
179. zk., 2011ko irailaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4592
AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan lantokiko prestakuntzako (LP) lanbide-modulua egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.
Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzakoak, bere 42.2 artikuluan ezarri duenaren arabera, lanbide heziketako irakaskuntzen curriculumak lantokietako prestakuntza praktikoa hartuko du barne. Aipatu artikuluak dioenez, era berean, hezkuntza-administrazioei dagokie, euren eskumenen esparruan, eta toki-korporazioen eta gizarte- eta ekonomia-eragileen lankidetzarekin, irakaskuntza horien eskaintza programatzea; erakunde horiek, beraz, beharrezko neurriak abiarazi behar dituzte, Lanbide Heziketako ikasleei enpresan egin behar dituzten praktikak emateko.
Agindu horri eta baita ere abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuak bere 11. artikuluan agindu horren egin zuen garapenari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 5.2 artikuluak zehazten du prestakuntza-ziklo guztiek Lantokiko Bertako Prestaketa modulu profesional bat izango dutela. Halaber, aipatzen du modulua ez dela lana izango eta ez dutela modulua egin beharrik izango dagokien lanbide-ikasketei lotutako lan-esperientzia dekretu bereko 27.2 artikuluan ezarri bezala egiaztatzen duten pertsonek.
Ondorioz, eta LP modulua egiteak gastuak eragiten dizkienez moduluen garapenean parte hartzen duten eragileei, uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuak, Lanbide Heziketako Heziketa Zikloen baitan Lantokiko Prestakuntza Modulua egiteko modua arautzen duenak, bere II. kapituluan ezarri du enpresentzako eta ikasleentzako laguntzen programa. Halaber, Dekretuak bere 19.2 artikuluan adierazi duenez, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko idazkaritza da laguntza-eskariak aurkezteko tokia. Beharrezkoa da, horrenbestez, ikastetxeei dei egitea, Administrazioa horretarako ezarri duen programa informatikoa baliaturik, ikastetxeek aipatutako eskariak izapide ditzaten, dagozkion dirulaguntzak kalkula ditzaten eta dirulaguntza horiek ordaintzea eska dezaten.
Horiek horrela, honako hau kontuan hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoak, bere VI. tituluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuan diru-laguntzak arautzeari dagokionez xedatu duena, hauxe
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxeei dei egitea, erakunde laguntzaile direnez uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuak aurrez ikusitako laguntza-programa kudeatzeko, lantokiko prestakuntza egiteagatiko dirulaguntza-eskariak bidal ditzaten. Dekretu horrek, gogoratu, Lanbide Heziketako Heziketa Zikloen baitan Lantokiko Prestakuntza Modulua egiteko modua arautu du, eta 145 zenbakiko EHAAn, 2003ko uztailaren 24koan, argitaratu da.
2. artikulua.- Hona deialdi honetako laguntza-xedea: alde batetik, ikasle eta enpresentzat, 2010eko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era bitartean (biak barne) egindako lantokiko prestakuntza; bestetik, bakarrik ikasleentzat, aurreko bi aldietan (2008ko uztailaren 1etik 2009ko ekainaren 30era bitartean eta 2009ko uztailaren 1etik 2010eko ekainaren 30era bitartean) egindako lantokiko prestakuntza, aurreko deialdietan (2009ko irailaren 7ko Agindua, 2009ko urriaren 6ko EHAA, 192 zk.; eta 2010eko irailaren 2ko Agindua, 2010eko urriaren 6ko EHAA, 193 zk.) diru-laguntzarik jaso ez zuena, uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuaren 19.3 artikuluak ezarritako betekizuna ez betetzeagatik, LP modulua egiteko bidea ematen duen ebaluazioa egiteke edo gainditzeke edukitzeagatik alegia.
3. artikulua.- Ikasleek eta enpresek egindako laguntza-eskariekin batera, III. eranskinean ageri den erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko da, ondokoa egiaztatuz: zigor-eta administrazio-arloan laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta ez daudela edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez daudela, kontuan harturik legezko debekuan sexuaren ziozko bereizkeria barne dagoela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoaren arabera.
4. artikulua.- Administrazioa ondorio horretarako ezarri duen programa informatikoaz baliatuko dira ikastetxeak laguntza eskaria horiek izapidetzeko eta segituan, hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Lanbide Heziketako Zuzendaritzara bidali behar dute I. eranskinean ageri den ereduaren araberako idazkia, behar bezala beteta, ondoko dokumentazioarekin batera:
- Enpresa eta ikasleen diru-laguntza zerrenda izenduna.
Eskaera hori zuzenean aurkez daiteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren edozein lurralde-ordezkaritzatan, edo Lanbide Heziketako Zuzendaritzan bertan; bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, bere 38.4 artikuluan aurrez ikusitako bideetako edozein ere balia daiteke.
5. artikulua.- 2003ko uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuaren 16.5 artikuluak aurrez ikusitako ondorioetarako, ez dira emakume gutxiko sektoreekin zerikusia duten heziketa-ziklotzat joko II. eranskineko zerrendan jasotzen direnak.
6. artikulua.- Agindu honek araututako deialdia finantzatzeko, milioi bat bederatziehun eta laurogeita hemeretzi mila zortziehun eta hogeita bost (1.999.825) euro bideratuko dira.
7. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako zuzendariari esku ematen zaio Agindu hau betetzeko zuzentarau eta jarraibideak eman ditzan.
8. artikulua.- Datuen babesa.
1.- Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera,deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak -zeinen tratamendu eta argitaratzea deialdian parte hartzen dutenek onartu duten- Enpresetako praktiken kudeaketa izeneko fitxategi batean txertatuko dira. Fitxategi horren helburua izango da dirulaguntzen deialdi hau kudeatzea eta, baita ere, deialdian parte hartzen dutenei horren garapenaren berri ematea. Lanbide Heziketako Zuzendaritza da fitxategi horren erantzukizuna duen organoa. Sartzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurkakotzeko eskubideak, Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren aurrean gauzatu ahal izango dira honako helbide honetan: Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz.
2.- Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna beste erakunde publikoetan ere egiazta dezaten.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari Agindu honen aurka, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion Salan, bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
RSS