Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
2840

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 2koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Hospital de San Raimundo» fundazioa iraungi eta likidatzea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzen duena.

«Hospital de San Raimundo» fundazioa iraungi eta likidatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da, honakoak kontuan izanik:

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2011ko martxoaren 18an Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Erregistroan iraungi eta likidatzeko eskritura publikoaren kopia soila sartu zen. Eskritura publiko hori 2011ko martxoaren 15ean eman zuen Antonio Manuel Mijangos Martínezek, Vitoria-Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávilaren aurrean (protokolo zenbakia: 760).

Fundazioaren patroi bakarraren 2010eko ekainaren 2ko ziurtagiria du itsatsita eskritura publikoak, zeinen bidez aditzera ematen baita Fundazioa iraungi eta likidatzeko erabakia hartu eta Fundazioaren ondasunen destinoa ere ebatzi dela.

Bigarrena.- Geroago, 2011ko martxoaren 24an, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Erregistroan honako agiri hauek sartu ziren:

Lehenengo aurrekarian zehaztutako eskritura publikoaren kopia baimendua.

«Hospital de San Raimundo» fundazioaren balantzea.

Laguardiako Jabego Erregistroaren jakinarazpen-ohar soila, hiri finkari buruzkoa, zeinen jabetza soila fundazioarena baita (5624 zenbakiko finka, 898 liburukia, 117 liburua, 93 orrialdea, hirugarren inskripzioa). Finka hori usufruktu eskubidez dago zergapetuta Euskal Autonomia Erkidegoaren alde.

2011ko urtarrilaren 12an egindako ohiko bilkurari buruz Laguardiako Udalak 2011ko urtarrilaren 27an hartutako ziurtagiria, non onartu egin baitzen «Hospital de San Raimundo» fundazioak Udalaren alde egindako dohaintza-proposamena (aurreko puntuan deskribatutako jabetza soila), eta eutsi egiten baizitzaion -ordura arteko moduan- Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaern artean erabakitako usufruktuari.

Hirugarrena.- Entitateek 2011ko martxoaren 31n emandako ziurtagiriak aurkeztu ziren 2011ko apirilaren 7an, non adierazten baitute «Hospital de San Raimundo» fundazioak likidatzeko dituen diru-sarreren gerakina eskuratu dutela.

Laugarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistro, Aholkularitza eta Kontrol Unitateko zerbitzu teknikoek aztertu dute espedientea eta, ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio fundazioa iraungitzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidego Fundazioen Legeko 36.3 eta 40. artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4. artikuluan; eta, lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 4/2009 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren 9.1.e. paragrafoan; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4.1 artikuluan.

Bigarrena.- Legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 33. eta 34. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan eta fundazioaren estatutuetan -ondarea iraungitze eta likidatzeari dagokionez- aurreikusitako baldintzak bete dira.

Hirugarrena.- Fundazioen Babeslaritzak onartu eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharreko agiriei darienez, «Hospital de San Raimundo» fundazioaren patroi bakarrak 2010eko ekainaren 2an fundazioa iraungitzeko hartutako ebazpena baliozkoa da, estatutuen eta Euskal Autonomia Erkidegoan fundazioei buruz indarrean dauden arauetan ezarritakoaren arabera. Era berean, eginkizunak betetzeko dirurik ez izatearren eta Laguardia kolektiboak Fundazioak esleitutako laguntza xumeen premiarik ez izatearren, fundazioaren xedea bete ezin denez, badago benetako arrazoi bat fundazioa iraungitzeko, Kode Zibilaren 39. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko 12/1994 Legearen 33.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Fundazioa iraungitzeko aipatu erabakiaren ondorioz, «Hospital de San Raimundo» fundazioaren Patronatuko bazkideek honako hau erabaki dute: aipatu ondasun guztiak Laguardia Udalerriko elkarte eta entiateei ematea, hain justu ere fundazio horrek dituen helburuen antzekoetarako erabil daitezen.

Ondarearen destinoa, berez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legearen 35. artikuluari atxikitzen zaiola jo behar da.

Laugarrena - 100/2007 Dekretuko 36. artikuluak xedatzen duenez, iraungitzeko erabakiak edo fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat jotzen dituen ebazpen judizialak, hala gertatuz gero, hasiera emango diete likidatzeko eragiketei.

Fundazioko gobernu-organoak egingo du iraungitako fundazioaren likidazioa, betiere Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

100/2007 Dekretuko 36.6 artikuluak ezartzen dira zein elementu izan behar dituen Fundazioa Likidatzeko Eskritura Publikoak.

Aipatu manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusirik, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak honako hau

EBATZI DU:

Lehenengoa.- «Hospital de San Raimundo» fundazioa iraungitzeaz eta 2010eko ekainaren 2ko ziurtagirian jasota dagoen likidazioaren ondoriozko likidoaren destinoaz patroi bakarrak hartutako erabakia sendestea, zein publikoa egin baita 2011ko martxoaren 15ean Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávilak 760 protokolo-zenbakiz baimendutako notario-eskrituraz. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak eutsi egiten dio finka horrekiko usufruktu eskubideari.

Bigarrena.- Fundazioa iraungitzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Hirugarrena.- «Hospital de San Raimundo» fundazioaren likidazio-prozesua amaitutzat jotzea eta beraren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.

Laugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 2a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala