Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Eusko Legebiltzarra
4107

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarreko plantillan sartutako plaza hutsak betetzeko oinarri orokorrei buruzkoa (09/25.01.00.0032).

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2011ko uztailaren 26ko bileran hartutako erabakia betetzeko, agintzen dut argitaratu daitezela Eusko Legebiltzarreko plantillan sartutako plaza hutsak betetzeko oinarri orokor hauek.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abuztuaren 3a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

ARANTZA QUIROGA CIA.

OINARRI OROKORRAK EUSKO LEGEBILTZARREKO PLANTILLAN SARTUTAKO PLAZA HUTSAK BETETZEKO.

1.- Helburua.

1.1.- Oinarri hauen helburua da arau orokorrak finkatzea Eusko Legebiltzarrak eskaintzen dituen plazak betetzeko, zeinak adieraziko baitira dagozkien oinarri espezifikoetan. Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da, hau da, hautaprobak eta merituen balorazioa egingo da.

Oinarri espezifikoetan honako hauek adierazi beharko dira nahitaez:

Lanpostuaren izena, atxikipena, lanpostu hutsen kopurua, horiek betetzeko sistema, eskatutako titulua, euskarazko hizkuntza-eskakizuna, plazaren eginkizun nagusiak eta, kasua bada, ahalmen-urrituentzat gordetako plazak.

1.2.- Ahalmen-urrituentzat edo barne promoziorako gordetako plazaren bat edo batzuk bete gabe geratuz gero, gehitu egingo lituzkete, hizkuntza-eskakizun berekin, deialdi bereko txanda irekian bete beharreko plazak.

1.3.- Aukera-berdintasuna lortzeko asmoan aurrera egitearren, eta ahalmen-urritasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen 2271/2004 Errege Dekretuko 3.2 artikuluak ezarritakoari jarraituz, baldin eta ahalmen-urrituentzat gordetako kupoaren aldetik aurkeztutako lehiatzaile ahalmen-urrituetakoren batek dagozkion ariketak gainditzen baditu baina plazarik lortzen ez badu eta, halaber, txanda libreko beste lehiatzaile batzuek baino puntuazio handiagoa ateratzen badu, txanda irekiko zerrendan sartua izango da puntuazio-ordenaren arabera.

2.- Hautaketarako baldintza orokorrak.

2.1.- Bete beharreko eskakizun batzuk dituzten lanpostuak ez dira beteko, inola ere, eskakizun horiek bete dituztela frogatu ez duten lehiatzaileekin.

2.2.- Epaimahaiak ezingo du proposatu karrerako funtzionario izateko pertsona aprobatu gehiago, deitutako plazen kopurua baino, salbu eta kasu hauetan:

a) Lehiatzaileek, izendatuak izan baino lehen edo lanpostua hartu baino lehen, lanpostuari uko egiten badiote.

b) Lanpostua hartzean lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia eskatzen badute.

Kasu horietan, esleitu egingo dira hutsik gelditutako plazak, eta horretarako epaimahaiari eskatuko zaio probak gainditu dituzten baina plazarik eskuratu ez duten lehiatzaileen zerrenda ordenatua.

3.- Enplegura iristeko eskakizunak.

3.1.- Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek beteta eduki beharko dituzte oinarri orokor zein espezifikoetan zerrendatzen diren eskakizunak beranduen ere eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, salbu eta oinarrietan aurreikusitako salbuespenak, eta beteta eduki beharko dituzte eskakizunok harik eta esleitzen zaien plazaz, kasua hori bada, jabetu arte.

3.2.- Eskakizunak bete direla behin betiko frogatzeko denbora eta modua 8.3 oinarrian ezartzen dira. Hala ere, bete beharko da lehiaketa-aldian merituak egiaztatzeari dagokionez 4.4 oinarrian xedatutakoa.

3.3.- Honako hauek dira parte hartzeko eskakizun orokorrak:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen bateko nazionalitatea izatea, edo, bestela, Europar Batasunak egindako eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunen ondorioz, Europar Batasunaren Itunean zehaztutako eran langileen joan-etorrirako askatasuna duen beste estatu bateko nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urteak beterik izatea eta nahitaezko erretirorako adinera iritsi gabe egotea.

c) Oinarri espezifikoetan eskatzen den titulua izatea, dagokion organo ofizialak emana, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindurik edukitzea. Titulu akademikoak atzerrian lortuak badira, tituluokin batera entregatu beharko da horiek onartzen dituen Hezkuntza Ministerioaren agindua, edo homologatuta daudela egiaztatzen duen agiria.

d) Deialdiko plazei dagozkien lanpostuen eginkizunak normaltasunez betetzeko beharrezkoa den gaitasun psikofisikoa edukitzea.

e) Lanbidean aritzeko edo funtzio publikoetarako ezgaiturik ez egotea, eta diziplina-espediente bidez Administrazio publikoaren zerbitzutik kenduta ez egotea. Atzerritarra izanez gero, jatorriko herrialdean funtzio publikoan sartzea eragotziko liokeen diziplina-zigorrik edo kondena penalik ez edukitzea.

f) Administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez izatea. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.

g) Oinarri espezifikoetan exijitutako beste edozein eskakizun.

3.4.- Ahalmen-urritasunen bat duten pertsonak gainerako lehiatzaileen baldintza beretan onartuko dira hautaketa-prozesurako, betiere izanez gero lanpostuaren eginkizunak betetzeari dagokionez 3.3.d puntuan aipatzen den beharrezko gaitasun psikofisikoa, zeina zehaztuko baita eskainitako plaza bakoitzeko argitaratuko diren oinarri espezifikoen eranskin batean.

Ahalmen-urrituentzat gordetako lanpostuetara lehiatu ahal izateko, eta aurreko atalean ezarritako eskakizunak betetzeari utzi gabe, lehiatzaileek onarturik eduki beharko dute % 33ko edo gehiagoko ahalmen-urritasuna. Ahalmen-urritasun hori administrazio-organo eskudunak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da.

3.5.- Oposizio-aldiko ariketaren bat egiteko denborazko edo baliabidezko egokitzapenik behar izanez gero, eskabide-orrian adierazi beharko dute, beharrezkoak diren egokitzapenak zehaztuz.

3.6.- Martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuko 19.1 artikuluan adierazitakoaz baliatuz, epaimahaiak ahalmena izango du deialdiko plazak lortu nahi dituzten eta ahalmen-urritasuna duten pertsonek eskatutako denborazko eta baliabidezko egokitzapenak egiteko.

3.7.- Barne-promozioko txandatik aurkezten direnek, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eusko Legebiltzarrean jarduneko zerbitzuan egotea, zerbitzu berezietan aritzea, edo legezko zaintzagatik eszedentzia-egoeran egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

b) Legebiltzarrean beheragoko hurrengo funtzionario-kidegokoa izatea, edo, deitutako plazei dagokien kidego berekoa izanez gero, beheragoko kategoriako lanpostu batean aritzea.

c) Bi urteko zerbitzaldia buruturik izatea karrerako funtzionario gisa aurreko kidegoan edo postuan.

4.- Eskabideak aurkeztea.

4.1.- Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak Eusko Legebiltzarreko administrazio-etxean, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan (Becerro de Bengoa kalea, z/g, Vitoria-Gasteiz) aurkeztu beharko dira, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, eta hamabost egun balioduneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Eskabideekin batera nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da. Halaber, nahitaez egiaztatu beharko da hautaketa-prozesuan parte hartzeko bete beharreko baldintza guzti-guztiak betetzen direla, are gaitasunen azterketari dagokion gaitasun psikofisikoa ere, oinarri espezifikoetan 3.4 puntuak aipatutako eranskinean agertuko dena, zeina zehazteko orduan Lantegi Batuak fundazioaren aholkularitza izan baitu Eusko Legebiltzarrak. Eskabideekin batera, plazen eskakizunei dagokienez oinarri espezifikoetan ezarritako dokumentazioa ere aurkeztuko da.

4.2.- Eskabideak oinarri espezifikoetako bakoitzean eranskin bezala jarritako eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko dira, edo Eusko Legebiltzarraren www.parlamentovasco.euskolegebiltzarra.org web-orriaren bidez eskuratu ahal izango dira, menuko «Zerbitzuak» ataleko «Oposizioak» azpiatalean. Eskabideak, era berean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoaren arabera ere aurkeztu ahal izango dira.

4.3.- Posta-bulegoetan aurkezturiko eskabideek Posta Zerbitzuen Erregelamenduko 205.3 artikuluan ezarritako prozedura bete beharko dute. Horretarako, eskabideak gutun-azal irekian aurkeztuko dira, enplegatuak haietan data-zigilua jar dezan, goian ezkerraldean, eta argi agertun beharko da bulegoaren izena eta data.

4.4.- Lehiaketa-aldirako zehaztutako merituak, kasu guztietan, eskabidearekin batera adierazi beharko dira. Alabaina, merituok frogatzeko dokumentuak lehiaketa-aldiko balorazioa hasi baino lehen aurkeztuko dira, oposizio-aldia amaitu eta emaitzak jakinarazi ostean; epaimahaiak, justifikazio dokumental horretarako, hamar eguneko epea emango du, gehienez. Dokumentuak Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan aurkeztuko dira.

Hala ere, informatikako ezagupenak meritutzat egiaztatzeari dagokionez, meritu gisa ezarriko baldin balira, oinarri espezifikoetan xedatutakoa bete beharra izango da.

Adierazitako merituen justifikazioa jatorrizko dokumentu egiaztatzaileen bidez edo dokumentu horien fotokopia konpultsatuen bidez egingo da. Ez da inola ere baloratuko adierazi gabeko meriturik. Gainera, baloratu ahal izateko, aurreko lerroaldean ezarritako eran eta oinarri orokor hauetan eta plaza bakoitzeko oinarri espezifikoetan agindutako moduan frogatu beharko dira adierazitako merituak.

4.5.- Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, salbu eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten ez bazaio deialdia egin duen agintaritzari. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko langileen kasuan, ez badute eragozpenik, lantokikoa hartu ahal izango da helbidetzat.

5.- Lehiatzaileak onartzea.

5.1.- Onartuen zerrendan agertzeko eta hautaprobetan parte hartu ahal izateko, aski izango da lehiatzaileek eskabidean adieraztea 3.3 oinarrian exijitzen diren eskakizun guztiak betetzen dituztela eta, hala badagokio, oinarri espezifikoetan eskatutako agiriak aurkeztea eskabidearekin batera.

5.2.- Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onetsi egingo du onartu diren eta kanporatu diren lehiatzaileen behin-behineko zerrenda, zeina argitara emango baita Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, Eusko Legebiltzarreko iragarki-taulan eta www.parlamentovasco.euskolegebiltzarra.org web-orriaren bidez. Zerrenda horretan adierazita egongo da, halakorik bada, kanporatutako lehiatzaile bakoitza zergatik kanporatu den. Aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, deialdiko plazak lortu nahi dituztenek hamar eguneko epea izango dute kanporaketa eragin duten akatsak edo hutsak zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, hala baitago aurreikusita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan.

Erreklamaziorik ez baldin badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Erreklamaziorik aurkezten baldin bada, onartutako eta kanporatutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian onartuko edo baztertuko dira, eta erabaki hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.3.- Egitatezko okerrak prozedurako edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz edo alderen batek eskaturik.

6.- Epaimahaia.

6.1.- Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak. Epaimahai horrek kide-kopurua bakoitia izango du eta, gutxienez, honako ordezkari hauek izango ditu:

● Epaimahaiko lehendakaria. Mahaiko kide bat izango da.

● Kanpoko aholkulari bat, gai honetan espezialista.

● Deialdiko plazen kidego bereko edo goragoko kidego bateko pertsona bat, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatua.

● Deialdiko plazen kidego bereko pertsona bat, langileen ordezkaritza-organoak kidego horretako pertsonen artetik izendatua.

● HAEEk izendatutako pertsona bat.

● Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko pertsona bat, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatua. Idazkari-lanak egingo ditu.

Onartu diren eta bazter utzi diren lehiatzaileen zerrendarekin batera argitaratuko da epaimahaia osatzen duten titularren eta ordezkoen izendapena.

Epaimahaia osatzen duten kideak izendatzerakoan langileen ordezkaritza-organorik ez baldin badago, deialdiko lanpostuen kidego bereko pertsona bat izendatuko da zozketaz.

6.2.- Izendapenak baliozkoa izaten jarraituko du, izendapena egiteko baldintzak epaimahaiko kideak izendatu ondoren aldatu arren. Hori horrela izanik ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendapen hori ezeztatu eta kide horren ordez beste bat izendatu ahal izango du, baldin eta egoera aztertuta izendapena bere horretan uzteak epaimahaiaren ohiko funtzionamenduari kalte egiten badio. Ezeztatze eta ordezkatze horiek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

6.3.- Epaimahaiak, deialdiko oinarri orokor eta espezifikoetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua burutu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagozkien arazo guztiak ebatzi ere.

6.4.- Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusi gabeko kontuez direnean, argitara emango dira Eusko Legebiltzarreko iragarki-oholean eta www.parlamentovasco.euskolegebiltzarra.org web-orriaren bidez.

6.5.- Epaimahaiaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 20.4.b artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

6.6.- Epaimahaiko kide guztiek izango dute hitza eta botoa. Epaimahaiaren erabakiak bilkuran direnen boto-gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruaren botoak ebatziko du.

6.7.- Baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakorik gertatzen bada, epaimahaia osatzen duten kideek uko egin beharko diote epaimahaian egoteari, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziz, eta deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek ezetsi egin ahal izango dituzte.

6.8.- Epaimahaiak ez du eratzerik ez lanean aritzerik izango baldin eta bilkuran ez badira lehendakari- eta idazkari-lanetan ari diren pertsonak eta gutxienez kideen erdiak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 26. artikuluan adierazitakoari lotuz.

6.9.- Epaimahaiak, hautaketa-prozesuko probetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu. Aholkulari horiek kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko dira.

6.10.- Epaimahaiak ezingo ditu hautatutzat jo deialdiko plaza-kopurua baino lehiatzaile gehiago. Muga hori hausten duten proposamenak erabat baliogabeak izango dira.

6.11.- Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izango dira izendapenak egiteko eskumena duen organoarentzat. Organo horrek, alabaina, ebazpenok berrikusi ahal izango ditu administrazio-prozedurako erregulatzen duten arauei jarraituz.

6.12.- Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.

7.- Hautatzeko prozedura.

Plazak nahi dituzten lehiatzaileak oposizio-lehiaketaren bidez aukeratuko dira, 1. oinarrian ezarri den bezala.

7.1.- Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko diren hautaprobek oposizio-aldia osatuko dute. Proba horien helburua beti ere izango da eskainitako plazetako lanak egiteko garrantzia duten ezagutzak eta trebetasunak ebaluatzea.

Hautaprobak nahitaezkoak eta baztertze-indarrekoak izango dira. Hala ere, oinarri espezifikoek, eskainitako plazaren ezaugarrien arabera, baztertze-indarrekoak izango ez diren probak ezarri ahal izango dituzte.

7.2.- Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta Legebiltzarraren Interneteko helbidean, ariketa-eguna baino bost egun lehenago gutxienez ere. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaizkie datuok, aurreko epe berean. Hurrengo ariketak Eusko Legebiltzarreko iragarki-oholean eta Interneteko www.parlamentovasco.euskolegebiltzarra.org helbidean iragarriko dira, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenagotik bakoitza.

7.3.- Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonei dei bakarra egingo zaie ariketa bakoitzerako. Ariketara ez agertzea prozesutik kanpora uzteko arrazoi nahikoa izango da, non eta ezinbesteko arrazoiren bat izaten ez den; arrazoi hori behar bezala egiaztatuko da eta epaimahaiak askatasunez erabakiko du aintzat hartu ala ez.

7.4.- Arau orokor gisa, ariketa bat amaitzen denetik hurrengoa hasi arte hirurogeita hamabi ordu igaro beharko dute gutxienez, eta inoiz ere ez berrogeita bost egun natural baino gehiago. Alabaina, oinarriz espezifikoetan, edo epaimahaiak egoki irizten badio, ezarri ahal izango da ekitaldi berean ariketa bat baino gehiago egitea. Neurri hori epaimahaiak hartzen badu, kasu horretan ere hirurogeita hamabi ordu lehenago eman beharko du horren berri.

7.5.- Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek aukeran izango dute probak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egitea, non ez den egiaztatzen ariketaren bat euskaraz egitea teknikoki ezinezkoa dela. Eskabide-orrian espresuki adierazi beharko da aukeratutako hizkuntza.

Hala ere, hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa duten plazetan euskarazko probak jarri ahal izango dira egiaztatzeko lehiatzaileek badutela gaitasuna eskatutako hizkuntza-eskakizunaren mailaren arabera burutzeko deialdiko lanpostuko eginkizunak.

7.6.- Oposizio-aldiko proben eta ariketen kalifikazioak argitara emango dira Eusko Legebiltzarreko iragarki-taulan eta www.parlamentovasco.euskolegebiltzarra.org web-orrian. Zernahi gisaz, epaimahaiak, egoki iritziz gero, beste era batera ere jakinarazi ahal izango ditu.

7.7.- Hiru egun balioduneko epea izango da gehienez, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen denetik kontatzen hasita, egindako azterketak berrikustea eskatzeko edo kalifikazioei buruzko erreklamazioak aurkezteko. Horretaz gain, epaimahaiaren jarduna inpugnatzeari buruzko 6.11 oinarrian ezarritakoa ere balia daiteke.

7.8.- Lehiaketa-aldian, oposizio-aldia gainditu dutenek adierazitako eta frogatutako merituak aztertuko eta baloratuko dira.

Meritu baloragarriak eta baremoa deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko dira. Esperientzia, hizkuntzak, tituluak, informatikako ezagupenak, argitalpenak eta jasotako eta emandako prestakuntza baloratu ahal izango dira.

Erakunde ofizialek edo homologatuek luzatutako tituluak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

Nolanahi ere, merituen balorazioaren garrantzia proportzionatua izango da, eta ez da baztertze-indarrekoa izango.

7.9.- Lehiatzaile bakoitzaren azken emaitza zehazteko, honako puntuazio hauek batuko dira: oposizio-aldian lortutako puntuak (oposizioko ariketa bakoitzean lortutakoen batuketa izango da) eta merituen balorazioan lortutakoak, bai eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balorazioa, eskakizunok eskakizuna ez badira.

Emaitza eta kalifikazio guztiak 7.6 oinarrian adierazitako helbide elektronikoan eta tokietan emango dira argitara.

Berdinketarik izanez gero, 8.2 oinarrian zehaztutako irizpideen arabera ezarriko da lehentasuna sailkapen-ordenan.

7.10.- Probak zuzentzerakoan, epamahaiak behar diren neurriak hartuko ditu, ahal denean, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonen anonimatua bermatzeko.

7.11.- Nahitaezkotasun-data igaroa duten lanpostuak, ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunak betetzen dituzten pertsonekin bete beharko dira.

7.12.- Hizkuntza-eskakizunak, nahitaezkoa ez den bitartean, euskaraz jakiteari meritu gisa zenbat puntu eman behar zaion erabakitzeko baino ez du balioko.

Euskarazko probak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko izango dira. Hautaketa-prozesuko edozein unetan egingo dira.

7.13.- Deialdiko plazek lanpostu-zerrendan nahitaezko hizkuntza-eskakizuna baldin badute, edo hizkuntza-eskakizuna meritu baldin bada, eskakizun hori egiaztatu egin beharko da HAEEk denboran gertuen egingo dituen deialdi bateratuetan, zeinak garaiz iragarriko baitzaizkie dagokion proba egiteko asmoa eskabidean agertu duten lehiatzaileei. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba espezifikoak, bestalde, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasotako aurreikuspenen arabera egingo dira.

7.14.- Aurreko paragrafoan aipaturiko probetatik salbuetsita egongo dira beren eskabide-orrian adierazi dutenak badutela eskatutako hizkuntza-eskakizuna, betiere euskal administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua aplikatzeko indarrean dauden arauetan aurreikusitakoaren arabera eta euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriei dagokienez indarrean dagoen araudiaren arabera.

7.12 oinarrian aipatzen diren probak egiteko iragarki berean, epaimahaiak argitara emango du, plazako lehiatzaileen artetik, paragrafo honen arabera hizkuntza-eskakizuna badutela eskabidean adierazi duten lehiatzaileen zerrenda.

8.- Hautatuen zerrenda.

8.1.- Oposizio-aldia osatzen duten ariketen kalifikazioa eta lehiaketa-aldiaren balorazioa amaiturik, epaimahaiak sailkapen-ordena erabakiko du kasu bakoitzean, lorturiko puntuazioaren arabera. Sailkapen-ordena horrek hautaketa-prozesuan lehiatu diren eta probak gainditu dituzten guztiak bilduko ditu.

8.2.- Puntuazio-berdinketarik izanez gero, oposizio-aldiko ariketa nahitaezkoen eta baztertze-indarrekoen multzoan puntuazio handiena lortu duena gailenduko da.

Puntuazio bera lortuz gero, emakumeei emango zaie lehentasuna emakumeak % 40 baino gutxiago diren Legebiltzarreko Administrazioko kidegoen kasuan, salbu eta lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu -beti ere ezaugarriok sexuaren ziozko diskriminaziorik eragin gabe-, hala nola laneratzeko edo lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Deialdi bakoitzaren bidez egiten den eskaintzan jasotako plaza-kopurua handitu ahal izango da promozio, erretiro, heriotza edo titularraren lanpostu-erreserba gabeko eszedentziagatik, edo lanpostuen-zerrendan lanpostu berriak, deitutakoen berdinak, finkatzearen ondorioz berritik sortuak izateagatik, hutsik dauden plazekin.

Plaza-kopurua handitzeko mugako data izango da Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak, epaimahaiaren eskariz, lanpostu hutsei buruzko txostena egiten duen eguna. Aurreko lerrokadan adierazitakorako, epaimahaiak hutsik dauden lanpostuei buruzko nahitaezko txostena eskatuko dio Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari, zeinak eskaeraren egunetik gehienez ere hiru egun balioduneko epean egin eta helarazi beharko baitio.

8.3.- Behin betiko sailkapen-ordenak eta hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitara emango dira Eusko Legebiltzarreko iragarki-oholean eta web www.parlamentovasco.euskolegebiltzarra.org web-orrian. Aukeratuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoren, argitalpen-egunetik gehienez ere 15 egunetan aurkeztu beharko dituzte ondoren zehazten diren dokumentu hauek:

a) Zinpeko deklarazioa edo agintza, ezein administrazio publikoren zerbitzutik diziplina-espediente bidez ez dituztela kendu eta funtzio publikoak betetzeko ezgaiturik ez daudela aitortuz, eta orobat Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 53/1984 Legean aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasun ziorik ez dutela ere.

b) Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Zuzenbidean onarturiko beste edozein era bidezko bada ere, aipaturiko fotokopia Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabiden Zuzendaritzak konpultsatu ahal izango du. Halaber, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen agiria ere konpultsatu egin beharko da.

c) Oinarri espezifikoetan exijitutako eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiri edo dokumentuen jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

d) Mediku-ziurtagiri ofiziala, dagozkien egitekoak normal betetzea eragotziko duen eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dutela egiaztatzen duena.

e) Ahalmen-urrituentzat gordetako txandan parte hartu badute, organo eskudunaren ziurtagiria, % 33ko edo gehiagoko ahalmen-urritasuna dutela egiaztatzen duena.

8.4.- Lehendik funtzionarioak direnak salbuetsita egongo dira aurreko izendapena lortzeko egiaztaturiko baldintzak eta eskakizunak justifikatzetik. Aski izango dute aurkeztea dagokien administrazioak emaniko ziurtagiria, beren egoera eta espediente pertsonalean adierazten diren gainerako inguruabarrak egiaztatzen dituena.

8.5.- Ezingo dute izendapenik izan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharreko epearen barruan aurkezten ez dituztenek, ezinbesteko arrazoiren bat izan ez bada behintzat, ez eta aurkezturiko dokumentuek erakusten dutenaren arabera oinarri orokor eta espezifikoetako eskakizunen bat betetzen ez dutenek ere. Horrenbestez, lehiatzaile horiei dagokienez, jarduketa guztiak anulatuta eta eraginik gabe geldituko dira, eta izendapenerako zituzketen eskubide guztiak galduta. Halakoetan, dagokion sailkapen-ordenan ezarritako lehentasunari jarraituz eta deialdian parte hartzeko exijitzen diren eskakizunak egiaztatu ondoren, aurreko anulazio horren ondorioz, deialdiko lanpostu-kopuruaren barruan sartzerik duen lehiatzaileak jasoko du izendapena.

9.- Izendapena.

Dokumentuak aurkezteko epea bukatuta, epaimahaiak praktiketako funtzionario izendatzeko proposamena Mahaiari egingo dio, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutu eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Karrera funtzionario izatera iritsi baino lehen karrerako funtzionario izendatzea Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki bidez egingo da, zeina Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Izendatua denak izendatze-argitalpenean adierazitako egunean jabetu beharko da lanpostuaz, edo, argitalpen horretan zehaztu ez baldin bada, hamabost egun naturaleko gehienezko epean, izendapena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik kontatzen hasita. Epe hori beste hamar egun naturaletan luzatu ahal izango da, izendatua izan denak eskatuta eta betiere arrazoi justifikaturik baldin badago.

Argitalpenean adierazitako datan, edo halakorik ez badago ezarritako epearen barruan, lanpostuaz jabetzen ez direnek beren eskubidea galduko dute besterik gabe. Kasu horretan, 8.5 oinarrian aurreikusitako eran jokatuko da.

10.- Azken arauak.

10.1.- Oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabekoetarako, hautaketa-probak ondorengo arauak betez egingo dira: Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa, eta hura garatzeko arauak; osagarririk behar izanez gero, euskal funtzio publikoari buruzko legeria eta araudi osagarria, eta, halakorik izan ezean, funtzionario publikoei buruzko legeria orokorra, Legebiltzarreko funtzio publikoarekin bateraezina ez den neurrian.

10.2.- Deialdiaren, oinarrien eta haietatik eta epaimahaiaren jardunetik sortzen diren administrazio-egintzak inpugnatu ahal izango dira honako lege hauetan aurreikusitako kasuetan eta eran:

● 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatua.

● 29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa Arautzen duena.

11.- Datu pertsonalen babesa.

Eskabide-orrietan adierazitako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta hura erabiliko da, bakarrik, hala hautaketa-prozesuaren kudeaketarako nola aldi baterako kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko sortzen diren lan-poltsetarako, bitarteko funtzionarioak hautatzeko erregelamenduaren arabera. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamenduari dagokionez, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean aurreikuspenak jarraituko dira.

Nolanahi ere, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek hautaketa-prozesuan zehar emandako datu pertsonalei honako araudi hau aplikatuko zaizkie:

● 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Lege Organikoa garatzeko erregelamendu berria onartzen duena.

● Gainontzeko garapen-arauak.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek berariazko baimena eman beharko dute segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuen tratamendurako.

Hautaketa-prozesuan emandako datuen tratamendurako, Segurtasun Neurrien Erregelamenduan ezarritako segurtasun-maila baxuko neurriak beteko dira.


Azterketa dokumentala