Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2011ko uztailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3673

152/2011 DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, Energiaren Euskal Erakundeari Micronizados Naturales SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

Micronizados Naturales SA sozietatearen helburu sozialak honako hauek dira: industrian karga eta/edo pigmentu gisa erabili litezkeen industria-harriak eta -mineralak meatzaritzan aprobetxatzea, granulometriaz mikronizatu eta sailkatzea eta merkaturatzea.

2011ko maiatzaren 2an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak zera erabaki zuen: Micronizados Naturales SA sozietatearen kapital-gehikuntzan, Energiaren Euskal Erakundeak akzioak harpidetzeko baimena eskatzea Eusko Jaurlaritzari. Harpidetza hori 655.219,89 eurokoa izango da, hau da, gehitutako kapital osoaren (1.310.439,78 euro) % 50; hartara, EEEk egun sozietate horretan duen % 50eko partaidetzari eutsiko lioke. Nolanahi ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko uztailaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Baimena ematen zaio Energiaren Euskal Erakundeari Micronizados Naturales SA sozietatearen kapital sozialaren gehikuntzan seiehun eta berrogeita hamabost mila berrehun eta hemeretzi euro eta laurogeita bederatzi zentimorekin (655.219,89) parte hartzeko, % 50ari dagokion ehunekoan alegia, kapital osoa milioi bat eta hirurehun eta hamar mila laurehun eta hogeita hemeretzi euro eta hirurogeita hemezortzi zentimokoa (1.310.439,78) baita. Eragiketa horren ondorioz, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietate horretan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 5ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala