Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2011ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3423

AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bitartez, Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen duen 2010eko uztailaren 28ko Agindua aldatzen da.

Hiri-merkataritzaren dinamizazioa eta lehiakortasuna bultzatzea da funtsezko ildo estrategikoetako bat, 2015eko Euskal Merkataritzaren Egokitzapen Planean bildurikoa.

Merkataritza-jardueraren lurralde-estrategiak bultzatzea da programaren helburua, aliantza horizontalen eta lurraldeko lankidetza-plataforma publiko-pribatuen bidez.

Honako hau da ardatz estrategikoaren ekintza nagusia: lurraldea, Euskal Merkataritzaren Egokitzapen Planean bildurikoa.

Honako hau ere badugu plan horretan eta ardatz estrategiko berean bilduta: lurraldea, ekintzaren izendapena: jarduna merkataritza-dentsitate txikiko eremuetan, helburutzat merkataritza-dentsitate txikiko eremuetan sektorearen jarduera erraztea duena, betiere udalerri behartsuek oinarrizko premien hornidura berdintasunez bermatua izan dezaten.

Azken ekintza horrek aldez aurreko azterketak eskatzen ditu, baita erakundeen arteko akordioa ere albait erantzun egokiena emateko eraginpeko eskualde, zona edo auzo bakoitzeko premia partikularrei.

Aurten, eta hiri-merkataritzaren dinamizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko laguntzen esparruan, merkataritza-dentsitate txikiko eremuen problematika espezifikoaren azterketa-faktorea sartzen dugu merkataritzaren lehiakortasunaren hobekuntzaren eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzaren funtsezko faktore gisa.

Eskualde-azterlanak ere biltzen dira merkataritza-sektorearen estrategia propioak, edo sektorearekiko osagarriak, detektatzeko.

Horregatik guztiagatik, Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko uztailaren 28ko Aginduaren artikuluen zati bat aldatu da.

Horren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen duen 2010eko uztailaren 28ko Aginduaren 1. artikulua (Xedea) aldatu da, b) idatzi-zati bat gehitu zaio 1. paragrafoari, eta honela idatzita geratu da:

1.– Agindu honen xedea honako hau da:

a) Hiri-merkataritzaren lankidetza eta dinamizazioko estrategiak garatzen laguntzea, beren jarduera gauzatzen duten hiri-inguruneetako merkataritza-lehiakortasuna eta marka-posizionamendua hobetzera bideratutako estrategiak, alegia.

b) Zonako lankidetzako urteko proiektuen ezarpena eta garapena bultzatzea, merkataritza-dentsitate txikiko eremuetan, betiere beren izaera dela-eta proposamen estrategikoak biltzen badituzte biziberritu beharreko zonen merkataritza-hornidura hobetzeko.

Bigarren artikulua.– Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen duen 2010eko uztailaren 28ko Aginduaren 5. artikulua (Erakunde onuradunak) aldatu da, 1. paragrafoaren a) idatzi-zatiari (Udalak) 4) puntu bat gehitu zaio, eta honela idatzita geratu da:

4) 5.000 biztanletik beherako biztanleria-ingurunea duten Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako udalerriak, betiere eskaera guztiek batera aurkezten badute eta jardun horien helburua zonako lankidetzako estrategien garapena bada.

Hirugarren artikulua.– Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen duen 2010eko uztailaren 28ko Aginduaren 6. artikulua (Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta gastuak) aldatu da, eta honela idatzia geratu da:

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak eta gastuak.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen inbertsio-proiektuak:

1.– Azterlanak.

a) Agindu honetan azaltzen diren udalerrietako Merkataritza Biziberritzeko Planak gauzatzeko azterlanak (halakorik ez duten udalerrietan) edo 7 urte baino gehiago dituzten azterlanak eguneratzekoak, eta plana berriz lantzea gomendatzen duen hirigintzako, merkataritzako eta gizarte- zein ekonomia-arloko baldintza eta zirkunstantziarik badago.

Diru-laguntza jasotzeko, azterlanek honako eduki hauek bildu beharko dituzte gutxienez:

1) Udalerriko identifikazio-parametroen azterketa.

2) Zonako merkataritza-azterketa.

3) Zonako espazio-azterketa.

4) Udal-hornidurako sistemen azterketa, salgaien zamalanei buruzko ordenantzen gaineko alderdiak barne.

5) Eskaeraren azterketa.

6) Diagnostikoa.

7) Jardun-proposamenak, honako hauek zehaztuta: helburuak, ekintzak eta jardun horiek egikaritzea ahalbidetuko duten adierazleak.

b) Txikizkako udal-merkatuak erabat aldatzera, berregituratzera eta modernizatzera bideratutako azterlanak.

Diru-laguntza jasotzeko, azterlan horiek honako eduki hauek bildu beharko dituzte gutxienez:

1) Azterlanaren helburuak.

2) Udalaren deskribapen-azterketa.

3) Zonako merkataritza-azterketa.

4) Xede den merkatuaren egungo egoeraren azterketa, espazio-, arkitektura eta merkataritza-arloko alderdiei buruzkoa, baita postuen irisgarritasunari, dekorazioari eta kokapenari buruzkoa ere.

5) Egungo kudeaketa-eredua eta baliabideak.

6) Eskaeraren azterketa.

7) Diagnostikoa.

8) Jarduteko proposamenak:

– Globalak, merkaturako orokorrean.

– Merkatuaren merkataritza-eskaintza globala (establezimendu tipologia eta barietatea).

– Espezifikoak, salmenta-postu bakoitzerako.

– Erabiltzaileentzako zerbitzuak jartzea (etxez etxeko banaketa, ordutegiak, txartelak, aparkalekuak, informazioguneak, eta abar).

– Produktu-gama berriak sartzea (bidezko merkataritzakoak, ekologikoak, tokikoak, eskuz egindakoak, jatorri-izen babestua dutenak, adierazpen geografiko babestua dutenak eta abar).

– Gaikako bilketa-sistemak eta hondakinen tratamendua.

– Barne-araudia.

1) Proiektuaren bideragarritasuna, epe labur, ertain eta luzerako.

2) Egikaritzeko egutegirik hoberena.

3) Kostuen kalkulua.

4) Ondorioak.

c) Zonako estrategiak garatzeko lankidetzako azterlanak, biziberritu beharreko udalek bultzatutakoak.

Diru-laguntza jasotzeko, biziberritzean inplikaturiko udalerrietako udalen aldez aurreko esanbidezko akordioa beharko dute azterlanek, eta honako eduki hauek jaso, gutxienez:

1) Azterlanaren helburuak.

2) Biziberritu beharreko zonaren eskaintzaren eta eskariaren azterketa.

3) Zonaren espazio- eta hirigintza-azterketa.

4) Aztertu beharreko zonaren AMIAn (Ahuleziak, Mehatxuak, Indarrak eta Aukerak) jasotako egoeraren diagnostikoa.

5) Baterako jarduneko proposamenak eta proiektuko udalerrietako bakoitzarenak, kontrolerako ekintza eta adierazleak zehaztuta, behin sektorearekin adostuta.

6) Proposamen bakoitza egikaritzeko egutegia.

7) Proiektua inplikaturiko udal bakoitzaren kostu guztizko eta partikularren kalkulua.

8) Proposatutako inbertsioen finantzaketako aurreikusitako sistema.

9) Ondorioak.

Erantsitako dokumentuan jaso beharko da, nork egikarituko duen haien ordezkaritza, akordio bidez bakarra izango dena, dagozkien eskumenak egikaritzeko, baita akordioa sinatzen duen udal bakoitzaren parte-hartze maila eta laguntza zehazteko bakoitzari dagokion zenbatekoa ere.

2.– Hirigintza-jardunak merkataritza-eremuetan: 5. artikuluan adierazitako esparru-akordioan bildutako hirigintza-azpiegiturak egokitzeko proiektuetarako Agindu honen 5. artikuluko 1.a) 1), 2) eta 3) idatzi-zatietan aipatzen diren Udalek egindako inbertsioetan dautzan jardunak dira, honako helburu hauek dituztenak: udalerriko merkataritza-jarduerak aurrera egitea eta merkataritza garatzen den ingurunea hobetzea.

Agindu honi dagokionez, lagungarritzat hartuko dira udalerriko hirigintza-azpiegituren merkataritza-egokitzapenerako egin beharreko inbertsioak, hiri-ekipamendua eta argiteria barne, baldin eta honako hauetara bideratuta badaude:

a) Merkataritzako ardatzak edo kaleak oinezkoentzako bihurtzera, baita horiek garatzera edo birmoldatzera ere, betiere azken 7 urteetan ez badute laguntzarik jaso Sail honetako Merkataritza Biziberritzeko Planen bitartez.

b) Espaloiak zabaltzera, gutxieneko 3 metroko zabalera izan arte, lonjen % 70 gutxienez merkataritzakoak eta jardunekoak direnak dauden kaleetan. Baldintza hori dagokion udal-ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da.

c) Bideak kale partekatu bihurtzera.

Agindu honi dagokionez, kale partekatutzat hartuko dira ibilgailuak eta oinezkoak aldi berean ibil daitezkeen eremuak, betiere oinezkoek ibilgailuen trafikoarekiko lehentasuna izanik, eta horien ezaugarrietako batzuk honako hauek izan ahalko dira, adibide gisa: plano bakarreko zoladura, trafikorako eremuetakoa eta paseatzeko eremuetakoa bereizita; trafikoa antolatua eta abiadura mugatua, 20 km/h ingurura; kaleak ornamentazio-elementuak izan ohi ditu –hala nola zuhaitzak, lore-askak, oztopo-harriak, zutoinak, etab.–, trafikoa gutxitzeko eta oinezkoen lehentasun-giroa indartzeko.

d) Hiri-ingurunean kalez kaleko eta aldizkako merkataritza garatzeko berariazko guneak egokitzera.

Agindu honi dagokionez, jardun jakin batzuk hartuko dira kalez kaleko merkataritza-eremuen garapentzat, hain zuzen ere adierazitako merkataritza-jarduera eguneratzen eta duintzen dutenak eta hiri-ekonomiak animatzeko modu gisa merkataritza horri balioa ematen diotenak, honako hauek, esate baterako:

1.– Salmenta mota horri lotutako jarduerak egiteko eremuak egokitzea.

2.– Merkataritza-jarduera horretarako ekipamendu eta azpiegitura iragankorrak: karpak, egitura desmuntagarriak edo antzekoak.

3.– Laguntza-zerbitzuak hornitzea, hala nola: argindarra, ura, ekipamendu elektronikoa eta abar.

e) Merkataritza-seinaleztapena.

f) Merkataritza-ardatzen hiri-paisaia eta paisaia estetikoa hobetzeko helburua duten eta jarduerarik gabeko lokalei lotuta dauden paramentu bertikalak edo antzekoak, iragankorrak.

g) Inbertsioak eremu horretako merkataritza-jardueraren sustapena eragiten duten merkataritza-dentsitate txikiko ardatzetan. Agindu honi dagokionez, honako hauek hartuko dira merkataritza-dentsitate txikiko ardatz gisa: udalerriaren Merkataritza Biziberritzeko planean bilduta dauden merkataritza-kaleak, betiere eskabidea egiten denean kale horietan gutxienez lokalen % 25ek ez badu jarduera ekonomikoaren garapenik. Baldintza hori dagokion udal-ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da. Aipatutako merkataritza-inbertsio horiek lokalak alokatuz eta birgaituz egingo dira, merkataritza-jardueraren esku uzteko, betiere lokal horiek Agindu honetako I. eranskinean bildutako udalerrietako Hirigune Historikoetan, edo hiri-birmoldaketako plan berezietan bilduta dauden eremu zaharkitu edo degradatuetan kokatuta badaude. Nolanahi ere, lokal horiek merkataritza-sektorearen eskura jarri beharko dira, merkatuan dauden baldintzekin alderatuta, abantailazko baldintzetan. Merkataritza-jarduera ekintzaile berri batek (merkataritza-alorrean esperientziarik gabea) garatu behar badu, erakunde eskatzaileak proiektuaren gaineko hiru urteko babes-mekanismoa definituko du.

h) Udalerriaren merkataritza-polaritateko ardatzetan dauden lokalak alokatzea eta birgaitzea, dagokion zonan merkataritza-fluxuak (haurtzaindegi-zerbitzua, erosketen kontsigna eta abar) erakartzen laguntzen duten zerbitzu osagarriak sustatzera bideratutako lokalak, alegia.

i) Inbertsioak Agindu honetan esanbidez bilduta egon ez arren, inguruneko merkataritzari balioa ematen laguntzen dietelako Sailak modu positiboan kalifikatzen dituen hirigintza-eremuetan.

j) Txikizkako udal-merkatuak erabat aldatzera edo merkatu horiek azpiegitura komunak egungo premietara egokitzera bideratutako inbertsioak, hala nola:

1) Egiturak indartzea.

2) Instalazioa eta/edo fatxadak berritzea.

3) Estaldura hobetzea.

4) Sabaileihoak.

5) Iragazgaiztea.

6) Lehenengo egokitzapen estetikoa.

7) Irisgarritasuna.

8) Klimatizazioa.

9) Zamalanetarako nasak.

10) Hondakin-gordailuak eta -hustuketa.

11) Energia berriztagarrien hornidurako sistemak.

12) Hotz-ganberak.

13) Teknologia berriak eta komunikazio-sistemak.

14) Edoskitze-gelak, haurtzaindegiak eta antzekoak.

3.– Udalerrietan oinarrizko merkataritza-jarduera errazteko biztanleria-dentsitate txikiko hiriz kanpokoko zonetako jardunak.

Puntu honetan bilduriko jardunak Agindu honetako 5. artikuluaren 1.a idatzi-zatian aipatutako udal guztiek garatu ahalko dituzte.

Idatzi-zati horri buruzko edozein ekimen garatu aurretik, proiektuaren dagokion bideragarritasun azterlana beharko da.

Agindu honetako I., II. eta III. eranskinetan bildu gabeko udalak badira, eta horien udalerrietan ez badago merkatarien elkarterik edo elkarteko mistorik, udalek laguntza-eskaera aurkeztu ahalko dute eta aurreikusitako gainerako eskakizunak bete beharko dituzte, udalaren eta elkarteen arteko esparru-akordioa izan ezik, Agindu honen 5. artikuluan bildurikoa, alegia.

Udalerri bat baino gehiago eraginpean hartzen duten zonak badira, inplikaturiko udal guztiek batera garatu ahalko dituzte jardun horiek.

Horretarako erantsitako dokumentuan jaso beharko da, nork egikarituko duen haien ordezkaritza, akordio bidez bakarra izango dena, dagozkien eskumenak egikaritzeko, baita akordioa sinatzen duen udal bakoitzaren parte-hartze maila eta laguntza zehazteko bakoitzari dagokion zenbatekoa ere.

4.– Diru-laguntza jasoko duten inbertsioak deialdi-ebazpena indarrean jartzen den ekitaldiaren hasieratik aurrera gauzatu ahal izango dira, eta irmo esleitu beharko dira laguntza eskatzen den ekitaldiaren ondorengo ekitaldiko martxoaren 31 baino lehen. Dena den, behar bezala justifikatutako arrazoiak tarteko, betiere erakunde onuradunari egozteko modukoak ez badira, diruz lagundutako jarduerak ez badira esleitu ezarritako epean, Merkataritzako zuzendariak gehienez ere hiru hilabetez luzatu ahal izango du jarduera horiek egiteko epea, baldin eta ezarritako epea amaitu baino lehen eskatzaileak behar bezala eskatzen badu luzatzea.

5.– BEZa, tasak, lanbide-ordainsariak, etekin industriala, gastu orokorrak eta kostu horretan sartuta ez dagoen beste kontzeptu oro ez dira diruz lagungarritzat hartuko. Oro har, ez dira diruz lagungarritzat hartuko gerora udalerriari itzulketa ekonomikoa ekarriko dioten jardunak eta/edo inbertsioak, aurreko atalean adierazitako merkataritza-lokalak erosteko eta birgaitzeko egindako inbertsioak izan ezik.

Laugarren artikulua.– Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen duen 2010eko uztailaren 28ko Aginduaren 7. artikulua (Laguntzen zenbatekoa) aldatu da, eta honela idatzia geratu da:

1.– Diruz lagun daitezkeen inbertsioen egikaritzapen materialaren kostuaren % 80raino iritsi ahalko da emandako laguntzen zenbatekoa.

2.– Nolanahi ere, deialdi eta udalerri bakoitzeko emango den gehieneko diru-laguntza honela kalkulatuko da: udalerriaren biztanle kopuruaren araberako diru-laguntza, bider udalerri horren merkataritza-dentsitatearen koefizientea:

(Ikus .PDF)

Agindu honi dagokionez, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Urteko deialdi bakoitzaren Ebazpena argitaratzen den egunean Eustatek argitaratua duen azken merkataritza- eta biztanleria-errolda erabiliko da erreferentzia gisa.

b) Udalerri bateko merkataritza-dentsitatea: txikizkako saltoki kopurua x 1.000/biztanle kopurua.

c) Merkataritza-dentsitatearen koefizientea: udalerriaren merkataritza-dentsitatea/EAEko merkataritza-dentsitatea.

3.– Deialdia egiten duen Ebazpen bakoitzean honako hauek jakinaraziko dira: udalerri bakoitzeko biztanleria-datuak, merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-dentsitatea, baita EAEko merkataritza-dentsitatea ere.

4.– Udalerrien mankomunitate bidez eginiko 6.3 artikuluan bilduriko jardunen kasuan, mankomunitatea osatzen duten udalerrietako biztanlerien baturari dagokion baliokidea ezarriko da gehieneko zenbateko gisa, azterlanak egiteko kasurako izan ezik, 30.000 euro izango baita kasu horretan.

5.– Diruz lagunduko diren eskabideen gehieneko zenbatekoa ez bada deialdia egiten duen Ebazpenean aurreikusitako baldintza ekonomiko guztiak ordaintzeko adinakoa, gehiegizkoak hainbanatu egingo dira diruz laguntzeko moduko gisa onartu diren inbertsioen zenbatekoaren % 90eko gehieneko diru-laguntza lortu arte. Kasu horretan, ebazpen osagarri bat emango da, eta bertan zirkunstantzia hori eta diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa jasoko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 22a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala