Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
4114

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Kulturako sailburuarena, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzen laguntzeko diru-laguntza lerro bat jarri nahi du Kultura Sailak.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko jarduerak sustatzeak berebiziko garrantzia dauka. Izan ere, kirolaren praktika orokorra bultzatzeko pizgarria dira, lehiatu ahal izateko esparrua eskaintzen diete goi-mailako euskal kirolariei, eta ekonomia suspertzeko balio dute.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak goi-mailako kirola herriaren interesekotzat jotzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren kirol-garapeneko funtsezko faktorea den aldetik, eragingarri handia baita oinarriko kirola sustatzeko, eta ordezkaritza-egiteko garrantzitsua baitu Estatuko eta atzerriko kirol-lehiaketa ofizialetan. Legeak, gainera, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei esleitzen die goi-mailako kirola antolatzeko eta sustatzeko eskumena.

Horrenbestez, beharrezkoa da kirol-lehiaketak goi-mailakotzat jo ahal izateko baldintzak eta irizpideak finkatzea, bai eta laguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak finkatzea ere.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honetan, 2011. urtean egiten diren edo hasten diren goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen da, artikulu honetan xedatutako eran. Goi-mailako kirol-lehiaketatzat hartuko dira nazioarteko federazio baten egutegian, federazio europar batenean edo nazioarteko liga profesional baten egutegian sartuta dauden kirol-lehiaketak.

Tenis kirol modalitateari dagokionez, diru-laguntzaren xedea Europako Federazioaren, Tenis Profesional Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean jasota dauden kirol lehiaketen antolaketa izango da.

2.- 2011. urtean hasten diren lehiaketetarako ematen diren diru-laguntzak ezingo dira erabili urtealdi horretatik kanpoko gastuak ordaintzeko.

3.- Agindu honetatik kanpo geratuko dira kirol-erakusketak eta kirol-ikuskizunak.

4.- Diru-laguntzak jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da proposatzen diren lehiaketetan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, zehazkiago publizitateari eta dokumentazioari dagozkien kontuetan (posta, horma-irudiak, liburuxkak, programak, megafonia...).

5.- Ezingo dituzte inola ere diru-laguntza hauek eskatu, eta, hortaz, deialditik kanpo geratuko dira, bi sexuen arteko berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoek.

2. artikulua.- Laguntza-lerroak.

Hauek dira aurreikusitako laguntza-lerroak:

1.- 1. lerroa: nazioarteko edo Europako federazio baten egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak antolatzeko laguntzak, baldin eta Munduko edo Europako Txapelketak badira, edizio bakar batean burutzekoak eta zirkuitu edo liga formatuetatik kanpo, agindu honetako II. kapituluan zehaztutako eran.

2.- 2. lerroa: nazioarteko federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak antolatzeko laguntzak, baldin eta ondoan zerrendatzen diren atalen batean egoki txertatzen badira:

2.1.- Zirkuitu edo liga formatuko Munduko Txapelketak.

2.2.- Zirkuitu edo liga formatuko Munduko Kopak.

2.3.- Egutegiko kategoria goreneko probak.

3.- 3. lerroa: nazioarteko edo Europako federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak antolatzeko laguntzak, baldin eta aurreko ataletan aurreikusitako bi laguntza-lerroetan txertatzerik ez badute, agindu honetako IV. kapituluan zehaztutako eran.

3. artikulua.- Aurrekontu-baliabideak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako diru-kopurua hirurehun eta berrogei mila (340.000) euro da.

4. artikulua.- Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.- Hauek dira agindu honen bidez arautzen diren laguntzak jaso ditzaketen entitate eta pertsonak:

a) Helburutzat kirola izanik, legez sortuta eta dagokien erregistroan inskribatuta dauden eta egoitza soziala Euskadiko Autonomia Erkidegoan duten kirol-federazioak, kirol-klubak, kirol-elkarteak eta merkataritza-sozietateak.

b) Aurreko lerroaldean aurreikusten ez diren nortasun juridikodun beste entitate batzuk, legez sortuta eta dagokien erregistroan inskribatuta daudenak eta egoitza soziala Euskadiko Autonomia Erkidegoan dutenak, eta kirol-modalitateei buruzko jarduerak aldizka edo noizean behin antolatzen dituztenak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten eta kirol-modalitateei buruzko jarduerak aldizka edo noizean behin antolatzen dituzten pertsona fisikoak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak.

2.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsonek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.

1.- Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena, 2.1 artikuluan zehaztutako lerroan izan ezik, hau da, edizio bakar batean burutzekoak eta zirkuitu edo liga formatuetatik kanpo egiten diren Munduko edo Europako Txapelketetan. Kasu horretan, izendatutako aurrekontua hainbanatu egingo da aurkeztu diren eskabideen artean.

2.- Diru-laguntzen proposamena eta ebazpena nahitaez lotuko dira lerro bakoitzean izendatutako diru-baliabideetara eta ezarritako mugetara.

6. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Agindu honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.- Eskabide horiek Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta deialdiaren eranskinetan eskatzen diren agiriekin batera aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Orokor Zentraleko bulegoetan edo erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, EHAAren 2008ko maiatzaren 30eko 102. zenbakian argitaratua), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetatik edozein erabiliz.

3.- Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.- Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

8. artikulua.- Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

9. artikulua.- Balorazio Batzordea.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira batzordekideak: Eusko Jaurlaritzako Kiroleko zuzendaria, batzordeburu izango dena, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako bi teknikari, alor horretakoak; horietako bat idazkari moduan jardungo da.

2.- Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete, bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

3.- Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.- Balorazio Batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.- Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eta txosten tekniko eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

6.- Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, laguntza-lerroentzako ebazpen proposamen arrazoitu bana egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

10. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugei kalterik egin gabe, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako; betiere, horrek gainfinantzatzea ez badakar. Horrelakorik gertatuz gero, gehienez murritz dakiokeen kopurua murriztuko zaio emandako diru-laguntzaren zenbatekoari.

11. artikulua.- Ebazpena.

1.- Egindako proposamenak ikusita, deialdia ebatziko du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, eta esleitutako diru-kopuruak zehaztuko ditu.

2.- Pertsona eta entitate interesdunei ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epea igaro eta interesdunek ebazpenik jaso ez badute, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusi bezala, nahiz eta horrek ez salbuetsi lege horrek Administrazioari ebazpen adierazia emateko ezartzen dion betekizunetik.

3.- Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, agindu honetako 8. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, erabakia hartzeko epea etenda geratuko da tramite hark behar duen beste denboraz, jakinarazpen-egunaren eta erantzuteko epearen arabera.

4.- Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

12. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzaren zenbateko osoa ordainketa bakar batean egingo da, diru-laguntza osoaren justifikazioa aurkeztu eta gero.

13. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 48. artikulutik 53.era bitartean ezarritako betebehar-araubidea konplitu beharko dute (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), eta, zehazkiago, betiere honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Lehiaketa egiten bada dirulaguntza-eskaera aurkeztu eta gero, ondoko dokumentazioa bidali beharko da Kirol Zuzendaritzara lehiaketaren ondoren: epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.

c) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiliko da diru-laguntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenarekin bat.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

e) Kirol Zuzendaritzak programaren exekuzioari buruz eskatzen dion informazio guztia eskuratzea.

f) Jarduerak irauten duen bitartean, leku agerian jarri behar da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntzaren berri, salbu eta diru-laguntza ematen bada lehiaketa egin ostean.

g) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari deialdia egitea kirol-gertakaria aurkezteko egiten diren ekitaldi publikoetan ager dadin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza toki ageri batean agerraraztea, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada diru-laguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpenak sortarazitako dokumentazioan.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, gizon eta emakumeen rolei dagokienez, eta erabilera estereotipatuak ez direla erabiliko bermatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz.

14. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa.

Onuradunek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzan:

a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, aginduan baloratzekoak diren alderdiak azaldu beharko da, gutxienez ere.

b) Lehiaketa egiten bada dirulaguntza-eskaera aurkeztu eta gero, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.

c) Egindako gastuen jatorrizko ziurtagiriak edo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak konpultsatutako kopiak, emandako diru-laguntzaren kopuruaren adinakoak.

d) Kultura Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

e) Jarduera edo programa gauzatzean Euskadiko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

f) Ekitaldiaren kostu-kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita; bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen.

15. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada- edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako dagokion pertsona titularrak bidezko likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

16. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikuluak xedatzen du zeintzuk diren ez-betetzeak.

2.- Diru-laguntza ematea eragin zuen edozein baldintza edo betebehar betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

II. KAPITULUA

EDIZIO BAKAR BATEAN ETA ZIRKUITU EDO LIGA FORMATUETATIK KANPO EGITEN DIREN MUNDUKO EDO EUROPAKO TXAPELKETETARAKO DIRULAGUNTZAK

17. artikulua.- Diru-laguntzen helburua.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen eremuan, berrogeita hamar mila (50.000) euro bideratuko dira Nazioarteko edo Europako federazio baten egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak antolatzeko, baldin eta Munduko edo Europako Txapelketak badira, edizio bakar batean burutzekoak eta zirkuitu edo liga formatuetatik kanpo.

18. artikulua.- Laguntzak koantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.- Kategoria honi esleitutako diru-kopurua onarturiko eskabideen artean hainbanatuko da.

2.- Aipatutako mugak aplikatu ondoren aurreko artikuluan aurreikusitako diru kopuru guztia ez balitz erabiliko, soberakina kopuru gehigarriak jasotzeko aukera duten pertsona edo entitate onuradunen artean banatzeko beharrezko egokitzapenak egin ahal izango dira.

III. KAPITULUA

ZIRKUITU EDO LIGA FORMATUKO MUNDUKO TXAPELKETARAKO ETA MUNDUKO KOPETARAKO DIRULAGUNTZAK, ETA NAZIOARTEKO FEDERAZIO BATEN EDO NAZIOARTEKO LIGA PROFESIONAL BATEN EGUTEGIKO KATEGORIA GORENEKO PROBETARAKO DIRULAGUNTZAK

19. artikulua.- Diru-laguntzen helburua.

Diru-laguntza hauen helburua izango da nazioarteko federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegiko kirol-lehiaketak antolatzea, baldin eta zirkuitu edo liga formatuko Munduko Txapelketak badira, zirkuitu edo liga formatuko Munduko Kopak, edo egutegiko kategoria goreneko probak badira.

Tenis kirol modalitateari dagokionez, dirulaguntzaren xedea Europako Federazioaren, Tenis Profesional Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean jasota dauden kirol lehiaketen antolaketa izango da.

Diru-laguntza hauetarako ehun eta hogeita hamar mila (130.000) euro bideratuko dira.

20. artikulua.- Laguntzak baloratzeko eta koantifikatzeko irizpideak eta mugak.

Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ebaluatuko ditu:

1.- Deialdi hau argitaratu aurreko urtean, nazioarteko sailkapenean edo erreferentziako lehiaketan (Munduko Txapelketa) 16 kirolari onenen artean zenbat parte hartzaile dauden (60 puntu arte). Irizpide hau baloratu ahal izateko, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

Eskabidea aurkezten den unean lehiaketa jada igaro bada, epailearen akta eta, gainera, deialdi hau argitaratu aurreko urtean nazioarteko sailkapenean edo erreferentziako lehiaketan 16 kirolari onenen artean zenbat parte hartzaile dauden egiaztatzen duten dokumentuak.

Eskabidea aurkezten den unean oraindik lehiaketa egin ez bada: irizpide hau ustez beteko duten kirolari parte hartzaileei buruzko aurreikuspena, bai eta sailkapen horren barruan daudela egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

Puntu-banaketa egiteko, zenbat kirolari dauden sailkapenean hartuko da kontuan, taula honen arabera alegia:

- 11tik gora: 60 puntu.

- 9-10: 50 puntu.

- 8-9: 40 puntu.

- 6-7: 30 puntu.

- 4-5: 20 puntu.

- 2-3: 10 puntu.

- 0-1: 0 puntu.

Tenis kirol modaliateari dagokionez, puntuen banaketa ranking-ean dauden kirolari kopuruaren arabera egingo da, hurrengo taulan agertzen den puntuaketari jarraiki:

- ATP Challenger serieak: 30 puntu.

- Futures (tenis): 10 puntu.

- Tenis egokitua: 20 puntu.

2.- Goi-mailako euskal kirolarien parte hartzea lehiaketan (30 puntu). Irizpide hau erabiltzeko, Kirol Kontseilu Gorenaren eta/edo Eusko Jaurlaritzaren zerrendetan goi-mailako euskal kirolaritzat zer ulertzen den hartuko da gidari, eta eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Eskabidea aurkezten den unean lehiaketa jada igaro bada: epailearen akta, bai eta bertan agertzen diren goi-mailako euskal kirolarien kopurua egiaztatzen duten dokumentuak ere.

Eskabidea aurkezten den unean oraindik lehiaketa egin ez bada: irizpide hau ustez beteko duten euskal kirolari parte hartzaileei buruzko aurreikuspena, bai eta goi-mailakoak direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

Lehiaketan goi-mailako kirolari batek edo bik parte hartzen dutela egiaztatzen duten eskabideek 30 puntu eskuratuko dituzte; batek ere parte hartzen ez badu, 0 puntu.

3.- Lehiaketaren edizio-kopurua: lehiaketak 15 ediziotan baino gehiagotan antolatu bada (2011koa barne): 5 puntu.

Tenis kirol modalitateari dagokionez, aurreko paragrafoan aipatutako edizio kopurua hamarrekoa izango da.

4.- Goi-mailako kirol-lehiaketari buruzko programan maila edota partaidetza apalagoko lehiaketa-kirolen jarduerak sartzea (5 puntu).

5.- Laguntzen zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren irizpidea erabiliko da. Alegia, agindu honen 19. artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa eskabideek, artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki, betiere errespetatuta ezarritako gehienezko diru-kopurua edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.

6.- Kategoria honetako jarduera bakoitzeko eman litekeen kopurua ezin da hogeita hamar mila (30.000) eurotik gorakoa izan.

7.- Aipatutako mugak aplikatu ondoren aurreko artikuluan aurreikusitako diru kopuru guztia ez balitz erabiliko, soberakina kopuru gehigarriak jasotzeko aukera duten onuradunen artean banatzeko beharrezko egokitzapenak egin ahal izango dira.

IV. KAPITULUA

NAZIOARTEKO EDO EUROPAKO FEDERAZIO BATEN EDO NAZIOARTEKO LIGA PROFESIONAL BATEN EGUTEGI OFIZIALEAN SARTUTA DAUDEN KIROL-LEHIAKETAK ANTOLATZEKO LAGUNTZAK, BALDIN ETA II. ETA III. KAPITULUETAN ARAUTUTAKO BI LAGUNTZA-LERROETAN TXERTATZERIK EZ BADUTE

21. artikulua.- Diru-laguntzen helburua eta lehiaketaren betebeharrak.

Diru-laguntza hauen helburua izango da nazioarteko edo Europako federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketak antolatzea, baldin eta agindu honetako II. eta III. kapituluetan araututako bi laguntza-lerroetan txertatzerik ez badute.

Tenis kirol modalitateari dagokionez, dirulaguntzaren xedea Europako Federazioaren, Tenis Profesional Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean jasota dauden kirol lehiaketen antolaketa izango da.

Diru-laguntza hauetarako ehun eta hirurogei mila (160.000) euro bideratuko dira.

22. artikulua.- Laguntzak baloratzeko eta koantifikatzeko irizpideak eta mugak.

Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ebaluatuko ditu:

1.- Deialdi hau argitaratu aurreko urtean, nazioarteko sailkapenean edo erreferentziako lehiaketan 16 kirolari onenen artean zenbat parte hartzaile dauden (60 puntu arte). Irizpide hau baloratu ahal izateko, entitate eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

Eskabidea aurkezten den unean lehiaketa jada igaro bada, epailearen akta eta, gainera, deialdi hau argitaratu aurreko urtean nazioarteko sailkapenean edo erreferentziako lehiaketan 16 kirolari onenen artean zenbat parte hartzaile dauden egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

Eskabidea aurkezten den unean oraindik lehiaketa egin ez bada: irizpide hau ustez beteko duten kirolari parte hartzaileei buruzko aurreikuspena, bai eta sailkapen horren barruan daudela egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

Puntu-banaketa egiteko, zenbat kirolari dauden sailkapenean hartuko da kontuan, taula honen arabera alegia:

- 11tik gora: 60 puntu.

- 9-10: 50 puntu.

- 8-9: 40 puntu.

- 6-7: 30 puntu.

- 4-5: 20 puntu.

- 2-3: 10 puntu.

- 0-1: 0 puntu.

Tenis kirol modaliateari dagokionez, puntuen banaketa ranking-ean dauden kirolari kopuruaren arabera egingo da, hurrengo taulan agertzen den puntuaketari jarraiki:

- ATP Challenger serieak: 30 puntu.

- Futures (tenis): 10 puntu.

- Tenis egokitua: 20 puntu.

2.- Goi-mailako euskal kirolarien parte hartzea lehiaketan (30 puntu). Irizpide hau erabiltzeko, Kirol Kontseilu Gorenaren eta/edo Eusko Jaurlaritzaren zerrendetan goi-mailako euskal kirolaritzat zer ulertzen den hartuko da gidari, eta eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Eskabidea aurkezten den unean lehiaketa jada igaro bada: epailearen akta, bai eta bertan agertzen diren goi-mailako euskal kirolarien kopurua egiaztatzen duten dokumentuak ere.

Eskabidea aurkezten den unean oraindik lehiaketa egin ez bada: irizpide hau ustez beteko duten euskal kirolari parte hartzaileei buruzko aurreikuspena, bai eta goi-mailakoak direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

Lehiaketan goi-mailako kirolari batek edo bik parte hartzen dutela egiaztatzen duten eskabideek 30 puntu eskuratuko dituzte; batek ere parte hartzen ez badu, 0 puntu.

3.- Lehiaketaren edizio-kopurua (5 puntu): irizpide honetako 15 puntuak lortzeko, lehiaketak 15 ediziotan baino gehiagotan antolatua izan behar du (2011koa barne).

Tenis kirol modalitateari dagokionez, aurreko paragrafoan aipatutako edizio kopurua hamarrekoa izango da.

4.- Goi-mailako kirol-lehiaketari buruzko programan maila edota partaidetza apalagoko lehiaketa-kirolen jarduerak sartzea (5 puntu).

5.- Laguntzen zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren irizpidea erabiliko da. Alegia, agindu honen 21. artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa eskabideek, artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki, betiere errespetatuta ezarritako gehienezko diru-kopurua edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.

6.- Lerro honetako jarduera bakoitzeko eman litekeen kopurua ezin da hamabi mila (12.000) eurotik gorakoa izan.

7.- Aipatutako mugak aplikatu ondoren aurreko artikuluan aurreikusitako diru kopuru guztia ez balitz erabiliko, soberakina kopuru gehigarriak jasotzeko aukera duten onuradunen artean banatzeko beharrezko egokitzapenak egin ahal izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Kirol Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kirol Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala