Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2011ko abenduaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Arbitraje Batzordea
6204

2/2011 ERABAKIA, 2011ko azaroaren 8koa, klima-aldaketari buruzko Lege-proiektuaren gainean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek planteatutako eskumen-arazoei buruzkoa.

Vitoria-Gasteizen, bi mila eta hamaikako azaroaren 8an, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkura izan da. Juan Luis Ibarra Robles lehendakari jauna eta Asunta de la Herrán Unceta-Barrenechea andrea, Alberto López Basaguren jauna, Eduardo Vírgala Foruria jauna, Ramón Guevara Saleta jauna, Andrés María Urrutia Badiola jauna eta José Manuel Castells Arteche jaun batzordekideak bildu dira, eta ondoko erabakia hartu dute.

ERABAKIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Klima-aldaketari buruzko Lege-proiektuaren gainean (aurrerantzean KALP) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek planteatutako eskumen-arazoei dagokienez, eta hori guztia, Ebazpen Batzordea arautzen duen ekainaren 30eko 13/1994 indarreko Legeak (aurrerantzean EBL) xedatutakoari jarraituz.

Arabako Foru Aldundiak KALParen 29.1 artikuluaren eta hamabigarren xedapen gehigarriaren gainean aurkeztu du eskumen-arazoa (04/2011).

Bizkaiko Foru Aldundiak KALParen 9. artikuluko 1., 2. eta 4. ataletako c) eta e) letren, 29. artikuluko 1. eta 2. atalen, 31. artikuluko 2. ataleko a), b), c), d), e) eta g) letren eta hamabigarren xedapen gehigarriaren gainean (aurrerantzean 12. XG) aurkeztu du eskumen-arazoa (05/2011).

Gipuzkoako Foru Aldundiak KALParen 29.1 artikuluaren eta hamabigarren xedapen gehigarriaren gainean aurkeztu du eskumen-arazoa (06/2011).

Txosten-emailea Andrés María Urrutia Badiola jauna izan da eta Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkuraren iritzia azaldu du.

AURREKARIAK

1. KALParen artikulu desberdinen gainean aipatutako hiru eskumen-arazoak, Foru Aldundi bakoitzeko bat, zegokion epean abiarazi zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztutakoaren berri eman zioten, EBLaren 49. artikuluak xedatutakoa betez. Mahaiak bertan atzeratzea agindu zuen.

Geroago, EBLaren 30. eta 46. artikuluei lotuta, EBLaren 25. artikuluak xedatutakoari jarraituz, Gipuzkoako Batzar Nagusiak alderdi gisa agertu ziren eta planteatutako hiru eskumen-arazoen gaineko alegazioak aurkeztu zituzten.

2. Ebazpen Batzordeak hiru eskumen-arazoak batzea adostu zuen, EBLaren 31. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eta planteatutako eskumen-arazoen inguruan agertutakoei entzun ondoren. Hiru eskumen-arazoek antzekotasun handia dutela argudiatuta, horiek bideratzeko eta erabakia hartzeko orduan batzea justifikatuta dagoela esan zuen, eta prozedura horietan agertutakoek ez zuten batze horien aurrean inolako aurkakotasunik adierazi.

3. Honako hauek dira, laburbilduta, Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako argudioak: KALPak, bere 29. artikuluan, «karbono hustubideak» modu esanguratsuan azpimarratzen ditu, eta teknikarien arabera, esamolde hori funtsean basoekin eta baso-landaketarekin zein baso-lurzoruekin identifikatu behar da.

Zehazki, erregelamendu bidez, gisa honetako jarduera baten jabeari neurri desberdinak hartzea ahalbidetuko dion sistema ezartzeko eskumena ematen dio KALPak Eusko Jaurlaritzari. Neurri horiek, besteak beste, «bertako basoa mantendu edo handitzeko, biodibertsitatea zaintzeko basoko teknikak egokitzeko...» hartuko dira, eta erregelamendu ahalmena «Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean» bete dadila aurreikusten du hamabigarren xedapen gehigarriak.

Agerikoa da Gobernu Autonomoak Lurralde Historikoei eta euren Foru-organoei bakarrik dagozkien jarduerak eta gaiak erregelamendu bidez arautu asmo dituela, behar ez bezala, erregelamenduaren bidetik eta bere ingurumeneko eskumenak betetzearen eta berotegi-efektuko gas-isurtzeak murrizteko neurriak hartzearen babesean (jakina den moduan, gas horien murrizketa-iturri nagusia basoak dira).

Horren aurretik, Arabako Foru Aldundiak gai honen inguruan aldundiari dagozkion eskumen-tituluak alegatu zituen, eta funtsean, Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta bertako Lurralde Historikoetako (aurrerantzean LHL) Foru-organoen arteko harremanak arautzen dituen azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.a.9 artikulua eta 8.1 artikulua dira. Artikulu horien arabera, Arabako Foru Aldundiak mendien gainean duen eskumen esklusiboa eztabaidaezina da, eta horrenbestez, Arabako Foru Aldundiak argudiatu bezala, ezin da arrazoitu KALPa Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren (aurrerantzean EAEE) 11.1.a) artikuluan oinarritzen dela, Espainiako Konstituzioaren 149.1.23 artikuluak aurreikusitakoari kalterik egin gabe, eta era berean, LHLa kontuan hartu gabe eta Ebazpen Batzorde honen azaroaren 3ko 5/2003 Erabakia kontuan hartuz, KALPak honako hau bezalako sektoreko lege baten bidez LHLak finkatutako eskumen-banaketaren edukiaren gaineko xedapenik aldatzea erabaki gabe.

4. Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako argudioak zabalagoak dira, eta jada adierazitako KALParen 29. artikuluko 1. eta 2. atalak azpimarratzeaz gain, 9. artikuluko 1., 2. eta 4. ataletako c) eta e) letrak, 31. artikuluko 2. ataleko a), b), c), d), e), g) letrak eta 12. XG azpimarratzen ditu.

Erakunde honen aburuz, argudio horien lege-oinarria ondorengo aginduetan aurki daitezke:

a) 7.a.9, b.1 eta c.3 eta 4. artikuluak, mendiei eta baso-zerbitzuei, basoko nekazaritzako lurzoruak zaintzeari eta hobetzeari, landare osasunari, babestutako natura-guneak administratzeari eta suteen aurka babesteari buruz Lurralde Historikoetako Foru-organoei eskumen esklusiboak ematen (lehenengoaren kasuan) eta garatzen eta gauzatzen (gainerakoen kasuan) dituztenak;

b) KALPak bere eskumen-tituluan EAEEko 11.1 artikulua aipatzeko orduan Foru Aldundien basoen gaineko eskumenak ahaztu izana, batez ere 2. artikuluan erabiltzen duen «karbono hustubidea» esamoldea horrela definitzen duela kontuan hartuta: Atmosferatik berotegi-efektuko gas bat xurgatzen duen edozein prozesu, jarduera edo mekanismo.

Jarraian eta argudioak garatzen jarraituz, Bizkaiko Foru Aldundiak «karbono hustubideak» «basoekin» identifikatzen ditu, eta Klima-aldaketari buruzko 1997ko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko Kyotoko Protokoloa aipatzen du. Karbono hustubideei lotuta, honako hau dio protokoloaren 2. artikuluak: Montrealeko Protokoloak kontrolatzen ez dituen berotegi-efektuko gas hustubideak eta gordailuak babestu eta hobetzea, ingurumenaren inguruan nazioarteko akordioak betez hartutako konpromisoak kontuan hartuta; basoaren kudeaketan, oihaneztapenean eta basoberritzean jardunbide iraunkorrak sustatzea.

c) Horrela, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru-organoaren arabera, mendiak karbono hustubide bilakatzen dira eta mendien inguruko eskumena maximizatu egiten da, eta mendien gainean Lurralde Historikoetako Foru-organoek dituzten eskumenak ahaztu egiten dira, hori guztia administrazioaren zeharkako esku-hartzearen pean justifikatuz. Azkenik, KALPak bere 9., 29., 31. artikuluetan eta 12. XGan, karbono hustubideak, hain zuzen ere, mendiak direla ahazten duela azpimarratzen du Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritzak, eta inolako eskumen-titulurik ez duen araubide juridiko berri bat esleitzen die.

Modu berezian basoberritzeari buruzkoa aipatzen da. Eskumen hau betetzea esklusiboki Foru Aldundien ardura izan da EAEren eremuan, eta Eusko Jaurlaritzak KALPan klima-aldaketari buruz jasotzen duen plangintzak ezin ditu basoen kudeaketa-proiektuak oztopatu. Egun, Foru Aldundiak onartzen ari dira proiektu horiek, euren mendi-zerbitzuen bidez.

5. Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek jada azaldutakoarekin bat etortzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak argi eta garbi adierazten du 29.1 eta 29.2 artikuluetako a), b), c), e), f) eta h) atalen bidez araututakoak, soil-soilik eta modu hertsian Lurralde Historikoetako Foru-organoen eskumeneko basoen inguruko neurriak direla, aurretik adierazteko argudioak oinarritzat hartuta.

Foru Aldundiak argitzen duenez, KALParen 12. XGak Eusko Jaurlaritzak 29.1 artikuluaren erregelamenduaren garapena egin dezan epe bat ezartzen duela kontuan hartuta, horri lotuta oinarri gisa hartutako artikuluak egindako eskumenaren erabilera oker bera azpimarratzen du.

6. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusiak (aurrerantzean Gipuzkoako BNak), bere aldetik, planteatutako eskumen-arazoen gainean agertu dira eta honako alegazioak egin dituzte:

a) Eskumen-tituluari dagokionean, Eusko Jaurlaritzak KALParen gainean Eusko Legebiltzarrari igorritako dokumentazioaren baitan, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuaren (12. orrialdea) eta Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoaren (20. orrialdea) txostenak daude. Txosten horien arabera, aipatu Lege-proiektuak EAEEaren 10.8 artikuluak jasotzen duen eskumena azpimarratzen du, EAEEaren 11.1 artikuluak egin ez bezala. Azken horrek KALPa eta proposatutako testuaren ingurumen-izaera (testuaren Zioen Azalpenak ere bere egiten du) argudiatzen ditu, eta eskumenen esparruan zeharkako izaera ematen dio testuari.

Horren haritik, Gipuzkoako BNen ordezkaritzak LHLaren 7.a.9 artikulura jotzen du, gai honen inguruan Lurralde Historikoetako Foru-organoek berariaz dituzten eskumenak justifikatzeko orduan.

b) Gainera, KALParen 29. artikulua eta 12. xedapen gehigarria errepikatu ondoren, karbono hustubidearen kontzeptuari dagokionez, Lege-proiektua, funtsean, basoei eta baso-landaketei buruz ari dela ulertu behar dela dio, eta horiek direla, ozeanoekin batera, planetako karbono hustubide natural nagusiak.

Jarraian, Kyotoko Protokoloa aipatzen du, atmosferako karbonoa ezabatzeari buruz ari denean, eta lurraren erabilera, lurzoruaren erabileraren aldaketa eta basogintza sektoreko hainbat jardueretatik sortzen dela dio. Jarduera horiek oihaneztapena eta basoberritzea (3.3 artikulua) eta nekazaritzako lurren kudeaketa, basoen kudeaketa, larreen kudeaketa eta landarediaren berrezarpena dira (3.4 artikulua, Protokoloaren estatu sinatzaileek hauta ditzaketen jarduera gehigarriei buruzkoa).

Ildo horretatik, azaroaren 24ko 1370/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Berotegi-efektuko Gasak Isurtzeko Eskubideak Esleitzeko Plan Nazionalaren 3. F atalak hustubideen bidezko xurgapenari buruz hitz egiten du, eta Kyotoko Protokoloan aipatutako aginduak aplikatuz, Estatuak hautatutako basoaren definizioa jasotzen du, eta era berean, Protokoloaren 3.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz hautatzen diren jarduera gehigarriak ere, hain zuzen ere, basoak kudeatzeari eta nekazaritzako lurren kudeaketari dagozkionak.

Horren ondorioz, agertutako erakunde honek karbono hustubideak kudeatzeko sistemak mendiak eta baso-landaketak kudeatzeko sistemekin identifikatzen ditu, eta horrek guztiak Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru-araua azpimarratzen duela adierazten du. Horrela definitzen du mendia arauaren 4. artikuluak: «zuhaitz, sastraka edo belar espezieak landare gisa bizi den lur eremu oro, baldin eta nekazaritzarako ez badira edo nekazaritzarako xede ez badira, eta hiriko gune edo parkeetan eta lorategietan kokatzen ez badira».

Argudioak azpimarratzen ditu, eta gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren berariazko eskumenak erabiltzeko orduan, aurretik aipatutako foru-arauak mendiei buruz Estatuko oinarrizko legeriaren erreferentziak Gipuzkoako Lurralde Historikoari buruzkoak direla jasotzen duela nabarmentzen du. Halaber, aipatutako foru-arauak gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren garapen eta gauzatze eskumenen inbentarioa egiten duela, mendien ingurumen, ekonomia eta gizarte dimentsioei jarraituz Gipuzkoako baso-plangintza ezartzen duela, VI. tituluan baso-plangintzaren tresnak arautzen dituela, eta besteak beste, mendi publikoen edo partikularren basoberritzeari, birsorkuntzari eta hobekuntzari, naturala zein artifiziala, buruzko guztia Lurralde Historikoari dagokiola dio.

Gauzak horrela, Gipuzkoako BNetako ordezkariaren aburuz, KALPak Lurralde Historikoei dagozkien eskumenen gainean (basoberritzea, esaterako) duen eragina (KALParen 29.2 artikulua) eta erregelamendua gara dadin urtebeteko epearen ezarpena (KALParen 12. XG) argia da.

Gainera, erakunde honen iritziz argudio gehigarri bat dago, hain zuzen ere, Lurralde Historikoak edo udalerriak jabe diren ondasunen gaineko erregelamendua garatzeko orduan, EAEEren 37.3.d) artikuluaren kontra, Eusko Jaurlaritza eskumenaren jabe ezin dela izan adierazten duena.

Argudioak bukatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakunde honek ingurumenaren eskumenak, zeharkakoa izanagatik, beste eskumen batzuen edukia kentzeko ahalmena izatea ezeztatzen du, esaterako, Lurralde Historikoetako Foru-organoek dituztenak. Hori LHLaren 7.a.9 artikuluaren eta EAEEren 37.3.d) artikuluaren aurka joango litzateke, Gipuzkoako BNetako ordezkariaren iritziz.

7. Errekurritutako alderdiak, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren aurka eta oro har, honako hau argudiatu du:

KALParen oinarrizko eskumen-titulua EAEEren 11.1 artikulua da, izan ere, «ingurumena» bizia eta ebolutiboa da, eta uneko gorabeheren arabera, dagokion sektoreko esparruan beharrezkoak diren babes-neurriak aktibatzen ditu.

Gainera, zeharkakoa da, eta horrenbestez, eremu berean eskumen desberdinak eta Administrazio Publiko desberdinei dagozkienak jardun ahal izatea dakar; horrek kasu bakoitzean nagusi den eskumen-titulua zehaztu beharra eskatzen du, beste Administrazio Publiko batzuen sektoreko eskumenak kendu behar izan gabe.

Tesi hauek sostengatzen dituzten konstituzio jurisprudentzia eta ingurumenari buruzko Estatuko zenbait legeria aipatzen dira. Argudio honen arabera, laburbilduz, ingurumenari dagokion eskumen-titulua berau antolatzen den euskarri fisikoa osatzen duten beste titulu batzuen gainean antolatu eta nagusitzen da prebentzioari, zaintzari, babesari eta hobekuntzari dagokionean. Era berean, EAEren esparruan, LHLaren 6. artikuluak ingurumena EAEko erakunde erkideen eskumena dela justifikatzen duela azpimarratzen da. Errekurritutako administrazioaren ordezkariaren aburuz, EAEtik kanpo zein barruan ere, ingurumena babestea EAEko Erakunde Erkideen eskumena da.

8. Arabako Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoari dagokionez (4/2011), argudiatzea bikoitza da:

1) Oro har, ez da LHLaren erreforma berezia beharrezkoa dela dioen argudioa ezeztatzen, baina ez da beharrezkotzat jotzen, EAEk hari dagokion eskumena betetzen duelako, alegia, «ingurumena eta ekologia babestea». Eskumen horrek ez die ahalmenik kentzen Lurralde Historikoetako Foru-organoei; horien eskumen-eremuan eragina du, eta eragin hori kudeatzeko esparruen bidez eskumenak banatzeko edozein sistemari lotzen zaion eragin banaezintzat jotzen da.

Modu horretan, ingurumenaren esparrua alde batera utzi gabe, baliabide naturalak babestu eta kudeatzeko arauak erabaki daitezke, eta horiek proiektatzen diren bitarteko fisiko desberdinengan eragina izango dute (mendiak edo basoak izan daitezke; landa- edo hiri-eremuak; larreak; ur kontinentalak edo itsasoko edo lurreko urak; mota guztietako jabari publikoko ondasunak -errepideak, portuak, trenbideak- edo ondarezko ondasunak; eta abar.), horrek eskumenen alorrari inolako kalterik ekarri gabe. Kasu zehatz bakoitzean ikusi beharko da eta doktrinak ezarritako interpretazio-irizpideak erabili beharko dira.

Ikuskera honen arabera, karbono hustubideak mendien eta zuhaitz espezieen landaketaren gainean zein basogintzako tekniken erabileren gainean proiektatzen den ingurumeneko faktorea dira, eta ez dute foru-eskumenen ahalmena kentzea edo hustea adierazten, horien aurreko prebalentzia baizik.

2) Aurkaratutako aginduen azterketa zehatza egiteko orduan, azken finean, eta bukaera gisa, Lege-proiektua idazteko eratik honako hau ondoriozta daitekeela argudiatzen da:

a) karbono hustubideen kudeaketaren baitan hainbat proiektu daude -ez soilik Lurralde Historikoen eskumenekoak diren baso-aprobetxamenduei buruzkoak-;

b) proiektu horiek biodibertsitatearekin bateragarriak izan behar direla;

c) aurreikuspen hori ingurumenaren babesaren inguruko eskumenaren emaitza dela eta Lurralde Historikoen eskumenekiko errespetua adierazten duela;

d) soilik etorkizunean eta erregelamendua garatzeko arauaren eduki zehatza ikusita argudiatu ahal izango dela eskumenen muga gainditu dela.

Azkenik, eta Arabako Foru Aldundiak ere zalantzan jarri duen hamabigarren xedapen gehigarriari dagokionean, 29.1 artikuluaren aurreikuspena erregelamenduz garatzeko urtebeteko epea jartzen du; horrenbestez, horren aurka egiteko arrazoi bakarra zalantzan jarritako artikuluarekin duen lotura estua da, eta argudiatutako guztiak harentzat ere balio du.

3) Azkenik, gai honen inguruan Ebazpen Batzordearen doktrina berrikusten da, eta maiatzaren 15eko 3/2003 Ebazpena berariaz aipatzen da; horrela, haren iritziz, Ebazpen Batzordeak adierazitakoa orain arte defendatutakoaren berdina dela ondorioztatzen da.

Hau da, ingurumenaren alorrean eskumen bat dagoela eta eskumen horrek mendi eta baso-aprobetxamenduengan duela eragina -bereziki, baliabide naturala delako- eta baliabide horien inguruan egingo diren antolaketetan eragina izango duten irizpideak finkatzeko aukera ematen duela. Jakina, hori guztia foru-organoei dagokien eskumena kendu gabe, KALParen ondorioz ez baita eskumena kentzen, eta dagozkien eskumenak betetzeko orduan, aipatu proiektuaren 4.3 artikuluak gogora ekartzen dituen koordinazio, elkarlan, erantzunkidetasun, eraginkortasun eta gardentasun printzipioak kontuan hartuta.

9. Bizkaiko Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoaren inguruan (5/2011), aipatu Foru Aldundiak KALParen artikuluen gainean egiten duen aurkaratze zabala indargabetzera zuzentzen dira argudioak.

Bere iritziz, aurka egindako KALParen artikuluei lotuta ez dago eskumenetan esku-hartzen denik argudiatzerik eta aurkaratze «prebentiboak» deitutako horietako bat dela dio; halaber, erakunde errekurtsogileak EAEko erakunde erkideei aldez aurretik ez betetzeko asmoa suposatzen zaiela adierazten du, eta arrazoi horrengatik orain aurka jotzerik ez dagokiola esaten du.

KALParen 29. artikuluari lotuta, Arabaren kasuan esandakoari lotzen zaio, hala ere, 2. atalaren aurka egin duenez, administrazio publiko desberdinen eskumenen babesaren aurka egin da.

KALParen 33. artikuluari dagokionez, aurkaratzeak inolako oinarririk ez duela adierazten da, izan ere, adierazitako helburuak inolako arazorik gabe txertatzen dira «ingurumenaren» eskumenari dagozkion neurrietan. 12. xedapen gehigarriaren inguruan, berriz, 29.1 artikuluaren aurreikuspenaren erregelamenduzko garapena gauza dadin urtebeteko epea ezartzera mugatzen dela adierazten du. Horrenbestez, horren aurka egiteko arrazoi bakarra zalantzan jarritako artikuluarekin duen lotura estua izango litzateke, eta ondorioz, orain arte azaldutako argudio guztiek honentzat ere balio dute.

10. Gipuzkoako Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoari dagokionez (6/2011), Arabako Foru Aldundiaren alegazioen harira adierazitako argudioak berresten dira eta EAEEren 37.3.d) artikuluari buruzko argudioak ezeztatzen dira, eta ondorioz, planteamendu hori bi arrazoiengatik erabat ezetsi behar da.

Lehenik eta behin, esan denez kaltetutako Estatutuaren aginduaren eta aurkaratutako aurreikuspenen arteko lotura finkatzeko orduan inolako argudio digresiorik egiten ez delako. Eskumenen gatazka konstituzionaletan jarduteko modu honen inguruan epaia eman du jada Konstituzio Auzitegiak (guztien inguruan, 118/1998 KAE).

Bigarrenik, esaten denez, ez gaude probintzien eta udalerrien ondasunen araubide juridiko bat ezartzeko kasu baten aurrean, hain zuzen ere, aipatu Estatutuaren agindua horri buruzkoa da; mendi eta baso-aprobetxamenduen inguruko afera bat dugu, eta horien titulartasuna «berez» ez da ez foru aldundiarena ezta udalerriena ere.

11. Geroago, Gipuzkoako BNek egindako alegazioak jaso ondoren (bosgarren aurrekaria) eta horiek erantzuteko hamar eguneko epea izan ondoren, errekurritutako alderdiak, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, ondorengo argudioak azaldu ditu planteatutako arazoen inguruan:

1) Eztabaidatutako gaien inguruan Batzar Nagusiek egindako gogoetetan hiru Lurralde Historikoetako Foru Aldundiek aurretik azaldutakoari ez zaie funtsezko ezer erantsi, eta alegazio horiek idatziz erantzun zituen ordezkaritza honek urte honetako abuztuaren 10ean eta Ebazpen Batzordearen aurrean aurkeztu zituen;

2) Jarraian, klima-aldaketa konplexua eta aldeaniztuna dela kontuan hartuta, bere ezaugarri nagusia zeharkakotasuna edo baliabide natural guztien gaineko proiekzioa dela azpimarratzen du, egoera eta une bakoitzak eskatzen dituen bizitasun eta garrantzia kontuan hartuta.

3) Gainera, zeharkakotasun horrek, esaterako, mendiak jarduera eta eskumen desberdinen euskarri izan daitezkeela gehitzen du, oro har, itsasoa edo lurzorua izan daitezkeen bezala. Horrek esan nahi du eremu berdinean zenbait eskumen eta Administrazio Publiko desberdinei dagozkienak jardun daitezkeela, hirigintza eta bestelako sektoreko esku-hartzeak kasu.

4) Gai honen inguruko jurisprudentzia konstituzionala aipatu ostean, inolako zalantzarik gabe Klima-aldaketari buruzko Lege-proiektu hau ingurumena babesteko esparruan kokatzen dela ondorioztatzen du, eta zioen azalpenak eta 1. artikuluak jasotzen duten moduan, lege-proiektu honek helburu bikoitza duela adierazten du. Alde batetik, berotegi-efektuko gas-isurtzeak murriztea, eta bestetik, gaiari lotutako egokitze-politiken esparru bat finkatzea.

5) Zehazkiago, KALParen 29.1 artikulua aipatuz eta horrek LHLaren 7.a.9 artikuluarekin izan dezakeen eskumen-talkari dagokionez, sistema bat ezar daitekeela adierazten da, eta sistema horren arabera, jarduera baten titularrak berotegi-efektuko gas-isurtzeak murrizteko neurriak hartu ahal izango ditu, karbono hustubideak kudeatzeko proiektu bat eginez, eta eskumenei dagokionez horrek Lurralde Historikoei ez lieke kalterik ekarriko.

6) Halaber, adierazi du kontua ez dela hustubideak kudeatzeko sistema bat zehaztea; hustubideak kudeatzeko ekimen bat (edozein lurzoru motaren gainean) berotegi-efektuko gas-isurtzeak murrizten dituen ekimen gisa aitor dadin baldintzak arautzea da kontua. Ez da jarduera zehatzen kudeaketan murgiltzen; irizpide homogeneoak arautzean datza afera, horrela, interesa duen edonork hustubideak kudeatzeko proiektu batek isurtzeak murriztu ditzan bete beharreko baldintzak ezagutze aldera.

7) Horrela, jakinarazten da ez duela esan nahi lege-proiektuak Lurralde Historikoei dagokien baso eta mendien kudeaketaren inguruko eskumenei ahalmena kentzea ekarriko dienik. Aitzitik, berotegi-efektuko gasen (aurrerantzean BEG) murrizketaren ikuspuntutik, karbonoa xurgatzeko (hustubideak) mota guztietako proiektuak balioesteko irizpide orokorrak finkatzean datza (erregelamendu bidez egitea aurreikusten da), egiten diren lekuan eginda ere.

Horrela, edozein eragilek (sustatzailea, Administrazioa, eta abar.) argi izango du proiektu horiek BEGak benetan murrizten dituzten eta murrizketa hori nola kuantifikatzen den. Zalantzarik gabe, irizpide komun horiek erakunde erkideek zehaztu beharreko arau teknikoen bidez finka daitezke soilik, erakunde horiek baitira ingurumena babesteko eskumena dutenak. Arau tekniko horiek esparru horretan kokatzen dira, zuzenean baliabide naturalak zaindu, babestu edo hobetzera bideratuta daudelako (306/2000 KAE-ren hitzetan).

8) Bukatzeko, errekurtsogilearekin erabateko adostasuna adierazten du Gipuzkoako Batzar Nagusien abokatuak esandakoaren inguruan, hau da, erakunde erkideek baso-berritze mota zehatz bat finkatu ezin dutela dioenean. Errekurritutako alderdiak bat egiten du baieztapen horrekin.

Azaldutakoaren haritik, KALParen 29.1 artikuluak ez du basoberritze mota zehatz bat finkatzeko asmorik (KALParen 29.2 artikuluak dio hori Administrazio Publikoei dagokiela, norberaren eskumen-esparruetan). 29.1 artikuluaren arabera, erregelamendu bidez sistema bat finkatuko da eta sistema horrek zehaztuko du kasu zehatz horretan basoberritzeak BEGen isurtzeak murrizten dituen eta basoberritze horren BEGen murrizketa nola kuantifikatuko litzatekeen.

9) Argudiatzea amaitzeko, KALPak ezarritako diseinuan erregelamenduaren laguntza aurreikusten dela aipatzen da, karbono hustubideak kudeatzeko proiektuak gauzatzea jasoko duen sistema finkatze aldera eta BEG isurtzeak murrizten dituzten ekimen gisa aitor daitezen. Baina sistema hori eskumena duten sektoreko administrazioek garatu beharko dute, horien jarduera-eremuaren arabera.

Jarduera publiko horiek antolatzen diren sektoreko eremuek nekazaritzako jardueratik eta baso-aprobetxamenduetatik hasi eta lurraldearen antolaketa eta hirigintzara arte barne hartuko dute.

10) Une bakoitzean onartzekoa den erregelamenduaren edukiari lotuta, kasu bakoitzean ikusi beharko da Bizkaiko Batzar Nagusiek argudiatutako balizko eskumen-kaltea gertatzen den edo ez.

11) Era berean, aurretik esandakoaren alde egiteko, Ebazpen Batzorde honen 3/2003 ebazpena nabarmentzen da, eta Ebazpen Batzordeak adierazitakoa alegazio-idatzi hauetan defendatzen ari dena dela jakinarazten da.

Hau da, ingurumenaren alorrean eskumen bat dagoela eta eskumen horrek mendiengan eta baso-aprobetxamenduengan duela eragina -bereziki, baliabide naturala delako- eta baliabide horien inguruan egingo diren antolaketetan eragina izango duten irizpideak adierazteko aukera ematen duela. Jakina, hori guztia foru-organoei dagokien eskumena kendu gabe, Klima-aldaketari buruzko Lege-proiektuaren ondorioz ez baita eskumena kentzen, eta dagokion eskumenak betetzeko orduan, aipatu proiektuaren 4.3 artikuluak gogora ekartzen dituen koordinazio, elkarlan, erantzunkidetasun, eraginkortasun eta gardentasun printzipioak kontuan hartuta.

12) Amaitzeko, errekurritutako alderdiak adierazi duenez, Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2003 Foru-arauaren aginduek, KALPa LHLaren eskumen-banaketa sistemarekin bat ez datorrela adierazteko Gipuzkoako BNek jasotakoek, ez dute eskumenen aldaketa hori ondorioztatzen.

13) Era berean eta KALParen 12. XGaren aurkaratzeari dagokionez, xedapen horren eta KALParen 29.1 artikuluaren arteko lotura estua azpimarratzen da, eta horrek adierazten du orain arte argudiatutakoak horren aurka egiteko ere balio duela.

14) Bukatzeko, Gipuzkoako BNek KALPa EAEEren 37.3.d) artikulua urratzen duela erabilitako argudioak errefusatzen dira, jabari publikoko titulartasuna izateak eskumenak mugatzeko irizpidea ez dela oinarri gisa hartuta. Gainera, probintzien eta udalerrien ondasun horien araubide juridiko bat finkatzeari buruz ez garela ari dio, hain zuzen ere, Estatutuaren aginduak jasotzen duen moduan. Ingurumeneko eskumen bat betetzeari buruz ari gara, eta eskumen horrek mendiengan eta baso-aprobetxamenduengan eragina izan dezake, baina titulartasuna ez dute berez ez foru aldundiak ez udalerriek, izan ere, 7/2006 Foru-arauak xedatzen duen moduan, mendiak publiko eta pribatuen artean sailkatzen dira (Foru-arauaren 8. artikulua).

12. Ez da eragindako lege-proiektuaren izapidetzearen atzerapena kendu dadin eskatu.

13. Azkenik, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak 2011ko azaroaren 8a finkatu du Erabaki honen inguruan gogoeta egin eta behin betiko ebazpena emateko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek planteatutako eskumen-arazoen arabera, Gipuzkoako BNen ondoko agerraldia izanda eta KALParen gainean batu ondoren, Ebazpen Batzordeari dagokio 9., 1., 2. eta 4. artikuluetako c) eta e) letrek, 29. artikuluko 1. eta 2. atalek, 31. artikuluko 2. ataleko a), b), c) eta g) letrek eta hamabigarren xedapen gehigarriak Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko eskumenen banaketa urratzen duten edo ez argitzea.

Euren asmoen elementu erabakitzaile gisa indarrean den LHLa eta horren 7.a.9 artikuluaren idazketa, lege-testu beraren 8.1 artikuluari lotuta, aipatzen dituzte erakunde errekurtsogileek.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak EAEEren 11.1.a) artikuluan, lege-testu beraren 10.8 artikuluari lotuta, jasotzen diren ingurumen eta ekologiaren inguruko eskumenak aipatzen ditu bere jarduerari titulua ematen dioten elementu gisa.

2. Zalantzarik gabe, argitu beharreko lehen arazoa «ingurumena eta ekologia» eskumenaren hedapenari buruzkoa da, eta hain zuzen ere, hor sartu da KALParen xede den klima-aldaketari buruzkoa, alderdi errekurtsogileek horren aurkako alegaziorik aurkeztu ez dutelarik.

Agerikoa da beste administrazio batzuei dagozkien sektoreko esparruetan jarduerak bideratzeko orduan, klima-aldaketari buruzko aferak zeharkakotasunaren paradigma direla, eta ezaugarri hori leku komun bilakatu dela.

Planteatutako arazoen kasu zehatzari begira, KALParen 29.1 eta 2. artikuluen eta hamabigarren xedapen gehigarriaren inguruan egindako aurkaratzearen arrazoi nagusia da. Egiaz, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako aurkaratzea zabalagoa da, baina hala ere, aurka egindako testu bakoitzaren azterketa xehatua eskatzen duen sistematika exijitzen du.

Azterketa xehatua egin aurretik, Ebazpen Batzordeak maiatzaren 15eko 3/2003 Ebazpenean egindako baieztapenak gogoratu behar dira, eta bertan, basoari buruzko gai baten inguruan honako hau esan zuen:

«3.- Arazo zehatza da 256/2002 Dekretuaren arabera egun Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagozkion baso antolamendu eta koordinazioaren eskumen orokorrek aipamen hori onar dadin adinako oinarria duten ala ez antolamendu juridikoan; edo aitzitik, aipatze hutsagatik, inolaz ere ez dagozkien eskumen-esparruak gainditu egiten diren. Beste era batera planteatzearren, ea ba ote den aldiberekotasun espazioren bat, hasiera batean eta aurrerantzean gehiegizko ezarpenik egitetik salbu, Administrazio Autonomikoaren eta Foru Administrazioaren artean eskumen-dualtasun baterako aukera ematen duena mendien edo baso-jabetzaren arlo komunari dagokionez; eta dualtasun hori baieztatu eta justifikatuko balitz, aipamena zilegituta geratuko litzateke gauza daitekeen eskumen gisa 256/2002 Dekretuaren bidez eta aipatutako Sailari lotuta».

Eta honako hau ondorioztatu zuen:

«Horrenbestez, badirudi badituztela eta behin eta berriro gauzatzen dituztela, basoaren kudeaketa eta antolamenduari buruzko eskumenak Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideek, foru-organoen esku dagoen espazio propio eta ukaezina mugatu gabe. Sistema horrek inolako arazorik gabe funtzionatu izan du -orain arte behintzat-, eta era horretara, Administrazio publikoen arteko lankidetza printzipioaren esanetara dago, LHLko 2. artikuluak eskatzen duen bezala».

Nolanahi ere, honako gaia salbuetsi egiten zen:

«Konstituzio Auzitegiaren 15/1997 epaian esandakoa berretsiz, espazio partekatu horretatik abiatuz, Erakunde Erkideen antolamendurako, planifikaziorako eta koordinaziorako ageriko ahalmen ugari dituen espazio partekatu horretatik, Ebazpen Batzorde honi ez dagokio sail bat berregituratzeko Dekretu apal batean egindako aipamen orokor sinple bat -baina bere garrantzia duena, hemen agerian jarri den bezala- besteren eskumenetan ustez sartu izanari buruzko erabakia ematea. Gatazka horri dagokionez, egun eskumenak gainditu direnik ez sumatzeak ez du esan nahi gerora begira eta basogintzari buruzko esparruaren garapenean ezingo denik gertatu; baina hori beste gatazka bat izango da, ez da egungoa izango».

3. Ildo horretatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2010eko abenduaren 21ean KALPari lotuta aurkeztutako txosten juridikoak dio -Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari igorritako dokumentazioan jasotzen da-, gai honen inguruko eragin oso esanguratsua sortzen dela Autonomia Erkidegoei dagozkien eskumenetan.

Era horretara, Plan Nazionalak finkatutako irizpideen baitan eta horiei lotuta, Autonomia Erkidegoek dute Planaren aurreikuspenak betetzeko xedearekin neurriak hartzeko eskumena, eta horrela, Espainiak behar bezala aurre egin ahal izango die Kyotoko Protokolotik eta Erkidegoko Zuzenbidetik eratorritako eskakizunei.

Plana onesteko Estatuaren eskumenak Autonomia Erkidegoek eta tokiko Administrazioek Planean aurreikusitako neurrietako asko hartu ahal izatea kaltetzen ez duela berresten jarraitzen du (esaterako, sektore zehaztugabeetako isurtzeak murrizteari buruzkoak).

KALPari lotuta Eusko Jaurlaritzaren eskumena justifikatzen du EAEEren 11.1.a) artikuluan EBaren 149.1.23 artikuluari lotuta, eta ingurumenari buruzko eta mendiei, baso-aprobetxamenduei eta abelbideei buruzko oinarrizko legeria Estatuari dagokiola gogorarazten du, EAEren esku legeriaren garapena eta betearazpena dagoelarik, EAEEren 11.1.a) artikuluaren bidez.

Mendiei, baso-aprobetxamenduei eta -zerbitzuei, abelbideei eta larreei dagokienean, EAEk bakarrik du eskumena, EAEEren 10.8 artikuluaren bidez, eta gai horien inguruan oinarrizko legeria erabakitzeko orduan EBaren 149.1.23 artikuluak xedatutakoari kalterik egin gabe. Gainera, LHLaren esparruan (7.a artikuluaren bidez), eskumen hau soil-soilik Lurralde Historikoetako Foru-organoei dagokie eta LHLaren 8. artikuluak zehaztutako hedapenarekin.

Ingurumena babesteko arauek duten gutxienekoen bidezko antolamendua behin eta berriz interpretatu du Konstituzio Auzitegiak: modu horretan, aipatutako txostenak Konstituzio Auzitegiaren 156/1995 Epaiaren doktrina jasotzen du 4. Oinarri Juridikoan:

«oinarrizkoak gutxienekoen bitartez antolatzeko funtzioa betetzen du, eta dena den, gutxieneko horiek errespetatu behar dira, baina gaiaren eskumena duten Autonomia Erkidegoei babes-maila altuagoak ezartzeko ahalmena eman diezaiekete (...). Oinarrizkoak, aldi berean, gutxieneko izaera du, ingurumena babesteko eredu ezinbesteko gisa, eta gune horretatik kanpo, gauzatzeko orduan, berau osatzen eta garatzen duten arauak sartzen dira jokoan, araudi osoan inolako desadostasunik eragin gabe. Horrenbestez, gaia mailen arabera sailkatzen da, eta estatu-mailakoa nahikoa eta homogeneoa izan behar da, baina esan dezagun, hobe daitekeena izan behar da, Autonomia Erkidego bakoitzaren ezaugarrietara egokitze aldera».

Era horretara, EAEren eremuan ingurumenaren babesaren eskumena, oro har, EAEko Erakunde Erkideei dagokiela ondorioztatzen da, LHLaren 6. artikuluari jarraikiz.

Hala eta guztiz ere, Lurralde Historikoek aztergai den ekimenaren xedeari lotutako beste gai batzuen gaineko eskumenak dituzte, hala nola, Obra eta Zerbitzuen Foru-plana idatzi eta onartzeari dagozkion berariazko eskumenak, Tokiko Erakundeentzako laguntza eta aholkularitza teknikoa; probintzien eta udalerrien ondasunen erregimena, jabari publikoari dagozkionak zein ondarezkoak edo ondasun propioenak eta herriari dagozkionak; errepide eta mendien plangintza egitea, proiektua egitea, eraikitzea, zaintzea, aldatzea, finantzatzea, erabiltzea eta zehaztapena egitea; mendiak eta nekazaritzako eta mendiko lurzoruak zaintzea eta hobetzea, babestutako natura-guneen administrazioari dagozkionak; beste Lurralde Historiko batzuengan eraginik izango ez duten edo Eusko Jaurlaritzak interes orokorreko obra gisa aitortzen ez dituen obra publikoak gauzatzea.

Era berean, Lurralde Historikoei dagokie hainbat gairen inguruan Erakunde Erkideetatik etorritako arauak garatu eta betetzea, hala nola, landare osasunari, nekazaritzaren erreforma eta garapenari dagokionez; nekazaritzaren hedapena, sustapena eta trebakuntza; mahastizaintza eta enologia; landare-ekoizpena, haztegietako haziak eta landareak salbu; animalien ekoizpena eta osasuna; arrain kontinental eta ehiza aberastasunaren aprobetxamendu erregimena; ur publiko kontinentalen eta ibilgu naturalen, ibaiertzen eta zortasunen polizia.

Eta azkenik, hainbat gairen inguruan Erakunde Erkideen legeria bere lurralde barruan betetzea, hala nola, babestutako natura-guneen administrazioaren kasuan; ekimena, idazketa, betearazpena, kudeaketa, fiskalizazioa eta informaziorako eskumenak, nola Lurralde eta Hirigintza Antolaketaren tresnak onesteko ahalmena, dagokion aplikazio eremuan maila goragoko plangintzen zehaztapenak garatzeko orduan, Legeak beste erakunde publiko eta hirigintza-organo batzuei esleitutako eskumenei kalterik egin gabe; bizitegirako hiri-lurzoruan gerta daitezkeen Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei lotuta, kalifikatzeko, neurri zuzentzaileak finkatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eskumenak, baldin eta erkidegoz kanpoko Lurralde Historiko edo Erakunde Publiko bati baino gehiagori eragiten ez badio, eta legez Udal Erakundeei dagozkien eskumenei kalterik egin gabe.

Lurralde Historikoei dagozkien eskumen horien ondorioz, kasu batzuetan, klima-aldaketaren aurkako borrokaren alorrean Foru Aldundiei funtzio zehatz batzuk aitortzen zaizkie aurreproiektuan, eta beste batzuetan, berriz, esaterako, Klima-aldaketari buruzko Euskal Plana lantzeko parte-hartzea, behar bezala ordezkatutako kide anitzeko organoen bidez, adibidez, Euskadiko Ingurumen Batzordea.

Aurkaratzeko xede diren aginduak zehazkiago azaldu asmoz, bi aginduren inguruan, hots, KALParen 29 eta 33. artikuluen kasuan, besteak beste, honako hau adierazten du txostenak: helburu zehatz argia duten printzipioen gaineko aginduak dira, eta botere publikoek irizten dioten modu egokienean erdietsi beharreko printzipioak eta helburuak adierazten dituzte; eduki arautzailea du, baina ez berehalakoa, aurrera begirakoa baizik, eta helburu horiek gauzatu behar diren arau edo planak onesten diren unera arte atzeratuko da.

4. Eusko Jaurlaritzak ingurumenari dagokionez eskumen-ezaugarriei lotuta emandako arrazoiak ikusi ondoren, LHLaren 7.a.9 artikuluaren eta LHLaren 8. artikuluaren arabera, mendiei dagokienez Lurralde Historikoetako Foru-organoek dituzten eskumenen garrantziaren gaineko gogoeta egitea komeni da orain.

Egia esateko, hiru Foru Aldundi errekurtsogileek Mendiei buruzko foru-arau propioak erabaki dituzte dagozkien eskumenez baliatuz; Arabakoa, Mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru-araua (aurrerantzean, AMFA). Bizkaikoa, Mendiei eta Babestutako Natura-guneen Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 3/1994 Foru-araua (aurrerantzean BMFA), eta Gipuzkoakoa, Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru-araua (aurrerantzean, GMFA).

AMFAk espresuki aipatzen du ingurumena eta honako hau dio:

«Hori dela-eta, aurreko Arauaren artikuluen gaineko aldaketa partziala egin beharrean, Foru-arau berri bat lantzea erabaki da, eta Foru-arau horrek antzeko gaiak arautzen dituzten beste lege batzuen printzipioak ere aintzat hartuko ditu, esaterako, Euskadiren kasuan, Natura Babesteko Legea edo Ingurumena Babesteko Lege Orokorra».

Eta halaber, era honetan definitzen du mendia:

«2. artikulua.- Mendiaren kontzeptua eta definizioak. Arau honen ondorioetarako, hurrengo definizioak hartuko dira kontuan: 1.- Mendia edo baso-lurzorua:

a) Berez sortu diren zein ereintza edo landaketatik datozen zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak edo belarkarak dituen landa-eremua, bai mendikoa, bai ibaiertzekoa, laborantzako lurrak salbu.

b) Basotzeko edo basogintzako erabilerarako erabiliko direnak, araudi aplikagarriaren arabera.

c) Baso-bideak edo mendian dagoen beste edozein azpiegitura.

d) Ibaiertzeko basoei edo ur-ibilguen ertzei eusten dietenak, eta urbazterreko espezieen bidez basotu daitezkeen ertzetako lurzoruak.

e) Ohiko Partzuergo, Mendilerroetako Erkidego edo kide gehienak zuzenbide publikoko erakunde dituzten beste Erkidego batzuei dagozkien landa-eremuak. Ez dira menditzat hartuko nekazaritza eta arbolazaintzako lurrak, ezta haztegi eta apainketarako direnak ere».

3. artikuluak eskumen-esparruarekin jarraitzen du:

«Lurralde Historikoaren eskumenak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuan eta Eusko Legebiltzarraren Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko harremanei buruzko 1983ko azaroaren 25eko Legearen 7.a.9 artikuluan xedatutakoaren arabera, Arabako Lurralde Historikoak berariazko eskumena du mendien arloan. Horren ondorioz, Estatuko oinarrizko legeriak Autonomia Erkidegoez egiten dituen aipamenak Arabako Lurralde Historikoko Foru-organoei egiten zaizkiela ulertuko da.

2.- Arabako Foru Aldundiari dagokio araudi, ikerketa, administrazio eta zehapen ahalmenak gauzatzea Arabako Lurralde Historikoan dauden mendietan, baita Foru-arau honek esleitzen dizkion berariazko ahalmenak ere. Administrazio ahalmenak mendien eta baso-lurzoruaren gaineko teknika eta kontrol, ikuskapen eta zaintza eginkizunak barne hartzen ditu. Kontrol eginkizunak erabilera, okupazio eta aprobetxamenduak baimendu, edo hala denean, emateko eskumenaz gain, hori gauzatzeko beharrezko datuak eta agiriak eskuratzeko eskubidea eta Arau hau aplikatzeko behar diren neurriak eta debekuak agintzeko ahalmena barne hartzen ditu. Horrez gain, mendi publikoetan mugatu, ofizioz leheneratu eta maizterra administrazioaren bidetik kaleratzeko ahalmenak izango ditu, erakunde titularren izenean. [...]

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 44. artikuluko 2. atalean xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren gaineko txostena eta deklarazioa egitea, Arabako Foru Aldundian mendien arloko eskuduntza duen sailari dagokio, betiere eskumen substantiboa erakunde horri esleitu zaion kasuetan».

Eta oihaneztapenari lotuta, honako hau dio 55. artikuluak:

«Oihaneztapena.

1.- Oihaneztapena birsorkuntza naturalaren osagarria da, aurretik zuhaitzak dituen lurrean basoberritzea, eta zuhaitzik gabekoan, oihaneztapena egin daitezkeela.

2.- Oihaneztapena, zuhaitzen birsorkuntza gisa ulertua, mendiaren jabeari dagokio, eta diruz lagundu ahal izango da ezartzen diren laguntza ildoei jarraiki.

3.- Hektarea bat edo gehiagoko azalera duten oihaneztapen proiektuek Arabako Foru Aldundiaren Baso-organo eskudunak ezartzen dituen xedapen tekniko fisiko eta espezifikoei heldu beharko diete, aldez aurretik organo horrek onetsitako Antolamendu Plan edo Plan Tekniko baten barruan ez badaude. Foru-baimena eskuratu ondoren, ez dira prebentziozko kontroleko egintzen edo udal lizentziaren mendean jarriko».

Azkenik eta atmosferaren kutsadurari lotuta:

«63. artikulua.- Atmosferaren kutsaduraren aurkako babesa.

Mendien arloan eskumena duen Foru Aldundiaren Sailak Araban atmosferaren kutsadurak baso-sistemetan eragiten dituen kalteak antzeman eta saihestera bideratutako ekintzak burutu daitezen aginduko du, Europar Batasuneko zuzentarauen eta Europako erakundeen gomendioen arabera».

BMFAk ere eskumenen gaiari heltzen dio Zioen Azalpenean, eta honako hau dio:

«Eusko Legebiltzarraren Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legea Bizkaiari, eskumen esklusiboa duela, mendien erregimen juridikoari, baso-aprobetxamenduei, eta nekazaritza eta basoko lurzoruen babes eta hobekuntzari heltzeko ahalmena ematen dion egungo eskumen-esparrua da, aipatu Legearen 7.a.9 eta 8.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Era berean, Lege horren 7.c.3 eta 4 eta 8.3 artikuluetan aurreikusita dagoenaren arabera, kudeaketa Lurralde Historiko honi dagokion babestutako natura-guneen administrazioa araupetu da, eta gauza bera egin da suteen aurkako babesarekin ere. Hori guztia Konstituzioaren 149.1.23a artikuluan xedatutakoaren arabera, Estatuari mendien eta baso-aprobetxamenduei buruzko oinarrizko legeria gordetzen diona, eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuan xedatutakoaren arabera, eta lehen aipatutako azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritakoaren arabera, Foru-arau honetan araututako gainerako gaiei dagokienez».

Eta era berean, ekologiaren gaia nabarmentzen du:

«1.- Lurralde Historikoko mendien eta basoen balio sozioekologikoak babestu eta zaintzea, baita horien zabalkuntza eta hobekuntza sustatzea ere, batez ere jatorrizko ekosistemara itzultzeko eta garatzeko ahalmena adierazten dutenak. [...]

5.- Mendien edo basoen alorreko edo antzeko arloetako gaietan eskumena duten administrazioen arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzea eta bultzatzea, baita Foru Aldundien eta Tokiko Erakundeen edo Elkarte Publiko edo Pribatuen artekoak ere, basoetako lurzoruak benetan eta eraginkortasunez defendatu eta babeste aldera».

Mendiari buruzko kontzeptua geroago garatzen du, 6. artikuluan:

«Kontzeptua.

1.- Foru-arau honen ondorioetarako, honako hau joko da mendi edo basotzat:

a) Berez zein aurretiaz erein edo landatu egin direlako hazi diren baso espezieak edo multzoak dituzten landa-eremuak, espezie horiek zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak edo belarrak izanda ere.

b) Mendien edo basoen mugetan dauden landu gabeko lurrak edo lugorriak, horiek aipatu basoa edo mendia babesteko beharrezkoak direnean; halaber, nekazaritzarako lantzen diren lurrak izan arren, mendien edo basoen barruan dauden guneak, horien lanketa hiru urtetan behintzat bertan behera utzita dagoenean.

c) Era berean, basogintzaren alorreko lursailak izango dira mendien edo basoen barruan edo horien mugetan dauden nekazaritzako lursailak, beti ere sail horiek lanketaren gutxieneko unitatea baino txikiagoak direnean.

d) Nekazaritza Sailak, ezaugarriak edo kokapena kontuan hartuta, basoberritze, higaduraren kontrako babesa eta neurri zuzentzaileak, inguruaren paisaiaren hobekuntza edo basoari lotutako beste edozein egitasmoren barruan sartuko lituzkeen landa-eremu guztiak.

e) Berezko birsorkuntza prozesuan dauden zelaiak eta larreak, pistak eta basabideak, eta orokorrean, basogintzari lotuta dauden azpiegiturek hartzen dituzten sailak ere menditzat joko dira».

Ekologiari dagokionez, 109. artikuluan berriz ere adierazten du:

«Eskumena.

1.- Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c.3 artikuluak dioenaren arabera, Foru Aldundiari dagokio babestutako natura-guneen balio ekologikoak zaintzeko behar diren administrazio-egintza guztiak kudeatu eta gauzatzea.

2.- Baldin eta babestutako natura-guneren bat Bizkaiko Lurralde Historikoari dagozkion lurretan ez ezik, beste lurralde batzuetakoetan ere kokatuko balitz, aurreko atalean aipatutako kudeaketa administrazioen arteko koordinazio eta lankidetza printzipioei lotu beharko zaie, besteak beste».

Azkenik, GMFAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren berariazko eskumenak azaltzen ditu 3. artikuluan:

«Lurralde Historikoaren eskumenak.

1.- Lurralde Historikoak eskumen osoa duenez mendi gaietan, Estatuko oinarrizko legeriak Autonomia Erkidegoei egiten dizkien erreferentziak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bertako foru erakundeei egindakotzat hartuko dira. Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ahalmena izango da Lurralde Historikoaren araudia garatu eta betearaztea ondorengo gaietan: baso politika eta plangintza, mendien kontserbazioa, zaintza eta babesa, basoberritze lanak, aprobetxamenduak, baso-zerbitzuak, larreak, abelbideak eta basoko eraikuntzak eta azpiegiturak; basozaintzaren erregulazioa eta kudeaketa, nekazaritza eta basogintzako lurren zaintza eta hobekuntza, baita herri erabilerako mendien eta probintziako nahiz udal mailako gainerako herri jabariko mendien eta mendi pribatuen erregimena eta kudeaketa, eta zigortzeko ahalmena.

2.- Betearazteko ahalmen horiek gauzatzeko, aurreko puntuan zehaztutako gaietan eskumenak dituzten Foru Aldundiko organoek osatuko dute Gipuzkoako Baso Administrazioa.

Ingurumenaren gaiari Zioen Azalpenean heltzen dio:

«Gai horien inguruko foru erregimenaren eguneratzea Gipuzkoako Mendiei buruzko 1994ko uztailaren 8ko 6/1994 Foru-arauaren bidez egin zen. Foru-arau horretan Gipuzkoako Foru Aldundiari esleitzen zaio mendien plangintza eta kudeaketa iraunkorra egiteko eskumena, tokiko erakundeekin eta partikularrekin lankidetzan, betiere ingurumen, ekonomia eta gizarte alorrak kontuan hartuta, Helsinkin (Finlandia) 1993an egindako Europako Basoen Babeserako Ministroen Biltzarraren H1 Ebazpenean zehaztu zen moduan. Horrela, ebazpen horren ondorioetarako, baso kudeaketa iraunkorra izango da: basoen eta baso-lurren administrazio eta erabilera moduak eta intentsitateak aukera ematea mendiek beren biodibertsitateari, produktibitateari, birsortzeko gaitasunari, bizitasunari eta gaur egun eta etorkizunean maila lokal, nazional nahiz globalean funtsezko zeregin ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak betetzeko duten ahalmenari eusteko, beste ekosistema batzuei kalterik egin gabe».

Eta basoberritzeen gaineko esku-hartzea 86. artikuluan zehazten du:

«Xedapen orokorrak.

1.- Titulu honetan arautzen denaren bidez, mendi publikoak nahiz partikularrenak sistema naturalez edo artifizialez basoberritzeko, berritzeko eta hobetzeko zereginetan esku hartuko du Baso Administrazioak, lurzoruaren, bertako animalia eta landareen aniztasunaren, ur baliabideen eta paisaiaren defentsa eta kontserbazioa zaintzearren.

2.- Lurralde Historikoaren titularitateko mendietan, Baso Administrazioak sistema naturalez edo artifizialez basoberritzeko eta berritzeko lanak eta hobekuntza tekniko, sozial eta ekonomikoak gauzatuko ditu.

3.- Mendiak basoberritzeko lanetan ingurumenaren eraginaren ebaluaziorako arautegia bete dadin zainduko du Baso Administrazioak.

4.- Baso Administrazioak lankidetzarako neurriak hitzartu ahal izango ditu Gipuzkoako Basozaleen Elkartearekin, mendi partikularren antolamendua eta kudeaketa hobetzeko eta arrazoizkoago bihurtzeko».

Mendien zeregin ekologikoa eta soziala ahantzi gabe,

«1. artikulua.- Mendiek, titularitatea edozein izanda ere, baliabide naturalen iturri izateaz gain, badute zeregin sozial eta ekologikoa ere, besteak beste: ondare naturala, klima, ur baliabideak, aire garbitasuna, karbono maila, lurzoruaren egonkortasuna eta lurraren emankortasuna zaintzea, paisaiari, nekazaritza egiturari eta azpiegiturei bere horretan eustea, eta herritarren aisialdi funtzioa betetzea».

5. Jada aurkeztutako argudioekin batera, araudiaren aurreko deskribapenaren ondorioz agerian geratzen den eskumen egoerak hainbat ondorio ateratzen laguntzen du, eta ondorio horiek modu honetan laburbildu daitezke:

a) Eskumen-esparruak, ingurumen eta ekologiari dagokionez zeharkakoa denak, EAEEren 11.1.a) artikuluaren bidez eta LHLaren 6. artikuluaren bidez, EAEko Administrazio Publikoek -Lurralde Historikoetako Foru-organoek barne- bete beharreko arau teknikoei jarraituz helburuak, irizpideak, arauak eta jarraibideak finkatuko dituen Klima-aldaketari buruzko Plana taxutzeko eskumena ematen die Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideei, eta hasieran batean, eskumen-esparru hori egokia da EAEren barneko eskumen-banaketari begira. Beraz, ez da beharrezkoa aipatu LHLa, zuzenean edo zeharka, sektoreko legeria baten bidez aldatzea.

b) Hori horrela izanda ere, ez da gauza bera arau teknikoen bidez klima-aldaketari lotutako helburuak, irizpideak, arauak eta jarraibideak finkatzea, edo basoen kudeaketari, bertako basoa mantendu edo handitzeari, basoaren inguruko teknikei edo Lurralde Historikoetako Foru-organoei dagozkien bestelakoei lotutako neurriak erabakitzea. Ikusi den moduan, Lurralde Historikoetako Foru-organoek antzeko gai horietan dituzten berariazko eskumenak adierazi eta gauzatu dituzte, kasu honetan, basoak (Lurralde Historikoetako mendietan sartuta), ingurumenaren inguruan gainerako Administrazio Publikoekin beharrezko koordinazioa ukatu gabe (Eusko Jaurlaritza, baina baita udalerriak ere). KALParen arabera, koordinazio horren baitan KALPak erregelamendu bidez EAEn BEGen inbentarioa murriztearen inguruan ezarritako helburuak, irizpideak, arauak eta jarraibideak errespetatu beharko dira.

Honi dagokionez, garrantzitsua da ingurumenaren gaineko eskumen-tituluaren zeharkakotasunari buruz jada aurreratu dugun Konstituzioaren doktrina gogora ekartzea, baliabide natural guztien gainean duen proiekzioa kontuan hartuta. Zeharkakotasun hori agerian geratzen da esku artean dugun gaia -mendiak- jarduera desberdinen zerbitzura egon daitekeen eta eskumen desberdinen xede izan daitekeen euskarri fisikoa dela ikusi eta gero.

Hori dela-eta, kaltetutako eskumen bakoitzaren eremua mugatzen saiatzeko orduan, berezitasun printzipiora jo behar da, modu horretan, arautu asmo den gaiarekiko lotura zuzen eta berehalakoaren ondorioz, gailentzen den eskumen-titulua zein den zehaztu ahal izateko. Aipatu Konstituzioaren doktrinak adierazi bezala, printzipio horrek bi irizpide mota hartzen ditu kontuan: objektiboa eta teleologikoa. Lehena, agindu bakoitzaren eduki materiala kalifikatzeaz arduratzen da; bigarrena, bere xedea asmatzeaz; hala ere, inongo kasutan, aztertutako eskumena erabiltzeak ez du adierazten inplikatutako beste Administrazio batzuei sektoreko eskumenak kentzea (102/1995 KAE).

6. Aipatu doktrinak KALParen 9.1, 2. eta 4. artikuluen c) eta e) letren inguruan planteatutako aurkaratzearen xedearen hurbilpena iragartzen du; horren arabera, Klima-aldaketari buruzko Euskal Plan bat taxutzea Eusko Jaurlaritzaren eskumen-eremuaren barruan kokatzen da, plan horretan KALParen 3. artikuluak araututako legearen aplikazio-esparruetako sektoreko estrategiak eta politikak zehazten direlako.

Beste modu batera esanda, Eusko Jaurlaritzak ez du inolako eragozpenik lege baten bidez Klima-aldaketari buruzko Euskal Plan bat idazteko beharra agertzeko, eta sektoreko estrategiak eta politikak finkatzearen bidez, horrek ez ditu Lurralde Historikoetako Foru-organoen eskumenak aldatzen. Izan ere, aipatu planean helburuak, irizpideak, arauak eta jarraibideak zehazten dira, eta geroago egingo den interpretazioarekin, Eusko Jaurlaritzak inolako arazorik gabe gara ditzake Lurralde Historikoetako Foru-organoekin koordinatuta.

Konstituzioaren zeharkakotasunaren doktrinari jarraituz, argi dago ezin dela Autonomia Erkidegoari dagokion ingurumen eskumena Lurralde Historikoen esku dauden ahalmenei edukia kentzeko erabili. Hala ere, kasu honi irizpide objektiboa eta teleologikoa aplikatuz gero, lehen aurreratu bezala, ingurumena babesteko gune fisiko zehatz bati beharrezko neurriak aplikatu dakizkion ahalbidetzea eskumen-banaketari egokitzen zaiola ondoriozta dezakegu. Hain zuzen ere, klima-aldaketaren balizko eraginen egokitzapenak -KALParen helburua- foru-eskumenak errespetatu behar ditu, baina eskumen horiek gune fisiko zehatz batzuei bakarrik dagozkien arren, mendiak esaterako, ingurumenaren eskumena betetzea ahalbidetu behar dute, helburu diren emaitzak lortze aldera. Hori da 2. oinarri juridikoan aipatutako 3/2003 Ebazpen Batzordearen Ebazpenaren zentzua ere.

Batez ere, KALPak bere onespenari buruz erabilitako adierazpenek, Lurralde Historikoen Foru-organoek parte hartzen duten erakunde desberdinekiko beharrezko kontsultek eta sektoreko estrategien eta politiken helburuak finkatu eta integratzeko edukiak EAEren eskumen-banaketaren esparruan ezin hobetu egokitzen direla ikusita, EAE barruko legeriaren arabera.

7. KALParen 29.1 eta 2. artikuluen aurkaratzeari dagokionez, BEGen isurtzeak murrizteko sistema bat arautu behar dela ondorioztatzen da, biodibertsitatea zaintzearekin bateragarria den karbono hustubideak kudeatzeko proiektu bat eginez. Beste hainbat neurriren artean, bertako basoa mantendu edo handitzea, biodibertsitatea zaintzeko basoko teknikak onartzea eta hustubideak hobetzea, edo lurzoruan karbonoa handitzea barne har ditzake. Jarraian, Administrazio Publikoen jarduerak zerrendatzen ditu, bakoitzari dagozkion eskumen-esparruen barruan.

Behin gaia modu horretan planteatuta, halabeharrezkoa da Kyotoko Protokolora jotzea, eta karbono hustubideen kudeaketak basoen kudeaketa, oihaneztapena eta basoberritzeko praktika iraunkorrak sustatzea dakarrela adieraztea. Jardunbide horiek zuzenean eragiten dute Lurralde Historikoetako Foru-organoei dagozkien berariazko eskumenengan, LHLaren 7.a.9 artikuluari eta 8.1 artikuluari jarraituz. EAEko Administrazio Orokorraren ordezkaritzak adierazi duen moduan, jardunbide horiek ez dira Lurralde Historikoetako Foru-organoei eskumenak kenduko dizkien karbono hustubideak kudeatzeko sistema bat; erakunde erkideen aldetik arau teknikoen zehaztapena dira, Lurralde Historikoetako Foru-organoek zein beste administrazio batzuek klima-aldaketaren inguruan bete ditzaten (kasu honetan BEG), basoen kudeaketa, oihaneztapena eta basoberritzearen arloko eskumenak betetzen dituztenean.

Interpretazio honen arabera, Lurralde Historikoetako Foru-organoek gai honen gaineko eskumen-eremua bere horretan izaten jarraitzen dute karbono hustubideen euskarri fisikoari dagokionez, LHLaren 7.a.9 eta 8.1 artikuluen bidez, hau da, «basoak» eta «baso-landaketak», jada aipatutako foru-arauetan garatutako eskumen-esparrua.

Gauzak horrela eta horrekin batera, egindako alegazioen ildotik eskumen-arazoa saiheste aldera, KALParen 29.1 artikulua klima-aldaketaren inguruko arau teknikoetan agertzen diren helburuak, irizpideak, arauak eta jarraibideak ezartzen dituen egoera gisa interpretatu behar da, eta mendien arloan dituzten berariazko eskumenen arabera, arau tekniko horiek bete behar dituzte EAEko BEGen inbentarioan eragina izan dezaketen proiektuak kudeatzen dituzten EAEko Administrazio Publiko guztiek, Lurralde Historikoetako Foru-organoek barne.

Argudio berdinak ager daitezke 12. xedapen gehigarriari dagokionean, aurrekoaren erregelamenduaren garapena gauza dadin urtebeteko epea ezarri besterik ez baitu egiten, eta KALParen 29.1 artikuluarekin duen loturaren ondorioz, LHLaren eskumen-banaketari dagokionez konponbide bera izan behar du.

8. KALParen 29.2 artikuluari dagokionez, agindua idatzita dagoen terminoen arabera, artikuluaren edukiak Administrazio batzuen eta besteen arteko eskumen-banaketaren aurka egiten ez duela ondoriozta daiteke, espresuki «haiei dagozkien eskumen-esparruak» aipatzen baititu. Horrenbestez, aurkaratutako aginduak karbono hustubideak kudeatzeko orduan jarduerak burutu ditzaten besterik ez die eskatzen hainbat Administraziori, baina ez dizkie inolaz ere euren eskumenak kentzen Foru-organoei. KALParen 29.2 artikuluak, atal desberdinen bidez, EAEko gasen inbentarioaren barruan BEGak murriztearen inguruko helburuak, irizpideak, arauak eta jarraibideak ezartzea azpimarratzen du, baina ez du basoberritzea zein beste jarduera batzuen alderdi zehatzak arautzeko asmorik, hori Lurralde Historikoetako Foru-organoen eskumen esklusiboa baita. Eusko Jaurlaritzaren esku utziz gero, horrek Foru-lurraldeei ahalmena kentzea eta KALPa LHLaren eskumen-banaketa sisteman ez egokitzea adieraziko luke.

Lurralde Historikoetako Foru-organoak probintzien zein udalerrien ondasunen, jabari publikokoak zein ondarezkoak, edo berezkoak eta herriari dagozkionak, erregimenaren eskumen esklusiboa dutela esanez, orain arte Gipuzkoako BNetako ordezkaritzak erakutsitako argudioak ez du orain arte azaldutakoaren gainean eraginik, KALPak ez baitu mendi horientzako inolako erregimen juridiko «berririk» adierazten eta horien gainean administrazio arloaren barruan dauden jardueren arteko bat besterik ez baita.

9. Aurkaratutako KALParen azken artikulua, soilik Bizkaiko Foru Aldundiak aurkaratutakoa, 31.2 artikulua a), b), c), d) eta g) letrak da, eta zehazki, Klima-aldaketari buruzko Euskal Plana egokitzeko programaren neurriei begira zenbait lehentasunezko helburu finkatzen dituzte.

Irakurketa xehatua egin ondoren, pentsa liteke lehentasunezko helburu horiek jarduera-ildo orokorrak finkatzen dituzten heinean, ez dutela eraginik Lurralde Historikoetako Foru-organoen eskumenetan, izan ere, modu xehatuan eta zehatzean, horiek ezartzera mugatzen dira, ez arautzera. Hala badagokio, eta LHLak xedatutakoari jarraikiz, helburu horien gauzatze zehatzak Lurralde Historikoetako Foru-organoen aldetik eskumen-arazoaren xede izan zitezkeen, haien ustetan Eusko Jaurlaritzaren administrazio-jarduera zehatzak LHLak xedatutakoaren eskumen-esparrua alda dezaketenen kasuan.

ERABAKIA

Azaldutakoari jarraikiz, Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkurak,

ERABAKI DU:

Lehenengoa.- KALParen 9. artikulua, 1., 2. eta 4. atalak, c) eta e) letren testuari dagokionez zalantzan jarritako eskumenak ez duela eraginik Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko eskumenen banaketan, 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. Oinarri Juridikoetan azaldutako arrazoiak direla medio.

Bigarrena.- KALParen 29.1 eta 2. artikuluen eta 12. xedapen gehigarriaren testuari dagokionez zalantzan jarritako eskumena Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko eskumenen banaketari egokitzen zaiola, 7. eta 8. oinarri juridikoetan jasotzen diren BEGen murrizketaren eskumenaren edukiaren definizioaren arabera, modu berezian, eta 1., 2., 3., 4. eta 5. oinarri juridikoetan azaldutako arrazoiei lotuta ere.

Hirugarrena.- KALParen 31. artikulua, 2. atala, a), b), c), d), e) eta g) letren testuari dagokionez zalantzan jarritako eskumenak ez duela eraginik Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko eskumenen banaketan, 1., 2., 3., 4., 5. eta 9. Oinarri Juridikoetan azaldutako arrazoiak direla medio.

Erabaki hau aldeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da. Horrela adostu dute eta sinatu dute Batzordeko kideek, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 25a.

Arbitraje Batzordearen idazkaria,

BEGOÑA BASARRATE AGUIRRE.


Azterketa dokumentala