Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
4113

AGINDUA, 2011ko uztailaren 19koa, Kulturako sailburuarena, Zuhatzako (Aiara, Araba) Urkijo Jauregia, Kultura Ondasun gisa, Monumentu-multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2011ko maiatzaren 16an Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez Zuhatzako (Aiara, Araba) Urkijo Jauregiak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2011ko ekainaren 10eko EHAAn argitaratu zen, 110. zenbakian.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Zuhatzako (Aiara, Araba) Urkijo Jauregia Kultura Ondasun gisa, Monumentu-multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.- Aiarako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.- Ebazpen hori interesdunei, Aiarako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol eta Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.- Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 19a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketa-eremua atxikitako planoan zehaztutakoa da, eta, batetik, eraikinak eurak hartzen ditu barne, eta, bestetik, horien ingurukoa.

Horrela, mugaketaren mugak hauek dira: hegoaldean, A-3641 errepidea; ipar-ekialdean, bigarren mailako beste bide bat; eta ipar-mendebaldean eta hego-mendebaldean, mugakide diren lursail batzuk.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatu dugun mugaketaren justifikazioa Urkijo Jauregiaren (Zuhatza) eta haren inguruaren kultura- eta ingurumen-balioak babestu beharra da.

Ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko eraikinaren inguruko espazioak babestu behar dira, eraikin mota horren berezko izaera aintzat hartu eta zaintzeko.

Horregatik guztiagatik, jauregia bera ez ezik, jauregi-ingurua ere sartzen da mugaketan, baita perimetroko horma eta hesia ere.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Urkijo Jauregiak 2.070 metro koadro inguru ditu eta barruti lorategidunaren barneko bizitegi-multzoa da; jauregia bera nabarmentzen da, eta kotxe-tokia, zerbitzuko langileen etxea eta biltegia edo zalditegia bezalako eraikuntza osagarriek eta, lorategian, harrizko lauzen bideak eta igerilekuak osatzen dute.

Finkak hainbat sarrera ditu: oinezkoena, fatxada nagusiaren aurrean, A-3641 errepidearen kontra, eta ibilgailuena, eraikin lagungarri batetik, bigarren mailako bidearen aldamenetik, nahiz eta ikusten den sarrera hori ez dela jatorrizkoa.

Eraikin nagusia jauregi-etxebizitza da, eta aldeko 16 metroko oinplano angeluzuzena eta bolumen kubikoa ditu. Beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea ditu. Azken horrek teilazko eta zurezko egiturazko lau isurkiko estalkia du, fatxada nagusiarekiko tirante labur perpendikular bat duela. Estalkiak presentzia bolumetriko handia du, teilatu-hegalaren tamainagatik, eta jauregiaren aurreko aldean zabaltzen diren zurezko harburuek eusten dute. Eraikuntzaren gainerakoa ez bezala, fatxada nagusiak hego-ekialdera ematen du eta honako tratamendu hau du bereizgarri: sarrera nagusiarekiko simetrikoa da, eta azalera guztian ondo landutako hareharriko harlanduzko lana du. Oinaldea ez da desberdina. Hierarkia du altueran nahiz horizontalean, eta hiru bider biko sarean antolatzen da. Dekorazioelementuen soiltasuna apurtu egiten da, fatxadaren planoan izkinak nabarmentzen baitira, solairuak bereizten dituzten plaka lauko moldurekin batera.

Goiko aldea ere plaka lauko erlaitzarekin errematatzen da. Ardatz nagusian dago sarrera nagusia. Horren gainean, lehen solairuan, zutabeen gainean eutsitako balkoi irtena, Urkijo sendiaren armarriak zatitutako frontoia eta, azkenik, estalkian horma piko bat daude, ardatz nagusi hori markoztatzeko.

Sarrera arku zuzeneko ate handia da eta zutabe toskanarrak eta kapitelak ditu alboetan, arkitrabezko taulamenduarekin eta triglifodun frisoekin. Sarreraren alde bietan, simetria markatzen duten bi harrizko banku ere badaude.

Beheko solairuan, fatxadak bi bao bertikal dinteldun ditu, burdina-hesiz babestuak; aldiz, lehen solairuan, hiru bao balkoidun daude, aldeetan burdinazko karelak eta, erdian, burdinazko barandadun balkoia dituztenak. Sarrera nagusian bezala, beheko solairuko baoek harrizko arku beheratuak dituzte barnealdean. Gainerako fatxadak nagusiaren guztiz desberdinak dira, harlangaitzez entokatuak daude eta antolaketa desordenatuagoa eta asimetrikoagoa dute. Aldeetako fatxadek baoen lau ardatz bertikal dituzte; lehena, zertxobait dotoreagoa da, bao balkoidunekoa, eta jauregiaren aurreko aldeari eta nobleenari dagokio.

Harlanduzko lana eskantzuetan eta leiho-baoen inguruetan ageri da, nahiz eta atzeko eskantzuetan ez duen hainbesteko kalitaterik. Goiko aldean, lau leiho etzanek argiztatzen dute teilatupeko espazioa. Atzeko fatxadak ipar-ekialdera ematen du eta bao gutxiago ditu, hiru ardatzetan banatuta. Alde batetik du sarrera; lehen solairuan bi leiho ditu eta beheko solairuan nahiz teilatupean bi bao txikiago.

Eraikinak hainbat sarrera ditu. Sarrera nagusiak barnealdean arku beheratua du; beheko solairuan dago eta finkaren kanpoalderako irteera zuzena du, errepidearen aurrera. Gainerakoak lorategirako bigarren mailako sarrerak dira, eraikinaren hainbat altueratan ageri direnak. Nagusiena beheko solairuaren eta lehenengoaren artean dago, alde batean, lorategiaren kota baino hiru eskailera-maila gorago, atearen aurrean eskailera-burua duela.

Fatxada horretan bertan beste sarrera bat dago, erdi ezkutatuta, eta eraikina beheko solairuaren mailan inguratzen duen kanaletik iristen da hara; sarrera horren ondoan, beste zulo bat ikusten da, gaur egun itxita, nahiz eta ateburua eta harrizko inguraketa oraindik ere badituen. Azkenik, bigarren mailako beste sarrera batek -bi ataleko eskailera igota iristen da- lorategia eta lehen solairuaren atzealdean dagoen sukaldea lotzen ditu. Komun txiki bat dago eskailerapean, eta kanpotik sar liteke.

Lorategia eraikinaren beheko solairua baino pixka bat gorago dagoenez, metrobete zabaleko kanalak inguratzen du jauregia, eta, hala, lurra ez da eraikinaren fatxadaren albo-alboan geratzen.

Jauregiaren egiturak karga-horma perimetralak ditu, altueran handitik txikira doazenak, eta egurrezko egitura du barnealdean. Egurrezko sei zutabe dira, eta espazioa banatzen duten hiru hormarte osatzen dituzte. Forjak, berriz, garipioz eta oholtzaz osatuta daude.

Barruko programari dagokionez, beheko solairuan sarrera nagusia daukagu, kalearen sestran, eta, hortik, bi eskailera igo eta erdi-puntuko harrizko arkua gurutzatuta, gelarik publikoenetara iristen da: egongelara, jangelara, logela batzuetara eta komunetara, baita jangela ondoko bodega batera ere. Solairu hau bi ataleko egurrezko eskailera bidez komunikatuta dago beste solairuekin; egurrezko eskudela eta burdinazko barra pintatuak ditu eskailerak, eta lorategira joateko alboko sarreraren aurrean dago.

Goiko solairuan, sukaldea eta komuna daude hondoan, eta gainerako logelak erdiko korridorearen bidez banatuta daude; azkenik, teilatupea gune diafanoa da: egurrezko egitura ikus liteke, baita zutabe, tirante eta jabaloien artean egindako loturak ere, hori guztia egurrezko zirien bidez. Azken solairu horretan espazioa banatu egin da, eta lau gune diafano sortu dira. Sarrera nagusia harrizko lauzaz estalita dago, eta gainerakoa egurrezkoa da.

Altzariei dagokienez, jatorrizkoak ez dira gorde, baina daudenek jauregiaren kutsu dotoreari eusten diote. Arotzeria egurrezkoa da, eta baoak leiho-atez babestuta daude; barrutik, beheko solairuan eta kanpotik (egurrezko xafla orientagarriak), lehen solairuan. Eraikinaren aurrealdeko estalkiari eusten dioten harburuek landareen irudiak dituzte, eta oholtza ere xehetasun handikoa da; nolanahi ere, jabeen arabera, oholtza geroago landu zen, dotorezia handiagoa izan zezan. Burdina-lana beheko solairuko baoetan eta goiko balkoietan ikusten da, baita jauregiaren aurrealdea inguratzen duen perimetro-hesian ere. Gainerakoan, berriz, lursaila harrizko horma altu batez mugatua dago, eta, zoritxarrez, hormigoizko blokez luzatu da horma hori.

Jauregiaz gain, lursailean, mendebaldean, badira kalitate arkitektoniko txikiagoko bi eraikin laguntzaile ere: eraikinik luzeenean, landa-estilokoan, ustez, zerbitzariak bizi ziren goiko solairuan, eta, beheko solairua, berriz, biltegirako edo beste zerbaitetarako erabiltzen zuten. Ikusten denez, eraikinaren inguruko lurretarako sarrera zuten; ziurrenik, jabe berarenak izango ziren lurrok, eta landu egingo zituzten. Beste eraikina garaje gisa erabiltzen zen. Bi eraikinak, eta igerilekua ere bai, bide zuzenen bitartez lotuta daude jauregiarekin; elkarren artean perpendikularrak dira bideok, harlauzaz zolatuak, eta tartean belarrezko parterreak daude, zintarriz mugatuta. Jauregia eta gertuen dagoen eraikina lotzen dituen bidea eta lorategiaren hegoaldean dagoen igerilekura iristeko bidearen zati bat, parra zurkaizteko balio duen arku itxurako armazoi metaliko soil batez estalita daude. Lorategian ez dago landare askorik, baina bada zuhaitz txiki bat edo beste, eta heskai batzuk ere bai.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala