bilbao Bizkaia Kutxa Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen (BBK) aktibo eta pasiboak bereizteko, Bilbao Bizkaia Kutxa SAU bankuaren alde, horixe dela aipatutako biek, Kutxak eta Vitalek eratzen duten Babes Sistema Instituzionaleko erakunde nagusia, Batzar Orokorrak adostutakoaren arabera eta Integrazio Kontratuan adierazitakoaren arabera (finantza-negozioa bereizi ondoren taldea arautzeko).

Bigarrena.- Ebazpen hau Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan inskribatuko da.

Hirugarrena.- Ebazpen hau erakunde interesdunari jakinarazi beharko zaiola xedatuko da.

Laugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, baita lurralde horretan gehien sartzen diren egunkarietan ere.

Administrazio-bidea amaitzen ez duen Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Finantzetako sailburuordeari edo Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 16a.

Ogasun eta Finantzetako sailburuordea,

MARÍA MANUELA ESCRIBANO RIEGO.


Azterketa dokumentala