Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
2838

AGINDUA, 2010eko abenduaren 3koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Giza Eskubideen «Rene Cassin» sariaren erabakia jakinarazteko dena.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko urriaren 19ko Aginduaren bidez (urriaren 20ko EHAA, 202. zk.), Giza Eskubideen «Rene Cassin» Saria arautu eta deitzen zen.

Badira pertsona nahiz talde batzuk giza eskubideak defendatzen eta zabaltzen engaiatu direnak; lanean eta bizitzan urratu duten bidea da horren erakusgarri. Deialdi honen helburua, hain justu, pertsona edo talde horiek saritzea eta egin dutena jendaurrean aitortzea da.

Sariaren izena Rene Cassin jaunaren omenez jarri da. Rene Cassin Baionan jaio zen, 1887ko urriaren 5ean; Lehen Mundu Gerran oso esperientzia latza izan zuen eta horrek barren-barrenetik eragin zion eta horren ondorioz, gerraren biktimen eta antzinako gudarien defendatzaile ausart bihurtu zen. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean funtsezko zeregina izan zuen. 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten, giza eskubideen alde atsedenik hartu gabe buru-belarri ibili delako; sari hori Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.

2010eko urriaren 20ko Agindu horren 6.1 artikuluak dioenez, saria nork merezi duen erabakitzeko, kalifikaziorako epaimahaia eratuko da, eta bertan, giza eskubideekin zerikusia duten ospe handiko pertsona ezagunek hartuko dute parte.

Bestalde, aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdi honetan jasotako irizpideei kasu eginez epaimahaiaren uste eta jakunduria leialaren arabera hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu epaimahaiaren epaitzak eta, horrez gain, saritutako pertsonaren edo pertsonen ibilbidearen esanahiaz egiten duen balorazioa ere azalduko du.

Hori dela-eta, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Erabakia.

Giza Eskubideen «René Cassin» sariaren Epaimahaiak, 2010 azaroaren 26an egindako bileran, eta gaia eztabaidatu ondoren, erabaki du 2010. urteko saria ex aequo, batetik, Gernika Gogoratuz elkarteko zuzendaria den María Oianguren Idígoras andreari ematea, bakeari buruzko hausnarketa zientifikoa eginez eta hori gizartearekiko konpromisoan praktikan jarriz bakearen eta giza eskubideen aldeko ekintzaile-lana egiten duelako, ez Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, baita nazioartean ere; eta, bestetik, nazioarteko Bake Brigadak erakundeari ere ematea erabaki du, diziplinatzat indarkeriarik eza hartuz bakea sortu, finkatu eta iraunarazteko lana gauzatzeko 1981ean eratu zen gobernuz kanpoko elkartea delako.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 3a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala