Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2011ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

SPRI SA
3443

IRAGARKIA, industria, merkataritza eta turismo arloetan diharduten enpresei finantza-gaikuntza eta -babesa emateko Programari buruzkoa.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (aurrerantzean SPRI) Administrazio Kontseiluak, 2011ko ekainaren 17an egin zuen bileran, industria, merkataritza eta turismo arloetan diharduten enpresei finantza-gaikuntza eta -babesa emateko Programa onartzea erabaki zuen. Testua osorik zehazten da jarraian:

Bizi dugun finantza-krisiak, eta zenbait enpresa txikik eta autonomok finantza-kudeaketan duten esperientzia urriak eragina izan dute horrelako enpresetan, kreditu berririk eskuratu ezina eta kapital zirkulatzailearen ildoak galtzea ekarri baitie, bai eta, azken batean, faktore horiek guztiak merkatuen krisiari batuz gero, finantza-entitateekiko betebeharrei erantzun ezin izatea ere.

Behar horri erantzuteko, programak laguntza-sistema bat ezartzen du, enpresa eta autonomo horiei prestakuntza eman eta finkatzen laguntzeko, enpresa horien kudeaketa hobetu eta horretan esperientzia gehiago izatea helburutzat hartuta. Horrela, etorkizunean prestakuntza, tresnak eta baliabideak izango dituzte finantza-kudeaketa ondo egiteko; horrela, orobat, errazago izango dute kreditu bat eskuratzea, lan hori gero eta nekezagoa den arren.

Horregatik, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (aurrerantzean SPRI) jarraian adieraziko den araudia onartu du. Hona hemen araudi horren klausulak:

1. artikulua.– Xedea.

Laguntza-programa honen bidez, laguntzak eman nahi zaizkie Euskadin helbide soziala duten enpresa eta autonomoei, prestakuntza eta oinarri hobeak lor ditzaten, beren finantza-kudeaketan duten prestakuntza eta esperientzia hobetzeko. Horretarako, finantza-aholkularitzako enpresak kontratatu beharko dituzte. Horrela, laster prestakuntza, tresnak eta baliabideak izango dituzte, finantza-kudeaketa ondo egiteko.

Programa hiru arlo hauetako enpresa eta autonomoei aplikatuko zaie:

– Industria eta hari lotutako zerbitzuak.

– Merkataritza.

– Turismoa.

Jarduera ekonomikoen gaineko Zergan duen epigrafea kontuan izanik, delako enpresa edo autonomoa programaren arlo batekoa edo bestekoa izango da (industria, merkataritza edo turismokoa, alegia).

Programaren helburuak hiru dira:

1.– Prestakuntza teorikoa.

2.– Prestakuntza praktikoa, prestakuntza teorikoan ikasitakoa gauzatzen laguntzen duten tresnei buruzkoa.

3.– Aholkulari/tutoreen laguntza, enpresei egunez eguneko finantza-kudeaketan aholku emateko dena.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

Programa honen barruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Gehienez ere 50 langile dituzten enpresek eta autonomoek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Enpresa horiek, gainera, industrian eta hari lotutako zerbitzuetan, merkataritzan edo turismoan jardun behar dute, 1. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute.

Laguntza-programa honetatik kanpo gelditzen dira programa beraren aurreko deialdietan onuradun izan diren enpresak.

Programaren onuradun izateko, zehaztuta geratzen da zer den autonomoa: alegia, autonomoa da arlo subjektiboaren definizioa betetzen duena, definizio hori lan autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean ezarrita baitago; horren arabera, langile autonomoak dira modu pertsonalean, zuzenean, bere kasa, eta beste pertsona baten zuzendaritza eta antolakuntza eremutik kanpo, irabazpidez jarduera ekonomiko edo lan-jarduera bat egin ohi dutenak, besteren kontura ari diren langileei lanik eman edo ez; horren barruan sartzen dira, baita ere, lan autonomoaren Estatutuari buruzko Legearen 1. artikuluan jasotako gainerako kasuak ere.

2.– Erakunde onuradunek laguntza publikoak jasotzeko beharrezko baldintzak bete beharko dituzte, legearekin bat etorriz, eta, era berean, beren egoera legeztatuta egon beharko da, bai zerga-betebeharren aldetik, bai Gizarte Segurantzaren aldetik, eta egunean egon beharko dute SPRIren edozein sozietaterekin dituzten betekizunetan ere.

3.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, programaren erakunde onuradunek ez dute egon behar berreskuratzeko agindu baten menpe.

4.– Erakunde onuradunek ez dute egon behar diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

5.– Erakunde onuraduna izateko baldintzak ezin dira aldatu harik eta laguntzaren azken ordainketa egin arte.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Finantza-aholkularitzari buruzko kanpoko aholkularitzaren zerbitzuaren kostuek jaso dezakete diru-laguntza, baldin eta zerbitzu hori aholkulari homologatu batekin kontratatu bada eta Finantza Aholkularien Erregistroan sartuta badago, arautegi honetan zehaztutako baldintza eta zenbatekoekin.

Kontratatutako zerbitzuek finantza-kudeaketari buruzko prestakuntza teorikoarekin, kudeaketa-tresnei buruzko prestakuntza praktikoarekin eta erakunde onuradunak jasotako finantza-tutoretzarekin lotura izan behar dute, eta programa arautzen duen arautegi honetan ezarrita egon behar dira edukiak.

5. artikulua.– Homologazioa eta erregistroa.

Programa honen ondorioetarako, Finantza-aholkularien Erregistroa eratzen da.

Erregistro horretan finantza-aholkulari bat homologatu eta sartzeko, araudi honen eranskinean ezarritako prozedura bete beharko da, eta publizitate-, objektibotasun-eta norgehiagoka-irizpideei jarraitu.

6. artikulua.– Programaren metodologia eta garapena.

Laguntza eskatzen duen enpresak edo autonomoak zein arlotan diharduen, era batekoak edo bestekoak izango dira programaren garapena eta metodologia.

6.1.– Industria eta hari lotutako zerbitzuak.

6.1.1.– Hartzaileak. Industria arloan, laguntza-programak bereizketak egiten ditu diruz lagundutako aholkularitza-orduen kopuruan, kontuan harturik zenbateko fakturazioa duten laguntzak jaso dituzten enpresek edo autonomoek.

Bi talde daude:

– 2009an eta 2010ean 2 milioi eurotik beherako urteko negozioa izan zuten enpresak eta autonomoak (Industriako 1. taldea).

– 2009an eta 2010ean, 2 milioi eurotik gorako negozioa izan zuten enpresak eta autonomoak (Industriako 2. taldea).

Prestakuntza teorikoa nahiz praktikoa bakarka emango dute aholkularitza-enpresek.

6.1.2.– Faseak eta edukiak. Enpresa edo autonomo onuraduna zein taldetakoa den, halakoxea izango da programaren fase bakoitzerako gehienezko ordu-kopurua.

Industriako 1. taldea (80 ordu arte).

– Banakako prestakuntza teorikoa: 8 ordu arte.

– Banakako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 8 ordu arte.

– Banakako finantza-tutoretza, barruan jarduera hauek dituena:

– Enpresaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 20 ordu arte.

– Enpresak loturarik gabe aholkulariaren babesa/aholkularitza lortzea: 36 ordu arte.

– Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak enpresari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat. 8 ordu arte.

Industriako 2. taldea (120 ordu arte).

– Banakako prestakuntza teorikoa: 12 ordu arte.

– Banakako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 8 ordu arte.

– Banakako finantza-tutoretza, barruan jarduera hauek dituena:

– Enpresaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 30 ordu arte.

– Enpresak loturarik gabe aholkulariaren babesa/aholkularitza lortzea: 62 ordu arte.

– Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak enpresari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat. 8 ordu arte.

6.2.– Merkataritza.

6.2.1.– Hartzaileak. Merkataritza arloan, programa etengabeko hobekuntzaren eta kalitate-prozesuen aldeko apustua egina duten saltokiei zuzenduta dago, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren «Merkataritza Bikaina» proiektuaren garapenarekin eta aplikazio-eremuarekin bat etorriz.

«Merkataritza Bikaina» proiektuak merkataritza-jarduerak zenbait eremutan hobetzea du helburutzat, besteak beste, finantza-kudeaketan. Programaren metodologia hauxe da: saltokiek hasierako autodiagnostiko bat egiten dute, aldagai esanguratsu batzuen arabera, aholkulari baten laguntzarekin, eta kontuan harturik diagnostikoaren zein arlotan dagoen okerren, arlo horretaraxe bideratzen dute prestakuntza.

Beraz, araudi honek arautzen duen programa hau, alegia merkataritza arloko programa hau, «Merkataritza Bikaina» programan parte hartzen duten merkataritza-establezimenduei zuzenduta dago batez ere, eta programa hori egikaritzean erabaki da finantza-kudeaketan dagoela premiarik handiena.

«Merkataritza Bikaina» proiektuak aurreikusten duen prestakuntza-planak 20 ordu irauten du: 10 ordu taldekako prestakuntzarenak, eta beste 10ak establezimenduan bertan aholkularitza ematekoak. Araudi honek arautzen duen programak areagotzen du entitate onuradunen prestakuntza-orduen kopurua: 40 ordu gehiago emango dira, hurrengo atalean zehazten diren faseetan banatuak.

6.2.2.– Entitate bultzatzaileekin batera kudeaketa egitea. «Merkataritza Bikaina» proiektuaren kudeaketa zenbait entitate bultzatzailerekin batera egiten da. Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak sinatuta dauzka entitate horiekin. Hauek dira entitate bultzatzaileak:

1) Euskomer:

a) Gipuzkoako Merkataritza Federazioa.

b) Bizkaiko Merkataritza Enpresarien Konfederazioa.

c) Arabako Merkatartiza Federazioa.

2.– Euskadiko Merkataritza Ganberak:

a) Bilboko Merkataritza Ganbera.

b) Gipuzkoako Merkataritza Ganbera.

c) Arabako Merkataritza Ganbera.

3) Euskal Dendak:

SPRIk entitate bultzatzaile horien bitartez zabalduko du programaren berri, erraztuko du programaren onuradunak lortzea, eta lagunduko du, orobat, taldekako prestakuntza antolatzen, finantza-aholkulariaren hautaketa-lana barne.

6.2.3.– Faseak eta edukiak. Programa osatzen duten faseei loturik, merkataritza arloan 40 dira –gehienez– egin beharreko orduak, eta honela geratuko dira banatuta:

– 10-12 saltokien taldekako prestakuntza teorikoa: 4 ordu arte.

– Taldekako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 4 ordu arte.

– Saltoki bakoitzean banakako finantza-tutoretza, barruan jarduera hauek dituena:

– Saltokiaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 4 ordu arte.

– Saltokiak loturarik gabe aholkulariaren babesa/aholkularitza lortzea: 24 ordu arte.

– Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak saltokiari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat: 4 ordu arte.

6.3.– Turismoa.

6.3.1.– Hartzaileak. Araudi honek arautzen duen programa, turismo arloan, kalitatea kudeatzeko programen osagarria da, programa horiek Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatzen baititu. Beraz, programa hori turismo arloko kalitate eta jardunbide egokien programaren batean parte hartu duten establezimenduei zuzenduta dago, programa horiek akreditazio hauek lortzeko baitira:

– Jardunbide egokien programak (destinoen kalitatea; IKTen erabilera; destino iristerrazak; Anfitrioi Programa).

– Turismoko kalitate-markak, Espainiako Kalitate Turistikorako Institutuak emandakoak («Q»).

– Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak.

6.3.2.– Kudeaketa entitate bultzatzaileekin batera. Turismo-kalitatearekiko Konpromisoa» programa kudeatzeko, Eusko Jaurlaritzak zenbait entitate bultzatzaileren laguntza du. Hauek dira entitate bultzatzaileak:

1) Garapen-agentziak.

2) Turismoa sustatzeko erakundeak, hiru hiriburuetakoak.

3.– Turismoko elkarte sektorialak.

SPRIk entitate bultzatzaile horien bitartez jakinaraziko du nortzuk izan diren programaren onuradunak, eta erraztuko du onuradunak lortzea.

6.3.3.– Faseak eta edukiak. Programak turismo arloan dituen faseen harian, 40 ordu izango du, gehienez, honela banaturik:

– Banakako prestakuntza teorikoa: 4 ordu arte.

– Banakako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 4 ordu arte.

– Establezimendu bakoitzerako banakako finantza-tutoretza, honako jarduera hauek hartzen dituena:

– Establezimenduaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 4 ordu arte.

– Establezimenduak loturarik gabe aholkulariaren babesa/aholkularitza lortzea: 24 ordu arte.

– Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak saltokiari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat: 4 ordu arte.

7. artikulua.– Finantza-aholkularien zerbitzu-sariak eta laguntzen zenbatekoa.

Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatutako finantza-aholkulariak kontratatu beharko dituzte enpresa onuradunek, eta zerbitzu-sariak enpresek ordainduko dituzte.

Finantza-aholkulariek zerbitzu-sariak jasotzeko eskubidea izango dute, honako kalkulu honen arabera: araudi honetan finantza-prestakuntzarako eta -tutoretzarako gehienez ezarritako ordu-kopuruak bider lan-ordu bakoitzerako aurreikusitako kostua.

Laguntzaren zenbatekoa izango da enpresa onuradunek finantza-aholkulariei ordaindutako zerbitzu-sarien % 75 –jasanarazitako BEZa salbu–, betiere, araudi honetan ezarritako zenbatekoen arabera, eta orduak duen kostuaren eta onartutako ordu-kopuruaren arabera.

Finantza-aholkulariek orduko 60 euro jasoko dituzte gehienez, kontzeptu guztiengatik, eta horren arabera egingo da diru-laguntzaren kalkulua.

Merkataritza sektorean, programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileek –hau da, Euskomer, Euskadiko Merkataritza Ganberak eta Euskal Dendak izendapenen barruan sartutakoek, 6.2.2 artikuluan zehazten denez– Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatutako finantza-aholkulariak kontratatuko dituzte, baina aholkulari horien zerbitzu-sariak enpresa onuradunek ordainduko dituzte. Nolanahi ere, onuradunak izango diren arren aholkulariei zerbitzu-sariak ordainduko dizkienak, aholkulariekin negoziatuko da ikastaro bakoitzeko talde-prestakuntzako orduak duen prezioa.

8. artikulua.– Laguntzen metaketa eta mugak.

Programa hau aplikatuta emango diren laguntzak garrantzia txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira, 1998/2006 Erregelamenduari (EE) jarraiki.

1998/2006 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, de minimis laguntza dela-eta enpresa onuradun batek guztira jaso dezakeen zenbatekoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa (edo 100.000 eurotik gorakoa, errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan), aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako laguntzak zenbatuta. Hori dela-eta, erregimen honetan ezarritako laguntzarik ez da emango baldin eta eskatutako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste «de minimis» laguntza batzuei gehituta, eta edozein dela ere laguntza eman duen administrazioa, muga horretatik gorakoa bada.

Gainera, programa honetan zehaztutako laguntzak ezin izango dira estatuko beste inolako laguntzarekin batera pilatu, baldin estatuko laguntza horiek programa honetan diru-laguntza jaso dezaketen gastu berberak estaltzen badituzte, eta baldin pilaketa horren bidez gainditu egiten badira kategorien arabera salbuesteko erregelamenduren batean edo Europako Batzordeak hartutako erabakiren batean beste laguntzarentzat aurreikusitako inguruabar jakinetarako ezarri diren laguntza-mugak.

Laguntza eman aurretik zehaztutako metatze-mugak ez direla gainditzen egiaztatzeko, onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dio idatziz SPRIri (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA).

Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten entitateek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere metaketa horren bidez ez badira gainditzen kategorien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan adierazitako gehienezko laguntza-mugak.

Laguntza-mota honetatik kanpo geratzen diren sektoreei buruzko xedapenak, aipatutako erregelamenduetan ezarritakoak, bete beharko dira.

Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, edota xede berbererako erabilitako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera hartuta, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa, eta onuradunak laguntza edo diru-laguntza horien berri eman behar dio SPRIri nahitaez.

Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.

9. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

Diru-laguntza lortu nahi duen enpresak edo autonomoak aurkeztu beharko du programa honen diru-laguntzak eskuratzeko eskabidea.

Eskabideak aurkezteko epea laguntza-programa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unean hasiko da, eta 2011ko urriaren 31n amaituko da, edo horretara bideratutako aurrekontu-funtsak agortzen direnean.

Eskabideak aurkeztu behar dira finantza-kudeaketako prestakuntza- eta aholkularitza-plana hasi aurretik.

Laguntza-eskabideak, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, SPRIn aurkeztu behar dira (Urkixo zumarkalea, 36 -4. solairua – 48011 Bilbo), bai paperezko euskarrian, bai CDan edo SPRIk habilitatutako bestelako euskarri digital edo telematiko batean.

SPRIn aurkeztu beharreko agiriak desberdinak izango dira laguntza eskatu duen enpresaren jarduera-arloaren arabera, betiere programan zehaztukoari jarraiki; hona hemen agiriok:

Laguntza-eskabidea behar bezala bete eta izenpetu behar du enpresa ordezkatzeko legezko eskumen nahikoa duenak; eskabide horrekin batera, ondoko agiriak bidali behar dira:

– Zerbitzu profesionalen eskaintza eta aurrekontua, SPRIk homologatutako finantza-aholkulariren batek finantza-kudeaketarako prestakuntza eta aholkularitza emateko; araudi honetako 5. artikuluan araututako Finantza Aholkularien Erregistroan sartuta egon behar dira aholkulariak. Aurrekontuan, aipatutako zerbitzu profesionalak emateagatik sortutako zerbitzu-sariak zehaztuko dira.

– (i) Legezko ordezkariaren IFZ, NAN edo AIZren fotokopia,(ii) ahalordea duela egiaztatzen duen agiriaren kopia eskuetsia, eta (iii) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken ordainagiriaren fotokopia edo, hala badagokio, zerga horretan alta emanda dagoela dioen agiriaren fotokopia, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduela dioena.

– Ogasun-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen agiria, gehienez diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egindakoa.

– Kontu korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.

– Merkataritza Sektorekoa izanez gero: «Merkataritza Bikaina» Programan sartuta egotea egiaztatzen duen agiria.

– Turismo Sektorekoa izanez gero: Jardunbide egokien programaren bat gainditu dela egiaztatzen duen ziurtagiria, baita ISO 9000 «Q» egiaztapena eta/edo EFQM errekonozimendua ere. Horiek guztiak programa honen 6.3.1 atalean zehaztu dira.

– Erantzukizunpeko aitorpena, ondoko hauei buruzkoa:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik eskatu eta/edo jaso dituzten laguntzak.

– Enpresa eskatzaileak zehapen administratibo edo penalik ez duela jaso eta diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez duela.

– Enpresak, aurtengo ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda, edozein dela ere laguntza eman duen entitatea. Aitorpen horretan, kontzeptu hauek zehaztu behar dira laguntza bakoitzeko:

+ Jasotako laguntza publikoaren izena.

+ Administrazio erantzulea: laguntza zein erakundek ematen duen adieraziko da.

+ Laguntza noiz eskatu den.

+ Laguntza noiz jaso den.

+ Zenbateko gordina.

+ Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta Merkatu Erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki ondoren, enpresa onuraduna berreskuratze-agindu baten menpe ez dagoela adieraziko da.

– Industria-arloan, 2009 eta 2010eko ekitaldietako negozio-zenbatekoak.

Eskabideak eta aurkeztutako gainerako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez badituzte edo hutsuneak badituzte, SPRIk interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

Nolanahi ere, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko, SPRIk beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta/edo argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkie enpresa eskatzaileei.

10. artikulua.– Laguntza-eskabideen izapideak egitea.

Laguntzak eskatzeko espedienteak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera tramitatu eta ebatziko dira, betiere dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu ondoren.

11. artikulua.– Eskabideen azterketa. Ebazpena.

Aurkeztutako eskariak banan-banan aztertu eta ebaluatuko ditu SPRIk.

SPRIren zuzendari nagusia edo hark izendatzen duen beste bat izango da laguntza eman ala ez ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena posta elektronikoz jakinaraziko zaie interesdunei, gehienez, bi hilabeteko epean, eskabidea –eskatutako dokumentazio guztiarekin batera– aurkeztu zenetik aurrera.

12. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa, gauzatzeko epea, likidazio-eskabidea eta ordainketa.

1.– Behin laguntza ematea ebatzi dela jakinarazita, aholkularitza-lanak aurkeztutako eskabidearen arabera egin behar ditu bertan aukeratutako finantza-aholkulariak. Proiektua gauzatzeko epea, gehienez, 6 hilabetekoa izango da, laguntzaren jakinarazpena jasotzen denetik aurrera.

2.– Diru-laguntzaren ordainketa egiteko, gehienez, bi likidazio partzial onartuko dira, betiere lana egin dela justifikatu ondoren. Horretarako, enpresa edo autonomo onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte SPRIn:

– Likidazio-eskabidea, enpresako ahalduna behar bezala beteta eta sinatuta.

– Finantza-aholkulariaren faktura, zerbitzu-sarien zatiari dagokiona, onartutako eskaintzan ezarritakoaren araberakoa.

– Faktura hori finantza-aholkulariari ordaindu izanaren banku-egiaztagiria.

– Erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa adieraziko duena: enpresak edo autonomoak, likidazio-eskabidea aurkezten den ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda eguneratua, edozein delarik ere laguntza eman duen erakundea. Helburua: likidazioaren egunean, 8. artikuluan ezarritako gehienezko muga ez dela gainditu egiaztatzea.

– Ogasun-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen agiria, diru-laguntzaren likidaziorako eskabidea aurkeztu eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean egindakoa.

– Memoria bat, programaren barruan egindako jarduera jasoko duena.

3.– SPRIk laguntzen zenbatekoa ordainduko du, likidazioa onartu eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

4.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, artikulu honek adierazten duen likidazio-egunean, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresei ez zaio erregimen honetan ezarritako laguntzarik emango.

13. artikulua.– Informazio betebeharra.

1.– SPRIk eskubidea du beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak aurrera eramateko, hain zuzen ere, bermatuta egon dadin baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla, eta programa hau behar bezala garatzen eta aplikatzen dela.

2.– Merkataritza-arloko programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileek, prestakuntza-planaren antolamenduaren arduradun diren aldetik, egiaztatu beharko dute prestakuntza eta tutoretza-ikastaroak gauzatu egin direla.

3.– Enpresa onuradunek aurkeztutako fakturak 5 urtez egongo dira artxibatuta eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura.

4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez eskatzen dieten informazio oro eman behar dute nahitaez enpresa onuradunek eta entitate bultzatzaileek.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egiaztatze-lanen bidez ikusiko balitz diru-laguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzaren bat bete, kobratu dituen diru-kopuruak itzul ditzala eskatuko dio SPRIk eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori egiteko behar diren legezko jarduerak martxan jarriko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Programa hau 2011ko urriaren 31ra arte egongo da indarrean, betiere aurrekontu-kreditu nahikoa baldin badago. Aurrekontu-kreditua agortu izanaren berri interneteko helbide honetan emango da: www.spri.es; epe hori igaro ondoren, ez da eskabiderik onartuko. Behin aurrekontu-kreditua agortuta, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

Bigarrena.– Emandako diru-laguntzak behar bezala jakinarazi direla bermatzeko, SPRIri eskaera egin dioten interesdunen eskura egongo da diru-laguntza jaso duten enpresa onuradunen zerrenda.

SPRIk erakutsiko duen onuradunen eta proiektuen zerrenda isilpekoak ez diren alderdietara mugatuko da. Era berean, onuradunak proiektuen emaitzak jakinarazten laguntzeko konpromisoa hartuko du.

Hirugarrena.– Programa honetan aurreikusita ez dauden puntuetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorrean, eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoa beteko da.

Laugarrena.– Eskatzaileak emandako datu pertsonalak Laguntzak izeneko fitxategian sartuko dira. Helburua: SPRIk diseinatu eta kudeatu dituen laguntzen eta diru-laguntzen espedienteei buruzko informazioa kudeatzea. SPRI izango da fitxategi horren erantzulea (Urkixo zumarkalea 36, 4.a, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo). Informazio hori eman ahal izango zaie, beharrezkoa izanez gero: SPRI taldeko beste enpresa batzuei, entitate laguntzaileei eta Eusko Jaurlaritzari, laguntza-programa hori kudeatzeko eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egiteko. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideaz baliatu nahi izanez gero, bidali idatzi bat lopd@spri.es helbidera.

Bilbao, 2011ko ekainaren 17a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.

ERANSKINA

FINANTZA-AHOLKULARIAK HOMOLOGATZEKO PROZEDURA

Enpresa eta autonomoei finantza-prestakuntza eta -aholkularitza emateko zerbitzua –programa honen bidez lagunduko dena– norbanako beregainek eta profesionalek eskaintzen dutela bermatu nahi da. Horretarako, SPRIk finantza- aholkulariak homologatzeko prozedurarako deia egin du, eranskin honetan zehazten diren baldintzak betez.

Homologazio-prozedurarako deia egiten duen entitatea.

SPRIk deitu eta izapidetu du finantza-aholkulariak homologatzeko prozedura. SPRIren helbidea: Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Plaza Bizkaia eraikina. Telefonoa: 94 403 70 00. Web-orria: www.spri.es.

Finantza-aholkulariak homologatzeko prozeduraren helburua.

1. Prozeduraren helburua da Finantza Aholkularien Erregistroan homologatuak eta inskribatuak izango diren aholkulariak aukeratzea. SPRIk berariaz sortuko du erregistro hori, programaren araudiko 5. artikuluari jarraiki.

2.– SPRIk homologatutako aholkularien artean aukeraketa egiteko prozedura modu batekoa edo bestekoa izango da, programaren onuradun den enpresa edo autonomoari dagokion jarduera-sektorearen arabera.

Industria.

Industria jarduera-sektorekoak izanik, programaren onuradun diren enpresa eta autonomoek aukeraketa egin behar dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuta dauden aholkularien artean; hain zuzen ere, diruz lagunduko den aholkularitzaren barruan, finantza-prestakuntzako eta –tutoretzako zerbitzuak emango dituen aholkularia aukeratu behar dute, betiere, finantza-kudeaketa optimizatzeko prozesuaren eremuan.

Merkataritza.

Programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileek –programaren araudiko 6.2.2 artikuluan adierazitakoek–, hautatu egin behar dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuta dauden aholkularien artean; hain zuzen ere, finantza-kudeaketa optimizatzeko prozesuaren eremuan diruz lagunduko den aholkularitzaren barruan, finantza-prestakuntzako eta –tutoretzako zerbitzuak emango dituen aholkularia hautatu behar dute.

Turismoa.

Turismo jarduera-sektorekoak izanik, programaren onuradun diren enpresa eta autonomoek aukeraketa egin behar dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuta dauden aholkularien artean; hain zuzen ere, diruz lagunduko den aholkularitzaren barruan, finantza-prestakuntzako eta –tutoretzako zerbitzuak emango dituen aholkularia aukeratu behar dute, betiere, finantza-kudeaketa optimizatzeko prozesuaren eremuan.

3.– Finantza Aholkularien Erregistroaren helburu bakarra izango da enpresa eta autonomo onuradunei, bai eta programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileei ere, programan parte hartzeko konpromisoa hartzen duten finantza-aholkularien berri ematea; hartara, aholkulariak hautatzea eta prestakuntza-planak antolatzea erraztuko du; azken finean, finantza-kudeaketan enpresa-eskarmentua areagotzeko helburua lortzen lagunduko du.

4.– Erregistroko homologazio eta inskribaketak onartzeko hurrenkerak ez du esan nahi lehentasunik, lehiarako abantailik edo puntuazio handiagorik lortuko denik, finantza-prestakuntza eta -tutoretzako lanak egiteko hautatua izaterakoan.

5.– Programaren enpresa onuradunak edo programa kudeatzen laguntzen duen entitate bultzatzaileak Erregistroan homologatu eta inskribatutako aditu bati bere aukeraren berri eman ondoren, alegia, aholkularitza-zerbitzuak berak ematea nahi duela jakinarazi ostean, aditu horrek idatziz adierazi beharko du ea enkargua onartzen duen ala uko egiten dion. Onartuko balu, programan ezarritako baldintzak onartu beharko lituzke.

Finantza aholkularien zerbitzu-sariak.

1.– Finantza-aholkulariek –euren eskubidearen arabera– jaso behar dituzten zerbitzu-sariak zuzenean ordainduko dituzte finantza-prestakuntza eta –tutoretzako zerbitzu horiek hartu dituzten enpresek.

2.– Jarduera-sektore bakoitzean, diru-laguntzaren zenbatekoa izango da emandako prestakuntza- eta tutoretza-orduen ondoriozkoa –ordu bakoitzerako ezarritako zenbatekoa kontuan hartuta–, eta betiere, programaren araudiko 7. artikuluko 1., 2, eta 3. paragrafoetan adierazitako kopuruen araberakoa (diru-kopuruak eta prestakuntza–ordutegiari dagozkionak).

Mugak.

Finantza Aholkularien Erregistroko enpresetako batekoa den aholkulari bakoitzak, gehienez ere, 900 orduko aholkularitza eman ahal izango du programa honen baitan, betiere, gutxieneko baldintzak betetzen baditu, eskarmentuari eta titulazioari dagokienez.

Homologaziorako gutxieneko baldintzak.

Programa honen xede den Finantza Aholkularien Erregistroan homologatzeko eta inskribatzeko, beharrezkoa izango da honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatzea:

Finantza-aholkularitzako enpresak egiaztatu behar du behar besteko giza-baliabideak dituela laguntza-programaren xede diren prozesuei –finantza-prestakuntza eta –aholkularitzakoei– ekiteko.

Horretarako, gutxienez 5 aholkulari izan behar ditu: Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako, Ekonomia Zientzietako edo Zuzenbide Ekonomikoko titulazioa izan behar dute, eta 2 urteko eskarmentua, enpresen finantza-aholkularitza eta –kudeaketan.

Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Eskabideak aurkezteko epea eta modua hau izango da:

– Programan parte hartu nahi duten finantza-aholkularitzako enpresek SPRIren bulegoetan aurkeztuko dituzte homologatzeko eta inskribatzeko eskabideak, 15 egun balioduneko epean, laguntza-programaren araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Gutunazal itxian aurkeztuko dira eskabideak, zeina lakratuta eta prezintatuta egon baitaiteke, eta homologazioa eta inskripzioa eskatzen duen enpresaren legezko ordezkariak izenpetu beharko du. Honako datu hauek jaso beharko ditu:

a) Enpresa eskatzailearen eta hura ordezkatzen duen pertsonaren izena.

b) Jakinarazpenetarako helbidea.

c) Helbide elektronikoa.

d) Telefono eta fax zenbakiak.

Homologazio-eskabideekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Homologazio- eta inskripzio-eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

1) Enpresaren legezko ordezkariak izenpetutako homologazio-eskabidea, non sozietatearen datuak zehaztuko baitira: izena, IFZ, helbidea, posta elektronikoa –jakinarazpenetarako– eta telefonoa.

2) Erantzukizunpeko aitorpena, sozietate eskatzaileak aurreko V. atalean eskatutako baliabide materialak badituela adierazten duena (I. eranskina). Aitorpen horrekin batera aurkeztu behar da programan zehaztutako aholkularitza-lanak egingo dituen talde osoaren curriculum vitaea.

3) Gizarte Segurantzako kotizazio-orria, langileen zerrenda izendun eta guzti.

2.– SPRIk beretzat gordetzen du aurkeztu diren datuak benetakoak direla frogatzeko behar dituen agiriak enpresa eskatzaileei eskatzeko ahalmena, eta bai horretarako beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egitekoa ere.

SPRIk eskabideak ireki eta baloratzeari buruzko jarduerak.

1) Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SAk, SPRIren entitate laguntzaile den aldetik, programa honen baitan eskatzaileek aurkezten dituzten agiriak aztertu eta kalifikatuko ditu, bilera pribatu batean.

2) Gutunazalak ireki eta gero atzematen badira zuzendu daitezkeen akatsak edo omisioak, edo aurkeztutako agiriei buruzko argibideren bat beharrezkoa dela uste bada, hiru egun balioduneko epea emango da akats edo omisio horiek egin dituzten eskatzaileek bidezkoak diren zuzenketak egin edo argibideak eskaintzeko. Hala ere, eskabideren batek akats nabarmenak edo zuzendu ezineko hutsune materialak balitu, baztertu egingo litzateke, ebazpen arrazoitu baten bidez.

Akta egin eta gertaera guztiak jasota utziko dira.

3) Aurkeztutako agirietan zuzendu beharreko hutsik edo omisiorik ez badago, edo behin okerrak zuzenduta edo horretarako epea igarota, Finantza Aholkularien Erregistroan homologatzeko eta inskribatzeko ezarritako baldintzak betetzen diren ala ez baloratuko du SPRIk, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SAk egindako ebaluazio-txostena aurrean duela.

4) Programa honen aurreko deialdian homologatuak izan ziren aholkulariek (2010eko uztailaren 22ko EHAA, 140. zk.), homologazio hori berritu nahi badute, erantzukizunpeko aitorpen bat bidali behar dute SPRIra, eta ondokoak adierazi behar dituzte bertan: programaren 1. eranskinean aurkeztu beharreko aitorpenean jaso zituzten bitarteko materialak izaten jarraitzen dutela; eta behar izanez gero, aldaketak izan dituzten datuei buruzko informazioa sartuko dute. Aitorpen hori programa honen 2. eranskin gisa ageri den ereduaren araberakoa izango da.

Homologazioaren ebazpena.

1.– SPRIko zuzendariak, edo hark eskuordetzen duenak, ebazpena emango du, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak homologatzeko eta Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatzeko.

2.– Homologazioaren ebazpena arrazoitua izango da, eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta SPRIren web-orrian (www.spri.es) argitaratuko da. Homologatuak izan diren enpresak Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuko dira; erregistroan jasoko dira, halaber, enpresa horiek dituzten langileen izenak, baldin eta langile horien curriculum vitaeak baliozkotuak izan badira.

Homologatutako aholkularien betebeharrak.

1.– Programa indarrean dagoen bitartean, homologatu diren finantza-aholkularitzako enpresek obligazioa izango dute onuradunei finantza-aholkularitza emateko, programaren araudian ezarritako edukiari jarraiki.

2.– Behin finantza-aholkularitzako enpresa hautatuta, enpresak enkarguari uko egiten badio, SPRIk enpresaren homologazioa eta Erregistroko inskribaketa ezeztatu ahal izango ditu.

Homologazioak berraztertzea.

SPRIk noiznahi berrazter dezake laguntzak eskuratzen dituzten enpresek kontratatutako aholkulari homologatuen jarduera, horrela egiaztatu ahal izango baitu jarduera hori bat datorrela kalitate eta arrakastako gutxieneko estandar batzuekin.

SPRIk, ildo horretatik, burututako jardueren gaineko informazioa eskatuko die aholkulariei, eta, arrazoitutako ebazpen baten bidez, indargabetu egin dezake aholkularien homologazioa, baldin eta SPRIren ustez ez badute ondo betetzen euren eginkizuna.

Datuen tratamendua.

Eskatutako datu pertsonalak Aholkulariak izeneko fitxategian sartuko dira. Helburua: zerbitzuak eta laguntzak ematerakoan SPRIn parte hartzen eta/edo kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. SPRI izango da fitxategi horren erantzulea (Urkixo zumarkalea 36, 4.a, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo). Informazio hori eman ahal izango zaie, beharrezkoa izanez gero: SPRI taldeko beste enpresa batzuei, entitate laguntzaileei eta Eusko Jaurlaritzari, laguntza-programa hori kudeatzeko eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egiteko. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideaz baliatu nahi izanez gero, bidali idatzi bat lopd@spri.es helbidera.

1. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

2. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala