Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2011ko abenduaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6209

EBAZPENA, 2011ko urriaren 20koa, Hezkuntzako sailburuordearena. Honen bidez, heldutasun-probetarako deialdia egiten da, Arte Plastiko eta Diseinuko Erdi- eta Goi-mailako Lanbide-ikasketetan, Erdi- eta Goi-mailako Kirol-ikasketetan eta Musikako Graduko Goi-mailako Arte-ikasketetan eta Diseinuko Graduko Goi-mailako Arte-ikasketetan sartzeko ezarritako baldintzak egiaztatzeko 2012-2013 ikasturterako.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hezkuntzari buruzkoak, honela definitzen ditu, I. tituluko VI. kapituluan, ikasketa artistikoak: ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa ematea eta etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatzea helburu dutenak. Arte-ikasketei buruzko kapitulu horrek, halaber, ikasketa horien antolamendua, bateragarritasunak, antolaketa eta sarrera-baldintzak arautzen ditu.

Hain zuzen ere, baldintza akademikoak zehaztu ostean, puntu horri buruz zehazten du, bigarren atalean, arte plastiko eta diseinuko lanbide-ikasketei buruzkoan, erdi- eta goi-mailako ikasketa horietan sar daitezkeela baldintza akademikoak betetzen ez dituzten ikasleak, baldin eta hezkuntza-administrazioak araututako sarrera-proba gainditzen badute (52.3 artikulua).

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organiko horren VIII. kapituluak, berriz, honela definitzen ditu kirol-irakaskuntzak: ikasleei kirol-modalitate edo -espezialitate bateko lanbide-jardueran aritzeko prestakuntza ematea helburu dutenak.

Ikasketa horiek egiteko sarbideari dagokionez, 64.3 artikuluak xedatzen du erdi-eta goi-mailatan sar daitezkeela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulurik edota Batxilergoko titulurik ez duten ikaslegaiak, baldin eta hezkuntza-administrazioek araututako sarrera-proba gainditzen badute.

Halaber, arte plastiko eta diseinuko lanbide-irakaskuntzak erdi-mailako zikloetan eta goi-mailako zikloetan egituratuta daude, eta, horrenbestez, baldintza akademiko berdinak bete behar dira haietara sartzeko.

Unibertsitatekoak ez diren goi-mailako irakaskuntzen esparruan, hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluko VI. kapituluaren 3. atala goi-mailako irakaskuntza artistikoei buruzkoa da, eta bere xedea da musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak (54. artikulua) eta arte plastiko eta diseinuko goi-mailako ikasketak (57. artikulua) arautzea, besteak beste.

Sarbideari dagokionez, 69.5 artikuluak xedatzen du, oro har, 19 urtetik gorakoak zuzenean sartzeko aukera dutela, hezkuntza-administrazioek araututako eta antolatutako berariazko proba gaindituz gero. Proba horrek ziurtatu behar du batxilergoko helburuen araberako heldutasun-maila duela ikasleak eta egin asmo dituen ikasketei probetxu ateratzeko ezaupideak, trebetasunak eta gaitasunak dituela.

Hori garatzeko, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak -Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Diseinuko Graduko goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duenak- 5.2 artikuluan, sartzeko moduari eta probei buruzkoan, ezartzen duenez, hemeretzi urtetik gorakoek aipatutako 12. artikulu horretan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, hezkuntza-administrazioek proba bat arautu eta antolatuko dute, izangaiek egiazta dezaten batxilergoko helburuetan heldutasun nahikoa dutela, eta ikasketa horiek probetxuz ikasteko behar diren jakintza, trebetasun eta gaitasunak ere bai. Proba hori gainditzeak balio iraunkorra izango du goi-mailako arte-ikasketetan sartzeko Estatu osoan.

Idazkera hori maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuko 5.2 artikuluan errepikatzen da. Errege-dekretu horren bidez arautu egiten da Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan, maiatzaren 3koan, ezarritzen diren Musikako Graduko goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia.

Laburbilduz, eta kontuan hartuta aipatutako ikasketa horiek guztiek berezitasun berdina dutela (baldintza akademikoen ordezko heldutasun-proba izatea, alegia), eta oinarrizko arauan zehaztutakoaren ondorioz hezkuntzaren alorreko eskumena duten administrazioei dagokiela heldutasun-proba antolatzea, hezkuntza-administrazio honek irizten dio irizpideak bateratu behar direla, heldutasun-probaren zati komunaren prozeduren, helburuen, edukien eta ebaluazioaren alorrean, aipatutako egoeran dauden ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren edo Batxilergoaren pareko maila dutela egiaztatzeko.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuordeak hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.- Arauaren xedea.

Ebazpen honen bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluaren edo Batxilergo-tituluaren ordezko heldutasun-probak deitu eta antolatzen dira xedatutako baldintza akademikoak betetzen ez dituztenentzat, 2012-2013 ikasturtean honako ikasketa hauetan sartzeko: Arte Plastiko eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetan, Kirol-irakaskuntzetan, aldi baterako kirol-prestakuntzen I. eta III. mailetan eta Musikako Graduko goi-mailako Arte-irakaskuntzetan eta Diseinuko Graduko goi-mailako Arte-irakaskuntzetan.

Bigarrena.- Proben eragina.

1.- Erdi-mailako Arte plastiko eta diseinuko lanbide-ikasketak, erdi-mailako kirol-ikasketak eta aldi baterako kirol-prestakuntzen I. mailako ikasketak egiten hasteko behar den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluaren ordezko heldutasun-probaren helburua da egiaztatzea ikasketei probetxu ateratzeko ezaupide eta trebetasun nahikoa dutela ikaslegaiek.

2.- Heldutasun-probaren helburua da egiaztatzea Batxilergoko baldintzak betetzen dituztela Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako lanbide-ikasketetan, Goi-mailako Kirol-ikasketetan, Kirol-ikasketen III. mailan, Musikako Graduko goi-mailako Arte-ikasketetan eta Diseinuko Graduko goi-mailako ikasketetan sartzeko.

3.- Aipatutako maila akademikoen ordezko heldutasun-proba gaindituz gero, baliozkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, eta dagozkion ikasketak egiteko aukera emango du (arte plastiko eta diseinuko lanbide-ikasketak, kirol-prestakuntzak, edota musikako nahiz arte plastiko eta diseinuko goi-mailako ikasketak) betiere sarrerako berariazko proba gainditu ostean.

4.- Musikako edo Diseinuko Graduko Goi-mailako Arte-ikasketen kasu zehatzean, proba hori gainditzeak balio iraunkorra izango du goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko Estatu guztian, beti ere maiatzaren 14ko 631/2010 5.2 artikuluan eta maiatzaren 633/2010 Errege Dekretuko 5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.- Proba horiek ez dute balio ikasketak baliozkotzeko, homologatzeko edo lanbide-gaikuntza egiaztatzeko, eta ez dira titulu akademikoen baliokide.

Hirugarrena.- Hartzaileak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluaren eta batxilergo-tituluaren ordezko heldutasun-probak egin ahal izango dituzte honako ikasketa hauetan sartzeko oinarrizko arauetan xedatutako baldintza akademikoak betetzen ez dituztenek:

a) Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-ikasketak.

b) Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak araututako kirol-ikasketak. Dekretu horren bidez erregimen bereziko kirol-ikasketen antolaketa orokorra ezartzen da, bai eta Errege Dekretu horren aldi baterako hirugarren xedapenean aurreikusitako aldi baterako kirol-prestakuntzena ere.

c) Musikako Graduko goi-mailako Arte-irakaskuntzak.

d) Diseinuko Graduko goi-mailako Arte-irakaskuntzak.

e) Abenduaren 16ko ECD/3310/2002 Aginduak (abenduaren 30eko BOE) araututako aldi baterako kirol-prestakuntzak, salbu aipatutako 1363/2007 Errege Dekretuaren aldi baterako hirugarren xedapenean zehaztutako alderdietan.

Laugarrena.- Parte hartzeko baldintzak.

1.- Erdi-mailako Arte plastiko eta diseinuko lanbide-ikasketetan, Erdi-mailako kirol ikasketetan eta I. mailako kirol-ikasketetan sartzeko ordezko probetan parte hartu ahal izango dute betekizun akademikoak betetzen ez dituzten eta honako baldintza hauetako bat betetzen duten pertsonek:

a) Gutxienez hamazazpi urte izatea, edota adin hori proba egiten den urte naturalean betetzea.

b) Egiaztatzea proba egiteko unean urtebeteko lan-esperientzia duela, gutxienez.

2.- Arte plastiko eta diseinuko lanbide-ikasketetan eta/edo goi-mailako kirol-ikasketetan, Musikako Graduko goi-mailako arte-ikasketetan, Diseinuko Graduko goi-mailako Arte-ikasketetan eta/edo III. mailako aldi baterako kirol-prestakuntzan sartzeko ordezko probetan parte hartu ahal izango dute betekizun akademikoak betetzen ez dituzten eta honako baldintza hauetako bat betetzen duten pertsonek:

a) Gutxienez hamazazpi urte izatea, edota adin hori proba egiten den urte naturalean betetzea.

b) Arte plastiko eta diseinuko teknikari-titulua eta/edo kirol-teknikari titulua izatea eta hemezortzi urte izatea, edota proba egiten den urte naturalean betetzea.

Kirol-irakaskuntzen kasuan, a) eta b) puntuetan azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte izangaiek.

Ebazpen honetan araututako probetarako izena emateko unean, b) puntuan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatu behar da.

Bosgarrena.- Salbuespenak.

1.- Erdi-mailako ikasketak.

Puntuko ikasketetako erdi-mailan sartzeko heldutasun-probarik ez dute egin beharko Arte Plastiko eta Diseinuko edo Lanbide Heziketako erdi-mailako heziketa-zikloetako sarrera-probaren zati komuna gainditu dutenek, edo 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gainditu dutenek.

2.- Goi mailako ikasketak.

Goi-mailako ikasketetan sartzeko heldutasun-probarik ez dute egin behar arte plastiko eta diseinuko edo Lanbide Heziketako erdi-mailako heziketa-zikloetako sarrera-probaren zati komuna gainditu dutenek, edo 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gainditu dutenek.

3.- Halaber, probaren alorreko irakasgaien bat gaindituta dutenek (DBHko 4. mailakoa, erdi-mailako ikasketak egiteko; eta Batxilergoko 2. mailakoa, goi-mailako ikasketak egiteko) ez dute horren azterketarik egin behar, eta baliozkotuta dutela joko da. Horretarako, matrikulatzeko unean aurkeztu behar da dagokion egiaztagiria.

Seigarrena.- Sarrera-probetarako izena ematea.

1.- Ebazpen honen bidez deitzen diren probetarako izena emateko epea 2012ko martxoaren 1etik apirilaren 4ra artekoa izango da, eta Gasteizko IES Mendebaldea BHIn eman beharko da izena.

2.- Dokumentazio hau aurkeztu behar izango da:

a) Izen-emateko eskabidea, I. eranskinean ageri den eredu normalizatuaren araberakoa.

b) Nortasun-agiriak edota beste ziurtagiriak.

c) Gainera, Kirol-ikasketen goi-mailara edo kirol-prestakuntzako III. mailako ikasketak egin nahi dituztenek erdi-mailako edo II. mailako ikasketak gainditu dituztela egiaztatzen duen agiria edo hura eskatu izanaren frogagiria aurkeztu behar dute.

d) Ordainketa egin izanaren frogagiria.

3.- Gutxitasunen bat izateagatik ikaslegaiek sarrera-proba egiteko denbora edota bitartekoen bat egokitzea behar badute, eskatu egin beharko dute izena emateko unean.

Zazpigarrena.- Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

1.- Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak apirilaren 17an argitaratuko dira IES Mendebaldea BHIko web orrian (www.mendebaldea.net).

2.- Zerrendan baztertutako eskabiderik balego, erabaki horren arrazoiak adieraziko dira.

3.- Zerrenden aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira argitaratu eta 48 orduko epean.

4.- Erreklamazioak ebatzi eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira, 24 ordu igaro baino lehen.

Zortzigarrena.- Prezio publikoa ordaintzea.

1.- Proba hauek erregimen bereziko irakaskuntzetan sartzeko proben funtsezko zatia direnez, 2011ko ekainaren 15eko Aginduak -Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ematen dituen zerbitzuen prezio publikoak ezartzen dituenak- xedatutakoaren arabera:

- 26,60 euro ordaindu behar dituzte deialdian parte hartzen duten ikaslegaiek sarrera-probaren prezio publiko gisa 3035-0258-01-2580900015 kontu korrontean.

- Ordainagirian, proba egingo duen ikaslearen izena eta bi abizenak jasoko dira.

- Zehaztu egingo da « IES Mendebaldea BHI/heldutasun-proba» kontzeptua.

2.- Heldutasun-proba hori gainditu ondoren, proba espezifikoak egin behar dutenek ez dute berriro ezer ordaindu behar izango.

Bederatzigarrena.- Probak egiteko lekua eta data.

Probak 2012ko maiatzaren 25ean egingo dira, seigarren artikuluaren lehenengo puntuan adierazitako ikastetxean. Gainerako zehaztasun guztiak adierazitako ikastetxearen web orrian azalduko dira izena emateko epea amaitu eta gero.

Hamargarrena. Probak egiteko hizkuntza.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza koofizialetako batean soilik egin ahal izango da proba, atzerriko hizkuntzari dagokion ariketa salbu, dagokion atzerriko hizkuntzan egingo baita zati hori.

Hamaikagarrena.- Erdi-mailako kirol-prestakuntzako, aldi baterako kirol-prestakuntzen edota Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetan sartzeko heldutasun-proben egitura.

1.- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunei buruzkoa izango da, eta dagokien zikloko ikasketei probetxu ateratzeko adina ezaupide eta gaitasun dituztela ziurtatzeko aukera emango die ikasleei.

2.- Bai proban agertuko diren edukien bai ebaluazio-irizpideen erreferentzia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma izango da. Urriaren 16ko 175/2007 Dekretuak xedatu eta ezarri zuen Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma Euskal Autonomia Erkidegoan (2007ko azaroaren 13ko EHAA).

3.- Probak lau gai izango ditu:

a) Matematika.

b) Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia.

c) Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa.

d) Euskara eta Literatura edo Gaztelania eta Literatura.

4.- Atal horietatik hiru aukeratu beharko ditu ikaslegaiak, eta proposatutako ariketak idatziz egin. Atal bakoitza burutzeko, ordubete izango du gehienez. Ariketa horien bidez ebaluatuko dira: Bigarren Hezkuntzako curriculumeko arlo horiei buruzko heldutasuna eta ezagutza-maila, ikaslegaiaren heldutasun-maila kontzeptuak egoki ulertzeko, hizkuntzaren erabilpena, eta analisirako eta sintesirako gaitasuna.

5.- Zati teorikoa eta zati praktikoa izango dute probek. Lehenengoan, gai-zerrendako galderak egingo dira. Bigarrenean, berriz, beste testu edo ariketa batzuk jarriko dira, iruzkina egiteko edo ariketa bera egiteko.

6.- Proba prestatzen laguntzeko, 2010-2011 ikasturteko deialdian jarritako galderak kontsultatu ahal izango dira. Adibide horiek IES Mendebaldea BHIko web orrian azalduko dira: www.mendebaldea.net.

7.- Ikaslegaiak ez badu heldutasun-proba gainditzen kanporatuta geratuko da, eta ez du izango berariazko sarrera-proba egiteko inongo aukerarik.

8.- Ebazpen honen V. eranskinean azaltzen dira erdi-mailako ikasketetan (1. puntuan azaltzen direnetan) edo kirol-prestakuntzako I. mailan sartzeko heldutasun-probaren edukiak.

Hamabigarrena.- Heldutasun-proben egitura, Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako ikasketetan, Kirol-ikasketako goi-mailako heziketa-zikloetan, aldi baterako kirol-prestakuntzetan, Musikako Graduko eta Diseinuko Graduko goi-mailako Arte-ikasketetan sarbide-probako berariazko zatietan sartzeko.

1.- Goi-mailako ikasketetan edo Goi-mailako Arte-ikasketetan sartzeko heldutasun-proben edukiak Batxilergoko curriculuma hartuko du erreferentziatzat.

2.- Bai proban agertuko diren edukien bai ebaluazio-irizpideen erreferentzia Batxilergoko curriculuma izango da. Otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuak xedatu eta ezarri zuen Batxilergoko curriculuma Euskal Autonomia Erkidegoan (2009ko otsailaren 27ko EHAA).

3.- Probak hiru ariketa izango ditu:

a) Espainiako Historia edo Filosofiaren Historia.

b) Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa.

c) Euskara eta Literatura edo Gaztelania eta Literatura.

4.- Atal bakoitzean, proposatutako gaietatik bat aukeratuko du ikaslegaiak. Proba osoa egiteko, hiru ordu izango ditu, gehienez ere.

5.- Zati teorikoa eta zati praktikoa izango dute probek. Lehenengoan, gai-zerrendako galderak egingo dira. Bigarrenean, berriz, beste testu edo ariketa batzuk jarriko dira, iruzkina egiteko edo ariketa bera egiteko.

6.- Proba prestatzen laguntzeko, aurreko ikasturteko deialdietan jarritako galderak kontsultatu ahal izango dira. Adibide horiek IES Mendebaldea BHIko web orrian azalduko dira: www.mendebaldea.net.

7.- Ikaslegaiak ez badu heldutasun-proba gainditzen kanporatuta geratuko da, eta ez du izango berariazko sarrera-proba egiteko inongo aukerarik.

8.- Goi-mailako ikasketetan edo III. mailako kirol-prestakuntzetan sartzeko proben edukia ebazpen honen VI. eranskinean zehaztuta dago.

Hamahirugarrena.- Proben kalifikazioak.

1.- Ebazpen honen bidez deitutako probaren azken kalifikazioa ariketa bakoitzean lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da, bi dezimalekin adierazita, baldin eta kalifikazio guztiak 5 puntukoak edo gehiagokoak badira.

2.- Erdi-mailako irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko probetan, azken balioespena adierazteko Gai/Ez gai kalifikazioa emango da.

3.- Goi-mailako irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoen ordezko probetan, berriz, heldutasun-probaren azken kalifikazioa 0 puntutik 10 puntura bitarteko eskalaren bidez adieraziko da, bi dezimalekin.

4.- Ikaslegaia probako ariketaren batera aurkezten ez bada, ebaluazio-aktetan «EA» (ez aurkeztua) adieraziko da dagokion laukian, eta azken kalifikazioa adierazteko lekuan «Ez gainditua» jarriko da. Ikaslegaiak ariketa bakar bat ere egiten ez badu, azken kalifikazioa adierazteko lekuan «EA» jarriko da.

Hamalaugarrena.- Probaren emaitzak argitara ematea eta erreklamazioak aurkeztea.

1.- Behin-behineko emaitzak IES Mendebaldea BHIko web orrian argitaratuko dira 2012ko ekainaren 1ean.

2.- Behin-behineko emaitzak argitaratu (ekainaren 4 eta 5ean), eta 48 orduko epearen barruan egin ahal izango du erreklamazioa ikasleak. Erreklamazioa epaimahaiburuari zuzenduko zaio.

3.- Erreklamazio-epea amaitu eta hurrengo egun baliodunean, aurkeztutako erreklamazioari buruzko erabakia hartuko du epaimahaiak, eta interesdunari jakinaraziko dio.

4.- Hartutako erabakiarekin ados egon ezean, jakinarazpena jaso eta bi egun baliodunen epean interesdunak eska dezake erreklamazioa Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari bidaltzea. Haren ebazpena arrazoitua izango da, eta administrazio-bidea agortuko du.

5.- Erreklamazioen ebazpena eta behin-betiko zerrenda IES Mendebaldea BHIko web orrian eta Hezkuntzakoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) jarriko da 2012ko ekainaren 7tik aurrera.

Hamabosgarrena.- Sarrera-probaren baliozkotasuna.

Baldintza akademikoen ordezko proba gainditu eta plazarik lortzen ez duten ikaslegaiek aukeratutako ikastetxean ikasketa horiek egiten hasteko asmoari eusten badiote, haien kalifikazioa gordeko da, eta ez dute proba berriz egin behar.

Hamaseigarrena.- Dokumentuak gordetzea eta artxibatzea.

1.- Aktak eta ebaluazio-prozesuan nahiz gainditze-ziurtagiriak egitean sortutako gainerako dokumentuak artxibatu egingo dira, eta probak egin diren ikastetxe publikoko idazkaritzan gordeko.

2.- Hautagaiek egindako ariketa guztiak urtebetez gordeko dituzte probak egindako ikastetxe publikoaren idazkaritzan.

Hamazazpigarrena.- Gainditze-ziurtagiriak.

1.- Epaimahaiko idazkariak ziurtagiria emango die proba gainditzen dutenei. IV. eranskineko ereduaren araberakoa izango da ziurtagiria, eta haren ondorio bakar eta esklusiboa izango da ikaslegaiak egin nahi duen heziketa-zikloko curriculumean xedatutako berariazko sarrera-probak egiteko aukera ematea.

2.- Ebazpen honen bidez araututako ordezko probaren ariketaren bat gainditu izanaren ziurtagiririk ez da inolaz ere emango.

Hamazortzigarrena.- Dokumentazioa.

1.- Ikaslegaiek NAN edo agiri baliokide bat eraman behar dute proba egiteko egunean, ebaluazio-batzordeak identifika ditzan, eta proba egiteko eskabidearen kopia ere eraman behar dute.

Hemeretzigarrena.- Ebaluazio-batzordea.

1.- Hezkuntzako sailburuordeak ebaluazio-epaimahaia izendatuko du: presidente bat, eta probako gai bakoitzeko irakasle bana, azken horiek batzordekide gisa.

2.- Epaimahaiak egokitzat jotzen dituen aholkularien laguntza eskatzeko aukera du.

3.- Emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatuko da epaimahaiko kideen artean.

4.- Hona Epaimahaiaren funtzioak:

a) Proben prestaketa eta gauzatzea antolatzea. Proba horiek berdinak izango dira Euskal Autonomia Erkidego guztian.

b) Salbuespen-eskaerei buruzko erabakiak hartzea, aurkeztutako agiriak aintzat hartuta, ebazpen honen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aurreikusitako egoerekin bat ez datozen salbuespen-eskaerak, proben helburuarekin bat egiten duten salbuespenak izan daitezkeela iritziz gero, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara bidaltzea, han azter ditzaten. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabide horiek ebatzi eta Epaimahaiari ebazpenen berri emango dio.

c) Ebaluazio-saioak antolatzea eta aktak betetzea, II. eta III. eranskinetako ereduei jarriki.

d) Aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

e) Sartzeko probak behar bezala egiten direla eta indarreko legeria betetzen dela zaintzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA.- Arau hau garatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio Ebazpen honetan aurreikusitakoa garatu eta aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen xedapenak emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 20a.

Hezkuntzako sailburuordea,

M.ª ANTONIA OZCARIZ RUBIO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala