Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2011ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6339

AGINDUA, 2011ko azaroaren 30ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatutako datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dituena.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2005eko ekainaren 20ko Aginduak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak kudeatutako datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautu zituen (2005eko abuztuaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 159. zk.). Gerora, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren bi Aginduk aldatu zuten agindu hau: 2007ko irailaren 24koak, eta 2008ko uztailaren 4koak.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuaren 2005eko martxoaren 23ko Aginduak, berriz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautu zituen (2005eko maiatzaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 96. zk.).

Bi xedapen horiek lege nagusi baten babespean eman ziren: abenduaren 13ko 15/1999 Legea, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa. Lege horrek 20.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratutako xedapen orokorraren bidez bakarrik sortu, aldatu edo ezaba daitezke Administrazio Publikoetako fitxategiak. Artikulu beraren 3. paragrafoan adierazten da fitxategiak ezabatzeko ematen diren xedapenetan fitxategi horiek non desegingo diren eta, fitxategia suntsitu behar bada, fitxategi horiek suntsitzeko hartutako neurriak zein diren. Abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak, berriz, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatuko duen erregelamendua onartzen duenak, 53.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, fitxategiaren erantzuleak autonomia-erkidegoak edo toki-erakundeak badira, edo haiei loturiko edo haien menpeko entitate edo organismoak badira, edo unibertsitate publikoak badira, edo autonomia-erkidegoenak izanagatik ere estatua osatzen duten organoen pareko eginkizunak betetzen dituzten organoak baldin badira, halakoetan berariazko legeetan jartzen duena bete beharko da.

Hala, otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoak (2004ko martxoaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 44. zk.), eta urriaren 18ko 308/2005 Dekretuak, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Eusko Legebiltzarreko 2/2004 Legea garatzen duenak, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatu edo ezabatzeko egindako eragiketen berri emango diote Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, Datuak Babesteko Erregistroan inskripzioa egiteko. Horretarako, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak 2005eko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez onartutako eredu normalizatuaren bidez, sortu, aldatu edo ezabatzeko xedapen edo ebazpenaren kopia bidali beharko da (2005eko abuztuaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 165. zk.).

Arauzko xedapen hau sailaren egitura berriko datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzeko eta eguneratzeko helburuz egin da.

Adierazitakoaren ondotik, zera

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Fitxategi automatizatuak.

1.- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatutako datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzea (fitxategi horiek Aginduaren I. eranskinean jasota daude), eta II. eranskineko fitxategiak ezabatzea. Hemen araututako fitxategien araubide juridikoa lege hauek osatzen dute: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoak (LOPD); eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoak.

2.- I. eranskinean araututako fitxategiek jasotzen duten informazioa abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak 54.1 artikuluan eskatutakoa da (Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatuko duen erregelamendua onartzen duenak). Artikulu horrek, berriz, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoak, 20.2 artikulua garatzen du.

2. artikulua.- Segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

Fitxategi bakoitzaren ardura duten organoen titularrek behar diren neurriak hartuko dituzte, fitxategi horiek euren xederako erabiliko direla eta datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko, eta aldatzea, galtzea, baimenik gabe tratatzea edo datuetan sartzea saihesteko. Gainera, abenduaren 13ko 15/1999 Legean eta indarrean dauden gainerako arauetan aitortutako bermeak, betebeharrak eta eskubideak eraginkor egiteko neurriak hartuko dituzte.

3. artikulua.- Fitxategien xedea eta datuak lagatzea.

1.- Agindu honen xede diren fitxategiak, eranskinean adierazitako helburuak betetzeko erabiltzeaz gain, estatistikak egiteko ere erabiliko dira.

2.- Fitxategietako datuak Administrazio Publikoetako estatistika-zerbitzuei laga dakizkieke, antolamendu juridikoak emandako funtzioak bete ditzaten. Gainera, beste administrazio publikoei ere laga dakizkieke, betiere fitxategien kudeaketaz arduratzen den administrazioaren (Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila) eskumen berberak badituzte edo arlo berekoak badira.

4. artikulua.- Lankidetza-hitzarmenak.

1.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu izaera pertsonaleko datuak tratatzeko, betiere 15/1999 Lege Organikoak datuen titularren bermeei eta babesari buruz adierazten duena zehatz-mehatz beteta.

2.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren izenean dihardutela, izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatuko zerbitzuak betetzen dituztenek, Tratamenduaren erantzulearen jarraibideak errespetatuta bete beharko dituzte beren zereginak, eta hala jasota geratuko da helburu horretarako egiten den lankidetza-hitzarmenean; ezingo dituzte, beraz, beste helbururen baterako aplikatu edo erabili, edo beste pertsona batzuei komunikatu, ezta datuen kontserbaziorako bada ere, betiere, aipatutako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 12. artikuluan xedatzen denaren arabera.

5. artikulua.- Datuen aurka egiteko, datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak gauzatzea.

Fitxategi automatizatuetan daturen bat dutenek aukera daukate datuon aurka egiteko, datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bidezkoa baldin bada. Horretarako, Agindu honetako eranskinean adierazten da fitxategi automatizatu bakoitzari zein unitate edo zerbitzu dagokion, bertara jotzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzean, indargabetuta geratuko dira ondorengoak: 2005eko ekainaren 20ko Agindua, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatutako datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dituena (2005eko abuztuaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 159. zk.); eta 2005eko martxoaren 23ko Agindua, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena (2005eko maiatzaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 96. zk.).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetako eranskinean jasotako datu pertsonalen fitxategi automatizatuen berri emango dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, Datuak Babesteko Erregistroan inskribatu ditzan. Horretarako, Bulegoak helburu horrekin eginiko eredu normalizatua eta agindu honen kopia bat beharko dira.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 30a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala