Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
6353

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 16koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuordea, zeinen bidez baimentzen baita, kontratuko oinarria duten kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri baten ezarpena dela-eta, Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxaren finantza-negozioa transferitzea, horri esleitutako aktiboen eta pasiboen titulartasuna ere eskualdatuz.

2011ko urriaren 13an, Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxak («Vital») idazkia aurkeztu zuen eta, beraren bitartez, derrigorrezko administrazio-baimena eskatu zuen, bere finantza-jarduerari esleitutako aktiboak eta pasiboak bereizteko, Bilbao Bizkaia Kutxa SAU («Bankua») bankuaren alde. Honako dokumentazio hau erantsi zuen:

- Vital-eko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren ziurtagiria.

- Integrazio Kontratuaren kopia.

- Bereizteko Proiektuaren kopia.

- Vital-eko Administrazio Kontseiluaren txostena Bereizteko Proiektuari buruz.

- Aditu independente baten txostena.

- Batzar Orokorraren erabakien ziurtagiria.

- Integrazio Kontratuaren Berritze Aldarazlearen kontratua.

- Vital-en bereizte-balantzea.

- Vital-ek indarrean dituen estatutuak.

- Vital-en azken hiru ekitaldietako urteko kontuak eta kudeaketa-txostenak, baita kontuen ikuskapen-txostenak ere.

Aurkeztutako idazkia eta dokumentazioa aztertu dira, eta honako hauek hartu dira kontuan:

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2011ko ekainaren 30ean, Vital-ek, Guipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak («Kutxa»), Bilbao Bizkaia Kutxa Aurrezki Kutxa eta Bahitetxeak eta Bankuak Integrazio Kontratua izenekoa sinatu zuten (kutxa horien finantza-negozio guztia Bankuaren alde bereizi ondoren taldea eratu eta arautzeko). Kontratu hori Integrazio Kontratuaren Berritze Aldarazlearen kontratua izenekoaren bitartez aldatu zen. Kontratu biak hiru kutxetako Batzar Orokorretan onetsi ziren.

Bigarrena.- Vital-en Batzar Orokorraren erabakien arabera, Kutxak erabaki du, Integrazio Kontratua onesteaz gain, estatutuak aldatzea eta kutxaren finantza-jarduera bereiztea, bankuaren alde, Bereizteko Proiektuan azaldutakoaren arabera.

Estatutuen aldaketak Ogasun eta Finantzetako 2011ko abenduaren 16ko Ebazpenaren bidez onetsi dira.

Hirugarrena.- Zehatz-mehatz, besteak beste, honako erabaki hauek hartu ditu Batzar Orokorrak 2011ko irailaren 16an:

- Kutxak finantza-jardueraren zeharkako garapena egitea, 11/2010 Errege Lege Dekretuaren 5.4 artikuluan aurreikusitakoa betez.

- Vital Bankuaren alde Bereizteko Proiektua onestea, 2011ko ekainaren 30eko datarekin.

- Kutxa Bankuaren alde bereiztea onestea, Bereizteko Proiektuaren arabera.

- 2011ko ekainaren 30ean sinatutako Integrazio Kontratua onestea. Ondoren, 2011ko urriaren 20an, Vital-en Batzar Orokorrak, Integrazio Kontratuaren Berritze Aldarazlearen Kontratua onetsi zuen.

- Kutxaren estatutuak aldatzea, finantza-jardueraren Bankuaren bitartezko zeharkako garapenaren oinarrizko baldintzak sartzeko beharrezkoa den ataletan.

- Aplikatu beharreko araudiak onartzen duenean, Sozietateen gaineko Zergaren kontsolidazio-erregimenari heltzea, Arabako Lurralde Historikoko 24/1996 Foru Arauaren VIII. tituluko IX. kapituluan azaldutakoaren arabera, eta bereizketa azaldutakoaren arabera eginez gero, Bizkaiko Lurralde Historikoko 3/1996 Foru Arauan azaldutako Sozietateen gaineko Zergaren kontsolidazio-erregimenari heltzea.

Laugarrena.- Taldea kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri gisa hartzeko bidezko baimena eskatu zaio Espainiako Bankuari, 13/1985 Legearen 8.3.d) artikulua betez.

Bosgarrena.- Kutxen aktibo eta pasiboak Banco Bilbao Bizkaia Kutxa SAU bankuaren alde Bereizteko Proiektuei Espainiako Bankuaren Batzorde Betearazleak 2011ko abenduaren 5ean emandako aldeko txostena dago sailean.

Seigarrena.- Era berean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza Zuzendaritzaren aldeko txostena ere badago espedientean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.26 eta 18.2 artikuluek diotenez, Euskal Autonomia Erkidegoak aurrezki-kutxei buruzko eskumen esklusiboa du esleituta, Estatuak kredituaren eta banketxeen antolamenduaz ezar ditzan oinarrien eta diru-politika orokorraren esparruan, baita kredituaren antolamenduari, bankuei eta aseguruei buruzko gaiotan oinarri-arauak legez garatzeko, eta bere lurraldean betearazteko ere.

Bigarrena.- Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta zereginak ezartzen dituen urriaren 20ko 568/2009 Dekretuaren 11.1 artikuluaren 1.b) atalak honako hau esleitzen dio Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari, Finantzen arloan: «Autonomia-erkidegoaren eskumenetatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen antolaketa, dependentzia-araubidea eta lege-araubidearekin lotutakoak, zehazki, baimena ematea, onestea eta kontzesioak ematea behar dutenak».

Hirugarrena.- Babes Sistema Instituzionaleko partaidetzak (Integrazio Kontratua) bete egiten ditu Inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei, eta finantza-bitartekarien informazio-betekizunei buruzko 13/1985 Legearen 8.3 artikuluak eta babes-sistema instituzionalei buruzko araudi osagarriak eskatutako baldintzak.

Laugarrena.- Kutxaren gobernu-organoek hartutako erabakiek bete egiten dituzte erabakiak hartzeko botoen eta eraketa quorumaren inguruko legezko formalitate eta baldintzak.

Bosgarrena.- Bereizitako aktibo eta pasiboen titulartasunaren ekarpena egiteko aukeratu den egitura juridikoari dagokionez, Merkataritza-sozietateen egitura-aldaketei buruzko 3/2009 Legearen 49. eta 52. artikuluetan bat-egite berezietarako aurreikusitako araubidearen araberako bereizketa izan da. Horixe aplikatu behar da, oro har, zatiketetarako, 73. artikuluak eta Hirugarren Xedapen Gehigarriak diotenaren arabera. Halaber, bete egin da Bereizteko Proiektua Merkataritza Erregistroan gordailatzeari buruzko betebeharrak, baita bereizteko erabakia argitaratzeari buruzkoak ere, aipatutako 3/2009 Legearen 32. eta 43. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Seigarrena.- Aurreko oinarri juridikoan esandakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko Legearen 7.2 artikuluan bat-egiteetarako xedatutakoa aplikatu behar da, administrazio-baimenaren ondoreetarako. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko 7.2 artikuluan xedatutakoa, baita 13. eta 15. artikuluetan xedatutakoa ere, bete da, eragindakoen eskubide eta bermeak seguru daudelako eta gizarte-ekintzarekin jarraitzeko aukera ematen delako, aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatu denez.

Aurrekariak, berariazko araudia eta aplikatu beharreko gainerako legeria orokorra, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu dira, eta Espainiako bankuaren aldeko txostena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Baimena ematea Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxaren («Vital») aktiboak eta pasiboak Bilbao Bizkaia Kutxa SAU bankuaren alde bereizteko, horixe baita aipatutako biek, BBK eta Kutxarekin batera eratzen duten Babes Sistema Instituzionaleko erakunde nagusia, Batzar Orokorrak adostutakoaren arabera eta Integrazio Kontratuan adierazitakoaren arabera (finantza-negozioa bereizi ondoren taldea arautzeko).

Bigarrena.- Ebazpen hau Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan inskribatuko da.

Hirugarrena.- Ebazpen hau erakunde interesdunari jakinarazi beharko zaiola xedatuko da.

Laugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, baita lurralde horretan gehien sartzen diren egunkarietan ere.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Finantzetako sailburuordeari edo Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 16a.

Ogasun eta Finantzetako sailburuordea,

MARÍA MANUELA ESCRIBANO RIEGO.


Azterketa dokumentala