
179. zk., 2011ko irailaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Kultura Saila
4583
190/2011 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, Lanbide Heziketako irakasleentzat hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzeko irizpideak ezartzen dituena.
Honako hau ezartzen du Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 15. artikuluak: «ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea irakasmaila guztietan».
Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legeko 18. artikuluan ere jasotzen da printzipio hori: «Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen».
Ikasleek irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak honako hau ezartzen du bere 5. artikuluan: «Lanpostua betetzeko beharrezko diren baldintzak, eta horien artean, nahitaez, izendatutako hizkuntza-eskakizuna, eta, hala badagokio, derrigortasun-data».
Lege hori garatu egin da Unibertsitatez besteko Erregimen Orokorreko Irakaskuntza egokitzeko, hain zuzen ere, irakaspostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak finkatzen dituen martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren bidez. Dekretu horretan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak banatzeko sistema aurreikusten da hizkuntza eredu bakoitzeko irakasle-taldeentzat.
1998an aldatu zen lehenengo aldiz martxoaren 9ko 47/1993 Dekretua, zertarako eta, irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunak beste hizkuntza ziurtagiri batzuekin homologatzeko.
Bigarren aldaketa bat izan zuen 47/1993 Dekretuak 2000. urtean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta eta DBHren ondorengoaren baldintza bereziei egokitzeko. Zaila da irakaskuntza-maila horietan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak hizkuntza-ereduka banatzeko sistema bat aplikatzea, izan ere, irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxeetako irakasle askok hizkuntza eredu ezberdinetan ematen dituzte klaseak. Aldaketa horren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta DBHren Ondorengoko ikastetxeetako irakasleek, baldin eta klaseak euskaraz eman edo euskarazko klaseak ematen badituzte, 2. HE egiaztatu beharko dute.
Uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuak irizpideak arautu zituen Araubide Bereziko Irakaskuntzako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuei hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzeko. Hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzerakoan hizkuntza-ereduen ordez honako irizpideak ezarri zituen: Ikastetxearen eraginpeko eskualdearen euskaldun-portzentajea eta gainerako ezaugarri soziolinguistikoak; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko plangintza, ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan ikasteko aukera benetan izan dezaten; eskualdeko ikastetxeek ematen duten euskarazko hezkuntza-eskaintza; euskarazko irakaskuntza arian-arian ezartzea ikastetxe guztietan; eta ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Proiektuan jasotzen duen hizkuntza-tratamendua, berariazko beharrizanak eta helburuak hobeto betetzearren.
Lanbide Heziketako irakaskuntzen ezaugarri bereziek berariazko tratamendua eskatzen dute irakasleen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzerakoan. Lau ezaugarri izan behar dira kontuan. Titulu- eta lanbide-modulu asko eskaintzen dira, eta horrek dakarrena da Lanbide Heziketako irakasleen espezialitateak eta irakasleok eman ditzaketen lanbide-moduluak edo irakasgaiak Unibertsitateaz besteko Irakaskuntzetan ematen direnak baino askoz gehiago izatea. Zikloak ikastetxe batean bi ereduetan (A eta D) ematen dira, eta horrek eragotzi egiten du hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak hizkuntza ereduen arabera izendatzea. Enplegu-heziketako irakaskuntzak eskaintzen dituzte Lanbide Heziketako ikastetxeek, eta ikasketa horietan ez da erabiltzen hizkuntza-eredukako sistema; hortaz, irakaskuntzok egokitu egin behar zaizkio ikastetxe bakoitza kokatuta dagoen eskualdeko egoera soziolinguistikoari. Gradu ertaineko eta goi-mailako graduko irakaskuntzak ematen dira Lanbide Heziketan, eta, gaur artean, ez dira arautu goi-mailako irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunak.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Kulturako sailburuak proposatuta, Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenak eta gainerako aginduzko txostenak jasota, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abuztuaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako lanpostuei aplikatuko zaie dekretu hau.
2. artikulua.- Dekretu honen aplikazio eremuko lanpostuen ordutegian sartuta baldin badaude lanbide heziketaz besteko irakaskuntzei dagozkien orduak, Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat ezarritakoak balioko du.
3. artikulua.- Dekretu honen eraginpeko lanpostuei aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak eta horiek egiztatzeari dagokiona, unibertsitateaz besteko irakaskuntzarako modu orokorrean ezarritakoak dira.
4. artikulua.- Lanpostuen hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta, Jaurlaritzak onartzen duen Lanpostuen Zerrendetan zehaztuko dira. Txostena emango du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aldez aurretik. Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-datatik aurrera, nahitaez bete beharko da HE hori, lanpostu bat bete eta bertan lanean aritu gura bada.
5. artikulua.- Dekretu honen aplikazio eremuko irakasle lanpostuen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data zehazteko aurreikuspenak finkatzen dituen egutegiak hamar urteko plangintza-epea izango du, zein bi alditan banatuko baita, bost urtekoa bakoitza. Dekretu hau aplikatzearen ondorioz onartutako lanpostuen zerrendak argitaratzen diren egunaren biharamunetik aurrera kontatuko da plangintza-epe hori.
6. artikulua.- Dekretu honen aplikazio eremuko lanpostuetan irakasle izateko akreditatutako irakasle-kidegoetan lehenengoz aritzen direnek 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
7. artikulua.- Hizkuntza-eskakizuna ez bada derrigorrezkoa, lanpostua bete eta bertan aritzerakoan euskararen ezagutzari ezarri behar zaion meritu-balorazioa zehazteko baino ez du balioko.
8. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikastetxeetako Lanbide Heziketako lanpostuen hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data Sailaren plangintzaren arabera ezarriko dira, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan ikasteko ikasleek duten aukera benetan bermatzearen arabera, honako irizpide hauek kontuan izanik:
a) Ikastetxearen eragin-eremuko euskaldun-portzentajea eta beste ezaugarri soziolinguistiko batzuk.
b) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko plangintza, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan ikasteko ikasleek duten aukera benetan bermatzearren.
c) Euskaraz ikasteko ikastetxeek duten eskaintza.
d) Euskarazko irakaskuntza arian-arian ezartzea ikastetxe guztietan.
e) Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Proiektuan jasotzen duen hizkuntza-tratamendua, berariazko beharrizanak eta helburuak hobeto betetzearren.
9. artikulua.- Badira ikastetxeak ikasgai zenbait euskaraz ematen dituztenak; bada horietako lanpostuek, baldin eta euskarazko klase-orduak guztiz edo zati batean ematekoak badira, 2. hizkuntza-eskakizuna izango dute izendatuta, berehalako derrigortasun-datarekin.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.- 6. artikuluan xedatutakoaz gain, aldi baterako irakasleek eta behin-behineko kontratatuek Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko karrerako funtzionarioak izan daitezke 1. hizkuntza-eskakizuna exijitzen zaien plazetan, nahiz eta HE hori egiaztatu gabe izan, betiere dekretu honen aplikazio eremuko Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagozkien irakasle-lanpostuak bete badituzte. Funtzionario izendatzen dituztenetik aurrera hiru urte izango dituzte HE egiaztatzeko.
Bigarrena.- 1.- Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko karrerako funtzionarioak, baldin eta behin betiko destinoa badute derrigortasun-data atzeratutako 1. HEko lanpostuetan, eta euren lanpostuei berehala bete beharreko 2. hizkuntza-eskakizuna ezartzen bazaie, hiru urte izango dituzte 2. HE egiaztatzeko, aldaketa hori jasotzen duen lanpostu-zerrenda argitaratzen denetik aurrera.
2.- Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko karrerako funtzionarioak izan eta euren behin betiko destinoa 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetan dutenek, plazari dagokion HE egiaztatu beharko dute derrigortasun-epe berrian, betiere plazaren hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data murriztu egiten bazaie eta euren lanpostuak 1. HE badu izendatuta. Salbuetsi egiten dira salbuespenen erregimenean araututakoak.
3.- Hizkuntza-eskakizuna egiaztatze aldera ezarritako epe berria 5 urtetik beherakoa bada, lanpostuen zerrendako aldaketatik hasita, irakasleak epealdi hori izango du bere lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Dekretu honek xedatzen ez dituen arloetan martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak ezartzen duena beteko da.
Bigarrena.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoak bete eta garatzeko xedapenak eman ditzan.
Hirugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.
Donostia-San Sebastiánen, 2011ko abuztuaren 30a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
RSS