Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
2867

EBAZPENA, 2011ko martxoaren 8koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena.

Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpenaren bidez, zehaztasun handiagoa eman nahi zitzaion Goi-tentsioko airetiko linea elektrikoen araudiaren 35. artikuluan ezarritako obligazioari. Araudi hori azaroaren 28ko 3151/1968 Dekretuak onartu zuen, linearen bi aldeetan zuhaitzak mozteko puntu bat egon behar zela esaten zuena, hain zuzen ere adarrek edo zuhaitz-enborrek linea elektrikoko eroaleak ukitzearen ondorioz gertatzen diren zerbitzu-etenak eta suteak saihesteko.

Goi-tentsioko airetiko linea elektrikoen erregelamendu teknikoa eta bere jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01etik 09ra) onartzen dituen otsailaren 15eko 223/2008 EDk (2008-03-19ko BOE) berariaz indargabetzen du araudi hori.

Araudian egindako aldaketengatik, eta aurreko ebazpena aplikatzearen ondorioz sortutako zenbait gairengatik, komeni da ezarritako preskripzioak berriro arautzeari ekitea, preskripzio horiek doituz eta aplikatu beharreko araudi berrira eta esperientziak agerian utzi duenera egokituz, hornidura eteteak dakartzan arriskuen eta suteen murrizketa eta ingurumenari egiten zaion erasoen gutxitzea bateragarri egiteko, zuhaitz-mozketa horiek ondorio horiek dituzte-eta.

Aipatutako lege-manuak eta, oro har, gai honetan erabilgarri diren gainerako xedapen guztiak ikusita,

XEDATU DUT:

Bat.- Lehen mailako goi-tentsioko airetiko lineak (220 kV baino txikiagoak eta 66 kV baino handiagoak diren tentsioak) gehienezko garapen begetatiboan baldintza txarrenetan linea elektrikoetako eroaleetatik metrotik beherako distantzian gera daitezkeen baso edo zuhaiztietatik igarotzen direnean, zuhaitzak mozteko alde bat ezarri eta dagokion kalte-ordaina ordaindu beharko da. Alde hori linea babesteko eremuan sartuko da.

Bi.- Bigarren eta hirugarren kategoriako goi-tentsioko airetiko lineak (66 kV-koak edo hortik beherakoak) gehienezko garapen begetatiboan baldintza txarrenetan 2 metrotik beherako distantzian gera daitezkeen baso edo zuhaiztietatik igarotzen direnean, zuhaitzak mozteko alde bat ezarri eta dagokion kalte-ordaina ordaindu beharko da. Alde hori linea babesteko eremuan sartuko da.

Hiru.- Zuhaitzak mozteko aurreko puntuetan adierazitako aldea honela zehaztuko da: kanpoko eroaleek lurzoruaren gainean duten proiekziotik zuhaitzen oinarrira gutxienez 8 metroko distantzia egongo da, bigarren eta hirugarren mailako lineetarako, eta 9 metrokoa, lehenengo mailakoetarako, bi aldeetatik. Eroaleak eta beren kate isolatzaileak baldintzarik txarrenetan hartuko dira kontuan (15 ºC-ko tenperatura eta 120 km/h haize abiadura).

Laugarrena.- Ingurumen aldetik sentikorrak diren aldeetan dauden zuhaitz-aldeen kasuan, ebazpen honen lehenengo eta bigarren puntuak errespetatzen badira, zuhaitzak mozteko aldea murriztu ahal izango da kasuan-kasuan horretarako eskumena duen Administrazioak ebazten duen modura.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Ebazpen honetan ezarritako preskripzioak egon dauden instalazio guztien aldizkako arauzko ikuskapenetan exijituko dira, eta ikuskapena egin ondoren, hiru urteko epea ezartzen da preskripzioak betetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko urtarrilaren 29ko Ebazpena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 8a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

OSKAR ZABALA RABADÁN.


Azterketa dokumentala