Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2011ko abenduaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6039

254/2011 DEKRETUA, azaroaren 29koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Artxandako ponpategia berritzeko proiektua burutzeko beharrezkoa ondasun eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2011ko ekainaren 28an, teknikoki onartu egin zuen egitasmo hau: «Artxandako ponpategia berritzeko proiektua». Eta informazioa jendaurrean jartzeko izapidea egitea erabaki zuen: egitasmoa eta jabetza kentzeko hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua. Ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2011ko urriaren 4ko bilkuran, behin betiko onespena eman zion aipatutako egitasmoari eta hartuko diren ondasun eta eskubideen zerrendari, eta hartu egin behar direla adierazi zuen. Eta Eusko Jaurlaritzari egitasmo horrek eragiten dien ondasun eta eskubideak premiaz hartzeko adierazpena eskatzea erabaki zuen, Jabetza Nahitaez Kentzeko Legeko 52. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Artxandako ponpategia 50. hamarkadan egin zen eta bere egoera ez da batere ona, zahartuta dagoelako. Horregatik, berritzeko proiektuak ur hornidura eta zerbitzu ona eta kalitatezkoa bermatu nahi ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2011ko azaroaren 29an egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.nean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, Artxandako ponpategia berritzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala