Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2011ko abenduaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 Zenbakiko Epaitegia
6224

EDIKTUA, garai bereko behin-behineko neurriei buruzko 60/11 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: MPC-60/11.

Demandatzailea: Beatriz Martinez Sernandez.

Abokatua: Maria Aranzazu Azurza Fernandez.

Prokuradorea: Eider Mujika Agirre.

Demandatua: Leobardo Jarquin Jarquin.

Gaia: garai bereko behin-behineko neurriak.

Aipatu judizioaren gainean autoa eman da; hona hemen xedapen-zatia:

ERABAKITZEN DUT:

Prozedura nagusiarekin batera, behin behineko ondorio eta neurri hauek onartzea:

1.- Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. Alaba adingabea Beatriz Martínez Sernández andrearekin eta haren jagoletzapean geratuko da.

2.- Guraso-ahala baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Guraso biek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokiena duten komunikazio-bidea hautatu beharko dute; hala egin ondoren, errespetatu eta bete egingo dute. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea, eta ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Zaintza ez duen gurasoari aitortu egiten zaio adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, alabaren tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango ditu.

Alabarekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.

3.- Bisita-erregimena, komunikazioak eta bisitak. Alaba adingabearekiko aitaren egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimena, amak eta aitak libreki erabakiko dute, betiere alabaren alde eginda; gurasoei eskatzen zaie alderdi horiei buruzko akordioak lor ditzaten.

Adostasunik ez bada, egonaldi-erregimena honela finkatuko da: asteburu bitik behin -aurrerago zehaztuko den moduan-, eta Gabonetako, Aste Santuko eta udako eskola-oporraldietako lehen aldia, urte bakoitietan, eta bigarrena, urte bikoitietan. Hala ere, aita Espainiara itzuli eta lehenengoz bisita-eskubidea eskatzen duenean, bisitak pixkanaka egokitu egingo dira. Hala, hasieran, Donostiako elkargunean gainbegiratuko dira bisitak, hilean asteburu batean egingo dira, larunbat edo igandean, eta ordubetekoak izango dira; lehenengo bi hilabeteak igaro ondoren, hilean bi asteburutan egingo dira, larunbat edo igandeetan, eta hiru ordukoak izango dira; azkenik, lau hilabete igarotakoan, ohiko erregimena aplikatuko da, honako era honetan:

Asteburuetan, hain zuzen, ostiraletan ikastetxetik ateratzen denetik igandeko 20:00ak arte; eta hala asteburuari eskolarik gabeko egunen bat lotzen bazaio, ikastetxetik ateratzen den ordutik eskolari gabeko azken eguneko 20:00ak arte. Aparteko jaiak honako honi dagozkio: adingabekoak norekin ez duen igaroko hurrengo asteburua, harexeri.

Parteen arteko adostasunik ez bada, Gabonetako oporraldiaren lehen zatia azken eskola eguneko 20:00etan hasi eta abenduaren 30eko 20:00etan bukatuko da; bigarren zatia, berriz, abenduaren 30eko 20:00etan hasiko da eta eskolarik gabeko azken egunean bukatuko.

Parteen arteko adostasunik ez bada, Aste Santuko oporraldiaren lehen zatia (Aste Santua bera) azken eskola eguneko 20:00etan hasi eta Pazko Asteleheneko 20:00etan bukatuko da; bigarren zatia (Pazko Astea), berriz, Pazko Asteleheneko 20:00etan hasiko da eta eskolarik gabeko azken eguneko 20:00etan bukatuko.

Parteen arteko adostasunik ez bada, udako oporraldiaren lehen zatia azken eskola eguneko 20:00etan hasi eta uztailaren 31ko 20:00etan bukatuko da; bigarren zatia, berriz, uztailaren 31ko 20:00etan hasiko da eta eskolarik gabeko azken eguneko 20:00etan bukatuko.

Bisita-erregimena, aste birik behingoa, bertan behera geratuko da Gabonetako, Aste Santuko eta udako oporretan zehar. Oporraldien ostean, azken oporraldia egokitu ez zaion gurasoarengandik hasiko da asteburuetako bisita-erregimena.

Familiako jazoeretan, hala nola, jaunartze, bataio, ezkontza eta abarretan, laugarren graduko ahaidetasunera artekoetan, bisita-egutegia aldatu ahal izango da, hain zuzen ere adingabekoa halako ekitaldietan izan dadin tokatzen den familiarekin; aldaketa hori astebeteko aurrerapenaz jakinarazi beharko zaio beste gurasoari, eta hurrengo epealdian errekuperatuko da aldaketa.

Adingabekoa jasotzeko eta beste gurasoari entregatzeko, gurasoek bere konfiantzako pertsona arduratsu bat erabil dezakete. Ezarritako bisita-erregimenari dagokionez, adingabekoa jaso edo entregatzean aurreikusi gabeko atzerapenak edo ez-betetzeak gertatuz gero, aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio beste gurasoari.

Adostasunik ez bada ere, alaba adingabekoarekiko komunikazio-erregimenak, jagoletza ez duen gurasoarenak, baimendu eginen du telefonoz, gutunez edo hartarako beste edozein bitartekoaz hartu-emanak izatea, betiere fede onez jokatzekotan eta ikasteko, jolaserako eta atsedenerako ordutegiak errespetatuz. Halaber, ahalbidetu egingo du gaixoaldietan hartu-emanak izatea, gaixoa den leku hartan, betiere fede oneko jokabideekin bat etorriz. Bisita- eta komunikazio-erregimen hau jagoletza duen gurasoari ere aplikatuko zaio, adingabeko alaba berarekin ez badago.

4.- Elikadura-pentsioa. Jagoletza ez duen gurasoak XXX adingabeko alabaren mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte. Pentsio hori hilean 100 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio jagoletza duen gurasoari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; lehen eguneratzea 2012ko urtarrilaren batean gauzatuko da.

Jagoletza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Independentzia ekonomikorik ez duen bitartean alabak dituen aparteko gastuak erdi bana ordainduko dituzte aitak eta amak, betiere ados badaude eta agiri bidez hala egiaztatzen badute; adostasunik ez bada, bai kasuan batean eta bestean, epailearen aldez aurretiko baimena beharko da. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazi asmorik gabe, honako hauek izan daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, edozein gaixotasun fisiko edo mentalari lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.

Egin beharreko gastua medikoa bada, Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdi bana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostuta erabakiko dira.

Hemen hitzartutako ondorio eta neurriak indarrik gabe geldituko dira, epai baieslean adierazitakoak haien ordez ezartzen direnean, edo prozedura nagusiari beste bide batetik amaiera ematen zaionean.

Ebazpen hau betearazteko aldian, alderdiek bete beharrekoak bete ezean, ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko beharrezko bermeak eta kautelazko neurriak hartuko dira (Kode Zibila, 103.3 artikulua).

Alderdi bati ere ez zaio ezartzen prozesuko kosturik.

Leobardo Jarquin Jarquin demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskura du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.

Donostia-San Sebastián, 2011ko urriaren 28a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala