Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2011ko azaroaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
5724

242/2011 DEKRETUA, azaroaren 22koa, Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko azaroaren 16ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren bidez, Estatutik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzen dira turismoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak.

Dekretu honen xedea bikoitza da: batetik, azaroaren 18ko 1711/2011 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko azaroaren 16an onartutako Akordioa ontzat ematea eta argitaratzeko agintzea; eta, bestetik, Akordio horren bidez eskualdatutako zeregin eta zerbitzuak esleitzea. Akordio horren arabera, turismo alorreko zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio. Hori guztia, gainera, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak onartutako Akordioaren 2. artikuluaren arabera eta errege-dekretu horretan agintzen diren formalizazio-izapideak betetzeko.

Horregatik guztiagatik, Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteorde den Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 22an egindako bileran gai hori aztertu eta onartu zuela ikusita, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko azaroaren 16an onartutako akordioa ontzat ematea, betiere azaroaren 18ko 1711/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Akordio horren arabera, turismoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio.

Era berean, agintzen da errege-dekretu hau, dekretu honen eranskin gisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila osorik.

2. artikulua.- Eskualdatutako zeregin eta zerbitzuak gai horretan eskumena duen sailari esleituko zaizkio.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburu eta Transferentzien Bitariko Batzordeko lehendakariordea,

RODOLFO ARES TABOADA.

ERANSKINA, AZAROAREN 22KO 242/2011 DEKRETUARENA

AZAROAREN 18KO 1711/2011 ERREGE DEKRETUA, TURISMOAREN ALORREKO ZEREGIN ETA ZERBITZUAK ESTATUKO ADMINISTRAZIOTIK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGORA ESKUALDATZEKOA

Konstituzioaren 148.1 artikuluak xedatzen du autonomia erkidegoek eskumenak izango dituztela hainbat alorretan; horien artean, 18. paragrafoan, «bere lurralde-eremuan turismoa sustatzea eta antolatzea» aipatzen da.

Bestalde, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.36 artikuluak Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa esleitzen dio turismoaren alorrean. Euskal Herriko Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen.

Horrez gain, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute Estatuaren Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Bitariko Batzordeak, 2011ko azaroaren 16an egindako batzarrean, honako akordio hau hartu zuen: turismoaren arloko zereginak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea; transferentzia hori gauzatzeko, Gobernuak errege dekretu bidezko onarpena eman beharko du.

Hori dela-eta, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroaren proposamenez eta Ministroen Kontseiluak 2011ko azaroaren 18ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Bitariko Batzordearen osoko bilkurak 2011ko azaroaren 16an egindako batzarrean hartutako Akordioa onartzen da. Akordio horren arabera, turismoaren alorreko zereginak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatuko dira. Errege dekretu honen eranskinean transkribatuta dago akordioaren testua.

2. artikulua.- Ondorioz, Bitariko Batzordearen akordioan jasotako zereginak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio, hain justu ere akordio horretan jasotako baldintza eta zehaztapenekin.

3. artikulua.- Bitariko Batzordearen Akordioan zehaztutako egunetik aurrera izango du eragina eskualdatzeak.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean sartzea.

«Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratuko da errege-dekretu hau, aldi berean; eta argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Madrilen, 2011ko azaroaren 18an.

JUAN CARLOS E.

Lurralde Politikarako Gobernuko Lehendakariorde eta Lurralde Politika eta Herri Administrazioko ministroa,

MANUEL CHAVES GONZÁLEZ.

ERANSKINA, AZAROAREN 18KO 1711/2011 ERREGE DEKRETUARENA

2011ko AZAROAREN 16ko AKORDIOA, TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEARENA, TURISMOAREN ALORREKO ZEREGIN ETA ZERBITZUAK ESTATUTIK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGORA ESKUALDATZEKOA

Antonio López Soto jaunak eta Juan Ignacio Urresola Arechabala jaunak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuko bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Bitariko Batzordeko idazkariek, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Bitariko Batzordeak 2011ko azaroaren 16an egindako osoko bilkuran honako akordio hau hartu zuen: turismoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak Estatutik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea, jarraian zehazten den eran:

A) Eskualdatzearen oinarri diren konstituzio- eta estatutu-arauak.

Konstituzioaren 148.1 artikuluak xedatzen du autonomia erkidegoek eskumenak izango dituztela hainbat alorretan; horien artean, 18. paragrafoan, «bere lurralde-eremuan turismoa sustatzea eta antolatzea» aipatzen da.

Bestalde, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.36 artikuluak Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa esleitzen dio turismoaren alorrean. Euskal Herriko Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen.

Azkenik, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute Estatuaren Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko modua eta prozedura.

Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren aurreikuspen horiek oinarri hartuta, bidezkoa da Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea turismoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak.

B) Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen zereginak.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu, erkidegoaren lurralde-eremuan, turismo-informazioa, -sustapena eta -antolakuntzaren alorrean duen eskumenari dagozkion zereginak eta zerbitzuak, Estatuko Administrazioak egiten zituenak orain arte eta, bereziki, turismo-lanbideen arauketa, koordinaketa eta sustapena, bai eta turismoko profesionalen prestakuntza eta hobekuntza lortzeko irakaskuntzaren arauketa eta administrazioa, betiere Konstituzioaren 149.1.30 artikuluan eta Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

C) Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak batera beteko dituzten zereginak eta lankidetzan aritzeko moduak.

1) Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza- eta komunikazio-bideak izango ditu Estatuko Administrazioarekin, turismo-sektorearen onerako oro har, bere lurralde-eremuan turismoari buruzko informazioa zabaltzeko jardunean; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak bermatuko du Espainiako gainerako eskaintza turistikoaren eta turismoaren alorreko estatistikei buruzko informazioa zabalduko duela bere lurraldean.

2) Estatuak turismoaren alorrean izenpetzen dituen nazioarteko hitzarmenen berri izango du Euskal Autonomia Erkidegoak, eta bere eskumeneko gaiei eragiten dieten heinean, horiek garatu eta burutzeko beharrezko diren neurriak hartuko ditu.

D) Eskualdatzen diren baliabideak.

Bidaia-agentzien turismo-ekintzetarako sarbideari eta jardunari dagokienez, urtarrilaren 15eko 39/2010 Errege Dekretua indarrean jarri arte Estatuko Administrazioak izan dituen baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio. Aipatu urtarrilaren 15eko 39/2010 Errege Dekretuak estatuko hainbat arau indargabetu zituen, turismo-ekintzetarako sarbideari eta turismo alorreko jardunari dagokienez.

E) Eskualdatzearen finantza-kargen balorazioa.

Estatutik Euskal Autonomia Erkidegora funtzio horiek eskualdatzeak 2011. urtean estatuari eragiten dion urteko kostu osoa 1. zerrendan zehaztuta dago.

F) Eskualdatzea indarrean sartzen den eguna.

Akordio honen bidez onartu den zereginen eta zerbitzuen eskualdatzea 2012ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Eta jasota gera dadin, ziurtapen hau ematen da, Madrilen, 2011ko azaroaren 16an. Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak, Antonio López Soto jauna eta Juan Ignacio Urresola Arechabala jauna.

1. ZERRENDA

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala