Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2870

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 11koa, Kulturako sailburuarena, Dantza sustatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzeko dena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo dantza sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Ildo horretatik, laguntzak emango ditu sorkuntza koreografikoan, dantza konpainiak sendotzean, dantza-lanen ekoizpenean, eta dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzan. Neurri horren bitartez, Euskadin diharduten koreografoen eta dantza-konpainien sorkuntza-lana sustatzeko eta sektore honen profesionalizazioaren alde egiten diren ahaleginak bultzatzeko formula lortu nahi da. Horretarako, laguntza emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko zirkuitu eszenikoetan dantzaren aukerak pixkanaka areagotuko dituzten zabalkunde-ekimenei.

Hori guztia dela eta,

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea eta modalitateak.

1.- Agindu honen xedea 2011n zehar burutuko diren edo hasiko diren dantza-jardueretarako diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea da.

2.- Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jarduerak honako atal hauei dagozkien kapituluetan zehaztu eta deskribatzen direnak dira:

- II. kap.: Sorkuntza koreografikoa.

- III. kap.: Dantza konpainiak sendotzea.

- IV. kap.: Dantza-lanen ekoizpena.

- V. kap.: Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta lagunaza.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga orokorra.

1.- Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 348.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: 30.000 euro Koreografia sorkuntzarako; 100.000 euro Konpainiak sendotzeko, 120.000 euro Dantza-lanak ekoizteko, 98.000 euro Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzarako.

2.- Modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada (eskabiderik ez egoteagatik, eskakizunak ez betetzeagatik edo proiektuen kalitate eskasagatik), gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramango da, Koreografia sorkuntzaren modalitatekoa izan ezik. Egoera hau gertatuz gero, lehentasuna izango du eskatutako diru kopuru orokorra eta hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak.

3.- Ekoizpen modalitaterako eta Konpainien sendotzeko modalitatearen jarduera berarentzako, aurreikusitako laguntza publikoak, oro har, ezingo du gastu-aurrekonturen %70a gainditu.

3. artikulua.- Pertsona onuradunen betekizunak eta proiektuen bideragarritasuna.

1.- Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Koreografia sorkuntzako modalitatea: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako erroldan dauden pertsona fisikoak.

b) Bestelako modalitateetan, nahitaezkoa izango da eskakizun hauek betetzea:

b.1.- Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden edo egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.

Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidegoa» formapean aurkeztutako eskaerak.

b.2.- Ekonomi Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean alta emanda egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen helburua dantza-jardueren ingurukoa izatea.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

3.- Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik duten pertsona eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4.- Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2011an Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza izendunak jaso dituzten entitateek.

5.- Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.

4. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

1.- Modalitate bakoitzari dagozkion laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta laguntzak banatuko dira, deialdi honen 7. eta 8. artikuluetan aurreikusten den bezala.

2.- Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko Zuzendaritza horrek beraien jarraipena egingo du. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu. Horretarako, pertsona onuradunak behartuta daude eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera.

5. artikulua.- Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.- Eskabidea eta gainerako agiriak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.- Modalitate guztietan, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera.

6. artikulua.- Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

7. artikulua.- Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

2.- Balorazio Batzordeko burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da -edo horrek eskuordetutako pertsona- eta idazkaria Zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta sei gehienez izango dira. Dantzaren inguruko profesionalen artean aukeratuko dira, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.

3.- Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

4.- Balorazio Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenan, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Koreografia sorkuntzarako, Konpainiak sendotzeko eta Ekoizpen modalitateetan eskabidea egiten duten pertsona edota erakunde guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (XI. eranskina). Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.

8. artikulua.- Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

1.- Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, puntuen % 50 lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.

2.- Bukaerako laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko eta 2.3 artikuluan eta modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.

3.- Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da modalitate guztietan, Koreografia Sorkuntzarenean izan ezik. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.

Dena den, Batzordeak arreta berezia jarriko du ematen diren diru-laguntzek proiektuen bideragarritasun ekonomikoa modu eraginkorrean ahalbidetu dezaten. Zentzu horretan, ez da eskatutako kopuruaren % 30 baino txikiagoko laguntzarik emango.

4.- Modalitate berean, proiektu bakar bat diruz lagundu ahalko da eskatzaile bakoitzeko.

9. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasunak eta bateraezintasunak.

1.- Agindu honen 2.3 eta 3.4 artikuluetan adierazitakoa gorabehera eta Koreografia sorkuntzako modalitatearen kasuan izan ezik, agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berbererako ematen den beste edozeinekin, betiere gainfinantzaketarik suertatzen ez bada. Kasu horretan, gaindikina ez da ordainduko edo, hala badagokio, itzuli egin beharko da.

2.- Konpainiak sendotzeko modalitatean edo Koreografia Sorkuntzarenean laguntza jasotzea bateraezina izango da beste edozein modalitatetan jasotzearekin, baita bietan bietan batera ere.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honen ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du eta prozedurako interesatu guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean gehienez, agindu hau indarrean jartzen denetik. Halaber, ebatzitako deialdiaren erreferentzia EHAAn argitaratuko da, denek jakin dezaten.

2.- Aipaturiko epea amaituta interesatuak ez badu jakinarazpenik jaso, eskabide ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

11. artikulua.- Betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektuak edozein aldaketa izanez gero, idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, gehienez hilabeteko epean, onuradunak diru-laguntza lortu izanaren ebazpena jasotzen duen egunetik hasita. Zuzendaritzak, bestalde, aldaketen komunikazioa jasotzen duen egunetik 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Epe hori jakinarazpenik espresuki egin gabe amaituz gero, aldaketa onartutzat ulertuko da.

e) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, dirulaguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

12. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.- Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak hurrengo kapituluetan modalitate bakoitzerako zehazten den moduan ordainduko dira.

2.- Pertsona onuradunek ondoren aipatzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute jarduera bukatu ondorengo hiru hilabeteetan. Salbuespen izango dira Koreografia sorkuntzako modalitateko diru-laguntzak, horien kasuan 17. artikuluan xedatutakoa beteko baita. Hona hemen beste modalitateetan aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Diruz lagundutako jarduera egin izanaren egiaztagiria:

a.1.- Aktibitate guztietarako:

- Jardueraren garapen txostena eta ebaluazioa.

- Argitaratutako katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki, bideo eta gainerako materialaren aleak. Horietan guztietan, Kultura Sailaren babesa aipatu beharko da.

a.2.- Estreinaldia izanez gero, honako hau ere aurkeztu beharko da: kontratuaren kopia edo kontratatzailearen egiaztagiria, II. eranskinaren 4. puntuan zehazten den moduan.

b) Justifikazio ekonomikoa:

b.1.- Burututako jarduera dela-eta izandako gastu eta sarreren balantzeari buruzko zinpeko aitorpena.

b.2.- Justifikatutako gastuen laburpena, kontzeptuka banatuta.

b.3.- Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastu eta sarreren egiaztagiriak, jatorrizkoak edo Kulturako lurralde zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak. Egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuarekin eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izan behar dute.

Salbuespen gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kargura emandako diru-kopuruak gastuen aurrekontuaren erdia gainditzen ez duenean, emandako diru-laguntza baino ez da justifikatu beharko agiri bidez. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuz gero, onuradunek aurrekontuan adierazitako kopuru osoa justifikatu beharko dute zuzendaritza horren aurrean.

c) Onuradunak zerga-betebeharrak beteta dituela adierazten duen dokumentazioa.

d) Agindu honetako 9. artikuluan aipatutako bateragarritasun-kasuak direla eta, helburu berberako jasotako beste diru-laguntzen zerrenda, baldin eta eskabidea egiterakoan onuradunak horien berri ez bazuen.

13. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko.

14. artikulua.- Ez betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen.

II. KAPITULUA

KOREOGRAFIA SORKUNTZARAKO LAGUNTZAK

15. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak, laguntza kopurua eta zenbatekoa.

1.- Honako kapitulu honetan araututako laguntzak koreografia originalak sortzera zuzendurik daude. Koreografia horiek eszena-formatua tradizionala, alternatiboa edo kalekoa eduki ahal dute, hamabost minututako iraupena, gutxi gorabehera, eta 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean Euskadin garatu behar dira.

2.- Gehinez, hamar laguntza emango dira, horietariko bakoitza 3.000 eurokoa izango delarik.

16. artikulua.- Hautaketa eta balorazioa egiteko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diruz lagunduko direnak hautatzeko, ondokoa baloratuko da:

a) Pertsona eskatzaileak dantzaren alorrean izan duen prestakuntza eta jardunbide profesionala baita proiektua egiterakoan egindako ikerketa eta kanpo-harremanak ere (guztizko puntuazioaren % 50a).

b) Proiektuaren kultur kalitate eta interesa. Ildo horretatik, sorkuntza prozesuaren planteamendu teoriko, artistiko eta teknikoak kontuan hartuko dira baita sorturiko pieza edo lana zabaltzeko aurreikuspenak (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Ikerketa metodologiari, sorkuntza prozesuari eta eta lanaren aurkezpen publikoari eta zabalkudneari buruzko plangintza eta gogoetak (guztizko puntuazioaren % 20).

17. artikulua.- Laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 70ekoa, 11.a artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 30ekoa, behin Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak sorkuntza benetan gauzatu dela egiaztatu ondoren, betiere 2012. urtea amaitu baino lehen.

III. KAPITULUA

DANTZA KONPAINIAK SENDOTZEKO LAGUNTZAK

18. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta gastuak eta laguntzen muga.

Laguntza-deialdi honen helburua hauxe da: Euskadin Dantza konpainia profesionalak sendotzen laguntzea, ondorengo irizpideen arabera.

1.- Diruz laguntzeko proiektuetako jarduerek bi multzo hauetakoak izan behar dute:

a) Dantza-konpainia profesional gisa, hauetako bat gutxienez:

- Lan berri baten ekoizpen eta estreinaldia, 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra arte.

- 2011 urterako Bira Plana, gutxienez 12 emanaldi egitea aurreikusten dituena.

b) Dantza-egitasmo paralelo moduan, 2011rako, jarduera-programa oso bat Euskadin, eremu hauetako batean gutxienez:

- Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntza.

- Dantzarako sensibilizazioa.

2.- Jardueraren b) atal honetako gastuaren aurrekontua gutxienez sendotzeko proiektu osoaren aurrekontuaren % 30 izango da.

3.- Onuradun bakoitzari modalitate honetan eman dakiokeen laguntza handiena ezin da izan 60.000 euro baino handiagoa, eta betiere errespetatuko da 8.2 artikuluan ezarritako muga.

Modalitete honetako gastu lagungarriak, ekoizpenari; b) multzoko jarduerei; baita proiektuaren funtzionamendu komunei ere izan ahalko dira. Inbertsio gastuak kanpoan geratuko dira.

4.- Modalitate honetan aurkeztu baina laguntzarik eskuratzen ez duten proiektuak dagozkien jarduera-multzo partzialetan banakatuko dira. Horiek, beste modalitateren baten xedea eta baldintzak betez gero, bertan baloratu ahal izango dira eta, bere kasuan, deialdiaren hauetako modalitateren batean edo gehiagotan laguntza jaso: Ekoizpena eta Prestakuntza-Laguntza.

Ondorio horietarako, beharrezkoa izango da proiektuetan argi bereiztea jarduera desberdinen helburuak, edukiak eta aurrekontuak: Ekoizpena, Bira, Prestakuntza eta laguntza edo Sentsibilizazioa II, VI eta VII. eranskinetan zehazten den bezala.

19. artikulua.- Modalitatean sartzeko beste betekizun batzuk.

Finkaturiko bestelako baldintzez gain, modalitate honen bitartez laguntza jasotzeko, Konpainiek honakoak bete behar dituzte:

a) Gutxienez bi pertsonaz osaturiko oinarrizko talde finko bat izatea.

b) Dantza jarduera profesionala egin izana 2006 urtetik aurrera bederen eta urte horretatik 2010 urtera arte, hori barne, 40 emanaldi gutxienez.

Ondorio horietarako, aipaturiko oinarrizko taldea osatzen duten pertsonen sorkuntza eta ekoizpenari buruzko historiala onartuko da, bai lan horien titular zuzen gisa, bai aurreko egituretako kide gisa; beti ere titularitate hori behar moduan ziurtatuta geratzen bada.

c) 18.1 artikuluko b) multzoko jarduerei dagokienez, honako betebehar hauek ziurtatu beharko dira:

c.1.- Atal horretako gastu-aurrekontuaren % 40 gutxienez finantzako konpromiso tinkoa duten beste erakunde publiko edo pribatuak izatea.

c.2.- Jarduera garatzeko espazioa fisiko bat izatea, jabetzan, errentan edo lagapen bidez.

20. artikulua.- Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko, ondoko irizpideak kontuan hartuko dira:

1.- Eskatzaileak dantza-sorkuntza eta -ekoizpenaren alorrean duen curriculum-a (puntuazio orokorraren % 25).

Horretarako, kontuan hartuko da:

- Guztira ekoitzitako lan kopurua.

- 2006 eta 20010 bitartean egindako emanaldi kopurua.

- Konpainiaren historiala: kalitatea, koherentzia artistikoa, erregulartasuna eta lanean duen eragina.

2.- Deialdi honetan aurkeztutako ekoizpen proiektua (puntuazio orokorraren % 25).

Atal honetan irizpide hauek kontuan hartuko dira:

2.a.- Ekoizpena izanez gero, modalitate horretarako erabilitako irizpide berberak (23. Artikulua).

2.b.- Bira izanez gero, irizpide objetibo hauek kontuan hartuko dira: biraren bolumena (emanaldi kopurua eta distantzia; birako pertsona kopurua; autofinanziazio maila).

3.- Jarduera-proiektu paraleloaren balorazioa (puntuazio orokorraren % 25).

Atal honetan, etengabeko prestakuntza eta laguntzaren modalitatearen 26. artikuluan erabilitako irizpide berak aplikatuko dira.

4.- Sendotzeko proiektu orokorraren interesa, oreka eta sendotasuna (puntuazio orokorraren % 25).

Horretarako kontuan hartuko dira:

- Proiektuaren diseinu orokorra, epe labur eta ertainean.

- Euskadiko dantzagintzan duen eragina.

- Proiektuaren planteamendu ekonomiko orokorra.

21. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

1.- Emandako laguntzen ordainketa ondoren adierazitako moduan gauzatuko da:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 70ekoa, 11.a artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 30a, agindu honetako 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beharrezko dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, betiere, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera.

IV. KAPITULUA

DANTZA-LANAK EKOIZTEKO LAGUNTZAK

22. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzen muga.

1.- Modalitate honen bitartez, diruz lagunduko dira 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra arte Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten eta estreinatzen diren dantza-lanak.

2.- Laguntza hauen ondorioetarako, hauek joko dira ekoizpentzat: arte-muntaia bat eszenaratzeko aldez aurretik egin behar diren egintza materialen multzoa.

3.- Modalitate honetako onuradun batek ezingo du 25.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzarik jaso eta edozein kasutan 8.2 artikuluan azaltzen diren mugak errespetatu egingo dira.

23. artikulua.- Hautatzeko eta balorazioa egiteko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko, ondoko irizpideak kontuan hartuko dira:

a) Proiektuaren kultur kalitatea eta interesa. Ildo horretatik, proiektua osotasunean hartuko da, arte-balioa, originaltasuna eta dantza garatzeko egiten duen ekarpena beste beste, kontuan hartuko direlarik (guztizko puntuazioaren %40).

b) Ekoizpen-talde artistiko eta formakuntza maila eta lanbidean izan duen ibilbidea. Halaber, Konpainiaren curriculm globala: historiala, etorkizunerako proiektuak eta Euskadiko dantza-jarduerari eginiko ekarpena (guztizko puntuazioaren %30).

c) Proiektua zabaltzeko plana. Hori baloratzeko, kontuan hartuko dira plangintza orokorra eta aurrekontuari dagokiona, hala nola banaketarako eta zabalkunderako planteamendua (guztizko puntuazioaren % 30).

24. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

1.- Emandako laguntzen ordainketa ondoren adierazitako moduan gauzatuko da:

a) Diru-laguntzaren % 70 ekoizpen lanak hastean. Onuradunak aldez aurretik esan beharko du, berariaz, noiz hasiko diren ekoizpen-lanok.

b) Gainontzeko % 30a, agindu honetako 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beharreko dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, betiere 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera.

V. KAPITULUA

DANTZA PROFESIONALENTZAKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA ETA LAGUNTZA

25. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzen muga.

1.- Modalitate hau zuzenduta dago 2011ko urtarrilaren 1etik eta 2012ko martxoaren 31ra bitarteko epean egiten diren etengabeko prestakuntza eta laguntzako jarduetara. Horien barruan sartuko dira:

2.- Modalitate honetan kontuan hartuko diren jarduera zehatzak honako hauek izango dira:

a) dantzako profesionaleei espresuki zuzendutako etengabeko prestakuntzarako ikastaro edo tailerrak.

b) ekoizpen eta sorkuntza profesionalerako jarduerak, adibidez, arte-egoitzak, laguntza administratiboa, teknikoa edo zabalkunderako laguntza.

3.- Aurreko b) paragrafoan aipaturiko jarduerei dagokienez, laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez bi konpainia profesionali zerbitzua eman eta haien abala izan beharko dute.

4.- Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

- Dantzaren praktika edo formakuntza, aisia jarduera gisa.

- Aurreprofesionalak diren ikastaroak, arautuak izan ala ez.

Bi kasuotan, kurtsoen maila, estilo edo formatoa gorabehera.

5.- Modalitate honetako onuradun batek ezingo du 20.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzarik jaso.

26. artikulua.- Hautaketa eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko, ondoko irizpideak kontuan hartuko dira:

a) Aurkeztutako egitasmoaren interesa eta kalitatea, bai helburuei eta edukiei dagokienez, bai metodologiari, antolaketari, zabalkundeari eta aurrekontu egookitzapenari dagokienez (guztizko puntuazioaren % 60).

b) Proiektuaren arduradunen eta entitate eskatzailearen ibilbide profesionala (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Euskararen erabilera. Ikastaroetan, zabalkunde materialetan edo dagozkion zerbitzuetan (guztizko puntuazioaren % 10).

27. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

1.- Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 70ekoa, 11.a artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 30a, agindu honetako 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beharreko dokumentazioa aurkeztu ondoren, betiere 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehengoa.- Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak aldatu ahal izango dira -Sorkuntza koreografikoari dagokiona izan ezik-, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

Bigarrena.- Laguntza-programa hau Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) araudian ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

Hirugarrena.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako sariak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 11.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

DANTZA SUSTATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA - 2011

CONVOCATORIA DE AYUDAS ECONÓMICAS PARA LA PROMOCIÓN DE LA DANZA 2011

I. ERASKINA / ANEXO I

DIRULAGUNTZA-ESKABIDEA / SOLICITUD DE SUBVENCIÓN

(Ikus .PDF)

II. ERASKINA / ANEXO II

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTUEN ZERRENDA / RELACIÓN DE DOCUMENTOS A PRESENTAR

(eta argibideak / y notas aclaratorias)

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

ZINPEKO ADIERAZPENAK / DECLARACIONES JURADAS

(Ikus .PDF)

IV. ERASKINA / ANEXO IV

KONPAINIAREN DATU OROKORRAK (1) / DATOS GENERALES DE LA COMPAÑÍA (1)

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

EMANALDIEN LABURPENA / RESUMEN DE ACTUACIONES

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

JARDUERAREN AURREKONTUAREN LABURPENA (5)

RESUMEN DE PRESUPUESTO DE LA ACTIVIDAD) (5)

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA / ANEXO VII

KONPAINIAK SENDOTZEKO MODALITATEA - AURREKONTU OROKORRAREN LABURPENA (1)

MODALDAD DE CONSOLIDACIÓN DE COMPAÑÍAS - RESUMEN DEL PRESUPUESTO GENERAL (1)

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA / ANEXO VIII

EKOIZPENAREN EMANALDI BAKOITZEKO KOSTUA

COSTE POR REPRESENTACIÓN DE LA PRODUCCIÓN

(Ikus .PDF)

IX. ERASKINA / ANEXO IX

TALDE ARTISTIKO ETA TEKNIKOA

EQUIPO ARTÍSTICO Y TÉCNICO

(Ikus .PDF)

X. ERANSKINA / ANEXO X

BIRAREN DATUAK

DATOS SOBRE LA GIRA

(Ikus .PDF)

XI. ERANSKINA / ANEXO XI

BALORAZIO BATZORDEAREN AURREAN PROIEKTUAREN DEFENTSA (BORONDATEZKOA)

DEFENSA DEL PROYECTO ANTE LA COMISIÓN DE VALORACIÓN (VOLUNTARIA)

KOREOGRAFI SORKUNTZA, KONPAINIEN KONSOLIDAZIOA ETA DANTZA-EKOIZPENERAKO MODALITATEAK

MODALIDADES DE CREACIÓN COREOGRÁFICA, CONSOLIDACIÓN DE COMPAÑÍAS Y PRODUCCIÓN DE DANZA

(Ikus .PDF)

XII. ERANSKINA / ANEXO XII

ORDAINKETATARAKO DATUAK / DATOS PARA LOS PAGOS

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala