Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3376

140/2011 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko ekainaren 22ko akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera espetxe-osasunaren esparruko Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio.

Dekretu honen xedea bikoitza da: alde batetik, ekainaren 24ko 894/2011 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartu zuen akordioa onartzea eta argitaratzeko agintzea; beste aldetik, dekretuaren beste xedea eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak atxikitzea da. Akordio horren arabera, espetxe-osasunaren arloko Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio. Hori guztia, gainera, irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Bitariko Batzordeak onartutako Akordioaren 2. artikuluaren arabera eta errege-dekretu horretan agintzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera.

Horregatik guztiagatik, Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteordea den Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 28an egindako bilkuran gai hori aztertu eta onartu zuela ikusita, honakoa

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko ekainaren 22ko akordioa onartzea, betiere ekainaren 24ko 894/2011 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Akordio horrek Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egiten dizkio espetxe-osasunaren alorreko Estatuko Administrazio Orokorraren eginkizunak eta zerbitzuak.

Era berean, agintzen da aipatutako Errege Dekretua, dekretu honen eranskin gisa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila osorik.

2. artikulua.- Eskualdatutako zeregin eta zerbitzuak Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxikiko zaizkio.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 28an

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua eta Transferentzien Bitariko Batzordeko presidenteordea,

RODOLFO ARES TABOADA.

ERANSKINA, EKAINAREN 28KO 140/2011 DEKRETUARENA

EKAINAREN 24KO 894/2011 ERREGE DEKRETUA, ESPETXE-OSASUNAREN ESPARRUKO ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEKOA.

Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren arabera (16. eta 17. paragrafoak) Estatuak eskumen esklusiboa du honako gai hauetan: Atzerrirako Osasuna; osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra; sendagaiei buruzko legegintza, baita Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek betearaz ditzakete haren zerbitzuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen, eta bertan -18. artikuluan- dator xedatuta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Barneko osasunaren inguruko Estatuaren legeri oinarrizkoa garatzea eta betearaztea. 18. artikuluak, bestalde, honako hau dio: «Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta osasun eta gizarte-segurantza arloko erakunde, entitate eta fundazioen gainbegiratzea egingo du, artikulu honetan jasotako egiteko eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza Estatuak beretzat gordetzen duela».

Horrez gain, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen seigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, espetxeetako osasun zerbitzuak Osasun Sistema Nazionalean txertatuko direla eta autonomia erkidegoei eskualdatuko zaizkiela.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Transferentzien Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22ko bilkuran hartutako akordio baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari espetxe-osasunaren arloko Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzea erabaki zuen. Akordio hori gauzatuko bada, ordea, ezinbestekoa izango da Gobernuak onarpena ematea, errege-dekretu bidez.

Hori dela-eta, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroaren proposamenez eta Ministroen Kontseiluak 2011ko ekainaren 24ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazten den Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22ko osoko bilkuran hartutako akordioa, hau da, espetxe-osasunaren arloko Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. Errege-dekretu honen eranskin gisa dator transkribatuta akordioa.

2. artikulua.- Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan agertzen diren eginkizun eta zerbitzuak, bertan zehazten diren moduan eta baldintzetan.

3. artikulua.- Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioan adierazitako egun horretatik aurrera hartuko du indarra eginkizunen eta zerbitzuen eskualdaketa honek.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA, EKAINAREN 24KO 894/2011 ERREGE DEKRETUARENA

TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN 2011KO EKAINAREN 22KO AKORDIOA

Antonio Lopez Soto eta Juan Ignacio Urresola Arechabala jaunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariek, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Bitariko Batzordeak, 2011ko ekainaren 22an egindako Osoko Bilkuran, akordio bat hartu zuen, espetxe-osasunaren arloko Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko, ondoren zehazten den moduan:

A) Eskualdatzeari oinarria ematen dioten arauak.

Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren arabera (16. eta 17. paragrafoak) Estatuak eskumen esklusiboa du honako gai hauetan: Atzerrirako Osasuna; osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra; sendagaiei buruzko legegintza, baita Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek betearaz ditzakete haren zerbitzuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen, eta bertan -18. artikuluan- dator xedatuta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Barneko osasunaren inguruko Estatuaren legeri oinarrizkoa garatzea eta betearaztea. 18. artikuluak, bestalde, honako hau dio: «Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta osasun eta gizarte-segurantza arloko erakunde, entitate eta fundazioen gainbegiratzea egingo du, artikulu honetan jasotako egiteko eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza Estatuak beretzat gordetzen duela».

Horrez gain, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen seigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, espetxeetako osasun zerbitzuak Osasun Sistema Nazionalean txertatuko direla eta autonomia erkidegoei eskualdatuko zaizkiela.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren aurreikuspen horiek oinarri hartuta, egoki da Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea espetxe-osasunaren arloko Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak.

B) Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko dituen eginkizunak eta eskualdatutako zerbitzuak identifikatzea.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoak espetxe legerian ezarritako osasun-laguntza arloko eginkizunak beteko ditu, bere lurraldean kokatutako espetxeei dagokienez.

2.- Aipatu eginkizunak betetzeak honako eskubide hauek bermatu beharko ditu: osasun zerbitzuetako erabiltzaile gisako barnekoen eskubideak; talde honen osasun baliabideen eskuragarritasuna; espetxe-osasunaren prestazioen kalitate maila eta zerbitzuak eskuratzeko ekitatea.

3.- Halaber, eskualdatutako osasun-laguntzak espetxe-legeriak zehazten dituen lege-arloko osasun jarduerak ere hartzen ditu barne.

C) Estatuko Administrazioaren esparruan gelditzen diren eginkizun eta zerbitzuak.

Estatuaren Administrazioak ondoko eginkizunak gordeko ditu beretzat:

1.- Espetxeetako osasunaren koordinazio orokorra Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeei dagokienez, hain zuzen ere espetxeetako osasunaren arloko zerbitzu prestazioak eskuratzerakoan kontuan izan beharreko ekitate- eta kalitate-bermearen esparruan; eta guztia, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko espetxeekin eta gainerako Osasun Sistema Nazionalarekin lotuta. Estatuko Administrazioak, Euskal Autonomia Erkidegoarekin koordinatuz, harreman-bideak eta -sistemak finkatuko ditu, zeinek bideratu beharko lituzketen alde bietarako informazioa, zenbait arlotako homogeneitate teknikoa eta bi administrazioek euren eskumenez baliatzerakoan batera jardutea. Espetxeetako gaixotasunik ugarienen osasun informazioaren eta zaintza epidemiologikoaren gaineko sistemetan izango du eragina, modu berezian, koordinazio horrek.

2.- Espetxe-osasunaren arloan estatu-xedea duten estatistikak egitea. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, xede horretarako, beharrezko diren datuak emango ditu, akordio honen D) 4 puntuan adierazitako moduan.

D) Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak batera eta era partekatuan beteko dituzten eginkizunak, eta lankidetzarako formula instituzionalak.

1.- Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzan eskumena duen sailak, espetxeen arloan euren eginkizunez baliatzerakoan koordinazioa bermatze aldera, eskualdaketa gauzatzen denetik harako hiru hileko gehienezko epean, honako organo tekniko hauek eratuko dituzte:

a) Koordinazioko batzordea, kide-kopuru parekidekoa eta sei pertsonak osatuko dutena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Estatuko Administrazioak hiruna kide izango dituzte. Batzorde horrek jarriko ditu bi administrazioen arteko lankidetza- eta kooperazio-irizpide orokorrak, espetxeetako osasun zerbitzuak modurik egokienean betetze aldera.

Estatuko Administrazioak eta Autonomia Erkidegoaren Administrazioak, Koordinazio Batzordearen baitan, osasun publikoaren arloan beharrezkoak diren jarduerak koordinatuko dituzte, espetxeetan betetzen direla bermatzeko.

b) Espetxe bakoitzaren Jarraipen Batzorde Teknikoa establezimenduko zuzendariak, eta honek izendatutako pertsonek eta zerbitzu medikoko arduradunak osatuko dute. Batzordearen zeregina honakoa da: espetxe-osasuneko zerbitzuen eta tratamendu, erregimen eta segurtasun arloetan espetxeen erakundeak bereak dituen eginkizunen arloko programa eta jarduerak aztertu eta ebaluatu. Koordinazioko Batzordeak ezarritako artezpideei lotuko zaizkie batzorde teknikoen jarduerak, eta bidezkotzat jotako eginkizun-egokitzapenak proposatu ahal izango zaizkio.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoak arlo medikoan eta legezkoan espetxe- legeria betez gauzatuko dituen osasun-laguntzaren jarduerak Koordinazio Batzordeak onartutako protokoloen arabera gauzatuko dira. Protokolo horiek honako hauek jasoko dituzte, behinik behin: informatu beharra, bilakaeraren jarraipena eta eskualdatzeko diren berariazko prozedurei buruz osasun langileak eskaini beharreko laguntza.

Espetxe-legerian exijitzen diren interbentzio profesionalak -juridikoak eta legalak- bermatzea eta betetzea eskuratzen da berariaz, honako eginkizun hauei lotuta: arauzko txostenak eman, presoak espetxeratzearekin lotutako egoeren bilakaera eta laguntzaren jarraipena, diziplina erregimena, behartze-baliabideak ezarri, gainbegiratu, mantendu eta bertan behera utzi, erregimen itxiko eta bereziko sailkapena, gaixo terminalen eta giza-arrazoizkoen sailkapena, baldintzapeko askatasuna, espetxeratuen osasunerako arriskutsuak diren sustantziak baloratu eta kontrolatzean sorospen teknikoa eta laguntza espezializatua eskaini, eta auzitegiko ezagupen juridikoak behar izan eta espetxeratu guztien osotasun fisiko eta psikologikoari eutsi beharrak exijitutako gainerakoak.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoak, halaber, espetxe-legerian jasotako organo kolegiatuetan parte hartuko du; eta parte hartuko du, espetxean eskualdaketa honen gai diren zerbitzu medikoetako arduradunaren bidez, eta aipatu legerian aditzera emandako moduan; zertarako eta, medikuaren irizpide aintzat hartuz, erabakiak hartzeko gai hauetan: espetxeen barne-antolaketa gainditu, espetxeratuen tratamendu programetan eragin eta horien zigorrak betetzeari dagokionez euren oinarrizko eskubideei afektatzen dietenak.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoak, osasun informazioko eta zaintza epidemiologikoko sistemak gauzatu aldera eta Osasun Sistema Nazionalekoekin koordinazioa bermatze aldera, behar den informazioa jarriko du Estatuko Administrazioaren eskura, 1. paragrafoan aipatu Koordinaziorako Lurralde Batzordeak ezarriko dituen irizpideei jarraiki eskualdatutako eginkizunez baliatzeari buruz. Estatuko Administrazioak, bestalde, gai horiei buruz landutako informazioa jarriko du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskura.

E) Eskualdatutako giza-baliabideak

1.- 1. zerrendan zehaztutako langileak dira, eta halaber adierazi egiten da zein kidego edo eskalari atxikita edo asimilatuta dauden, euren erregistro pertsonaleko zenbakia eta soldata oinarrizkoak eta osagarriak zeintzuk diren, betiere euren espediente pertsonaletan jasotakoarekin bat etorriz.

2.- Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak, Gobernuak errege-dekretu hau onartu bezain laster, eskualdaketa eta euren egoera administratibo berria jakinaraziko dizkie interesdunei.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunei, era berean, eskualdatuko diren langileen espediente guztien kopia ziurtatua igorriko zaie, bai eta 2011n sortarazi beharko diren zenbatekoei buruzko hartzekoen ziurtagiriak ere.

4.- Langile-zerrenda horietan zuzenketarik edo aldaketarik sartu behar izango balitz, zuzenketa edo aldaketa hori bi administrazioek egiaztatu ondoren gauzatuko litzateke, Bitariko Batzordeko Idazkariek emandako ziurtagiriaren bitartez.

E) Estatuaren ondasun, eskubide eta betebehar eskualdatutakoak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio eskualdaketa honen gai diren eginkizun eta zerbitzuei atxikitako altzari, ekipo eta material inbentariagarria. Akordio honek indarra hartzen duenetik hiru hileko epean, eskualdaketak entregatu eta eskuratzeko aktak izenpetuko dira.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko espetxe eraiki berrien instalazioak amaituko direnean, akordio honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako ondasun eta eskubideei atxikiko zaie osasun ekipamendua. Baldintza bakarra izango da: eskualdaketa entregatu eta eskuratzeko akta gauzatzea agiriak entregatu eta akta egitearen bidez. Ekipamendua eta administrazio bien betebeharrak koordinatzeko baldintzak 1 zenbakiko akordio osagarrian daude ezarrita.

3.- Honakoak geldituko dira Estatuko Administrazioaren esku: ohiko argiteria, ura, gasa eta ahots-telefonia finkoa, baita osasun mailakoak ez diren instalazio eta ekipamenduen mantentze-, kontserbazio- eta garbiketa-gastuak ere. Osasun ekipamenduak behar bezala jarri eta horiek martxan jartzeko instalazio eta lokal finkoek behar dituzten egokitzapenak ere Administrazio honi dagozkio.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio osasun-datuen sarea ezarri, kudeatu, segurua bihurtu, mantendu eta eguneratzeko gastuak, baita kableatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzuari atxikitako sarea, hardwarea eta softwarea ere. Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-datuen sareak ez du loturarik izango espetxeko gainerako sareekin.

G) Eskualdatzearen eragina izango duten aurrekontu-kredituak.

Zerbitzuek estatu mailan guztira duten kostua, 2011ko ekitaldian, 2. zerrendan agertzen da.

H) Eskualdatu diren zerbitzuen agiriak eta espedienteak.

Akordio hau onartzen duen errege-dekretua argitaratzen den egunetik aurrerako hilabeteko epean entregatuko dira eskualdatutako zerbitzuen agiriak eta espedienteak. Egintza horri buruzko entrega- eta eskuratze-aktak izenpetuko dira.

I) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.

Akordio honen bidez onartu den eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketa 2011ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Eta jasota gera dadin, ziurtagiri hau ematen da.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 22an.

Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariek,

ANTONIO LÓPEZ SOTO JAUNAK

JUAN IGNACIO URRESOLA ARECHABALA JAUNAK.

1. ZERRENDA

FUNTZIONARIOEN LANPOSTUEN 1.1 ZERRENDA

LANPOSTU-ZERRENDA: LANGRAIZ OKA, 31180/IO.C70.001/ UNITATE ORGANIKOA, FUNTZIONARIOAK

(Ikus .PDF)

LANPOSTU-ZERRENDA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN, 31196/IO.C70.001/ UNITATE ORGANIKOA, FUNTZIONARIOAK

(Ikus .PDF)

LANPOSTU-ZERRENDA: BILBAO, 31223/IO.C70.001/ UNITATE ORGANIKOA, FUNTZIONARIOAK

(Ikus .PDF)

LAN-KONTRATUDUN LANGILEEN LANPOSTUEN 1.2 ZERRENDA

(Ikus .PDF)

2. ZERRENDA

ZERBITZUEK ESTATU MAILAN GUZTIRA DUTEN KOSTUA (2011KO EKITALDIKO AURREKONTU-ZUZKIDURAK)

16 ATALA: BARNE MINISTERIOA

05 ZERBITZUA: ESPETXE ERAKUNDEETAKO IDAZKARITZA OROKORRA

133A PROGRAMA: ESPETXEAK

Euroak 2011

Cap 1 59.608.612,31

Cap 2 84.236.756,91

Cap 6 951.340,00

144.796.709,22


Azterketa dokumentala