Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Herrizaingo Saila
6343

AGINDUA, 2011ko abenduaren 14koa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako 2012. urteko laguntzak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko lege-proiektuan, aurrekontu-partida bat jasota dago, terrorismoaren biktimei arreta eta babesa ematen duten elkarteentzako diru-laguntzak arautzeko.

Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduaren bidez, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautu ziren. Agindu horren 6. artikuluan ezartzen denez, Herrizaingoko sailburuak laguntzetarako deia egingo du urtero, eta dei hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Deialdian zehaztu behar da zer baliabide bideratuko diren urtero laguntza horietara, bai eta nola egongo diren banatuta ere baliabide horiek, programa-moten artean eta diru-laguntza jaso dezaketen jardueren artean.

Ondorioz, Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen bidez, terrorismoaren biktimei laguntzeko programak eta jarduerak finantzatzeko laguntzerako dei egiten da. Programa eta jarduera horiek 2012. urtean gauzatuko dira, eta gehienbat terrorismoaren biktimen edo giza eskubideen arloan aritzen diren erakunde eta elkarteek sustatuko dituzte, hala baitator ezarrita Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzeko Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduan.

2. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.- Eskabideak eta hurrengo atalean aipaturik dagoen dokumentazioa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan aurkeztu behar dira, bertara joanez, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan aurkeztu beharko dira. Bide telematikoak erabiliz ere aurkeztu ahal izango dira, honako egoitza elektroniko honetan:

http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-victimas/es/contenidos/enlace/ enlace_ayudas/es_enlaceay/enlace_ayudas.html.

Eskabide-eredua agindu honen eranskin gisa agertzen da, eta lehen aipatutako ULR egoitza elektronikoan ere eskura daiteke, non jaso baitaitezke laguntza horiek izapidetzeko bide telematikoak erabiltzeko argibideak.

3.- Eskabide normalizatua behar bezala beteta aurkeztuko da, eta horrekin batera, honako agiri hauek:

a) Erakunde eskatzailearen izenean eskabide sinatzen duen pertsona nor den egiaztatzen duen agiria.

b) Terrorismoaren biktimen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako terrorismo-ekintzen biktima diren elkarteko kideen kopurua egiaztatzen duen agiria, bai eta biktima horien lehen mailako senitartekoen kopurua ziurtatzen duena ere.

c) Honako hauek zehazten duen proiektuaren memoria:

- Helburua.

- Metodologia.

- Lan-prozedura.

- Proiektua norentzat duen eta zein ezaugarri dituen.

- Partehartzaile-kopurua.

- Erakundeko zein pertsonak garatuko duten proiektua, eta, hala badago, zein pertsona kontratatuko dituzten horretarako.

- Non garatuko den.

- Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko erabiliko diren kontrol-bideak.

- Erakunde eskatzaileak eskabidea barematzeko egoki iritzitako beste edozein informazio, agindu arautzailearen 10.3 artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Eskabidean baloratu beharreko irizpideren bati buruz informaziorik ematen ez bada, irizpide horrek 0 puntu izango du.

d) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehaztua, honako hauetatik datozen ekarpen ekonomikoak berariaz aipatuz:

- Erakunde eskatzailea.

- Proiektuaren hartzaileak.

- Beste erakunde pribatu batzuk.

- Beste edozein administrazio publiko.

4.- Nolanahi ere, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

3. artikulua.- Diru-zenbatekoa.

1.- Agindu honen dotazio ekonomikoa berrehun eta hirurogei mila eurokoa izango da. Diru horren erdia laguntza horiek arautzeko Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduaren 10.1 artikuluan ezarritako prozeduretako bakoitzarentzat izango da. Prozeduraren batean emandako diru-laguntzen zenbatekoak prozedura horri esleitutako dotazioa agortzen ez badu, soberako baliabide ekonomikoak beste prozedurari gehituko zaizkio.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, prozedurak ebazteko eta diru-laguntzak emateko garaian, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa badagoen ala ez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 14a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala