Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2011ko abenduaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
5947

240/2011 DEKRETUA, azaroaren 22koa, eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria arautzen duena.

ZIOEN ADIERAZPENA

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko abenduaren 16ko 2002/91/EE Zuzentaraua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren bidez bateratu zen, eta Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatzea du helburu. Horretarako, eraikinetako eraginkortasun energetikoaren kalkulu metodologiarekin lotutako baldintzak ezartzen ditu; eraikin berrien eta dagoeneko eraikita egon baina konponketa sakonak behar dituzten eraikinen eraginkortasun energetikoaren aldetiko gutxieneko baldintzak aplikatzea exijitzen du; eta eraikinen ziurtagiri energetikoa ezartzen du.

Zuzentarauaren xedea da, alde batetik, baldintza egokiak sortzea, eraikuntzaren sektoreko aurrezte energetikoaren arloan estatu-kideek burututako ahaleginak armonizatze aldera; eta bestetik, Erkidegoko mugiezinen merkatuko eraginkortasun energetikoaren gardentasuna areagotzea, jabe eta okupatzaile izan daitezkeenen onuragarri, zeinen eskubideak, kontsumitzaile diren aldetik, babes berezia merezi baitute botere publikoen aldetik. Eraikinak eraiki, saldu edo alokatu egiten badira, Zuzentarauak agintzen duena da jabearen esku utzi behar dela, edo, hala badagokio, eta jabe horrek erosle edo maizterraren esku utzi behar duela Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, zeinek informazioa emango baitio eraikinaren eraginkortasun energetikoa erkatu eta ebaluatu ahal izateko.

Eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzekoa den urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuak 2002/91/31/EB Zuzentarauaren funtsezko alderdiak eransten dizkio barneko ordenamenduari (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren bidez bategin da zuzentarau hori, bere ildoari jarraiki), eta, eraginkortasun energetikoa sustatze aldera, prozedura horren edukia zehazten du. Eraikinetako ezaugarri energetikoei buruzko informazio objektiboa eman beharko zaie eraikinen erosle eta bezeroei. Ezaugarriok Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren bidez gauzatuko dira, zeinek prestazioak baloratu eta erkatzeko aukera emango baitu, eraginkortasun energetiko handiko eraikinak eta energia aurrezteko inbertsioak sustatze aldera.

Errege Dekretu horrek dio autonomia erkidegoei dagokiela zenbait eginkizun burutzea, zertarako eta, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien zuzentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Eginkizunik behinena izango da, alde batetik, ziurtagiriak ikuskatu eta kontrolatzea; eta bestetik, sustatzaile edo jabeei ezarritako obligazioak -era batekoa zein besteko destinoa duten eraikin eraiki berriek eraginkortasun energetikoko ziurtagiria izan beharrari buruzkoak- betetzen direla bermatzen duten aurreikuspenak aintzat hartzea. Erkidegoei dagokie, halaber, ziurtagiria berriztatzea eta eguneratzea, baita Eraginkortasun Energetikoko Etiketa eraikinetan jartzea ere.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak -Autonomia Estatutuko 10.28 artikuluaren babesean promulgatutakoak- ezartzen du bere 16. artikuluan etxebizitzak erosi edo alokatzen dituzten kontsumitzaile eta bezeroen eskubidea dela informazio egiazkoa, osoa, zuzena eta ulergarria izatea, EAEko araudi orokor oinarrizkoa eta autonomikoa kontuan izanik. Eskubide hori modu berezian sustatu eta babestu behar dute Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek.

Horiek horrela, oinarrizko prozedura zuzen aplikatzeko behar diren eginkizun administratiboez Autonomia Erkidegoko Administrazioa baliatzea -eta hori arautzea- oinarrizko prozedura horren gain ezarritako diziplinaren baitan txertatzen da. Prozedura horren helburua da, alde batetik, eraikinen ziurtagiri energetikoa, eta bestetik, 2002/91EE Zuzentarauan (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren bidez bategina) jasotako aurreikuspenak Autonomia Erkidegoaren lurraldeko eraikinei benetan atxikitzea.. Hori dela-eta, beharrezko araugintza-bateratasun eusteko, xedapen horietan erabilitako definizioak erabiltzen ditu; eta berdin antzeko eskema erabiltzen du Autonomia Erkidegoko antolaketak eta arauek dakartzaten egokitzapenekin ere.

Dekretu honek eta berori garatzeko emango diren aginduek, 47/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren haritik, kanpo-kontroleko prozedura arautzea dute helburu, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria unean uneko egoerari egokitzen zaiola bermatzeko, betiere kontuan hartuz Euskal Autonomia Erkidegoan zein zirkunstantziatan garatu behar duen. Kanpoko kontrol horrek eragina izango du proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren gain, baita amaitutako eraikinaren gain ere; eta, ondorioz, eragileek jardunean erakusten duten beregaintasuna eta objektibitatea ziurtapen-prozesuak irauten duen epean antzeman ahal izan daitezen.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiri Erregistroa sortzen da, zeinek, alde batetik, bermatu egingo baitu kontsumitzaile eta bezeroek informaziorako duten eskubidea; eta bestetik, erraztu egingo du Autonomia Erkidegoan emandako Ziurtagirien administrazio kontrola. Herritar guztiek Erregistroaz baliatu ahal izatea bermatu behar da eta administrazio mailako neurriak hartu. Aukerak jarriko dira horretarako, herritarraren eta Administrazioaren arteko komunikazioa beti eta era guztietan bermatu ahal izateko.

Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea aplikatuz, baliabide elektronikoen bidez arautzen da Erregistrorako sarrera eta bertako inskripzioa. Bide elektroniko, informatiko eta telematikoek administrazio-prozeduretan duten erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari egokitzen zaio tramitazio elektronikoa.

Eraikinen ikuskaritzaz ere arduratzen da araua, jakiteko ea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriko kalifikazio hori errealitateari egokitzen zaion; eta arduratzen da, halaber, ziurtagiriak berriztatu eta eguneratzeko baldintza bereziez. Aurrerago, 47/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren esparruan Eraginkortasun Energetikoko Etiketek bildu behar dituzten baldintzak aurreikusten dira, baita ere etiketok erakinetan borondatez edo halabeharrez erakutsi behar diren.

Garrantzia handia duenez higiezinen merkatuan, baita kontsumitzaile eta bezeroen eskubideentzat ere, Dekretuak zehaztu egiten du eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko informazioa zelan eman behar dien etxebizitza edo lokal bat saldu edo alokatzen dutenek erosi edo alokatzen dutenei. Determinazio horien osagarri gisara, kontsumo arloan eskumena duten organoen zaintza- eta kontrol-agindu bana eta eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatu eta suspertzeko agindua emango dira.

Eraikinen Eraginkortasun Energetikoari buruzko Sailarteko Koordinazio Batzordea sortzen du Dekretuak, non parte hartzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin lotutako edo horren menpeko organo eta entitateetako ordezkariak -energia, kontsumo, etxebizitza eta eraikinen arloan eskumena dituztenak-; helburua izanik, betiere, administrazioaren hobekuntza, eta sektorearen eta kontsumitzaileen eta bezeroen organizazioen eskakizunak eta interesak defendatzeko behar diren kontsulta- eta partaidetza-bideak ere erabili ahal izango dira. Kooperazio- eta lankidetza-tresnak sortu eta beste administrazio publiko batzuekin batera erabiltzea ere aurreikusten da, eraikinetako eraginkortasun energetikoaren helburu komunak ahalik eta modurik eraginkorrenean lortzeko.

Arau horrek, azkenik, 6/2003 Legean aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen atalean txertatzen du dekretuko xedapenen bat ez betetzea.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Eraginkortasun Energetikoko Ziurtagiriak jaso, erregistratu, berriztatu, eguneratu eta ikuskatzea, eta horien kanpo-kontrola -bai proiektuena, bai amaitutako eraikinena- arautzen ditu dekretu honek; arautzen duen moduan Eraginkortasun Energetikoko etiketetan duen isla, etiketon erabilera, eta arlo horretan saltzaileak erosleari eman behar dion informazioa, kontsumitzaile eta bezeroen eskubideak babeste aldera.

2. artikulua.- Aplikazio-eremua.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan du eragina dekretu honek.

a) Eraikin eraiki berriak.

b) 1.000 m2-tik gorako eraikinetan -berriak ez direnetan- egindako aldaketa, konponketa edo zaharberritzeak, baldin eta itxitura guztiaren % 25etik gora berriztatzen bada.

2.- Eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzekoa den urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren 2.2 artikuluan adierazitako eraikinak dekretu honen aplikazio eremutik kanpo daude.

II. KAPITULUA

eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak

3. artikulua.- Xedapen orokorrak.

1.- Eraikin baten, horren zati baten eta/edo proiektu baten Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria 47/2007 Errege Dekretuko 4. artikuluan zehaztutako aukeren arabera emango du eraikinaren edo instalazio termikoen zati-proiektuaren proiektugileak edo obraren zuzendari fakultatiboak (47/2007 Dekretua: Eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzekoa).

2.- Eraikin baten alde bat egoitza-erabilerarakoa bada, eta gainerakoak beste erabilera batzuetarakoak, gutxienez ziurtagiri berezi bat egingo da egoitza-alderako, eta beste bat gainerakoetarako.

3.- Titularitate juridiko ezberdineko lokalak eta aparteko erabilerako lokalak, baldin eta eraikinaren proiektuan ez badaude zehaztuta geroago erabiltzeko, modu berezian ziurtatu behar dira, ireki baino lehen.

4.- Ziurtagirietan argi utzi beharko da jasota ea eraikin osoa hartzen duten, edo lokal jakinen bat, zein argi eta garbi identifikatu beharko duten ziurtagiriok.

4. artikulua.- Erantzukizunak.

Eraikinaren edo instalazio termikoen proiektu partzialaren proiektugileak eta obraren zuzendari fakultatiboak izango dute proiektu eta eraikin amaituaren ziurtagirietan azaltzen diren datuen zehaztasunaren eta egiatasunaren ardura.

5. artikulua.- Ziurtagiriaren indarraldia, berriztapena eta eguneratzea.

1.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak hamar urteko indarraldia izango du. Emate-egunetik aurrera kontatuko den epe hori igarotzerakoan berriztatu egin beharko da ziurtagiria. Berriztapenak beste hamar urteko indarraldia izango du gehienez.

2.- Ziurtagiria eguneratu ahal izango da, edozein egora dela-eta eraikinaren aspektuetan aldaketak gertatzen badira, zeinek, eraikinaren kalifikazio energetiko ezberdina ezarita, aldatu egin baitezakete Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eguneratu egin beharko da, batez ere honako egoera hauetan:

- Obretarako baimen-eskabidea aurkeztu eta obra horrek nahitaez eragiten dionean eraikinaren inguratzaile termikoari.

- Solairu berri baten instalazio termikoa (berogailua, klimatizazioa edo ur bero sanitarioa) martxan jartzeko baimen eskabidea aurkezten denean.

- Konponketak direla-eta instalazio termikoa martxan jartzeko baimen eskabidea aurkezten denean.

- Erabilera edo jarduera aldatu eta horrek nabarmen eragiten dionean eraginkortasun energetikoari.

Ziurtagiria eguneratu eta gero, 10 urteko epeari emango zaio hasiera, berriztapena egiteko.

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eguneratzea dakarten obrek dirauten bitartean, bidezkotzat jotzen diren froga, egiaztapen eta ikuskapenak egin beharko dira.

3.- Eraikinaren jabea den titularrak izango du Ziurtagiria berriztatu edo eguneratzeko ardura.

4.- Kalkulu-metodologia eta eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko agiri onartuak erabiliko dira berriztapenean eta eguneratzean, betiere aplikagarriak badira une horretan. Amaitutako eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria emateko gaitasuna duen pertsonak izenpetu behar ditu, 47/2007 Errege Dekretuko 7. artikuluaren arabera.

5.- Ziurtagiriaren berriztapenek eta eguneratzeek kanpo-kontrola izango dute, IV. kapituluan xedatutakoaren arabera.

III. KAPITULUA

ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN ERREGISTROA

6. artikulua.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa.

1.- Energia eta Meategien Zuzendaritzan Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistro bat izango dute, non jasota egongo baitira Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak, Amaitutako Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, baita ziurtagiri horietan gertatzen diren eguneratzeak.

2.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa publikoa da eta eraikinaren eraginkortasun energetikoaren gaineko argibideak ematen ditu. Ez du egiaztatuko, ordea, eraikinari eska dakizkiokeen gainerako baldintzak bete diren, edo ez.

Sarrera librea izango du, eta doakoa izango da.

7. artikulua.- Inskripzioa.

1.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria modu elektronikoz inskriba daiteke Erregistroan, dekretu honen garapen-arauetan zehaztutako baldintzekin eta bertan adierazitako eran.

Dekretu hau garatzeko xedapenetan agindutako moduan, presentziaz ere aurkez dezake, sustatzaileak edo jabeak, Ziurtagiria Erregistroan inskribatzeko eskabidea, Energiaren Euskal Erakundearen bulegoetan, non kudeatuko baita Erregistroko inskripzioa.

2.- Hitzarmenak sinatu ahal izango dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta eragindako Elkarte, Erakunde edo Elkargo Profesionalen artean, zertarako eta, elkargo horiek gaitzeko, izapideak modu elektronikoan egin ahal ditzaten erregistro horrekin, eraikinaren sustatzailearen edo jabearen ordezkotzan.

Hitzarmen horiek sinatzeko kontuan hartu behar diren baldintzak eta betekizunak ezarri ahal izango dira dekretu honen bidez.

8. artikulua.- Erregistroko datuak kontsultatzea.

1.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriko datuak kontsultatu ahal izango dira, urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuko 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako mugapenekin bat etorriz.

2.- Ziurtagiriaren informazioa honako baliabide hauetakoren bat erabiliz kontsultatu ahal izango da:

- Presentziazko arreta Energiaren Euskal Erakundean, zehazten den moduan.

- Sarrera elektronikorako guneak.

- Arreta telefonikoa.

IV. KAPITULUA

ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIAREN KANPO KONTROLA

9. artikulua.- Kontzeptua eta eragina.

1.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kanpo kontrolak honakoak egiztatzen ditu: prozedura, aplikatutako kalkulu metodologiaren arabera esleitutako kalifikazio energetikoa, eta ziurtagirietan jasotako datuen zehaztasuna.

2.- Dekretu honen garapen xedapenetan definitutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien gain egingo da kanpo kontrola, eta burututako kontrolaren txostena jasoko du.

10. artikulua.- Kreditutako eragileak.

1.- Eraginkortasun energetikoaren araugintza esparruan frogatutako eskarmentua duten kontrol-erakundeek edo -entitateek egin beharko dute kanpo kontrola. Behar den esperientzia eta prestakuntza izan beharko dute, baita eginkizuna garatzeko behar diren giza-baliabideak eta baliabide materialak.

Eginkizunak garatzeko behar diren prozedura, baldintza eta betekizunak, baita eragile horiekin zerikusirik duten gainerako alderdiak ere, garapen-aginduan zehaztuko dira.

2.- Objektibotasun-, inpartzialtasun- eta zuzentasun-printzipioen menpe egongo dira egiaztatutako eragileak; eta, euren obligazioei eta jarduerak aseguratzeko exijentziari dagokienez, agindu honetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

11. artikulua.- Sustatzailearen edo jabearen obligazioak.

Sustatzaileak edo, hala badagokio, jabeak, egiaztatutako eragilearekin batera egin behar du lan, eta erraztu egin behar du kanpo kontroleko lana; eta, batik bat:

a) Bermatu egingo du kanpo kontrolaren enkargua egiaztatutako eragile bati egiten bazaio, enkargu hori epe barruan egin beharko dela, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko egiaztapena egitea posible izan dadin.

b) Bermatu egingo du egiaztatutako eragileak sarrera librea izan dezan Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirirako garrantzizkoak diren agirietara.

c) Bermatu egingo du egiaztatutako eragileak sarrera librea izan dezan, aurretik abisatu barik, bere ardurapean dagoen kanpo kontrolera.

V. KAPITULUA

IKUSKARITZA PLANAK

12. artikulua.- Ikuskaritza planak.

1.- Eraikinen ikuskaritza planak onar ditzake Energia eta Meategien Zuzendaritzak, zertarako eta, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirian eta kanpo kontroleko txostenean adierazitako kalifikazio energetikoa errealitateari egokitzeko, eta begiratu egin beharko du arau aplikagarriak betetzen diren. Hala ere, bidezkotzat jotzen denean, beste ikuskaritza batzuk egin ahal izango dira.

2.- Energia eta Meategien Zuzendaritzak ikuskaritza planak egitea eta dagozkien ikuskaritzak exekutatzea gomendatu diezaieke eraginkortasun energetikoaren arloan laguntzaileak diren erakundeei edo energiaren arloan kontrol- edo ikuskaritza-eginkizunak legez burutu ditzaketen beste entitate publiko batzuei.

VI. KAPITULUA

ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ETIKETA ETA ARGIBIDEAK KONTSUMITZAILEETA BEZEROENTZAT

13. artikulua.- Eraginkortasun energetikoaren etiketa.

1.- Ziurtagiria Erregistroan jaso eta erregistro-zenbaki bat eman eta gero, interesdunak, aplikazio informatikoaren bidez, dagokion Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa lor dezake.

2.- Eraikin baten proiektuak edo eraikin amaituak lortutako eraginkortasun energetikoaren kalifikazio-maila adierazten du Eraginkortasun Energetikoaren Etiketak, 47/2007 Errege Dekretuan ezarritako gutxieneko edukiei egokituko zaie, eta euskaraz eta gaztelaniaz erredaktatuko da, dekretu honen eranskinean azaltzen den eran.

Ziurtagiriaren erregistro-zenbakia ere jasoko da etiketan, baldin eta berriztatu edo eguneratu egin bada; eta baliotasun-epea ere jasoko da.

3.- Eraikina saldu edo zati batean zein guztiz alokatzen bada, eskaintza, sustapen edo publizitate guztietan jaso beharko da etiketa, eta bertan argi eta garbi adierazi beharko da ea proiektuaren edo amaitutako eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzkoa den.

Publizitate euskarriak -obrako hesiak edo antzekoak- erabiltzen badira, kalifikazio energetikoaren kalifikazioari buruzko informazioak ondorengo datuak jasoko ditu gutxienez, eta era ikusgarrian:

a) Kalifikazioa eta kalifikazio energetikoaren eskala.

b) Proiektuaren edo amaitutako eraikinaren ziurtagiri-moduari buruzko aipamen berariazkoa.

c) Erregistroaren zenbakia.

d) Amaitutako eraikinaren kasuan, Ziurtagiriaren baliotasun eguna.

Prentsako iragarkien edo beste erabateko publizitate euskarrien kasuan, euren tamaina edo ezaugarriak direla-eta, Etiketa Energetikoa oso-osorik sartzeak irakurgaitza egiten badut etiketa, ontzat emango da, salbuespen gisara, kalifikazio energetikoa eta erregistro-zenbakia bakarrik jasotzea, eta kontsumitzaileak eraikinaren kalifikazio energetikoari buruzko beste edozein datu egiaztatu ahal izango du erregistroan. Ondorio horietarako, publizitate horretako erregistro zenbakiaren tamainak publizitateko gainerako karaktereen tamainaren bestekoa izan beharko du, behintzat.

4.- Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketaren esanahia eta funtzionamendua jakitera emateko, heziketa- eta sustapen-kanpaina informatiboak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, zertarako eta, kontsumitzaileek energia modu arduratsuagoan erabiltzeko.

14. artikulua.- Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakustea.

1.- Nahitaezkoa da eraginkortasun energetikoaren etiketa ageriko lekuan eta herritarrak ondo ikusteko moduan jartzea Administrazio Publikoaren eraikinetan edo zerbitzu publikoak herritar askori eman eta, ondorioz, herritarrok sarri erabiltzen dituzten erakunde-eraikinetan, betiere 1.000 m2-tik gorako azalera badute.

2.- Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatutakoak izan eta babes publikoko etxebizitza izateko diren eraikinetan derrigorrezkoa izango da eraginkortasun energetikoaren etiketa erakustea.

3.- Borondatezkoa da eraginkortasun energetikoaren etiketa erakustea gainerako eraikinetan.

4.- Amaitutako eraikinaren etiketa plaka baten bidez erakutsiko da publikoki, dekretu honen eranskinean etiketa energetikorako agertzen den diseinuaren arabera.

15. artikulua.- Indarreko arauak betetzen ez dituzten etiketak debekatzea.

1.- Debekatu egiten da arauan edo zuzentarauen transposizio-xedapenetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eraikinen energia kontsumoari buruzko etiketak, markak, ikurrak edo inskripzioak erakustea, baldin eta okerrerako bidea eman edo nahastea sor badezakete.

2.- Debeku hori ez zaie aplikatuko Erkidegoko edo Europako Batasunaren estatu-kideetako etiketa ekologikoei, ez eta Energia Aurreztu eta Garatzeko Zentroak (CADEM) orain arte emandako etiketei ere.

16. artikulua.- Kalifikazio energetikoari buruzko informazioa.

2.- Eraikin eraiki berriak erosi edo alokatzen dituzten sustatzaileek, profesionalek edo enpresek kontsumitzaile eta bezeroak babesteaz legeek jasotzen duten informazioa jarriko dute erosle edo maizterren eskura, eta, gainera, honako agiri hauek ere bai:

a) Amaitutako eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren ziurtagiria.

b) Lortutako kalifikazioa adierazten duen Etiketa Energetikoa, dekretu honen eranskinean azaltzen den ereduaren arabera.

Etxebizitzak erosi edo alokatzen dituztenei jakinarazi behar zaie ezen, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko informazio guztia eta horren kanpo-kontrola, berriztapena eta eguneratzea, euren eskura egongo direla Eraikinaren Liburuaren baitan, etxebizitzatarako Eraikin Liburuari buruzko urriaren 21eko 250/2003 Dekretuan adierazitako moduan. Dekretu honetako III. kapituluan araututako Erregistroan ere aurkitu ahal izango dute.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile eta bezeroen babes-organoek dekretu honetan aurreikusitakoa betetzen den edo ez zainduko dute, eta bereziki begiratu beharko dute eraikinek Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak eta Etiketak badituzten eta zuzenak diren. Kontsumitzailearen esku utzi behar den informazioaren eta, batik bat, etxebizitzen kontsumitzaileari edo bezeroari aurkeztu behar zaion informazioaren aurreikuspen arautzaileak betetzen diren edo ez ere begiratu beharko dute organook. Kontsumitzaileak eta bezeroak babesteari buruzko legeetan zehaztuta daude aurreikuspen horiek.

VII. KAPITULUA

ERAIKINEN ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN KOORDINAZIO BATZORDE SAILARTEKOA

17. artikulua.- Sormena eta helburua.

Eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Koordinazio Batzorde Sailartekoa sortzen da, zein organo kolegiatua izan eta Industria eta Energia Sailaren menpe egongo baita.

Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriarekin lotutako gaietan eskumena duten sailei laguntza eskainiko die Batzordeak, euren jarduerak koordinatu eta hobetzen laguntzeko.

18. artikulua.- Eginkizunak.

Eraikinen Eraginkortasun Energetikoari buruzko Koordinazio Batzorde Sailartekoak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kanpo-kontrolerako prozedurari bere horretan eutsi eta eguneratu.

b) Ziurtagirien kanpo kontrola eta kontrol eragileen kreditatze-sistema aplikatzearen ondorio diren emaitzak aztertu eta ebaluatu, eta horiek modu zuzenean interpretatu eta aplikatzeko neurriak eta irizpideak proposatu.

c) Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko prozedura aplikatzeari jarraipena egin eta aztertu, eta onbideratzeko hobekuntzak proposatu.

d) Eraikinen eraginkortasun energetikoaren eta kanpo-kontrolaren ziurtagiriarekin zerikusirik izan eta Europako Batasunean erabiltzen diren arau eta ereduak aztertu, zertarako eta, neurri egokienak hartzea proposatzeko.

e) EAEko eraikinen eraginkortasun energetikoaren gutxieneko baldintzen eta kanpo kontrolaren gutxieneko baldintzak onartu, berrikuskatu eta eguneratzeko proposatu.

f) Eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko Aholku Batzordearekin -47/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin- batera lan egin, zertarako eta, eraginkortasun energetikoaren kalkulu-metodologia ahalik arinen egokitzeko eta, ondorioz, eraginkortasun energetikoa ziurtatze aldera onartutako agirien eta 47/2007 Errege Dekretuaren arabera baliozkotu eta onartutako programa informatikoak berriztatu eta berraztertzeko proposatu.

19. artikulua.- Osaera.

1.- Eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Koordinazio Batzorde Sailartekoa lehendakari batek, bi lehendakariordek, batzordekideek eta idazkariak osatzen dute.

2.- Industria eta Energiako sailburuordea izango da Batzordeko lehendakaria. Lehendakariaren ordez lehendakariordeak jardun dezake.

3.- Etxebizitzako sailburuordeak eta kontsumoko arloan eskumena duen organoak aukeratutako pertsonak izango dira lehendakariordeak.

4.- Batzordekideak:

- Energia eta Meategien Zuzendaritzako ordezkari bat.

- Energiaren Euskal Erakundearen ordezkari bat.

- Kontsumo arloan eskumena duen organoaren ordezkari bat.

- Etxebizitza Zuzendaritzaren ordezkari bat.

- Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA sozietate publikoaren ordezkari bat.

- Eraikuntzaren Kalitate Kontroleko Laborategiaren ordezkari bat.

5.- Hitz egiteko eskubidea izango du idazkariak, eta kontsumo arloan eskumena duen organoko goi-mailako teknikaria izango da.

VIII. KAPITULUA

ADMINISTRAZIO LANKIDETZA

20. artikulua.- Lankidetzaren jarduera esparrua.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak, dagozkien eskumenen eremuan, ahalik eta eraikinen eraginkortasun energetikorik eta horren ziurtapen-prozesurik gehien lortzen saiatuko dira. Eraginkortasun energetikoaren arloan eskumena duten administrazioek egokitu egingo dute euren jarduera lankidetza- eta kooperazio-irizpideetara, aintzat hartuz administrazioen arteko harremanen arau nagusiak.

2.- Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmenak egin ditzake estatuko, autonomietako eta Europako beste herrialde batzuetako administrazioekin, zertarako eta, eraikinen eraginkortasun energetikoaren maila hobetzeko. Hitzarmenak egin ditzake, halaber, kulturaren, hizkuntzaren edo historiaren aldetik harreman sendoak dituzten erkidego eta herrialdeekin.

3.- Administrazioen arteko jarduera koordinatze aldera, euren arteko akordioak sustatuko dira, giza-baliabideak eta baliabide materialak errentagarri bihurtzeko, eta eraginkortasun energetikoa babestearen arloan aplikagarriak diren arauak -indarrean daudenak- benetan betetzen direla begiratzeko.

X. KAPITULUA

ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

21. artikulua.- Arau-hausteak eta zehapenak.

Dekretu honetako xedapenen bat ez betetzeak arau-haustea dakar kontsumoaren arloan, Kontsumitzaile eta Bezeroen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeko 50. artikuluko 4., 5. eta 6. paragrafoetan jasotakoaren arabera, bertan aditzera ematen diren zehapenen bidez zigortuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala