Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
3382

AGINDUA, 2011ko ekainaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren «Telelaguntzako» datu-pertsonalen fitxategia sortu eta arautzeko dena.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Administrazio Publikoen titulartasuneko datu pertsonalei buruzko fitxategiak Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaraturiko xedapen orokor baten bidez baino ezin izango dira aldatu edo ezabatu.

Otsailaren 25eko 2/2004 Legeak -Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa- 4. artikuluan ezartzen duenez, fitxategia datxekion saileko titularraren aginduz sortu, aldatu eta ezabatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko fitxategiak; era berean, indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen aipamen guztiak hartu beharko ditu barne agindu horrek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bestalde, 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuko 54. artikuluak xedatzen du zein eduki izan behar duen fitxategiak sortzen, aldatzen edo ezabatzen dituen xedapenak edo erabakiak.

Halaber, aipatutako 2/2004 Legearen 18. artikuluak Datuak Babesteko Erregistroa sortu zuen eta Lege horren aplikazio-eremuan barne hartutakoak joko dira bertan erregistratzeko fitxategitzat.

Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Autonomoek Datuak Babesteko Euskal Agentziari jakinaraziko diote aldatzen edo ezabatzen diren datu pertsonaleko fitxategi guztien berri, Datuak Babesteko Erregistroan erregistra ditzaten, xedapena edo erabakia Datuak Babesteko Euskal Agentziaren zuzendariak emandako 2005eko ekainaren 21eko Ebazpenak (2005eko abuztuaren 31ko EHAA, 165. zk.) onartutako eredu normalizatuaren bitartez bidaliz.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 40.3 artikuluan xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzaren barnean hartutako prestazioak eta zerbitzuak betetzea Eusko Jaurlaritzaren beraren eskumena da, eta horien artean dago telelaguntza-zerbitzua, zeina aipatutako legeko 22. artikuluko 1.6 puntuan arautzen baita.

Beraz, Datu Pertsonalen babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea eta horiek garatzen dituzten arauak betetzeko, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Agindu honen xedea Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kudeatuko duen «Telelaguntzako» datu pertsonalen fitxategia sortzea da, aginduaren eranskinean jasotzen den moduan.

2. artikulua.- Datu-lagapena.

1.- Agindu honen eranskinean aurreikusten diren datu-lagapenak baztertu gabe, bertan jasotzen diren datuak beste administrazio publikoetako batzuei eskuratu ahal izango zaizkie ordenamendu juridikoak euren esku jartzen dituen zereginak betetzeko, antzeko eskumenei eta gaiei buruzkoak badira.

2.- Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko eta beste Administrazio Publikoetako organoei eta estatistika-zerbitzuei laga ahal izango zaizkie, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Estatistikako Funtzio Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legean xedatutakoari jarraiki.

3. artikulua.- Segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak fitxategiak sortzen diren helbururako, eta datu pertsonalen segurtasuna zainduz, erabili daitezen bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, betiere haiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatu eta baliatzea saihesteko moduan; Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aintzat harturiko bermeak, betebeharrak eta eskubideak, eta haien garapen-arauak, gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak ere hartu beharko dituzte.

4. artikulua.- Datuak tratatzeko zerbitzuak ematea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren kontura datu pertsonalak tratatzeko zerbitzuak ematen dituztenek aginduriko eginkizunak beteko dituzte tratamenduaren arduradunaren argibideei jarraiki, eta horrela jasoko da horretarako egiten den kontratuan; ezin izango dira bestelako xederako aplikatu edo erabili, ezta beste inori jakinarazi ere -ezta datuak gordetzeko bada ere-, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan xedaturikoari jarraiki.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Gizarte Gaietako Zuzendaritzak erabaki honen kopia bat igorriko dio Datuak Babesteko Euskal Agentziari, xedapen honen eranskinean bilduriko datu pertsonalen fitxategia -Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren datu pertsonalen fitxategia, hain zuzen ere- Erregistroan inskribatu dezan.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

ERANSKINA

Fitxategia sortzea

Datu pertsonalak jasotzen dituen honako fitxategia sortu da, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kudeatua:

1. - Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza:

1.1. - Telelaguntza:

a) Aurreikusiriko helburua eta erabilera:

Telelaguntza-zerbitzuaren kudeaketa.

b) Eraginpeko pertsonak edo taldeak:

Telelaguntza Zerbitzuaren erabiltzaileak eta haien ordezkariak; hala badagokio, familia-unitatea osatzen duten pertsonak eta larrialdi-egoeretan harremanetarako proposatu direnak.

c) Datuen jatorria eta datuak biltzeko prozedura:

Interesduna edo haren legezko ordezkaria, interesduna ez diren beste pertsona fisiko batzuk, beste administrazio batzuk; inkestak / elkarrizketak, formularioak, telematika-transmisioa; paperean, euskarri informatiko / magnetikoan eta telematika edo telefono bidez aurkeztutako dokumentazioa.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak: izen-abizenak, NAN, helbidea (postala, elektronikoa), telefonoa, sinadura / hatz-marka, Gizarte Segurantzako zenbakia.

Ezaugarri pertsonalei buruzko datuak: familiari buruzko datuak, jaiotze-data, adina, sexua, nazionalitatea, hizkuntzak.

Gizarte-arloko egoerari buruzko datuak: etxebizitzari eta bizimoduari buruzko datuak.

Enpleguaren xehetasun-datuak: lanpostua, gizarte-langileak eta bestelako profesionalak.

Datu ekonomiko finantzarioak: diru-sarrerak/errentak eta banku-datuak.

Bereziki babesturiko datuak: osasunari buruzko datuak.

e) Datu-lagapenak:

Babes zibilaren eta larrialdien gaineko eskumena duen saila.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua.

Gizarte Zerbitzuen arloko eskumenak dituzten administrazioak (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak barne).

Foru Aldundiak eta mendekotasunaren eta desgaitasunaren arloko eskumena duten beste organoak.

f) Fitxategiaren ardura duen organoa:

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Gaietako Zuzendaritza.

g) Datuak Eskuratzeko, Zuzentzeko, Baliogabetzeko eta horien Aurka egiteko eskubideak honako zerbitzu honetan gauzatu daitezke:

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila

Gizarte Gaietako Sailburuordetza

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

h) Eska daitekeen maila, segurtasun-neurriei dagokienez: goi-maila.


Azterketa dokumentala