Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
4112

AGINDUA, 2011ko uztailaren 19koa, Kulturako sailburuarena, Zerainen (Gipuzkoa) den Larraondoko zerrategia, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2011ko maiatzaren 16ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez Zerainen den Larraondoko zerrategiak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2011ko ekainaren 10eko EHAAn (110. zk.) argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Zerainen (Gipuzkoa) den Larraondoko zerrategia Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.- Zeraingo Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.- Espedienteko interesdunei, Zeraingo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.- Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 19a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Zerrategiaren mugaketak bi eremu hauek hartzen ditu: bata, zerrategia eta bertako jarduerarekin loturiko ondasun higigarriak eta instalazioaren azpiegitura hidraulikoa -antapara eta hoditeria, ura antaparatik turbinetara eramaten duena-; bestea, zerrategiko ingurune hurbila. Babes-eremuak muga hauek ditu: zerrategiko etxearen hegoaldean, Basaltegira doan bidearen ertza da erreferentzia-puntua; ekialdean, Makinetxera doan bidearen ertza, lur-eremuak antapararen iparraldean muga egiten duen lekura arte (antapararen ekialdeko fatxadatik 30 metro inguru iparraldera); mendebaldean eta ipar-mendebaldean, lerro bat, Lasurrategi errekatik 5 metrora; azkenik, lerro horrek bat egiten du lur-eremua zedarritzen duen lerroarekin, antapararen mendebaldeko fatxadatik 5 metrora, hain zuzen ere.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Mugaketaren helburua da bermatzea zaindu egingo direla zerrategia eta haren elementuak, bai eta ingurumen-balioak ere. Horregatik, zerrategia eta antapara ez ezik, zerrategiaren ingurunea ere hartzen du mugaketak; hau da, Lasurrategi errekaren ertza, zelaia eta errekaren goialdean dagoen uren babesgunea.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Larraondo zerrategia Zerainen dago, Larraondo baserritik metro gutxira. Zerrategia eraikin txiki batean dago eta, bertara iristeko, Lasurrategiko ubidearen paraleloan dagoen bidea hartu behar da mendebalderantz. Antapara pixka bat gorago dago. Antaparak errekako ura jasotzen du, bai eta errekarekin bat egiten duen errekasto baten ura ere.

Eraikin txiki bat da zerrategia; erreka gainean dago eraikita, bi isurkitako teilatua du, mendi-hegalaren kontra eraikitako harri-horma du euskarri eskuinaldean, eta gainerako hormak zurezkoak dira. Aurrealdean, zerrategiaren behealdean, etxetxo bat dago, isurki bakarreko estalkia duena. Bertan dago, hain zuzen ere, turbina txikia. Turbina handia zerrategi barruan dago, behealdean. Turbina handiak mugiarazten ditu makinaren uhalak. Zerrategitik gora, metro batzuetara, antapararekin -hots, ur-biltegiarekin- topo egingo dugu. Hodien bitartez, ura turbinetara eramaten da. Uraren indarrak birarazten ditu turbinak. Ura albotik sartzen da eta erdialdeari loturiko hodietatik ateratzen.

Uhate batetik sartzen da ura ur-biltegira. Ur-biltegia harlangaitzez eginda dago eta hormigoiz sendotuta; hor ubidea estua den arren, zabaldu egiten da poliki-poliki. Antapararen hasieran, hiru maila daude hondoan, eskailera-maila gisara eraikita, uretan dauden adarrak eta bestelako objektuak aurrealdera igaro ez daitezen. Antaparak gainezkabide bat du errekarantz eta aurrealdean metalezko sare bat. Sare horrek irazi egiten du ura, hostorik eta antzekorik igaro ez dadin hodietara, hots, ura turbinetara daramaten hodietara. Giltza-sistema bati esker, ur-jarioa eten daiteke, garbiketa-lanak edo bestelako lanak egiteko.

Zerrategiko etxetxoko turbina txikiak abiarazten du dinamoa. Dirudienez, sortutako elektrizitatea argitarako erabiltzen zen zerrategian, bai eta baserrian ere; izan ere, kontrapisu- eta kable-sistema baten bidez, baserritik abiaraz zitekeen sistema.

Zerrategi behealdeko turbina handiak abiarazten du makina mugiarazten duen uhal- eta polea-sistema. Lekukotasunen arabera, garai batean 14 makina izan zituen zerrategiak. Gaur egun, hiru uhalek abiarazten dituzte erreminta hauen mekanismoak:

a) 1. uhala:

- Tornua: bira egiten duen tresna; besteak beste, erreminten kirtenak eta altzarien hankak egiteko erabiltzen da.

- Arrabota: hortzak dituen erreminta; mihiztadura egiteko eta zura leuntzeko erabiltzen da.

- Zorrozkailua (geztera): tresnak zorrozteko harri handia.

- Esmerila: tresnak zorrozteko harri txikia: esate baterako, zerrak.

- Leuntzeko makina: leuntzeko eta zurari azken ukituak emateko tresna.

- Zulatzeko makina: zuloak egiteko erreminta.

- Errota txikia.

b) 2. uhala:

- Zerra zirkularra: hainbat tamainatan mozten du zura, luzetara eta zabaletara.

c) 3. uhala:

- Zinta-zerra: zuhaitzen enborretatik oholak eta habeak lortzeko erabiltzen zen. Enborrak erraildun gurdi batean jartzen ziren. Gurdiaren mekanismoaren bidez doitzen zen moztu beharreko oholaren lodiera.

Zerrategian, sutegi bat eta ingude txiki bat ere badaude. Sutegiak sua zirikatzeko balio du eta aireztapen-sistema du. Ingudea, berriz, metalezko tresnak konpontzeko erabiltzen zen. Horrez gainera, erreminta eta tresna txiki asko jaso ditugu. Zerrategiko lanetarako erabiltzen ziren erreminta eta tresna horiek.

Industriaurrean eta lehenengo industrializazioan, energia hidraulikoaz ibiltzen ziren instalazio asko eraiki zituzten. Instalazio horiek hainbat eta hainbat gauzatarako erabiltzen ziren. Instalazio horien adibide da Larraondo zerrategia. Instalazio txikia izan arren, Larraondo zerrategia baserriarekin eta baserriko lanekin lotuta dago. Biak oso ondo zainduta daude; garai bateko makinak ia osorik daude eta martxan ikus daitezke.

1890 inguruan jarri zuten abian zerrategia eta 1960ra arte erabili. Dena den, baserrian argia izateko erabili zuten 1970eko urteetan. Gero, baztertuta utzi zuten 1993ra arte. Urte hartan, zortzi hilabetez zaharberritze-lanak egin ondoren, jendearentzat zabaldu zuten. Zaharberritze-lanetarako, zerrategiko materiala erabili zuten; zerrategian bertan eta inguruko bordetan aurkitu zutena, hain zuzen ere. Instalazio txiki hori ondare historikoa da; XIX. mendean eta XX. mende hasieran nola lan egiten zuten erakusten digu. Gaur egun, zaharberritze-lanei esker, kontserbazio-egoera onean dago. Interes kulturaleko hainbat elementuk agerian jarri dute Zerainen balioa; besteak beste, Aizpeako meategiek eta museoak. Zerrategia elementu horietako bat da.

III. ERANSKINA

ESKU-HARTZEEN ERREGIMENA

1.- Zerrategia babestuta dagoenez, kontserbazio-lanak soilik egin daitezke, etorkizuneko belaunaldientzat egoera onean uzteko. Alde horretatik, esku-hartzeek bi helburu soilik izango dituzte: bata, behar bezala kontserbatzea antapara, hoditeria hidraulikoa, eraikina eta zerrategi barruan dauden makinak eta tresnak; bestea, hondatzen eta itxura galtzen duten gauzak atzera berriz lehen bezala jartzea.

2.- Zerrategian lan orokorrak egin behar badira, lehenik eta behin, esku-hartzearen proiektu teknikoa egin beharko dute gai horretan adituak direnek. Zerrategiaren azterketa analitikoa eta exekuzio-proiektua izan behar ditu proiektuak. Lanak amaitu ondoren, egindako lanen memoria egin beharko da esku-hartzeari buruzko informazioa idatzita jasotzeko.

3.- Instalazioen bideratzeak egiterakoan, kontuan izan behar da iristerrazak izan behar dutela eta ez direla nabarmendu behar.

4.- Zerrategiko altzariak zerrategiari atxikitzen zaizkio eta, beraz, zerrategian bertan gelditu behar dute. Zerrategian behar bezala kontserbatu ezin direnean edo lanak egin behar direnean soilik lekualdatu ahalko dira. Makinak lekualdatzen badira, beren lekuan jarri beharko dira lanak amaitu ondoren.

5.- Makinak eta erremintak behar bezala kontserbatzeko ahaleginak egingo dira, hondatzen utzi gabe. Horretarako, mantentze- eta konpontze-lanak egingo dira; eta makinak abian jartzeko ezinbestekoak diren piezak eta makinen zatiak soilik ordezkatuko dira. Edonola ere, jatorrizko piezen antzekoak izan behar dute. Horrez gainera, bateragarriak izan behar dute instalazioaren sistema higiarazlearekin eta mekanikoarekin.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala