Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2011ko uztailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3667

AGINDUA, 2011ko uztailaren 5ekoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bidez, turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzen programa arautzen da.

Euskal Turismoaren 2010-2013ko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planak planteatzen duen ikuspegiak ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ikuspegitik iraunkorra eta kalitatezkoa den turismo-helmuga gisa ulertzen du Euskadi, lehentasunezko merkatuetarako eta pertsona guztientzako irisgarria eta erakargarria. Esperientzia anitzeko helmuga, geroz eta handiagoa den eskariari egonaldi gogoangarriak eskaintzeaz gain, bisitariak leial bilakatzeko eta iraupen handiagoko bisitaldiak -lurralde osoan nahiz urte osoan ondo banatuak- txertatzeko gai dena.

Horretarako, plan horrek euskal politika turistikoaren lehentasunak finkatzen ditu, ahaleginen eta baliabideen xede izango diren ardatz estrategikoak, jardun-ildoak eta ekimenak ezarriz eta sektorea (agente publikoak nahiz pribatuak) «Euskadiko 2010-2013ko Turismoaren Marketin Planarekin» bat egitea ahalbidetuz. Azken Plan horrek esperientzia anitzeko Euskadira eskaera turistiko anitzagoa eta errentagarriagoa erakartzea bilatzen du, lehentasunezko merkatuetan (Estatuan nahiz nazioartean) Euskadiren irudiari nabaritasun handiagoa emanez.

Aurrekoaren ildotik, Agindu honek eskaera turistiko errentagarriagoa (batez besteko egonaldiari eta helmugan egindako gastuari dagokionez) bilatzea ahalbidetzen du, horretarako eskaintza turistiko anitza eta ikuspegi emozionala eta esperientziala eskainiz.

Aurrekoa kontuan hartuta, esan daiteke Agindu honen helburua Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren Marketin Planean definitutako produktuen merkaturatzea eta produktuak berak sustatzea dela, helburu hori lortzeko aurreikusitako estrategiak honako hauek izanik:

Euskal industria turistikoko enpresei laguntzea produktu turistikoak -Marketin Planaren ildotik doazenak edota berrikuntza-dosia ekarriko dutenak eta hainbat eragileren artean aurrera eramanak izango direnak- kontzeptualizatzen, diseinatzen eta martxan jartzen.

Merkatu objektiboetan Euskadik helmuga turistiko gisa duen irudiaren ospea sendotzen laguntzen duten sustapen eta marketin turistikoko jardunen alde egitea.

Horregatik guztiagatik, sartu nahi diren aldaketak aintzat hartuta, gaur egunera arte indarrean egon den Agindua aldaketak sistematikoki antolatuko dituen beste xedapen batekin ordeztea komenigarritzat hartzen da.

Horrenbestez, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua.

1.- Agindu honen xedea merkaturatze turistikora eta sustapenera bideratutako laguntza-programa arautzea da, «Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planean» eta «Euskadiko Turismoaren Marketin Planean» ezarritakoaren arabera.

2.- Honako joera hauek izango dituzten jardunak lagunduko dira diruz:

Euskal enpresa turistikoei laguntzea produktu turistikoak -Marketin Planaren ildotik doazenak edota berrikuntza-dosia ekarriko dutenak- kontzeptualizatzen, diseinatzen eta martxan jartzen.

Marketin Planaren ildotik doazen eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzarekin koordinazioan edota koherentzian egindako sustapen eta marketin turistikoko jardunei laguntzea.

Euskadiren kokapen turistikoa sendotzen edota ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiei laguntzea.

3.- Agindu honen testuinguruan «produktu turistikotzat» honako hau hartuko da: helmuga bateko baliabidea edo baliabide multzoa, esaterako natura- edo kultura-ondareko elementuak (klima, paisaia, gastronomia, kirolak, artisautza, arkitektura...) egitura jakin bat duena, hau da, irisgarria eta eskaera turistikoarentzat erakargarria izanik merkaturatzeko aukera biltzen duena eta esperientzia aparta gozatzea ahalbidetu dezakeena.

4.- www.euskadi.net/turismo web orrian honako hauen informazioa aurki daiteke: «Euskal Turismoaren 2010-2013ko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planarena», «Euskadiko 2010-2013ko Turismoaren Marketin Planarena», «plan zuzentzaileena» eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak sustatutako produktu-planena.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Aurreko artikuluan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira.

2.- Aurkeztutako laguntzen esleipena behingoan egingo da (egintza berean), lehiaketa-teknika erabili gabe, programaren helburua eskakizunak garaiz eta behar den moduan egiten eta onuradun izateko agindu honetan eskatutako betebeharrak betetzen dituzten guztiei laguntzak ematea baita. Horretarako, deialdi jakin batean deialdi horren finantzaketari loturiko aurrekontu-baliabideak ez badira nahikoak egindako eskaerei agindu honetako 3. artikuluan ezartzen diren zenbatekoen eta ehunekoen arabera erantzuteko, eskaeren arteko hainbanaketa egingo da, kalkulua egiteko oinarri gisa aipaturiko 3. artikuluari jarraikiz kalkulatutako diru-laguntza teorikoa hartuta.

3.- Ekitaldi bakoitzeko laguntzak emateko deialdietan jartzen diren guztizko zenbatekoak aldatu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi aurretik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz amaitu gabeko beste diru-iturririk dagoen ikusita. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bitartez emango da horren berri. 2011ko ekitaldian, salbuespen gisa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Administrazio Orokorreko 2011ko aurrekontuaren defizit publikoari eusteko agindutako jarraibideen arabera, ekitaldi horri dagozkion laguntza-deialdietan ezarritako guztizko zenbatekoak ezin izango dira aldatu.

3. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak, onuradunak eta laguntzen zenbatekoa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez ordainduko dira.

Ondoren adierazten diren idatz-zatietakoren batean kokatutako jardunak izango dira diruz lagun daitezkeenak eta onuradunak eta laguntzen zenbatekoak ere bertan adierazten dira.

A) Produktu turistikoak sortzeko eta merkaturatzeko laguntza.

Euskal enpresa turistikoei laguntzea Marketin Planaren ildotik doazen edota berrikuntza-dosia ekarriko duten produktu turistikoak kontzeptualizatzen, diseinatzen eta martxan jartzen.

1.- Erakunde onuradunak:

Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE) edo horien arteko elkartzeak, betiere zerbitzu turistikoak eskaintzen badituzte edo sektore turistikoan eragina badute.

2.- Diruz lagun daitezkeen jardunak:

Eskualdeko lankidetza turistikoko erakundeekin, hiru hiriburuetako erakunde sustatzaileekin eta CTE Aginduan definitutako erakunde kudeatzaileekin batera garatutako esperientzien inplementazioa.

Marketin Planean definituriko produktuetan oinarritutako esperientzia berritzaileak sortzea.

Hainbat enpresa turistikok batera eskainitako esperientziak/produktuak garatzea.

Sustapenera edota merkaturatzera bideratutako materiala lantzea; ahal bada, IKTBak erabiliko dira, hau da, batetik, informazioaren teknologiak, hala nola bisitak errazteko edota esperientzia turistikoa optimizatzeko gida elektronikoak edo gailu mugikorrak eta bestetik, komunikazioaren teknologiak: web orriak garatzea eta hobetzea. Erakundeak derrigorrez www.euskaditurismo.net turismoko atariarekin lotzen duen banner bat ezarri beharko du bere web orrian.

Marketin Planarekin lerrokaturiko programekin zerikusia duten komunikazio- eta salmenta-taktikak, Sailburuordetzak ezartzen dituenekin koordinatuz, bateratuz eta koherentzian.

Sailburuordetzak antolatutako eta koordinatutako marketineko eta sustapen turistikoko jardunetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak parte hartzen duen jardun bakoitzeko.

Sailburuordetzak parte hartzen ez duen marketineko eta sustapen turistikoko jardunetan parte hartzea. Diru-laguntza jaso ahal izateko Sailburuordetzaren oniritzia izan beharko dute jardun horiek; kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak parte hartzen duen jardun bakoitzeko baita, hala badagokio, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.

3.- Laguntzaren zenbatekoa:

Onartutako gastu garbiaren % 60, 15.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin, erakunde onuradun bakoitzeko.

B) Sustapen eta marketin turistikora bideratutako jardunak.

Marketin Planaren ildotik doazen eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzarekin koordinazioan edota koherentzian egindako sustapen eta marketin turistikoko jardunei laguntzea.

1.- Erakunde onuradunak:

Sektore-elkarteak.

Helburu sozialtzat turismoa sustatzea badute, irabazte asmorik gabeko fundazioak eta entitate pribatuak.

2.- Diruz lagun daitezkeen jardunak:

Marketin Planean definituriko produktuetan oinarritutako esperientzia berritzaileak sortzea eta garatzea.

Sustapen-materiala lantzea; ahal bada, IKTBak erabiliko dira, hau da, batetik, informazioaren teknologiak, hala nola bisitak errazteko edota esperientzia turistikoa optimizatzeko gida elektronikoak edo gailu mugikorrak eta bestetik, komunikazioaren teknologiak: web orriak garatzea eta hobetzea. Erakundeak derrigorrez www.euskaditurismo.net turismoko atariarekin lotzen duen banner bat ezarri beharko du bere web orrian.

Marketin Planarekin lerrokaturiko programekin zerikusia duten komunikazio- eta salmenta-taktikak, Sailburuordetzak ezartzen dituenekin koordinatuz, bateratuz eta koherentzian.

Sailburuordetzak antolatutako eta koordinatutako marketineko eta sustapen turistikoko jardunetan parte hartzea. Kontzeptu horretan bilduko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak parte hartzen duen jardun bakoitzeko.

Sailburuordetzak parte hartzen ez duen marketineko eta sustapen turistikoko jardunetan parte hartzea. Diru-laguntza jaso ahal izateko Sailburuordetzaren oniritzia izan beharko dute jardun horiek; kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak parte hartzen duen jardun bakoitzeko baita, hala badagokio, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.

3.- Laguntzaren zenbatekoa:

Eremu geografikotzat lurralde historikoa edo EAE duten sektore-elkarteak: onartutako gastu garbiaren % 60 eta gehienez 45.000 euro.

Tokiko sektore-elkarteak.

Eskualdean turismo-mahairik baldin badago, honako hau lagunduko da diruz:

Mahai horren partaide badira, onartutako gastu garbiaren % 60, 25.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin.

Mahai horren partaide ez badira, onartutako gastu garbiaren % 30, 10.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin.

Eskualdean turismo-mahairik ez baldin badago onartutako gastu garbiaren % 50 lagunduko da diruz 15.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin.

Irabazteko xederik gabeko Fundazio eta Erakundeak: onartutako gastu garbiaren % 50, 25.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin.

C) Proiekzio turistiko handia duten ekitaldi berezitarako laguntza.

Euskadiren kokapen turistikoa sendotzen edota ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiei laguntzea.

1.- Erakunde onuradunak:

Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE) edo horien arteko elkartzeak, betiere zerbitzu turistikoak eskaintzen badituzte edo sektore turistikoan eragina badute.

Sektore-elkarteak.

Helburu sozialtzat turismoa sustatzea badute, irabazi-asmorik gabeko fundazioak eta entitate pribatuak.

2.- Diruz lagun daitezkeen jardunak:

Euskadin egindako jardunak, ekitaldira joateaz gain, ostatua eta bestelako zerbitzu turistikoak eskaintzen badira.

Estatuko eta nazioarteko gainerako merkatuetan egindako jardunak, jardun horien berezitasuna Euskadiren irudia eta Euskadi helmuga turistiko gisa kokatzeko baliabidea baldin bada.

Jardun guztiak Euskadiko marka turistikoaren babespean eta marka hori erabiltzeko Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak argitaratutako oinarrizko eskuliburuaren arabera egin beharko dira.

Ekitaldiaren antolaketari eta sustapenari dagozkien gastu guztiak izango dira diru-laguntza jaso dezaketenak, esaterako:

Sustapen-materiala lantzea, formatu tradizionaletan nahiz informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTB) formatuan. Erakundeak derrigorrez www.euskaditurismo.net turismoko atariarekin lotzen duen banner bat ezarri beharko du bere web orrian.

Publizitatea komunikabideetan.

Ekitaldia sustatzen laguntzen duten EAEtik kanpo egindako sustapen-ekintzak.

Touroperadoreei, kazetariei edo bestelako erakundeei harrera egitea, ekitaldia EAEtik kanpo sustatzen edota merkaturatzen laguntzen badute.

Bestelakoak, hala nola diseinu grafikoa, prentsaurrekoetarako dosierrak edo baliabide teknikoak, karpen alokairua edo ekipo teknikoen alokairua (proiektuak, pantailak).

Herriko edo udalerriko urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak deialdi horretatik kanpo geratuko dira baita tokiko herri-ekitaldiak ere.

3.- Laguntzaren zenbatekoa:

Euskadin egindako jardunen kasuan: onartutako gastu garbiaren % 50, 15.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin, erakunde onuradun bakoitzeko.

Estatuko eta nazioarteko gainerako merkatuetan egindako jardunen kasuan: onartutako gastu garbiaren % 50, 30.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin, erakunde onuradun bakoitzeko.

3.- Jardunaren emaitza turismo-paketetzat har daitekeen kasuan, pakete horren merkaturatzea indarrean dagoen araudiaren arabera egin beharko da.

Turismo-paketetzat hartzen da modu bakarrean merkaturatu eta ostatuaz gain zerbitzu turistiko bat edo gehiago eskaintzen dituen produktua.

4.- Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Langileen kostua eta erakunde eskatzailearen gastu arruntak.

b) BEZa, tasak eta bestelako zergak.

c) Sustapen-oparietarako gastuak.

d) Xede nagusia erakunde eskatzailearen sustapena eta merkaturatzea den kasuan.

5.- Agindu honen ondorioetarako ETEtzat hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak:

- 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak.

- Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

- ETE gisa sailkatua izateko bete beharreko baldintzak biltzea, Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008/EE Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

ETEei dagokien edozein interpretaziotarako, Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008/EE Erregelamenduaren I. eranskinean edo hori ordezten edo aldatzen duten xedapenetan ezarritakoa hartuko da kontuan.

6.- Enpresa txiki eta ertainek beren jarduna gauzatzeko eta Agindu honen babesean laguntza-eskariaren xede diren jardunak garatzeko legez eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

7.- Agindu honek arautzen dituen laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

8.- Nolanahi ere, Agindu honen babesean laguntzen deialdia argitaratzen den ekitaldiari dagokion abenduaren 31 baino lehen egin behar dira diruz lagun daitezkeen jardunak.

9.- Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten erakundeen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Era berean, ez dira diruz lagunduko zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeen proiektuak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeen kasuan ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenetan seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

4. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honetan ezarritako laguntzak beste entitate edo erakunde batzuek emandako edozein laguntzarekin bateragarriak izango dira, salbu eta kontzeptu berdinagatik Turismo Zuzendaritzak kudeatutako hitzarmen edo beste laguntza-agindu batzuen babesean emandakoak.

2.- Agindu honetan ezarritako laguntzek 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei edo Europar Batasunaren esparruan ildo beretik emandako bestelako jarraibide edo xedapenei aplikatzeari dagokio.

3.- Agindu honetan araututako laguntzen babesa hartzen duten erakundeen gastu-proiektuek ez dute beste laguntzarik jaso ahal izango, edozein dela ere beste laguntza horien izaera eta eman dituen organo edo Administrazioa, baldin Europako Erkidegoko araudian laguntzak metatzeari buruz jarritako mugak gainditzen badira. Gainera, inolaz ere ezin izango dute gainditu Agindu honen bidez diruz lagundutako gastu-proiektuaren kostua.

4.- Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik kentzekoak izango dira beste organo edo Administrazioek emandakoak, baldin diruz laguntzeko gastuei dagokienez helburu bera badute, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.

II. KAPITULUA PROZEDURA

5. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdien bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, ekitaldi honetako diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontu-kontsignazioaren zenbatekoa zehaztuko da, baita honako hauek ere: agindu honetan ezarritako zenbatekoak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera eguneratzeko aukera eta eskabideak aurkezteko epea eta lekuak.

6. artikulua.- Eskaerak eta dokumentazioa.

1.- Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (22. EHAA, 2008ko urtarrilaren 31koa), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (102. EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskabidea eskuratzeko, eskabide hori Administrazioan aurkezteko, espedienterako sarbidea izateko eta beste hainbat izapide egiteko, Internet erabiliko da, zehazki, http://www.euskadi.net/turismo web helbidea, bertako funtzionaltasunen bitartez. Era berean, espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak honako helbide honen bidez gauzatuko dira: http://www.euskadi.net/misgestiones.

Eskatzailearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da eskabidearekin batera, turismo-arloko administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Aurreko aukeraren alternatiba gisa, eskabideak graba eta inprima daitezke eta erakunde eskatzailea ordezteko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatu ondoren, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako edozein bidetatik.

2.- Eskabidea Interneteko htpp //www.euskadi.net/turismo helbidean jaitsi ahal izango da. Erakunde eskatzailea ordezteko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuta igorri beharko dira eskabideak. Agindu honen 1. eranskinean jasota dago eskabidearen eredua.

3.- Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak datuak Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta ondorio berberetarako aplika daitekeen gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du.

5.- Erakunde eskatzaileak proiektuak ebaluatzeko behar diren datu orokorrak jasoko dituen eskabidea bete beharko du, eta baita eskabide horretan jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizun aitorpen bat ere, zehazki, honako hauek:

Eskaeraren xede den proiektua gauzatzeko behar adinako aurrekontua duela.

Ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

Hala badagokio, ETE gisa kalifikatuak izateko nahitaezko baldintzak betetzen dituela, Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 zenbakiko Erregelamenduan xedaturikoaren arabera:

250 langile baino gutxiago izatea.

Urteko negozio-bolumenak 50 milioi euroak ez gainditzea edo urteko balantze orokorrak 43 milioi euroak ez gainditzea.

ETE ez den enpresa batek edo zenbait ETEk aldi berean, zuzenean edo zeharka, erakunde eskatzailearen kapitalaren % 25etik gorako partaidetza ez izatea.

Eskatutako laguntza horien xede diren jardunak egiteko beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako nahiz horien bitartez lortutako laguntzen aitorpena.

Pertsona eskatzaileak lehen adierazitako zinpeko aitorpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraiki.

6.- Oro har, eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren memoria, honako hauek bilduz:

Aurreikusitako jardunak.

Hartzaileak.

Helburuak.

Jardun-egutegia.

b) Proiektuaren guztizko aurrekontuaren banakapena (BEZik gabeko balio garbia), bertan kontzeptua et zenbatekoa zehaztuta. Aurrekontu zehatzak erantsi beharko dira kontzeptu eta jardunen arabera zerrendatuta eta BEZaren zenbatekoa banakatuta.

c) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren kopia.

d) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, edota gaitasun hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Hala badagokio, JEZaren alta-agiriaren kopia.

f) Irabazi-asmorik gabeko erakunde edo elkarte pribatuek: Estatutuen fotokopia eta Elkarteen Erregistroko erregistroaren ziurtagiria.

g) Gainera, fundazioek estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute, baita dagokien erregistroan erregistratu izanaren egiaztagiria ere.

h) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituzten erakunde onuradunek zerga-obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzen sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoa betetzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean eskatuko die zerga-arloan eskudunak diren organoei laguntza eta diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela ziurtatzen duten agiriak emateko, honako honi jarraiki: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren -Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren- 50. artikulua aldatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren 1. paragrafoan xedatutakoa.

i) Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte erakunde onuradunek. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen ote den. (Abenduaren 23ko 5/2010 Legearen -2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren- azken xedapenen arteko hirugarrenaren 1. paragrafoan -Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua aldatzen duenean- xedaturikoari jarraiki).

7.- Dagoeneko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskabide-orrian adierazi beharko du eskatzaileak zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako baldintzei jarraiki.

7. artikulua.- Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik beteta aurkezten ez bada, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko diote Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzek, eta hori egiten ez badu, eskabideari uko egingo zaiola adieraziko diote, horri buruzko dagokion ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

8. artikulua.- Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.

1.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzari dagokio erakunde eskatzaileari eskatzea aurkeztutako eskabide bakoitza behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia aurkezteko.

2.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzek ulertzen badute eskabideren bat Turismo Zuzendaritzak kudeatutako beste laguntza-programei dagokiela, ofizioz igorriko ditu horiek izapidetzen dituen organora, betiere adierazitako laguntza-programetan eskabideak aurkezteko epeek ahalbidetzen badute, eta erakunde interesdunari aldaketaren berri emanez.

3.- Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Lurralde Ordezkaritzek eskabide bakoitzeko txosten tekniko bat igorriko dute Ebaluazio Batzordera Agindu honetan jasotako betekizunak betetzen ote diren aztertu ondoren.

4.- Ebaluazio Batzordeak aurkeztutako eskabideen baterako ebaluazioa egingo du baita horiei dagozkien ebazpen-proposamen arrazoituak organo eskudunari aurkeztu ere, Agindu honen 3. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta bidezkotzat hartzen den laguntzaren zenbatekoa adierazita.

Ebaluazio Batzordeko burua Turismoko zuzendaria edota hark esku emandako pertsona izango da, berdinketarik gertatuz gero, Batzordeko buru horrek erabakiko du bere botoarekin, eta batzordekideak izango dira Gipuzkoako lurralde-ordezkaria, Arabakoa, Bizkaikoa, Basquetourreko zuzendaria, eta Turismo Zuzendaritzako beste bi pertsona, sustapen-arduraduna eta teknikari bat (horietako batek batzordeko idazkari gisa jokatuko du, eta ezin izango du bozkatu).

5.- Ebaluazio Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzerakoan; erabakiak bozketa-prozedura bidez hartuko dira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

9. artikulua.- Laguntzak ematea.

1.- Urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, Turismoko zuzendariak gehienezko sei hileko epea izango du administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko, eta ebazpen horien bitartez eskatutako laguntzak eman edo ukatuko dira. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari jarraiki, ebazpena emateko epea amaitu eta interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsitzat har daiteke.

2.- Laguntzak emateko ebazpena, behar bezala arrazoituta, erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio banan-banan. Horretaz gain, erakunde esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen zerrenda urtero argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

10. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Turismo Zuzendaritzari dagokio arau honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lana egitea, bertan beste organoei bereziki esleitutako gaietan izan ezik.

III. KAPITULUA PROGRAMA GAUZATZEA

11. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost eguneko epean diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

b) Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Ogasun, Ekonomia eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzekin dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea, aurkeztutako eskabideak modu egokian ebaluatzeko eta ebazteko.

c) Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea.

d) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

e) Aurkezturiko eskabideak behar bezala ebaluatu eta ebazteko egokitzat jotzen dituen dokumentu eta/edo argibide osagarri guztiak eska diezazkieke Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatzaileei.

f) Nahitaez aipatu beharko da Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lankidetza indarrean dagoen Euskadiko turismo-marka eta/edo eskuliburuan jasotako aplikazioak zabaltzearen bidez. Horregatik, proiektua jasotzeko erabili diren sustapen-euskarrien ale bat entregatu beharko da baita proiektua egin dela egiaztatzeko eskatzen den beste edozein ere, noiz eta proiektua egin dela justifikatzeko unean.

g) Onuradunak nahitaez ezarri beharko du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren turismo-orri ofiziala, www.euskaditurismo.net, jasotzen duen banner bat bere web orrian.

h) Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintza argitaratzeko edo iragartzeko edo ekintza horri publizitatea emateko, bi hizkuntza ofizialak erabiltzea ekintza hori EAEko eremukoa denean. Aldi berean, pertsona fisiko eta juridikoak diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

i) Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betetzea.

12. artikulua.- Jarraipena eta kontrola.

1.- Turismo Zuzendaritzak egoki iritzitako ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu diruz lagundutako proiektuen garapenari eta gauzatzeari dagokionez, eta onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute. Era berean, Turismo Zuzendaritzak emandako diru-laguntzari buruz egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, eta diru-laguntza horren justifikazio-dokumentu guztiak eskuratu ahal izango ditu.

2.- Turismo Zuzendaritzak ebaluazio-batzordearen bidez aldizka aztertuko du aurreikusitako jarduerak Agindu honetako helburuei egokitzen ote diren, horretarako beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezarriz; era berean, Ebazpenean agindutako baldintzak betetzen direla bermatzeko egokitzat hartzen dituen egiaztapen guztiak ere egin ahal izango ditu.

13. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak egin ostean, betiere diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu den urtearen hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen, erakunde onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du dagokion Lurralde Ordezkaritzan:

a) Diruz lagundutako proiektuaren egikaritze-memoria, besteak beste, egindako jarduerak eta horien kostua, eta jardunen helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa jaso beharko dituena.

b) Fakturen koadroa, behar bezala zenbakituak eta diruz lagundutako jardun bakoitzarekin behar bezala lotuak; faktura bakoitzarentzat, honako informazio hau zehaztuko da: fakturaren data, enpresa hornitzailea, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barnean hartu gabe). Behar bezala konformatutako fakturak bakarrik onartuko dira, eta betiere horien gastu-kontzeptuak laguntzaren xedearekin argi eta garbi, eta berariaz, lotuta badaude. Eredu bat www.euskadi.net/turismo web orrian eskura daiteke.

c) Behin betiko fakturen fotokopia konpultsatuak, fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri beharko dutenak, edo arduradunaren edo horretarako baimendutako pertsonaren ziurtagiria, fakturen koadroan bildutako datuen egiazkotasuna frogatuz. Gastuen egiaztapena faktura elektronikoen bidez ere egin ahal izango da, betiere zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

2.- Nolanahi ere, 2011ko ekitaldiari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Administrazio Orokorreko 2011ko aurrekontuaren defizit publikoari eusteko agindutako jarraibideen arabera erakunde onuradunak 2011ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du dokumentazioa.

3.- Ordainketa izapidetzen den egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak bete izana egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzen sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan edo haren ordez ezarritako araudian jasotako kasuak ematen direnean, egiaztatze hori agindu honetako 6. artikuluaren 6. idatz-zatiaren h) paragrafoan zehaztutako moduan egingo da.

Halaber, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta izatearen baldintza egiaztatu behar den kasuan, egiaztapen hori Agindu honetako 6. artikuluaren 6. idatz-zatiaren i) paragrafoan zehaztutako moduan egingo da.

4.- Lurralde Ordezkaritzek egiaztatu egin beharko dute gauzatu egin direla diru-laguntzen helburu diren jardunak, aurkeztutako euskarri-materiala eta justifikatutako gastuak aztertuz egiaztatu ere; eta, halaber, Agindu honetan ezarritako betebeharrak bete direla. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen dituzten informazio eta dokumentuak eskatu ahal izango dituzte, Agindu honen 6. artikuluan (eskabidean) aipatutako zinpeko aitorpenean jasotako datuak egiaztatzeko bereziki. Alderdi horiek guztiak egiaztatu ostean, Lurralde Ordezkaritzek txosten bat bidali beharko diote Turismo Zuzendaritzari, non diru-laguntza likidatzeko proposatuko den, betiere egindako gastuarekin bat etorriz.

Diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantziazio-ehunekoa aplikatuko zaio benetan egindako eta onuradunak justifikatutako jarduera edo gastuaren kostuari.

Nolanahi ere, Lurralde Ordezkaritzak ez baditu diru-laguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta, horren ondorioz emandako diru-laguntza murrizten bada, Turismo Zuzendaritzan dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

5.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ofizioz egingo du ikuskapen hori, baldin eta diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehenago onuradunak dagokion justifikaziorik aurkezten ez badu. Nolanahi ere, 2011ko ekitaldirako eta Agindu honetako 13. artikuluaren 2. idatz-zatian adierazitakoaren arabera, justifikazioa abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

14. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak, edota helburu berarekin beste diru-sarrera zein baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntzaren emakidari buruzko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere Arau honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzei eutsiz gero.

Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion Ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.- Diru-laguntzaren erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueraren edo gastuaren garapena larriki nahasten edo eragozten duen edozein gertaeraren berri eman beharko dio diru-laguntza ematen duen organoari. Halaber, diru-laguntza eman zuen organoari diruz lagundutako proiektua aldatzea eskatu ahal izango dio, betiere diru-laguntzaren edo laguntzaren xede edo helburua ez bada aldatzen.

3.- Diru-laguntza justifikatzeko epearen luzapena gehienez aurretik ezarritako epearen iraupenaren erdia izango da. Onuradunak hasieran emandako epea amaitu baino lehen eskatu beharko du luzapena.

4.- Diruz lagundutako jardueraren edo gastuaren % 25 gutxienez burutzen ez bada, ekintza hori ez betetzat jotzea eragingo du diru-laguntzaren xedeetarako, eta arau-hausteagatiko dagokion espedientea izapidetzea ekarriko du horrek.

5.- Nolanahi ere egindako inbertsioa diru-laguntza emateko ebazpenean onartutakoa baino txikiagoa bada baina % 25 baino handiagoa, emandako diru-laguntzaren murrizketa, justifikatutako inbertsioaren kopuruaren araberakoa, aplikatuko da.

15. artikulua.- Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak, Agindu honetan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak gezurrezkoak badira, dirua diru-laguntza ematea eragin zueneko helbururako ez den beste baterako erabili badu, Turismoa Zuzendaritzak ondorio horretarako irekitako espedientea bideratu eta erakunde onuradunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua gehi dagozkion interes legalak bi hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzultzeko obligazioa izango du, bidezkoak diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2011ko ekitaldian, abenduaren 31 arte atzeratu ahal izango da 3.2.B.3 artikuluan aipatutako turismoko mahaiak eratzea; kasu horietan, erakunde eskatzaileak aipatutako epea igaro aurretik mahai horien partaide izateko konpromisoa erantsi beharko dio eskabideari emate-ebazpenean finantzaketa-ehunekoa zehaztu ahal izateko.

XEDAPEN INDARGABETZailEA

2006ko maiatzaren 17ko Agindua indargabetu egiten da (EHAA, 103. zk., 2006ko ekainaren 1a); Agindu hori honako hauek aldatu zuten: 2008ko otsailaren 25eko Aginduak (EHAA, 57. zk., 2008ko martxoaren 26a), Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2009ko otsailaren 4ko Aginduak (EHAA, 41. zk., 2009ko otsailaren 27a) eta Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programa ezartzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko ekainaren 10eko Aginduak (EHAA, 125. zk., 2010eko uztailaren 1a).

azken XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 5a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABE UNDA BARTUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala