Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2011ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Justizia eta Herri Administrazio Saila
4105

AGINDUA, 2011ko uztailaren 29koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioei destinoak emateko dena. Funtzionario horiek azaroaren 11ko 3368/2008 Aginduaz deitutako hautaprobak gainditu zituzten.

Justizia Administrazioaren Zerbitzupeko Funtzionarioak Lanera Sartzeko, Lanpostuak Hornitzeko eta Lanpostuz Igotzeko Arautegia onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, 2011ko uztailaren 29ko Aginduaren bidez Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionario izendatu diren funtzionarioei eranskinean zerrendatzen diren organo judizial eta fiskaletan lantokiak esleitzea ebatzi dut, honakoak kontuan hartuta:

Lehenengoa.- Agindu honen bidez lantokia esleitzen zaien Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioek hogei egun naturaleko epean hartu beharko dute jabetzan beren kargua, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean batera argitaratu ezean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita, aipatutako errege-dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lanpostu-jabetzea Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariaren edo horrek eskuordetzen duen funtzionarioaren aurrean egingo da, Gipuzkoa eta Bizkaiko EATan, esleitutako lantokiari dagokion lurraldearen arabera.

Bigarrena.- Onartutako hautagaiei esleitu zaizkien lanpostuetan dauden bitarteko funtzionarioek titularra lanpostuaz jabetzen den egunean utziko dute lanpostua.

Hirugarrena.- Karrerako funtzionario diren hautagaiek lanpostuaz jabetzeko aktan aukeratu egin beharko dute, hala agintzen baita ondoko xedapenetan: Herri Administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Justizia Administrazioko langileari aplikatzekoa baita; Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 498. artikulua (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak aldatu zuen 6/1985 Lege Organikoa).

Laugarrena.- Agindu honen bidez lantokia esleitzen zaien Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioek, kalifikazio-hurrenkera dela-eta lantokia derrigorrean esleitzen bazaie ere, agindu honen datatik zenbatzen hasita bi urte igaro arte ezin izango dute lekualdatze-lehiaketetan parte hartu. Bi urte horiek zenbatzeko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 529.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.

Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Horren aurka, interesatuek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean. Bi kasuetan, epeak agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 29a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala