Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2011ko urriaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5030

AGINDUA, 2011ko urriaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2011-2012 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena.

Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak neurri positiboak hartzea aurreikusten du diskriminazio egoerak desagertzen laguntzeko eta hezkuntzarako eskubidea benetan erabil dadila bermatzeko.

Urriaren 16ko 175/2007 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezarri zen, eta dekretu horren 24. artikuluak ezartzen ditu aniztasuna tratatzeko neurriak; 1. puntuan, berriz, dio neurri hauek xede hauek dituztela: ikasleen berariazko hezkuntza-premiei erantzutea eta ikasleek curriculumean jasotako oinarrizko gaitasunen gutxieneko mailak eskuratzea. Nolanahi ere, neurri horiek, bide bat ireki behar dute adierazitako helburuak eta xedeko titulazioak lor ditzaten ikasleek. 24.4 artikuluan xedatzen denez Eskolatze Programa Osagarriek neurri horiek jasoko dituzte.

Era berean, 175/2007 Dekretuak 31. artikuluan garatzen ditu puntu horiek, eta ezartzen du heziketa-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleentzat egin direla Eskolatze Osagarriko Programak. Izan ere, ikasle horien laguntza-premiak ezaugarri pertsonal larrietan edo eskola-historialean oinarritzen dira. Dena den, ikasleok programan sartu aurretik, agortuta egon behar dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiak.

Azkenik, 31.3 artikuluak ezartzen duenez, Eskolatze Osagarriko Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten ikastetxe publikoetan egingo dira edo, bestela, gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzea egiten duten erakunde eta entitateetan. Azken erakunde eta entitate horiek programa osagarri horiei buruzko hitzarmen edo itun bat izenpetuko dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin, berariaz egingo diren deialdien bidez.

Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, hezkuntza premia bereziko ikasleei eskola orohartzaile eta integratzailearen esparruan eman beharreko erantzuna arautzekoak, 23.3 artikuluan ahalmena ematen dio hezkuntza-administrazioari Eskolatzeko Programa Osagarriak ezartzeko salbuespeneko egoerei erantzuteko. Programa horiek zuzenean hezkuntza- administrazioak ezar ditzake edo hezkuntzan esku hartzen duten beste erakunde eta entitateekin lankidetzan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak har ditzakete aldi baterako, Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei jarraituz, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren esparru orokorrean hartutako neurriak nahikoak izan ez badira.

Eginbehar horiek zehaztu eta garatzeko argitaratu da 2002ko maiatzaren 7ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 1998ko uztailaren 30eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, aldatzen duena. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte eta kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat, eta baita zenbait neurri ere eskolara egokitzako zailtasun larriak dituzten ikasleentzat. 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren V. Kapitulutan arautzen dira programa horiek.

Horregatik guztiagatik, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Helburua.

1.- Agindu honen helburua udalei, mankomunitateei edo horiek sortutako erakundeei, irabazi-asmorik gabeko erakundeei eta itunpeko ikastetxeei deia egitea da, Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia, 2002ko maiatzaren 7ko Aginduak, 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duenak, 14.2 artikuluan zehaztutako baldintzetan. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat.

2.- Programak, eskatzen dituzten ikasleak bizi diren tokietan kokatuko dira. 2011-2012 ikasturterako, programa horien beharra aurreikusita dago hiri hauetako batzuetan:

Donostia-San Sebastián.

Errenteria.

Arrasate.

Irun.

Zumarraga.

Barakaldo.

Bilbao.

Ortuella.

Portugalete.

Sopuerta.

Vitoria-Gasteiz.

3.- Hezkuntza-administrazioak bere esku du egokien iritzitako Eskolatze Osagarriko Programaren taldera atxikitzea ikasleak.

2. artikulua.- Zenbatekoa.

2011-2012 ikasturtean programa horiek garatzeko erabiliko den diru-kopurua 1.320.120 eurokoa da. Gehieneko diru-kopurua proiektuko 69.480 eurokoa izango da. Gehienez ere 19 programa onartuko dira.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte:

a) EAEko udalek, mankomunitateek edo horiek sortutako erakundeek.

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

c) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten itunpeko ikastetxeek.

2.- Ez batzuek eta ez besteek ez dute deialdi honetan parte hartzerik izango:

a) Baldin eta izaera bereko diru-laguntzen edo laguntzen esparruan hasitako prozeduraren bidez zehatuta edo zigortuta badaude.

b) Baldin eta alor honetan prestakuntza ekintzetarako hitzarmenak sinatuta badauzkate, edo beren aurrekontuaren %.50 baino handiagoko diru-laguntza beste nonbaitetik jasotzen badute.

c) Agindu honetan araututako diru-laguntza eta laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, zehapen penala edo administratiboa jaso dutelako diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta duten pertsonak eta erakundeak, edo horretarako gaitasungabetuta uzten dituen legezko debekua dutenak, sexu-bereizkeria dela-eta egoera horretan daudenak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin bat.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.- Eskolatze Osagarriko Programetako partaideak.

1.- Hamalau urtetik gorako eta hamasei urtetik beherako Ikasleak, Eskolatze Osagarriko Programetan parte hartzeko gai direnak, 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duen 2002ko maiatzaren 7ko Aginduaren 14.1 artikuluan zehaztutako baldintzetan. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat.

2.- Programa hasten den egunerako 14 urte beteta izan beharko dituzte. 16 urteak kontatzeko, dagokion urteko abenduaren 31 hartuko da kontuan.

3.- Eskolatze Osagarriko Programetako ikasleak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuko ditu, lurralde bakoitzeko Pedagogi Berrikuntzako Lurralde Burutzen bitartez, 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duen 2002ko maiatzaren 7ko Aginduaren 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat.

5. artikulua.- Irakasleak.

1.- Prestakuntza-arloak emango dituzten irakasleek osatuko dute elkarrekin lan egingo duen prestatzaile taldea. Hona hemen talde horren osaera:

- Oinarrizko lanbide-teknikak irakatsiko dituen Lanbide Heziketako irakasle teknikoa, kasuan kasuko lanbidean aditua izan beharko duena.

- Oinarrizko prestakuntza irakatsiko duen irakasle bat, unibertsitateko diplomatu edo lizentziatua. Komunikazioa-arloa eta zientzia-eta teknologia-arloa.

2.- Halaber, programan jarraitutasunez esku hartzen duten beste profesional batzuek ere (psikologoak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-laguntzaileak, gorputz- hezkuntzako irakaslea) prestatzaile taldean parte hartu ahal izango dute.

Irakasleen kontratuak ikasleen ikasturteak baino sei aste gehiago iraungo du gutxienez.

Ikaslerik gabeko aldia (eskolarik gabeko garaia, beraz) ondoko lan hauek egiteko egokia den moduan antolatuko da:

a) Ikasturte-hasiera.

- Ikasleei egiteko elkarrizketak.

- Hasierako ebaluazioa.

- Ikasgelako curriculum-materialak eta programazioa egitea.

b) Ikasturte-amaiera.

- Ikasleen azken ebaluazioa.

- Ebaluazioa eta ikasturteko emaitzak.

- Azken txostena eta txosten ekonomikoa egitea.

6. artikulua.- Eskabideak.

1.- I. eta II. eranskinetan agertzen diren eskabide-ereduetan egingo dira eskaerak, eta egiten dituen erakundeko legezko ordezkariak izenpetuko ditu.

2.- Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Udalek edo mankomunitateek sortutako erakundeetako, irabazi-asmorik gabeko erakundeetako, eta itunpeko ikastetxetako ordezkariak zein ordezkapen-gaitasun duen egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztuko du.

b) Udal, mankomunitate edo erakunde publikoek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

Eskabidea egiten duen erakundeko legezko ordezkariaren zinpeko adierazpena. Bertan adierazi behar da ez duela inolako hitzarmenik sinatu beste herri erakunde edo erakunde pribatu batzuekin, programa horretarako diru-laguntza jasotzeko. Horrela bada, diru-laguntza ezin da programako gastuen % 50 baino handiagoa izan, eta gainera, zehaztu egin behar da zenbateko diru-laguntza den.

c) Irabazi-asmorik gabeko erakundeetako eta itunpeko ikastetxetako kasuan:

- Erakundeko edo ikastetxeko idazkariaren ziurtagiria, dagokion organoak diru-laguntza eskatzea erabaki duela egiaztatzeko. Diru-laguntzaren helburua eta zenbatekoa zehaztu beharko da.

- Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

- Ordaindu beharreko zergak, gizarte-segurantzakoak barne, egunean dituela adierazten duen egiaztagiria.

- Erakundearen edo ikastetxearen eraketa-akta, legezko ordezkariaren izendapena eta NANen kopia.

- Eskabidea egiten duen erakundeko legezko ordezkariaren erantzukizunaren aitorpena. Bertan adierazi behar da estatuko edo nazioarteko herri-erakunde edo erakunde pribatuek emandako diru-laguntzarik jasotzen den edo, programa horretarako diru-laguntza jasotzeko, hitzarmenik sinatu duen. Diru-laguntzarik jasotzen bada edo hitzarmena sinatu badu, diru-laguntza ezin da programako gastuen % 50 baino handiagoa izan, eta gainera, zehaztu egin behar da zenbateko diru-laguntza den eta zein erakundek ematen duen.

d) Eskabidearekin batera, erakunde eskatzaileak idazkariaren egiaztagiri edo erantzukizunezko adierazpena aurkeztu beharko dute; bertan, egiaztatu beharko da erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratibo edo penalik, diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazi dionik, edo ez duela horretarako ezgaitzen duen legezko inongo debekurik, sexua bereiztearren eragindakoak barne, beti ere Emakume eta gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenak dioenaren arabera.

3.- Erakunde onuradunek programako proiektua aurkeztu beharko dute. Proiektu honek ondoko puntu hauek jasoko ditu:

a) Pedagogi irizpideak: helburu orokorrak, metodologia eta ikasturtea ebaluatzeko prozedurak.

b) Prestakuntza-planaren eskema. Egutegia, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak DBHrentzat proposatutakoari egokitua.

c) Ikaslearen jarraipen-eta koordinazio-plana, etorkizko ikastetxearen eta abegi-ikastetxearen artean ezarritakoa, ikastetxe bakoitzeko erreferentziazko pertsonak zehaztuta dituena.

d) Orientazio-plana.

e) Azpiegitura eta giza baliabide eta baliabide material erabilgarriak.

f) Gastuen aurrekontua.

7. artikulua.- Aurkezteko tokia eta epea.

1.- Aurreko artikuluan aipatutako eskabide eta agiriak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira, erakundea non dagoen edo helbidea non duen, halako Lurralde Historikokoan alegia; edo, hala badagokio, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aipatutako tokietakoren batean, eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, hamabost eguneko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.- Eskabideak aurreko artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen ez baditu, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketaren ardura duenez, erakunde interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsa zuzen dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala. Horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da eta artxibatu egingo da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71.1 artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraituz.

8. artikulua.- Eskabideak bidaltzea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lurralde Ordezkaritzetako Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara bidaliko ditu eskabide horiek, bakoitzarekin aurkeztutako agiriekin batera, hamar eguneko epean.

2.- Eskabide bakoitzari aipatutako lurralde-zerbitzuek egindako txosten bat erantsiko zaio. Txosten horretan adieraziko da zenbateraino komeni den eskatutako diru-laguntza ematea, baita zein lotura dagoen eskabidean ageri diren jardueren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kolektibo horiei laguntzeko emandako gomendioen artean ere.

9. artikulua.- Hautaketa Batzordea.

1.- Batzorde batek aztertu eta hautatuko ditu eskabide guztiak. Ondoko hauek izango dira batzorde horretako kide:

- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

- Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzutik horretarako hautatutako pertsona bat.

- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzatik horretarako hautatutako pertsona bat.

2.- Hautaketa Batzorde horrek, 10. artikuluan zehaztutako aukeraketa-irizpideak oinarri hartuta, lehentasunen arabera zerrendatuko ditu eskabideak eta ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntzako sailburuordeari.

Eskabideren bat deialdiarekin bat ez badator, beste zerrenda batean ezarriko da, dagokion agiri eta guzti.

10. artikulua.- Hautatzeko irizpideak.

1.- Diru-laguntzak emateko (lehiaketa-prozedura bidez egingo da), ondoko irizpide hauek kontuan izanik, eskabideen lehenespen bat ezarriko da:

a) Gazte-talde horiei laguntzeko Eskolatze Osagarriko Programen inguruan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako irizpideekin bat etortzea, 3 puntu gehienez.

b) Jarduera-proiektuaren kalitatea, eta pedagogi irizpideek eta Eskolatze Osagarriko Programen helburu eta planteamendu orokorrak elkarren artean duten lotura, 3 puntu gehienez.

c) Programan erabiltzeko giza baliabide eta baliabide materialak, 2 puntu gehienez.

d) Langileen soldatei eta funtzionamendu-gastuei dagokien gutxi gorabeherako aurrekontua, 2 puntu gehienez.

2.- Talde bakoitzari emandako diru-laguntzaren kuantifikazioa egiteko, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modulu osoa hartuko da kontuan, eskatutakoaren mugarekin.

11. artikulua.- Diru-laguntzak ematea eta ukatzea.

1.- Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenez emango edo ukatuko dira diru-laguntzak, 2. artikuluan ezarritako mugaren barruan, Hautaketa Batzordeak proposatuta. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da organo instrukzio-egilea. Ebazpena 2011ko azaroaren 30a baino lehen eman beharko da. Ebazpena epe horretan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.- Epea amaitu eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.- Deialdi honetako diru-laguntzez gain beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede berarekin eman ditzakeenak ere jaso ahal izango dira, baina baldin eta xede berarekin lortutako diru-laguntzen kopuruak kostu orokorra gainditzen ez badu eta Agindu honen 3. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

Aipatutako xederako lortutako diru-laguntzen kopuruak kostu orokorra gainditzen badu, kostu orokorretik gorako diru-zenbatekoa kenduko egingo zaio deialdi honen ondorioz emandako diru-laguntzaren kopuruari.

4.- Eskolatze Osagarriko Programetan parte hartzen duten taldeek diru-laguntza lortzeko, balorazioan 5 puntu lortu beharko da gutxienez.

12. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi alditan ordainduko da.

Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren % 60, diru-laguntza eman izanaren behin betiko jakinarazpena onartu bezain laster egingo da.

Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerako % 40a, ikasturtearen amaieran egingo da. Aurretik, bitarteko txosten bat aurkeztuko da, eta hartan proiektuaren ordurarteko garapena zein izan den jasoko da, ikasle bakoitzaren banan-banako aurrerabidea barne hartuz. Bitarteko txosten hori 2012ko apirilaren 2tik apirilaren 27ra arteko egunetan aurkeztuko da.

13. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.- Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik hasita 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

2.- Diru-laguntza xede jakin baterako esleituko denez, horretarako baino ezin izango da erabili.

3.- Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak programa burutzeko erositako tresneria programa horretan adierazitako ekintzetarako bakarrik izango da. Tresna horiek erosi ahala, tresneriaren berariazko zerrenda osatuko da. Tresneria horren erabilera lagatzeko edo, hala bada, tresneria hori besterentzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta dagokion erakundearen adostasun adierazia beharko da.

4.- Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman egingo zaizkie deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta erakunde horiek eskatzen argibide guztiak.

5.- Eskatzaileak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta Eskola Aseguruak beste prestazio eskaintzen dituen aseguru batean ikasleak izena ematearenak.

6.- Erakunde onuradunaren ardura izango da ikastaroak antolatu eta burutzea eta, horretarako, beharrezko giza baliabideak nahiz tresnak ziurtatzea. Langileek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatuko dituen prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute.

7.- 2012ko ekainaren 30etik aurrera, erakunde onuradunek bi hilabete izango dituzte programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkezteko. Txosten horretan ondoko hauek jaso behar dira:

a) Programaren garapenaren laburpena eta, hala balegokio, diru-laguntza eskatzeko egindako programaren proiektuari egin zaizkion aldaketak.

b) Taldeka edo banaka lortutako helburuak, programaren proiektuan aurreikusitako helburuak oinarri harturik.

c) Emaitzen analisia, jarduera-proiektuaren egokitzapena erabakitzeko asmoz eta, horren ondorioz, egin beharko diren aldaketak proposatzeko.

14. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.- Erakunde onuradunek, 2012ko ekainaren 30etik aurrera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bi hilabeteko epean, bakoitzari dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan:

- Irakasleen nomina guztien fotokopia konpultsatua. Horrekin batera, nominen zerrenda aurkeztuko da, pertsonaka eta hilabeteka, bakoitzaren zenbatekoa eta enpresak Gizarte Segurantzari egiten dion ekarpena adierazita.

- Diru-laguntza jasotako jarduerari dagozkion gainerako gastuak justifikatzeko agiriak. Dokumentuen zerrenda ere aurkeztuko da ondokoak jasota: data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa, kopuru egozgarria -hala egokituz gero-eta ordainketa-data.

- Diru-laguntzari esker erosi den material inbentariagarria erakundeko inbentarioan sartu dela dioen ziurtagiria, erakundeko arduradunak egina.

- Emandako diru-laguntzaren helburua eta zertarakoa bai eta izendatutako diru-zenbatekoak ere bete egin direla egiaztatzen duen agiria, erakundeko arduradunak egina.

2.- Dokumentazio hori Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara bidaliko da, eta horrekin batera, tokian tokiko lurralde-ordezkaritzako Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzuak egindako txosten bat ere bai. Bidali ere, Ordezkaritzan jaso eta gehienez 10 eguneko epean bidaliko dira.

15. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, Likidazio Ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, eta, hartan, emandako diru-laguntzen kopuruak doituko dira.

16 artikulua.- Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

Diru-laguntza emateko oinarri izan ziren baldintzak ez direla bete frogatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Eta batik bat kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra bete ez bada.

b) Laguntza eman zen hartarako erabili ez bada.

c) Laguntza jasotzeko baldintzarik bete ezta ere, laguntza jaso bada.

d) Agindu honetan ezarritako betebehar bat edo batzuk bete ez badira.

e) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatu bada.

2.- Baldintzak ez betetzea gerta dadinean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992-02-07ko EHAA) xedatzen denaren araberakoa izango da.

Diru-laguntza edo laguntza kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen da, 69/2007 Dekretua kontuan izanda, maiatzaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua aldatzeko dena.

17. artikulua.- Proiektuaren jarraipena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egingo du, ikastetxe onuradunak lagunduta, proiektua gauzatzeari eta aplikatzeari dagokion ebaluazioa eta jarraipena. Ikastetxeak ikasleen bilakaerari eta ikaskuntza-mailari buruzko beharrezko informazioa emango du, ikasleen banakako jarraipena egin eta programaren funtzionamendu orokorra ebaluatu ahal izateko.

18. artikulua.- Onuradunek diruz laguntzen diren jarduerak azpikontratatzea.

Onuradunak aukera izango du jarduera hori azpikontratatzeko, eta azpikontratazioa gertatu dela ulertuko da baldin eta onuradunak hirugarrenekin hitzartzen badu jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Onuradunak hirugarrenekin azpikontrataturiko diruz lagundutako jarduera diruz lagundutako jardueraren % 100era irits daiteke.

Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura Administrazioaren aurrean.

Onuradunaren eta kontratistaren arteko kontratua idatzizkoa izango da, eta Administrazioak aldez aurretik onartu beharko du.

Inolaz ere ezingo da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitzen badu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio.

19. artikulua.- Datu pertsonalak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Hezkuntza Berriztatzearen formakuntza eta berriztatzeko 19 proiektuak deitutako fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian egin eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Hirugarrena.- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko behar diren jarraibideak emateko.

Laugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 19a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala