Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2011ko uztailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
3672

148/2011 DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, Acciona infraestructuras SA enpresarekin transakzioa erabaki edo ixten duena, hain zuzen ere Laudioko komisaldegia eta suhiltzaile parkea eraikitzeko obren kontratuari eta, batik bat, kontratu horren ondorioa izan eta 1965eko apirilaren 8ko Estatuaren Kontratu-Lege zaharreko 56. artikuluan zehazten den hondamen-erantzukizun bosturtekoari dagokienez.

Herrizaingoko sailburuaren 2005eko urriaren 4ko Aginduz deklaratu zen, hasiera batez, Laudioko komisaldegia eta suhiltzaile parkea eraikitzeko obren erantzukizun bosturtekoa, eta erantzukizun seirena leporatu zitzaion Acciona Infraestructuras, SAri, zein behartuta baitago, gainerako erantzuleekin batera, hondamen-kalteak ordaintzera edo, horren ezean, zegokion zenbatekoa -359.302,24 euro- ordaintzera.

Aurreko paragrafoan adierazitako agindu horri men egin zion Acciona Infraestructuras, SAk, eta baliokide modura zegokion zenbatekoa jarri zuen, horretara behartuta zeuden subjektuek ez baitzituzten hondamenaren kalteak ordaindu.

Hondamenaren gainerako subjektu erantzuleek errekurritu egin zuten agindu hori administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak baietsi egin zuen aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa eta, ondorioz, indargabetu egin zuen Agindua, ulertu baitzuen iraungi egin zela horren oinarri zen administrazio espedientea.

Hala ere, Acciona Infraestructuras, SAri ez zitzaion itzuli berak jarritako zenbatekoa eta horren legezko interesak, nahiz eta auzialdian espedientearen iraungipena dekretatu.

Iraungipena dela-eta, Herrizaingoko sailburuaren 2010eko ekainaren 15eko Aginduz ebatzi zen erantzukizun bosturtekoa deklaratzeko abiarazitako espediente berria. Aginduak ezarri zuena: hondamena berretsi, subjektu erantzuleei erantzukizun kuota berbera leporatu eta kalteak edo zenbateko baliokidea ordaintzera behartu, zein, Acciona Infraestructuras, SA zegokionez, 515.942,74 eurokoa izan baita.

Acciona Infraestructuras, SAk azken espediente honetan adierazi zuen ezen, berak ordaindu egin zuenez -egokitu zitzaionean- bere baliokide-erantzukizuna, Euskal Autonomia Erkidegoak ezin ziola ezer erreklamatu. Argudio horri uko egin zitzaionez, 1632/10 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen 2010eko ekainaren 15eko Aginduaren aurka.

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzatik sustatutako auzi-egoera dela-eta, transakzio proposamena aurkeztu du Acciona Infraestructuras SAk, zertarako eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bideratzen ari den 1632/10 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bertan behera utzi eta Laudioko komisaldegia eta suhiltzaile parkea eraikitzeko obren hondamenean izan dezakeen erantzukizuna kitatu eta iraungitzeko.

Aditzera emandako arrazoiak direla-eta, aldeko iritzia jaso du transakzioak Ondare eta Kontratazioko Zuzendaritzaren, Auzibide Zuzendaritzaren eta Herrizaingo Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren aldetik.

Bidezkoa den izapidea bete da dekretu hau hartzeko.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua. Transakzioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak transakzio-hitzarmena lotu du Acciona infraestructuras, SA enpresarekin, hain zuzen ere Laudioko komisaldegia eta suhiltzaile parkea eraikitzeko obren kontratuari eta, batik bat, kontratu horren ondorioa izan eta 1965eko apirilaren 8ko Estatuaren Kontratu-Lege zaharreko 56. artikuluan zehaztutako hondamen-erantzukizun bosturtekoari dagokienez.

2. artikulua.- Transakzioaren nondik norakoak.

Transakzioaren nondik norakoak: Acciona Infraestructuras, SAk onartu egiten du neurriren batean erantzule dela bere gain hartutako obren hondamenean; eta EAEko Administrazioak onartzen du itzuli egin behar duela 2008ko abuztuaren 4an ingresatutako zenbatekoa (359.302,24 euro), gehi horien legezko interesak. Onarpen horiek bitarteko, bi kredituak edo eskubideak kitatutzat edo amaitutzat ematen dira, eta berdinduta gelditzen dira.

3. artikulua.- Auzia bertan behera uztea.

Acciona Infraestructuras, SAk Auzibide Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko du, hamar egun balioduneko epean, dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera, EAEko Auzitegi Nagusian bideratzen ari den 1632/10 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bertan behera uzteari buruzko idazkia aurkeztu duela.

4. artikulua.- Etorkizuneko konpromisoa.

Kredituak eta eskubideak berdinduta eta bertan behera uzteko idazkia aurkeztuta, EAEko Administrazioak eta Acciona Infraestructuras, SA enpresak ezingo diote elkarri ezer erreklamatu, Laudioko komisaldegia eta suhiltzaile parkea eraikitzeko obrak gauzatzea dela-eta. Acciona Infraestructuras, SAren erantzukizuna guztiz kitatutzat deklaratuko du espresuki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, hain zuzen ere obra horiek gauzatzeari dagokiona eta, batik bat, 1965eko apirilaren 8ko Estatuaren Kontratu-Lege zaharreko 56. artikuluan zehaztutako hondamen-erantzukizun bosturtekoari dagokion erantzukizuna.

5. artikulua.- Gaikuntza.

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza gaitzen da dekretu honetan hitzartutako transakziorako agiriak izenpetu eta beharrezkoak diren egintzak gauzatzeko.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 5ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.


Azterketa dokumentala