Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2011ko abenduaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Eusko Legebiltzarra
6029

ERABAKIA, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, Eusko Legebiltzarrarentzat intereseko gaiei buruzko lanak argitaratzeko deialdi publikoaren oinarriei buruzkoa.

Mahaiak, 2011ko azaroaren 15eko bileran, agindu du ondoko oinarriak Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 15a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

ARANTZA QUIROGA CIA.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2011ko apirilaren 12ko bileran, erabaki zuen bilduma berri bat sortzea, Legebiltzarraren argitalpen ez-ofizialen barruan, Legebiltzar Ikerlanak izenekoa. Bilduma horren barruan, ikerlan edo doktore-tesi bat argitaratuko da urtero, legebiltzar-zuzenbidearekin edo Eusko Legebiltzarreko ohiko jardunarekin zerikusia duena. Era berean, aipatutako erabakian Mahaiak xedatu zuen 2011ko azken hiruhilekoan argitara ematea 2010ean edo 2011n burututako ikerlan edo doktore-tesia argitaratzeko lehiaketaren oinarriak. Segidan datozenak dira, hain zuzen.

OINARRIAK

Lehenengoa.- Helburua.

Oinarri hauen helburua da legebiltzar-zuzenbidearekin edo Eusko Legebiltzarreko ohiko jardunarekin zerikusia duen edozein gairi buruzko ikerlan edo doktore-tesi bat argitaratzeko baldintzak arautzea.

Bigarrena.- Eskatzaileak.

Lan horiek argitaratzeko eskaera egin dezakete 2010ean edo 2011n ikerlanak egin edo beren doktore-tesiak defendatu dituzten guztiek.

Hirugarrena.- Eskabideak.

Beren lana argitaratzea nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Eusko Legebiltzarreko Erregistro Orokorrean. Eusko Legebiltzarreko Mahaiari zuzendu beharko diote, eskatzailearen datu pertsonal hauek adieraziz: izena, deiturak, NANa, posta-helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta adina. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 3an hasiko da eta 2012ko martxoaren 31n amaituko.

Ikerlanen kasuan, behar bezala justifikatuta jaso beharko da lana noiz egina den eta, hala badagokio, zer laguntza jaso dituen eta nork zuzendu edo koordinatu duen.

Doktore-tesien kasuan, jaso beharko da tesia noiz irakurri eta defendatu den, zer kalifikazio eman zaion eta nork zuzendu duen.

Eskabide horrekin batera aurkeztu beharrekoak:

1.- Eskatzailearen curriculum vitaea, aurkeztutako merituak egiazkoak direla ziurtatzen duten dokumentuekin.

2.- Doktore-tesia edo ikerlana zuzendu edo koordinatu duen pertsonaren txostena, beraren iritziz lana argitaratzea justifikatzen eta gomendagarri egiten duten arrazoiak adieraziz.

Laugarrena.- Lanak aurkezteko modua.

Lehiaketara aurkeztu nahi diren doktore-tesiek edo ikerlanek 125 folio izan beharko dituzte gutxienez eta 250 gehienez, lerroartea 1,5, letra mota Times New Roman eta tamaina 12 direla, eta euskaraz edo gaztelaniaz idatzita egon daitezke. Doktore-tesiaren edo ikerlanaren bi ale aurkeztuko dira. Ale bat Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, paperean (zuzenketarik, ezabaketarik edo urradurarik gabe), hirugarren oinarrian eskatutako dokumentuekin batera. Beste alea, paperekoa fisikoki eman eta gero, euskarri digitalean bidaliko da, posta elektronikoz, Microsoften Windowserako Word dokumentuan edo horrekin pareka daitekeen batean.

Bosgarrena.- Mahaiaren erabakia.

Hautatutako lana argitaratzeari buruzko erabakia Eusko Legebiltzarreko Mahaiari dagokio; Mahaia adituen aholkuaz baliatu ahalko da eta 2012ko maiatzaren 31 baino lehen emango du argitara bere erabakia. Lehiaketa esleitu gabe gera daiteke eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Seigarrena.- Hautatutako pertsonaren eginbeharrak.

Hautatutako pertsonak onartzen du Legebiltzarrarekin kontratu bat sinatu behar duela eta bertan adierazi behar duela testuaren egilea dela, bere lan originala dela eta beste eskubide aitorturik ez duela urratzen, eta orobat bere lanaren lagatze ez-esklusiboa egiten duela itzultzeko, argitaratzeko, saltzeko, erreproduzitzeko eta Eusko Legebiltzarrak egoki irizten dien euskarri analogiko edo elektronikoetan zabaltzeko.

Zazpigarrena.- Eusko Legebiltzarraren eginbeharrak.

Eusko Legebiltzarrak konpromisoa hartzen du hautatutako lanaren lehenengo argitalpen inprimatua salgai jartzeko. Halaber, beretzat gordetzen du lana formatu elektronikoan argitaratzeko aukera, Eusko Legebiltzarraren web-orrian hartarako prestatuko den gune batean.

Eusko Legebiltzarrak inprimaketa-proben ale bat bidaliko dio lanaren egileari, testua zuzen dezan, eta hark konpromisoa hartzen du 20 eguneko epean atzera itzultzeko, egin beharreko zuzenketak eginda, zeinak testuan txertatu beharko baitira. Eusko Legebiltzarra zuzenketa ortotipografikoez arduratuko da, baita argitaratzeko irizpideak aplikatzeaz ere.

Epe hori igarota egileak proba zuzenduak ematen ez baditu, Eusko Legebiltzarrak egin dezake proben zuzenketa, eta ez du inolako erantzukizunik izango baldin zuzenketaren emaitzak egilea gogobetetzen ez badu.

Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrak agintzen du egilearen izena nabarmenduta agerraraziko duela lanaren ale guztietan eta jabetza intelektualaren erreserbaren nazioarteko aipamena sartuko duela, segidan gehituz izen-deiturak, goitizena eta lehen argitaraldiaren urtea, eta orobat Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe lizentziaren aipamena.

Inprimatutako aleen salmenta-prezioa Eusko Legebiltzarrak zehaztuko du, argitaratze-kostuen berri izandakoan, eta hamabost eguneko epean jakinaraziko dio egileari.

Zortzigarrena.- Egile-eskubideak.

Egileak mila (1.000) euro jasoko ditu, emakidako lanaren egile-eskubideengatik.

Argitaratzaileak agintzen du egileari doan emango dizkiola lehen argitaraldiko 25 ale eta hurrengo argitaraldi bakoitzeko 10 ale.

Bederatzigarrena.- Hautatutako lana aurkeztea eta argitaratzea.

Hautatutako pertsonak onartzen du lana euskarri digitalean helarazi behar duela, posta elektronikoz, bere garaian adieraziko den helbidera, gehienez ere 30 eguneko epean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak egileari hautaketaren berri ematen dionetik kontatzen hasita.

Egileak egiten dituen berrikuntzak (lerrokadak kendu edo sartzea barne), lanaren konposizioaren kostu osoa % 10 baino gehiago handitzen badute, egilearen kontu izango dira. Ez dira kontabilizatuko aldaketa tipografikoak, argitaratzailearen kontu izango baitira horiek beti.

Hamargarrena.- Oinarriak onartzea.

Deialdian parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiak osoki onartzea. Mahaia gai da gertatzen diren gorabeherak edo aurkezten diren erreklamazioak modu apelaezinean ebazteko.

Hamaikagarrena.- Publizitatea.

Deialdi hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Halaber, Euskadiko unibertsitate guztiei jakinaraziko zaie.


Azterketa dokumentala