Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2011ko azaroaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
5726

226/2011 DEKRETUA, urriaren 26koa; honen bidez, behin betiko onespena ematen zaio Enkarterriko Balmaseda-Zallako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialari.

1.- Euskal Herriko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babesean idatzi eta bideratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartu ziren otsailaren 11ko 28/1997 Dekretu bidez, eta otsailaren 12an argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Gidalerro horietan ezartzen dira lurralde plan partzialak idazteko esparruak; horien artean, Enkarterriko Balmaseda-Zallako Eremu Funtzionalarena.

Aipatutako Legearen 2. eta 11. artikuluei jarraiki, lurralde plan partzialak derrigor landu beharreko lurralde antolamenduko tresnak dira. Alde horretatik, Gidalerroen 22. kapituluko 7. idatz-zatiak -Aplikatu beharreko Araudienak- adierazten du oso garrantzitsua dela lurralde plan partzialak lehenbailehen formulatzea, Gidalerro horien hirigintza eta lurralde irizpide osagarriak eskura izateko, eta horrenbestez, udalerrietako planak modu zehatzagoan garatu daitezen ahalbidetzeko eta lurralde plan sektorialak lurralde koherentzia handiagoz lantzeko.

2.- Lurralde Plan Partzial hau Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako formulazio eta izapide prozesu luze baten ondorioa da, bere aurrerakinaren, hasierako onespenaren, behin-behineko onespenaren eta behin betiko onespenaren faseak izan dituena, eta herri administrazioen (tokikoa, foru-administrazioa eta erkidegoko administrazioa) eta aipatutako Eremu Funtzionaleko jendarte-espektro zabalaren partaidetza izan duena.

3.- Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluaren arabera, Enkarterriko Balmaseda-Zallako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partziala formulatzeko ekimena Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie, maila berean; beraz, beharrezkoa da bi administrazioen arteko koordinazioa, ekintzak egitean disfuntzionaltasunak saihesteko. Xede horrekin, idatzi horren segimendua egiteko, koordinazio-mekanismoak ezarri dira Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren artean.

4.- Lurralde Plan Partzial honen hasierako eta behin behineko onespenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eman ditu, 2009ko urriaren 15ean eta 2010eko azaroaren 3an, hurrenez hurren.

5.- Planaren edukiak Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legeko 12. artikuluari erantzuten dio, eta lurralde plan partzialek izan behar dituzten zehaztapenak jasotzen ditu. Planak hainbat neurri ezarri eta proposamenak egiten ditu Eremu Funtzionalaren antolamendu osoa lortzeko helburu nagusiarekin.

6.- Enkarterriko Lurralde Plan Partzialak Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza Harana, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zallako udalerriak hartzen ditu, eta helburu nagusiak dira lurraldearen muga fisikoa gaindituz tamaina funtzional nahikoa erdiestea eta Eremu Funtzionalaren garapen jasangarria bermatu ahal izateko 16 urteko behin-behineko etorkizunean sortzekoak diren eta lurraldean eragina duten ekintzak koordinatzea.

7.- Gune Naturala eta Kultura-ondarea babestu eta balioa ematea Eremu Funtzionalaren balio eta bereizgarritzat hartzen dira planean. Kultura- eta natura-ondareak esparru honetako paisaia berezia itxuratzen du, eta osotasunaren garapen ekonomiko eta jasangarriari begira garrantzi handiko baliabide gisa ulertu behar da. Hori dela eta, Eremu Funtzionalean natura-interes handiena duten espazioen arteko harreman ekologikoak erraztea proposatzen da: hala nola, Ordunteko GKLa, Armañongo natura-parkea eta Trianoko Mendietako Biotopo Babestuaren artekoak. Halaber, «zuhaitz apartekoak» adierazpena jasotzen duten zuhaitz-aleen kopurua areagotzea proposatzen du.

8.- Ekipamenduei eta espazio libreei dagokienez, egun daudenak indartu eta berriak garatzeko asmoa du Planak, Eremu Funtzionala hobekien definitzen edo ezaugarritzen duten alderdi kultural, turistiko eta naturalak indartzeko xedez.

9.- Biztanleriari dagokionez, Enkarterria biztanle gutxiko gunea da, eta izan dezakeen hazkundea aprobetxatu egin behar da. Etxebizitzari dagokionez, Eremu Funtzionalean udal plangintzarako bizitegirako diren etxebizitza-kopurua handitzea aurreikusten da, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen irizpideak jarraituz.

10.- Planak lurralde-ereduan jarduera ekonomikoak eta bizitokiak berriz orekatzea ahalbidetzen du, eta horrela, komunikazio-bide nagusiekin lotutako jarduera ekonomikoa mugatzearen aldeko apustua egiten du. Proposamen horiek OE-04 «Jarduera ekonomikoak Kadaguako ardatzean» eta OE-05 «Jarduera ekonomikoa mendebaldeko ardatzean» operazio estrategikoetan gauzatzen dira.

11.- Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin definitutako lurralde esparruaren barruan, Plan honek beste zeregin bat ere betetzen du: autonomia erkidegoko administrazio orokorraren sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiko departamentuek sustatutako lurralde plan sektorialak integratzea. Lurralde plan sektorial hauek izan dira kontuan:

- Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Nagusia.

- Bizkaiko Errepideen Plana.

- EAEko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala.

- EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala.

- EAEko Ibaien eta Errekastoen Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala. (Isurialde kantauriarra).

- EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala.

- EAEko Ekonomia Jardueretarako eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurralde Plan Sektoriala.

12.- Euskal Herriko Lurraldearen Antolamenduari buruzko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan ezarritako agirietan daude jasota planaren zehaztapenak. Agirien artean, zehazki, Antolamenduaren Arauak daude, besteak beste. Arau horietan biltzen dira Planeko xedapen eta proposamenak. Dekretu honi atxiki zaizkio I. eranskinean, argitara emateko.

13.- Era berean, Planarekin batera doa Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuko Azterlana ere. Bestalde, Ingurumen araudian xedatutakoa betez (apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa; eta uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duena) Dekretu honen II. eranskin moduan doa Planean ingurumen alderdiak txertatzeari buruz hartutako erabakiaren derrigorrezko adierazpena.

14.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila da eskuduna, Planaren behin betiko onespena Gobernu Kontseiluari aurkezteko, Lurraldearen Antolamenduari buruzko legearen 13.9 artikuluan jasotakoaren arabera.

15.- Jaurlaritzaren Kontseilua da eskuduna, Enkarterriko Balmaseda-Zallako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala behin betiko onartzeko, Lurraldearen Antolamenduari buruzko 13.10 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Hori betez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2011ko urriaren 26an egindako Gobernu Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsita,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Enkarterriko Balmaseda-Zallako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala behin betiko onartzea. Antolamendurako arauak Dekretu honen I. eranskin gisa doaz, eta ingurumen alderdiak Planean txertatzeari buruz hartutako erabakiaren adierazpena II. eranskin gisa doa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Lurralde Plan Partzial hau idaztean sartu den udal plangintza planaren lanketako egun jakin batean indarrean zegoena izan da, eta betiere informazio gisa sartu da; beraz, plana indarrean sartu arte egiten diren eguneratzeak edo aldaketak sartutzat joko dira.

Bigarrena.- Lurralde Plan Partziala, Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legean ezarritakoa kontuan hartuz hierarkian gorago dagoen plangintza-tresna izanik, loteslea izango da indarrean dagoen eta aplikatzekoa den hirigintza-legeriak finkatzen dituen plangintza-tresna sektorialetan eta udal plangintzako tresnetan.

Ondorioz, lurralde eta udal plangintzak lotesten ditu Lurralde Plan Partzial honek: planaren edukiari egokitu beharko zaizkio, eta erreferentzia gisa balio beharko du, zehaztapenak interpretatu eta aplikatzeko.

Hirugarrena.- Lurralde Plan Partzial honetako Antolamendu Arauen eranskinak planaren zati dira, eta gainerako artikuluen arau-balio bera eta betebehar berberak dituzte.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Plan hau indarrean sartzean hasierako onespena jaso ez duten lurralde plan sektorialak formulatzeko eta aldatzeko prozedurak planean jasotako zehaztapenei egokitu beharko zaizkie, Enkarterriko Balmaseda-Zallako eremu funtzionalari eragiten dioten heinean.

Edonola ere, Lurralde Plan Partzial hau indarrean sartzean indarrean dauden lurralde plan sektorialak Plan Partzialak dioenaren arabera moldatuko dira; salbuespena da Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Bigarrena.- Enkarterriko Balmaseda-Zallako eremu funtzionalari dagozkion udalerrietako hirigintza-agiriak Plan Orokorrak idatzi, berrikusi edo aldatzeko prozesuetan badaude eta Plan Partziala indarrean sartzean hasierako onespena jaso ez badute, agiriotako zehaztapenak Plan Partzialeko aginduei egokitu beharko zaizkie, kasuan kasuko berrikuspen edo aldaketa prozeduren arabera.

Nolanahi ere, udalean indarrean dagoen hirigintza-plangintza orokorra Plan honetan xedatutakora egokituko da, berori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko urriaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala