Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
4111

AGINDUA, 2011ko uztailaren 7koa, Kulturako sailburuarena, fikziozko eta animazioko film luzeen eta sortze-dokumentalen publizitate eta sustapenaren aldeko diru-laguntzak arautu eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Alde horretatik, jardun-arlotzat zehaztuta dituen eskumen-eremuaren barruan, kontuan hartuta zer nolako garrantzia hartzen ari den ikus-entzunezkoen mundua gure gizartean, eta horrek zenbateraino aberasten dituen komunitate hartzailearen kultura eta ekonomia, komenigarritzat jo dugu Euskadin ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten ikus-entzunezko lanak eta enpresak sustatzeko jarduerak bultzatzen jarraitzea.

Agindu honen bitartez, ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzeko eta horien publizitatea bultzatzeko araudia xedatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europako Batasunean lan horien zabalkundea eta merkaturatzea areagotzeko eta Euskal Herriaren kultur nortasuna babesteko eta haren berri emateko, gero eta globalagoa den merkatuan.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen xedea da 2011ko ekitaldian zehar fikziozko eta animazioko film luzeen eta sortze-dokumentalen publizitate eta sustapenaren aldeko diru-laguntzak emateko deialdia egitea eta horretarako baldintzak ezartzea. Laguntzok 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Euskal Autonomi Erkidegoko areto komertzial batean estreinatu diren fikziozko eta animazioko film luzeak eta sortze-dokumentalak hartuko dituzte.

2.- Ondorio horietarako, honakoa da zinemarako film luzea: ikus-entzunezko lana, hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan erakutsiko dena. Bere aldetik, honakoak izango dira sortze-dokumentalak: errealitatetik hartutako gaia duten proiektuak; lanak originala izan behar du, gai zehatz bati buruzko ikerketa edo azterlana, eta gutxienez merkataritza-ordu bateko iraupena izango du eta zineman emango da.

3.- Zinematografia eta ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko eta bultzatzeko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 9.2 artikuluaren arabera, «X» gisa sailkatutako filmek ezingo dute diru-laguntzarik jaso.

4.- Deialdi honetan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa guztira ehun eta laurogeita bat mila eta seiehun (181.600) eurokoa da, nahiz eta gehitzerik ere izango den, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan. Diru-kopuru horretatik, % 30 arte gordeko dira euskara jatorrizko hizkuntza duten ekoizpenen artean banatzeko, hizkuntza horretako ekoizpena sustatzeko pizgarri moduan. Gordetako dirua Aginduaren 5. artikuluan, konkurtsoaren bigarren fasean azaltzen den moduan banatuko da.

2. artikulua.- Onuradunak.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko, beharrezkoa izango da pertsona juridiko pribatu independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea, laguntza jasoz gero Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izateko konpromisoa hartzea, eta alta emanik egotea ikus-entzunezko ekoizle independente gisa Kultura Ministerioaren Zine eta Ikusentzunezko Arteen Institutuko Zinematografia eta Ikusentzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan (ICAA), edo aukeran Eusko Jaurlaritzan sor litekeen erregistroan.

2.- Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.

3.- Hauek joko dira pertsona pribatu independentetzat: ikus-entzunezkoen komunikazio/zabalkunde zerbitzuak ematen dituen entitate baten edo telebista-kanal pribatu baten titular baten eragin menderatzailearen agindupean ez dauden pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta, aldi berean, beraiek eragin menderatzaile hori inongo kasutan erabiltzen ez badute: ez jabetza arrazoiengatik, ez finantza-partaidetzagatik, ez eta, aldez edo moldez, kasuan kasuko administrazio- edo kudeaketa-organoen erabakimena baldintzatzeko ahala edukitzeagatik ere.

4.- Ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5.- Nolanahi ere, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.4 artikuluarekin bat etorriz, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

3. artikulua.- Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Laguntza hauen ondorioetarako, diru-laguntza jaso dezaketen ikus-entzunezkoen produkzioetako gastuak hurrengoak dira: berrikuste eta egiaztatzen duen kontu-ikuskaritzako txosten bereziaren 12.01 (CRI eta kopiak) eta 12.02 (publizitatea) kapituluetan sartutakoak. Txosten hau Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duten auditoreak egina izan behar du, beti ere arau honetan eta bat datozen beste xedapenetan aurreikusten diren balorazio prozedura arauekin bat etorriz.

5. artikulua.- Diru-laguntzak ematea, zenbatekoa eta mugak.

1.- Agindu honetako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Horretarako, arlo bakoitzean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 10. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio irizpideen araberako lehentasunak ezartzeko. Diru-laguntzak honela banatuko dira:

a) Diru-laguntzaren erdia zati berdinetan banatuko da gehieneko % 50eko puntuazioa lortzen duten eskabide guztien artean, fikziozko eta animazioko film luzeen kasuan, eta gehieneko % 35eko puntuazioa lortzen duten eskabide guztien artean, sortze-dokumentalen kasuan.

b) Diru-laguntzaren beste erdia balorazio Batzordearen iritziz baloraziorik onena jaso duten eskabideen artean banatuko da, balorazio horrek ezarritako hurrenkera eta puntuazioari jarraituz, harik eta aurreikusitako aurrekontu-dotazioa amaitzen den arte.

Balorazio-fase honetan jatorrizko hizkuntza euskara duten ekoizpenetarako gordetako diru-zenbatekoak banatzeari ekingo zaio. Horretarako, hautaketa eta balorazio irizpideak aplikatu eta gero lorturiko puntuazioa hartuko da aintzat, eta proportzionalki banatuko da.

2.- Sustapenean eta publizitatean egindako eta ikuskatutako gastu guztien % 50eraino irits liteke laguntza. Alabaina, gehieneko zenbatekoa 50.000 euro izango da, salbu eta jatorrizko hizkuntza euskara duten ekoizpenen kasuan. Dena dela, inongo kasutan laguntza publikoen guztizkoak (deialdi honen kargura ematen direnak barne) ezingo du sustapenean eta publizitatean egindako eta ikuskatutako gastu guztien % 50 baino gehiago izan.

3.- Koprodukzioen kasuan, % 50 hori ekoizpen-enpresa eskatzaileen ekarpenaren gainean aplikatuko da, zeinek gutxienez azkenean ekoitzitako ikus-entzunezkoaren % 20aren titularitatea izan behar duten.

6. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Eskabide horiek Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduta egongo dira eta deialdiaren eranskinetan eskatzen diren agiriekin batera aurkeztuko dira, zuzenean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz; kale Nagusia 85-behea, 48011 Bilbao; Andia kalea 13-behea, 2004 Donostia-San Sebastián) nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bitartekoetako bat erabiliz.

3.- Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.- Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak I. eranskinean agertzen den ereduan oinarrituz egingo dira eta ondoren zehazten diren agiriak erantsiko zaizkio, eta II., III. eta IV. eranskinak ere beteta aurkeztuko dira.

8. artikulua.- Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

9. artikulua.- Balorazio-batzordea.

1.- Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da:

2.- Batzordeko kideak hauek izango dira:

a) Mahaiburua: Kultura sustatzeko zuzendaria, edo haren ordezkoa; batzordeburua izateaz gain, kalitateko botoa izango du, berdinketak erabakitzeko.

b) Hiru aditu-profesional gehienez, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko duten laguntza-modalitatearekin zerikusia dutenak.

c) Batzordeetako idazkari gisa, hitzez baina botorik gabe, Kultura sustatzeko zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik.

d) Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

3.- Balorazio-batzorderako izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren baten pean eroriak ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

4.- Balorazio-batzordearen behin betiko osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

5.- Batzorde horrek, laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostasunez ebatzitako du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko dion diru-laguntzak emateko proposamena.

6.- Era berean, gerta daiteke batzordeak aurkeztutako proposamenean proiekturik ez onartzea edo gehieneko zuzkidura ekonomikoa ez agortzea, kalitaterik ez dagoelako, ekonomikoki bideragarria ez delako edo deialdi honen xederako egokiak ez direla frogatzen duen beste alderdiren bat antzeman delako.

7.- Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

10. artikulua.- Hautapen eta kuantifikazio irizpideak.

Balorazio-batzordeko kide bakoitzak eskabideak aztertuko ditu, eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ondoren zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu:

a) Produktuaren kalitatea eta interesa. Kontzeptu horrek bere baitan hartzen du Euskadiko edota euskal herritarren balio artistikoarekin edo kultura, alderdi sozialarekin edo bestelakoekin produktuak duen lotura eta eragina. % 20 arte.

b) Produktuak merkatuan izan dezakeen arrakasta. Horretarako, aintzat hartuko da, besteak beste, lan horrek estreinaldian lortutako arrakasta (txartel-leihatilan bildutako dirua; DVDen salmentak eta alokairuak; tokiko, estatuko eta nazioarteko telebistei egindako salmentak): % 30 arte.

c) Sustapenean eta publizitatean egindako ahalegina: film luzea egiteko kostuarekin alderatuta sustapen eta publizitate lana aurrera eramateko ekoizpen enpresak egindako gastua, kontu-ikuskaritzaren txostenean ofizialki aitortua: % 30 arte.

d) Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz filmatzea: % 10 arte.

e) Inplikatutako diren enpresa eta giza baliabideak: % 10 arte. Hauek egoitza Euskadin duten pertsona edo enpresek eskaintzen dituzten sormenezko baliabideak eta baliabide artistiko eta teknikoak kontratatzean egiten den inbertsioaren ehunekoa kontuan hartuta esleituko dira; ehuneko hori proiektua gauzatzeko dagoen ikus-entzunezko ekoizpenaren % 40tik gorakoa eta % 80tik beherakoa izango da.

11. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak ezertan urratu gabe, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako; betiere, horrek gainfinantzatzea ez badakar. Horrelakorik gertatuz gero, gehienez murriz dakiokeen kopurua murriztuko zaio emandako diru-laguntzaren zenbatekoari.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako lehiaketen ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du eta bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik zenbatuta.

2.- Eskatzaileei ebazpen horren berri emango zaie. Jakinarazpen hau igorri ez ezik, ebazpen horren edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.- Lehengo atalean ezarritako epea igarota interesatuari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.- Laguntzaren ordainketa.

Laguntzaren ordainketa laguntza ematen den unetik tramitatuko da, onuradunak emandako diru-laguntza onartu eta Agindu honetako 14. artikuluan ezartzen diren gainontzeko betebeharrak bete eta gero. Ordainketa-agindua izenduna izango da, onuradunen izenean alegia. Ordainketa bakarra egingo da.

14. artikulua.- Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra sortu duela agiri bidez egiaztatzea.

b) Onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenaren aurrekontuaren % 40, gutxienez, gastatu beharko du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetan. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 40 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari modu adieraziz ez badiote ukorik egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

d) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean.

e) Laguntza ematen duen organoari ekoizpenaren publizitatean eta sustapenean egindako gastuak ziurtatzen dituen kontu-ikuskaritzaren txostena eskuratzea. Baita ere jardueren memoria eta memoria ekonomiko laburtu bat, azken kasu honetan, gutxienez diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak izan diren gastuen azalpena emanez, behar den moduan multzokatuz, eta hala badagokio, hasiera batean aurrekontuan sartutako kopuruak eta gertatutako desbideratzeak.

f) Laguntza ematen duen organoari nazioko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

g) Laguntza-ebazpena eman aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana egiaztatzea.

h) Laguntza jasotzen denetik aurrera, ikus-entzunezko lanak edo ekoizpen-enpresak Kultura Sailaren laguntza jaso duela jakinaraztea kopia edo euskarri guztietan.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren izenean eta jabetzapean, Euskadiko Filmategia Fundazioan honako dokumentazio hau gordailatu egin dela frogatzen duen egiaztapena: laborategiko kopia berri bat, inongo akatsik gabe, zinema-aretoetan estreinatzen den pase eta formatuan eta jatorrizko ekoizpen-bertsioan; Betacam Digital bat; estreinatzen den lanaren bertsio komertzialen DVD bana; jatorrizko bertsioaren eta bikoiztutako hizkuntzaren elkarrizketa-zerrenda bana, euskarri informatikoan; sei gida, sei txartel eta sei argazki; eta lana sustatzeko eta Euskal Herriko film-ondarea kontserbatzeko eta zabaltzeko interesgarri iritzitako beste edonolako dokumentazioa, betiere merkataritza-erabilerarik izango ez duena.

Lanaren ekoizpena eta emanaldia euskarri bideografikoan egiten bada, gordailua Betacam Digitaleko kopia batean egingo da, bai eta estreinatutako bertsioen hizkuntzetako DVD banatan ere. Horrekin batera, arestian aipatutako sustapen-dokumentazioa aurkeztuko da.

Edozein kasutan ere, lehenengo emanaldi publikoa egiten denetik 30 egun baino lehenago egingo dira lanen gordailuak.

Euskadiko Filmategia Fundazioan bi kopia DVD euskarrian utzi direla egiaztatzen duen agiria.

j) Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan entregatzea.

k) Agencia Iberoamericana del Registro ISAN-en aurrean (ARIBSAN) ISAN erregistroa lortzeko prozedura bete duela egiaztapena.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen diren beste edozein betebehar eta baldintza.

Bestalde, «i» eta «j» idatzi-zatietan adierazitako materialak ez dira entregatu beharko, baldin eta enpresa eskatzaileak jada aurretik egiaztatu baditu Euskadiko Filmategia Fundazioan eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan, eta geroztik aldaketarik egon ez bada.

15. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetako bat aldatzen bada -baina helburua beteta-, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, bai eta aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako diru-laguntza jasotzen bada. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.

16. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

1.- Bete beharrekoak bete gabe geratu direla ulertuko da ondorengo kasuetan:

a) Baldintzak faltsutuz edo eragozgarri diren baldintzak ezkutatuz laguntza lortzea.

b) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

c) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

d) Hala badagokio, laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epe barruan.

e) Beste xedapenen baten arabera oro har eta nahitaez bete behar den baldintza oro ez betetzea.

2.- Horrako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen Dekretuan aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- 1. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Aldaketa hori diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.- Agindu honen bidez araututako laguntza-programa Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Araudian (2006ko abenduaren 28ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 379/5 zk.) ezarritako de minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107., 108. eta 109. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

Hirugarrena.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimendu dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena emate dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzietako errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako aretoan bi hilabeteko epean, hau ere agindua argitaratzen den biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 7a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala