Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
4115

AGINDUA, 2011ko uztailaren 28koa, Kulturako sailburuarena, euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egiten duena (HEHOBA deialdia).

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 15. artikuluak Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena (EHAA, maiatzaren 9koa, 86. zk.).

Bestetik, 45/2011 Dekretuak, martxoaren 22koak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 14.2.e artikuluan (EHAA, martxoaren 25ekoa, 59. zk.): Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea, betiere beste administrazio-organo batzuek bereziki esleituta dauzkaten egitekoak urratu gabe.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideen sustapenari ekin izan dio azken urteotan, besteak beste, urteko izaera duen laguntza-deialdi bat argitaratuz. 2011. urteari dagokiona Kulturako sailburuak 2011ko maiatzaren 4an emandako Aginduaren bidez argitaratu zen (EHAA, 2011ko maiatzaren 20koa, 95. zenbakia).

Euskarazko hedabideak indartu eta sendotze aldera egindako laguntza-deialdi horri kalterik egin gabe, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak neurri osagarriak hartu zituen, betiere euskarazko hedabideak indartu eta sendotzeko eta, aldi berean, euskarazko hedabideen kontsumitzaile diren pertsonen informazio-premiak asetzeko. Neurri horietako bat honako hau izan zen: euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoak laguntzea (HEHOBA deialdia).

Neurri horrek duen garrantzia dela-eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HEHOBA deialdiari segida ematea beharrezkotzat jo du.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Agindu honen xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egitea (HEHOBA deialdia).

2. artikulua.- HEHOBA deialdiaren xedea.

1.- HEHOBA deialdiaren xedea honako hau da: euskara hutsezko hedabideetan egin beharreko hobekuntza-azterketen gauzatze-lanak ahalbideratzea.

2.- Hobekuntza-azterketa horiek, gutxienez, honako alderdi hauetakoren bat izan behar dute aztergai:

a) Hedabidearen planteamendua digitalizazioaren inguruan.

b) Hedabideari zuzenduriko hobekuntza-proposamenak identifikatzea.

c) Hedabideari buruzko hausnarketa estrategikoa.

d) Hedabideari buruzko lan-ildo berrien potentzialitatea eta egingarritasuna lantzea.

e) Hedabidearen posizionamenduaren eta hartzaile potentzialarekiko harremanaren diagnosia egitea.

f) Hedabidearen merkatuari dagokion azterketa.

g) Hedabidearen finantzaketa propioa hazteko proposamena lantzea.

3. artikulua.- Laguntza gaiak eta onuradunak.

1.- 2011n Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatutako hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak arautzen dituen 2011ko maiatzaren 4ko Aginduak bere 6. artikuluan jarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak dira HEHOBA deialdian parte hartu ahal dutenak (EHAA, 2011ko maiatzaren 20koa, 95. zk.).

2.- Hedabide horiek bi multzotan banatzen dira Agindu honi dagokionean:

a) Toki aldizkariak eta toki telebistak.

b) Gainontzeko hedabideak.

3.- Multzo bakoitzean, gehienik ere, azterketa-kopuru jakina diruz lagunduko da. Honako hau hain zuzen ere:

a) Toki aldizkarien eta toki telebisten kasuan, gehienik ere, 4 azterketa.

b) Gainontzeko hedabideen kasuan, gehienik ere, 2 azterketa.

4.- Hedabide bat baino gehiago argitaratzen duten eskatzaileen kasuan, hedabide horietako batentzat baino ez dute eskatzerik izango.

5.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko.

6.- Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu:

a) Euskarazko hedabideak hobetzeko azterketak egite aldera, diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia eginaz Kulturako sailburuak 2010eko urriaren 20an emandako Aginduaren ondorioz diruz lagundutako egitasmoak (EBAZPENA, 2010eko abenduaren 17koa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, EHAA, 2011ko otsailaren 4koa, 24. zk.).

b) Laguntza-deialdi honetan sarbiderik izan arren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2011n, Agindu hau argitaratu aurretik, diruz lagundutako egitasmoak.

c) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe daudenak, ezta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Amaierako Seigarren Xedapenean ezarritakoetan ere.

7.- Laguntzak «de minimis» dira. Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudia aintzat hartuta, begiz jotako laguntzek ez diote Estatuen arteko merkataritzari eragiten eta ez dute lehiarako kalte edo mehatxurik sortzen. Dena den, eskatzaile batek 3 ekitalditan (2009an, 2010ean eta 2011n) halako laguntzetan jaso dezakeen kopuruak ezin du, inondik inora, 200.000 euroko muga gainditu.

8.- Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak bloketatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

4. artikulua.- Epe-barrutia.

Deialdi honek 2011n hasi eta bukatuko diren hobekuntza-azterketak hartuko ditu gogoan.

5. artikulua.- Diru-baliabideak.

Begiz jotako xedeari aurre egiteko, orotara 86.000 euro erabiliko da.

6. artikulua.- Diru-laguntzaren nondik norakoa eta zenbatekoa.

1.- Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzek honako gastu hauek hartuko dituzte gogoan:

a) Enpresa espezializatuek laguntza-eskatzaileei egindako hobekuntza-azterketek eragindako gastuak.

b) Azterketa horiek bideratze aldera laguntza-eskatzaileak koordinazio-lanetan jarritako pertsonaren gastuak estaliko dituzte. Pertsona horren gastuak ez dira gastu-aurrekontu osoaren % 10 baino handiagoak izango.

2.- Aurreko horiekin zerikusia ez duten gainontzeko gastuak ez dira aintzakotzat hartuko.

3.- Azterketa-egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izango du.

4.- Azterketa-egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izango du.

a) Toki aldizkarien eta toki telebisten kasuan, gastu-aurrekontuaren % 20koa.

b) Gainontzeko hedabideen kasuan, gastu aurrekontuaren % 35ekoa.

5.- Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko diru-laguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagoa izango. Edozein kasutan ere, egitasmo bakoitzari esleituko zaion diru-laguntza, gehienez ere, 15.000 eurokoa izango da.

6.- Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira diru publiko zein pribatuaren kargura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, betiere, Agindu honen bidez lagundutako azterketak gain finantzaketarik ez badu. Nolanahi ere, azterketa-egitasmo orok, artikulu honen 4. atalean ezarritako gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du ezinbestean.

7.- Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 19. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gain finantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 20. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gain finantzaketa bestekoa izango da.

7. artikulua.- Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

8. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea.

Agindu honek arauturiko laguntza-deialdian parte hartu nahi duen orok hilabeteko epea izango du eskabide-orria aurkezteko. Epe hori Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita zenbatuko da.

9. artikulua.- Aurkeztu beharreko eskabide-orria eta gainerako agiriak.

1.- Laguntza-mota honetara jo nahi duen eskatzaileak Agindu honen I.A eranskinean jasotako eskabide-orria behar bezala bete behar du eta, eskatzailearen legezko ordezkariak adostasuna izenpetu ondoren, finkatutako epean eta moduan aurkeztu behar du.

2.- Eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu, ezinbestean, eskatzaileak:

a) Eskabidea bere izenean edo ahaldun gisa sinatzen duen pertsonaren pasaportearen edo nortasun agiriaren fotokopia, betiere indarrean dagoena.

b) Eskatzailearen IFZren fotokopia.

c) Ahalorde ematea: eskabidea sinatzen duenak bere izenean egiten ez badu edo interesatua pertsona juridiko pribatua bada, sinatzaileak horretarako behar adinako ahalordea aurkeztu beharko du.

d) Eskatzailea pertsona juridiko pribatua bada, honako dokumentu hauetako baten fotokopia aurkeztu beharko du: sorrerako eskritura edo agiria; estatutuak, edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria. Dokumentu horrek eskatzailearen jarduera arautzen duten arauak jaso beharko ditu, eta behar izanez gero, pertsona juridiko motaren arabera dagokion erregistro ofizialean erregistratuta egon beharko du. Administrazio honetako Erregistroetan dauden fundazioak edo elkarteak badira, ofizioz konprobatuko du Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, eta nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea I.A eranskinean. Pertsona fisikoa balitz, Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoelako agiriaren fotokopia, hala badagokio.

e) Zerga-betebeharrak kitatuta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienez ere hiru (3) hilabete lehenago egindakoa.

f) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienez ere hiru (3) hilabete lehenago egindakoa.

g) Irrati-zabalkundeko zerbitzu publikorako gaikuntza tituluaren kopia, irratien kasuan.

h) Telebista zabalkundeko zerbitzu publikorako gaikuntza tituluaren kopia, telebisten kasuan.

i) Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.- Aurreko puntuan zehaztutako a), b), c), d), g) eta h) ataletako agirietakoren bat edo gehiago Administrazio honetan lehenago ere aurkeztua izan bada, eskatzaileak ez du nahitaez berriro aurkeztu behar izango. Zeregin horretarako Agindu honi lotutako I.B eranskina bete eta aurkeztu behar du.

10. artikulua.- Eskabide-orria eta agiriak aurkezteko modua.

1.- Eskabide-orria eta agiriak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari zuzenduko zaizkionak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4. artikuluan aurre ikusitako tokietakoren batean aurkeztuko dira.

2.- Zuzenean egin nahi izatekotan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren honako helbide hauetakoren batean aurkeztuko da:

a) Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

b) Bizkaiko Kulturako Lurralde Unitatea, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao.

c) Gipuzkoako Kulturako Lurralde Unitatea, Andia kalea 13, 20008 Donostia-San Sebastián.

3.- Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide honi ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jarri diezazkion.

11. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

12. artikulua.- Esleipen-prozedura.

1.- Ebazpen-proposamena lantze aldera, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak, eskatzaileak aurkeztutako eskabide-orrian zehaztutako aurrekontua eta egindako diru-eskabidea hartuko ditu erreferentziatzat.

2.- Jarraian, egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak jarriko ditu. Puntuok 13. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen arabera finkatuko dira.

3.- Egitasmo bakoitzari emandako orotariko puntuek gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute.

4.- Diruz lagunduko diren azterketa-kopuruaz 3.3 artikuluan finkaturiko mugapenaren ondorioz, multzo bakoitzean gehien lortu duten egitasmoak baino ez dira diruz lagunduko. Hau da: toki aldizkarien eta toki telebisten kasuan puntu gehien lortu duten 4 azterketak baino ez dira lagunduko; gainontzeko hedabideen kasuan, puntu gehien lortu duten 2 azterketak baino ez dira lagunduko.

5.- Esleitu beharreko kopurua zehazteko orduan, 6.4, 6.5 eta 6.6 artikuluetan finkatutako mugak gordeko dira.

13. artikulua.- Balorazio-irizpideak.

Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 30 puntu. Atal honi dagokion puntuazioa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da, eskatutako gutxieneko finantzaketa-mailak gutxieneko puntuazioa jasoko duelarik.

b) Egitasmoaren kalitatea: gehienez ere 10 puntu.

c) Egitasmoaren eragin eremua: gehienez ere 5 puntu. Publiko hartzaile potentziala hartuko da gogoan.

d) Bideragarritasuna: gehienez ere 15 puntu. Ikerketa garatzeko ezaguera eta formazioa batetik, eta bideragarritasun ekonomikoa bestetik.

e) Genero-ikuspegiak duen integrazioa: gehienez ere 10 puntu. Genero-ikuspegia integratzeko emandako urratsak.

f) Egitasmoaren garapenerako zehaztasun maila: gehienez ere 30 puntu. Ikerketaren planteamendua, metodologia eta planifikazioa hartuko dira kontuan.

14. artikulua.- Balorazio-batzordea.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.- Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

a) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru eginaz. Bere ordezkoa: Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria.

b) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria. Bere ordezkoa: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako aholkularia.

c) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaria. Bere ordezkoa: Kultura Saileko prentsa aholkularia.

d) Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) zuzendaria. Bere ordezkoa: Kultura Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria.

e) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Dokumentazio eta Informazio Zerbitzuaren arduraduna. Bere ordezkoa: Zuzendaritza bereko Estandarizazio Zerbitzuko arduraduna.

f) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du baina ez botorik.

g) Behar den bakoitzean, Balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die kanpoko adituei.

3.- Batzorde horrek, deialdian zehar finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landu eta aurkeztuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari, honek, zuzen eta bidezkoa joz gero, behin betiko ebazpena har dezan.

4.- Ebazpen-proposamenak, gutxienik, honako atal hauek izango ditu:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izanagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertu izanaren zioa.

b) Diruz lagunduko azterketak: diru-laguntza eta lortutako puntuak, osotara eta atalka.

15. artikulua.- Ebazpena.

1.- Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko Ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta, beranduenik, bi hilabeteko epean emango du eta, aldi berean, interesdunei jakinaraziko die.

2.- Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

3.- Ebazteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.- Laguntza-eskatzaileren bat hartutako Ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Kultura sailburuaren aurrean.

16. artikulua.- Diru-laguntzaren onarpena.

1.- Diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta laguntza eskuratu nahi badu, esleitutako diru-laguntza onartu egin behar du. Ondorioz, diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean diru-laguntza onartu egin duela adieraziko dio idatziz esandako Zuzendaritzari. Horretarako II. eranskina bete beharko da.

2.- Onarpen-agiria esandako epean aurkeztu ez izana onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

17. artikulua.- Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabiltzea.

b) Eskabide-orrian begiz jotako egitekoak bere osotasunean gauzatzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

18. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi une jakinetan egingo da:

a) Lehenengo unean, diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75) ordainduko da, diru-laguntza jasotzea onartzen den egunean hasi eta, beranduenik, bi hilabeteko epean.

b) Bigarren unean, hala badagokio, gainerako kopurua (% 25) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiriak jaso eta ontzat eman ondoren eta handik hilabeteko epean.

19. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.- Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Ebazpenaren ondorioz diruz lagundutako azterketa bakoitzeko onuradunak eskabide-orrian begiz jotako gastu guzti-guztien justifikazioari ekin beharko dio ezinbestean, edozein delarik ere, esleitutako diru-laguntza.

2.- Justifikazioa egiteko epea, beranduenik, 2012ko urtarrilaren 31n bukatuko da.

3.- Honako hauek dira justifikatze aldera aurkeztu beharrekoak:

a) Diruz lagundutako azterketari buruzko txosten zehatza.

b) Diruz lagundutako azterketari dagokion behin betiko aurrekontu orekatua (gastuak eta diru-sarrerak) (III. eranskina).

c) Gastuen jatorrizko justifikazio-agiriak edo horien fotokopia egiaztatuak. Egiaztapenak tokian tokiko Kulturako Lurralde Unitatean edo Kultura Sailaren egoitza nagusian egin beharko dira.

20. artikulua.- Ebazpenaren aldaketa eta Kitapen-ebazpena.

1.- Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen Ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira.

2.- Diru-laguntzaren gastuak justifikatzeko asmoz bidalitako agiriak aztertu ondoren, bigarren ordainketa gutxitu edo hura bertan behera utzi beharra gertatuz gero, eta, hala badagokio, jasotakoa, osorik nahiz haren zati bat, dena delako arrazoiarengatik, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bakarkako Kitapen-ebazpena emango du. Ebazpen hori justifikazio-agiriak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean emango du.

3.- Diru-itzulketari ekin behar izanez gero, onuradunak jakinarazpen idatzia jasotzen duen unean hasita bi hilabete izango du itzulketari ekiteko.

4.- Goian aipaturiko horiek abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak bere Bigarren idazpuruan adierazitakoari jarraituz egingo dira.

21. artikulua.- Ez betetzeak.

1.- Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan edota diru-laguntza emateko orduan ezarritako egitekoak eta onuradunari jarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, Kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta datuak babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak -parte hartzaileek baimena emango dute datuok tratatzeko eta argitaratzeko- fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza izango da «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategiaren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.- Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis izeneko laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

Hirugarrena.- Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Laugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 28a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala