Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2011ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
2702

IRAGARKIA, Resiste laguntza-programaren araudia aldatzeko dena.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2011ko martxoaren 30ean eginiko bilkuran, erabaki zuen Resiste laguntza-programaren araudiko 3., 4., 6., 8., 9., 11. eta 12. artikulua aldatzea. Bestalde, araudi hori eta ondorengo aldaketa 2011ko urtarrilaren 26ko EHAAn argitaratu ziren.

Onartutako aldaketak egin ondoren, honela geratzen da Resiste programaren testua, oso-osorik:

Bizi dugun finantza-krisiak eragina izan du enpresa ia guztietan (eragin hori bortitzagoa izan da, gainera, sektore batzuetan): kreditu berri bat eskatu ezina, kapital zirkulatzailearen lineak galtzea, eta, faktore horiek guztiak merkatuen krisiari batuz gero, finantza-entitateekiko betebeharrei erantzun ezin izatea.

Horrek guztiak enpresak behartu egiten ditu euren negozio-planak eta finantza-egiturak zehatz-mehatz aztertzera, euren pasibo finantzarioen berregituraketa sakon bat egin ahal izateko; horrela, pasibo horiek egungo eszenatokira egokitu eta krisia gainditu eta merkatuak berroneratu bitartean konpainiak finantza arloan egonkortzea ahalbidetuko dute. Izan ere, horrela egin ezean, prozedura konkurtsaletara, eta areago, konpainiak likidatzera jo beharko dute.

Enpresen behar horri erantzuteko, Resiste programa onartu zen 2009ko urrian. Programa horren bidez, mailarik goreneko finantza-aholkulariak kontratatzeko laguntzak eskaintzen dira. Aholkulari horien bitartez, enpresek euren finantza-zorrak birnegoziatu ahal izango dituzte, epe ertain batean finantza-egonkortasuna lortze aldera.

Egun, zenbait sektoretan, espero baino apalago eta/edo astiroago ari da berpizten merkatua, eta, gainera, kredituak eskuratzea zaila da oraindik ere. Hori dela-eta, Resiste programak estali nahi dituen beharrizanak egon badaude, baita aurreko deialdietan euren zorra, gutxienez zati batean, berregituratu zuten enpresetan ere.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Laguntza-programa honen helburua da helbidea EAEn duten enpresentzat zorraren berregituraketan adituak diren finantza-aholkulariak kontratatzea, behin birfinantzaketa-prozesuak arrakastaz amaitu ostean, sozietateek epe ertainean finantza-egonkortasuna izan dezaten.

2. artikulua.- Laguntzen izaera.

Programa honen barruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten enpresa guztiak izan daitezke laguntza hauen onuradunak.

2.- Erakunde onuradunek laguntza publikoak jasotzeko beharrezko baldintzak bete beharko dituzte, legearekin bat etorriz, eta, era berean, beren egoera legeztatuta egon beharko da, bai zerga-betebeharren aldetik, bai Gizarte Segurantzaren aldetik, eta egunean egon beharko dute SPRIren edozein sozietaterekin dituzten betekizunetan ere.

3.- Halaber, lehendik onuradun izandako enpresak programa honen onuradun izan daitezke oraingoan ere, baldin eta 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

4.- Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, programaren erakunde onuradunek ez dute egon behar berreskuratzeko agindu baten menpe.

5.- Programa honen onuradun izateko, gainera, enpresa bideragarria dela egiaztatu behar da SPRI SAren aurrean. Enpresak laguntzak jasotzeko bidezkotzat jotzen duen informazioa emango du, eta informazio hori objektiboki eta diskriminaziorik gabe aztertuko du Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa AKEKS SAk; hain zuzen ere, bideragarritasuna behar bezala egiaztatu izanari buruzko txostena emango du.

Nolanahi ere, entitate onuradunak «krisi» egoeran ez dagoen enpresa bat dela egiaztatu behar du. Enpresa bat «krisian» egongo da, baldin eta krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruz Europar Batasunak eman dituen jarraibideen 9. eta 10. puntuetan ezarritako irizpideak betetzen badira (2004ko urriaren 1eko EBAO, C 244); eta, enpresa txiki eta ertainen kasuan (ETE), Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Erregelamenduaren (EE) 1.7 artikuluan ezarritako irizpideak betetzen badira. Araudi horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu bateratuarekin bateragarriak direla deklaratu zen, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (2008ko abuztuaren 9ko EBAO, L 214). Gaur egun, honako hauek dira adierazitako irizpideak:

5.1.- Enpresa krisian dago, baldin eta bere finantza-baliabideak edo akziodun eta hartzekodunengandik datozkionak erabiliz, ez bada gauza -kanpoko esku-hartzerik ez bada, behintzat- epe motz edo ertain batean ekonomikoki desagertzera eramango duten galerak kitatzeko. Inguruabar horiek betetzen direla joko da ondoko baldintza hauetakoren batean egonez gero:

a) Erantzukizun mugatuko sozietateen kasuan, harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada, azken 12 hilabeteetan.

b) Gutxienez, sozietatearen bazkideetako batek enpresaren zorraren gaineko erantzukizun mugagabea duen kasuan, bere funtsen erdia baino gehiago desagertu bada -sozietatearen liburuetan adierazitakoaren arabera- eta funts horien laurdena baino gehiago galdu bada, azken 12 hilabeteetan.

c) Enpresa edozein motatakoa delarik ere, prozedura konkurtsal batean murgiltzeko baldintzak, araudi espainiarrean ezarritakoak, betetzen baditu.

5.2.- ETEen kasuan, krisian daudela joko da, bakar-bakarrik, 5.1 artikuluaren a) eta c) idatzi-zatietan ezarritako baldintzaren bat betetzen baldin badute. Hiru urte baino gutxiago dituen ETEa krisian dagoela joko da, bakar-bakarrik, 5.1.c) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

5.2 paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, enpresa bat ETEa dela jokoa da baldin eta honako heuetan ezarritakoa betetzen badute: Europar Batasunaren 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainaren definizioa) edo hura ordezkatzen edo aldatzen duten xedapenetan. Hauek dira indarrean dauden baldintzak:

250 langile baino gutxiago izatea.

- Urteko negozioaren bolumena 50 milioi euro baino gehiagokoa ez izatea, edo bestela, urteko balantze orokorrak ez dezala 43 milioi euro gainditu.

Beste batzuei lotua edo elkartua den ETEari dagokionez, enpresa-taldeak bete beharko ditu aipatu baldintzak. Eta aipatutakoaren ondorioetarako:

- «Loturadun enpresak» dira euren artean honako erlazio hauetako bat dutenak: (i) enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubide gehienak edukitzea; (ii) enpresa batek beste enpresa bateko administrazio-, zuzendaritza- edo kontrol-organoko kide gehienak izendatu edo errebokatzeko eskubidea edukitzea; (iii) enpresa batek beste baten gaineko nagusigoa baliatzeko eskubidea izatea, bigarren enpresarekin egindako kontratu bat edo enpresa horren estatutuetako klausula bat dela-eta; edo (iv) enpresa bakar batek, beste bati elkartuta egonik edo haren akziodun izanik, bigarren enpresa horretako akziodunen boto-eskubide gehienak kontrolatzea, hain justu ere bigarren enpresa horretako beste akziodun edo bazkide batzuekin egindako akordioaren bitartez.

- Enpresa elkartutzat hartzen dira hauek: loturadun enpresa gisa sailkatu ezin direnak (goragoko paragrafoan esandakoaren arabera), kasu honetan: enpresa batek (enpresa parte hartzailea) bakarrean edo beste batzuekin, beste enpresa baten (partaidetza-enpresa) kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago duenean. Arau orokor horren aurka egin gabe, ez dira kontsideratzen enpresa elkartu: nahiz eta partaidetzaren % 25eko mugara ailegatu, ondoko inbertitzaile-kategoriaren baten badaude: (i) partaidetzako sozietate publikoak, arrisku-kapitaleko sozietateak, pertsona fisikoak edo pertsona fisikoen taldeak, arrisku-kapitalean inbertitu ohi dutenak (inbertitzaile probidentzialak) eta burtsako kotizaziorik gabeko enpresen funtsetan inbertitzen dutenak, betiere inbertitzaile probidentzial horien inbertsioa, enpresa berean, 1.250.000 eurotik gorakoa ez bada; (ii) irabazte asmorik gabeko zentro edo unibertsitateak; (iii) inbertitzaile instituzionalak, eskualde garapenerako funtsak barne; eta (iv) tokiko agintaritza autonomoak, urteko 10 milioi eurotik beherako aurrekontua izanik 5.000 biztanletik behera badituzte.

Enpresa batzuk, ordea, ez dira ETEtzat joko artikulu honetan jasotako gainerako baldintzak bete arren, hain zuzen ere, erakunde edo kolektibitate publiko batek edo gehiagok haien kapital sozialaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago kontrolatzen badute, sozietate elkartuetarako aurreikusita dagoena izan ezik.

6.- Onuradun izateko baldintzei eutsi egin behar zaie laguntzaren azken ordainketa egiten den unera arte.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diru-laguntza jaso dezaketen jardueratzat hartuko dira kanpoko aholkularitza-zerbitzu batzuek eragindako kostuak, baldin eta aholkularia SPRI SAren Finantza-aholkularien Erregistroan sartuta badago. Kontratatutako zerbitzuak finantza-entitateei programa hau indarrean jartzen denetik aurrera aholkularitza eman eta eurekin negoziatzeari buruzkoak izango dira, hain zuzen ere, entitate onuradunaren banku-zorra berregituratzeko.

5. artikulua.- Entitate Laguntzailea.

Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa, AKEKS SA, da laguntza-programa honetan SPRIren erakunde laguntzailea; erakunde hori arduratuko da enpresa eskatzaileek enpresaren bideragarritasuna egiaztatzeko aurkeztu duten informazioa aztertzeaz, eta horri dagokion txostena egingo du.

II. KAPITULUA

DIRU-LAGUNTZEN ERREGIMENA

6. artikulua.- Finantza-aholkularien ordainsariak eta laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren onurak eskuratzen dituzten enpresek kontratatutako finantza aholkulariek enpresa horietatik kobratuko dituzte aholkulari horiekin euren kasara hitzartutako ordainsariak; horretarako, diru-laguntza hauek jasoko dituzte enpresek:

- Programara lehenengoz aurkezten diren enpresen kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa enpresaren guztizko finantza-pasiboari % 0,5eko ehunekoa aplikatzetik ateratzen den zenbatekoaren herena izango da, gehienez, betiere zorra 60 milioi eurotik gorakoa bada; zorra 60 milioikoa edo txikiagoa bada zenbateko hori berdin kalkulatuko da, baina finantza-pasiboari % 1 aplikatuta.

- Programara bigarren aldiz aurkezten diren enpresen kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa enpresaren guztizko finantza-pasiboari % 0,5eko ehunekoa aplikatzetik ateratzen den zenbatekoaren laurdena izango da, gehienez, betiere zorra 60 milioi eurotik gorakoa bada; zorra 60 milioikoa edo txikiagoa bada zenbateko hori berdin kalkulatuko da, baina finantza-pasiboari % 1 aplikatuta.

Aholkularien ordainsarien zenbatekoek aurreko formulak aplikatzetik ateratzen diren zenbatekoak gainditzen badituzte, enpresak ordainduko du gaindikina oso-osorik.

7. artikulua.- Laguntzen metaketa eta mugak.

Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira, 1998/2006 Erregelamenduari (EE) jarraiki.

1998/2006 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, de minimis laguntza dela-eta enpresa onuradun batek guztira jaso dezakeen zenbatekoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa (edo 100.000 eurotik gorakoa, errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan), aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako laguntzak zenbatuta. Hori dela eta, erregimen honetan ezarritako laguntzarik ez da emango baldin eskatutako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste «de minimis» laguntza batzuei gehituta, eta edozein dela ere laguntza eman duen administrazioa, muga horretatik gorakoa bada.

Programa honetan ezarritako laguntzak ezin izango dira estatuko beste inolako laguntzarekin batera pilatu, baldin eta estatuko laguntza horiek programa honetako gastu berberak estaltzen badituzte (hau da, kanpo-aholkularitzako zerbitzuak, finantza-entitateei aholkularitza eman eta eurekin negoziatzeari buruzkoak, enpresa onuradunaren banku-zorra berregituratu ahal izateko), eta pilaketa horrek salbueste-erregelamenduren batean -kategoriaka- edo Batzordeak hartutako erabakiren batean beste laguntzarentzat aurreikusitako inguruabar jakinetarako ezarritako laguntzak gainditzen baditu.

1998/2006 Erregelamenduan (EE) ezarritako mugak ez direla gainditzen egiaztatzeko, honela jardungo da: (a) laguntza eman aurretik eta (b) laguntzaren ordainketari dagozkion aldizkako likidazioak egin aurretik (12. artikulua), onuradunak, 9. artikuluan aurreikusitako laguntza-eskabidearekin eta laguntzaren ordainketaren hileko likidazioa egiteko eskabidearekin batera (12. artikulua), idatzizko aitorpen bat aurkeztu behar du, hain zuzen ere, aurreko bi ekitaldi fiskaletan zehar eta indarrean dagoen ekitaldian zehar jasotako de minimis laguntza orori buruzkoa. Laguntzaren ordainketaren hileko likidazioa egiteko eskabide bakoitzean egiten den aitorpena eguneratu egin behar da de minimis laguntza berrien kopuruaren arabera, alegia, likidazio bakoitzaren aldian-aldiko eskabidea egiten den unean emanda dauden laguntza berrien arabera. Aitorpen horretan kontzeptu hauek zehaztu behar dira, jasotzen den laguntza berri bakoitzeko:

- Jasotako laguntza publikoaren izena.

- Administrazio erantzulea: laguntza zein erakundek ematen duen adieraziko da.

- Laguntza noiz eskatu den.

- Laguntza noiz jaso den.

- Zenbateko gordina.

Enpresa onuradunak eskatutako laguntza baten zenbatekoak aurreko hiru paragrafoetan ezarritako gehienezko muga gainditzen badu, ez da inolako laguntzarik emango erregimen hau aplikatzeko edo, hala egokituz gero, muga hori gainditu gabe uzteko zenbatekoa besterik ez da emango.

Erregimen honetan zehaztutako laguntzarik ez da emango harik eta egiaztatzen den arte emandako laguntzen zenbatekoak ez duela gainditzen enpresak uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako de minimis laguntzetarako estatu kide horretan baimendutako gehienezko zenbatekoa.

Uneren batean de minimis laguntzen baturak -diru-laguntza hau barne- adierazitako gehienezko mugak gainditzen baditu, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da muga horiek gainditu ez daitezen. Laguntza-neurri baten arabera emaniko laguntza baten guztizko zenbatekoak gehienezko muga hori gainditzen badu, laguntzaren zenbateko hori ezin izango da programa honetara bildu, ezta gehienezko muga hori gainditzen ez duen frakzio baterako ere. Laguntza-neurri horretarako ezingo da programa hau erabili, ez laguntza emateko unean, ez ondorengo beste edozein unetan ere.

III. KAPITULUA

PROZEDURA

8. artikulua.- Laguntzak eskatzea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea laguntza-programa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unean hasi eta 2011ko abenduaren 1ean amaituko da.

2.- Enpresaren finantza-zorra berregituratzeko proiektuari hasiera eman aurretik aurkeztu behar dira eskabideak, salbu eta lehendik programaren onuradun izandako enpresak badira; halakoek nahi duten momentuan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, betiere 2011ko abenduaren 1a baino lehen.

3.- Laguntza-eskabideak, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, SPRI SAn aurkeztu behar dira (Urkixo zumarkalea, 36-4. solairua - 48011 Bilbao), bai paperezko euskarrian, bai CDan edo beste euskarri digital batean.

4.- Enpresa bat lehenengoz aurkezten bada programa honetara, laguntza-eskabidea behar bezala bete eta izenpetu behar du enpresa ordezkatzeko legezko eskumen nahikoa duenak; eskabide horrekin batera, ondoko agiriak bidali behar dira:

1.- Enpresaren bideragarritasuna egiaztatzen duen informazioa, 3. artikuluan (erakunde onuradunak) ezarritakoaren arabera.

2.- Zerbitzu profesionalen eskaintza eta aurrekontua, SPRI SAk homologatutako finantza-aholkulari batek zorra berregituratzeko finantza-aholkularitza emateko; aipatu zerbitzu profesionalak direla-eta sortutako ordainsari finko eta aldakorrak jasoko dira bertan.

3.- (i) Legezko ordezkariaren IFZ, NAN edo AIZren fotokopia,(ii) ahalordea duela egiaztatzen duen agiriaren kopia, eta (iii) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken ordainagiriaren fotokopia edo, hala badagokio, zerga horretan alta emanda dagoela dioen agiriaren fotokopia, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduela dioena.

4.- Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

5.- Erantzukizunpeko aitorpena, ondoko hauei buruzkoa:

- Proiektu bererako beste instituzio publiko edo pribatu batzuetatik eskatu eta/edo jaso dituzten laguntzak.

- Enpresa eskatzaileak ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik jaso, eta ez duela inolako legezko debekurik diru-laguntza publikoak jasotzeko.

- Enpresa eskatzailearen finantza-zorraren zenbatekoaren xehetasuna.

- Enpresak, aurtengo ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda, edozein dela ere laguntza eman duen entitatea. Aitorpen horretan, ondoko kontzeptuak zehaztu behar dira laguntza bakoitzeko:

+ Jasotako laguntza publikoaren izena.

+ Administrazio erantzulea: laguntza zein erakundek ematen duen adieraziko da.

+ Laguntza noiz eskatu den.

+ Laguntza noiz jaso den.

+ Zenbateko gordina.

- Aitorpena, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki ondoren, enpresa onuraduna ez dagoela berreskuratze-agindu baten menpe dioena.

Eskabideak eta aurkeztutako gainerako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez badituzte edo hutsuneak badituzte, SPRI SAk interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

5.- Halaber, lehendik programa honen onuradun izandako enpresak badira, 9. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

6.- Nolanahi ere, AKEKS SA Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketak (entitate laguntzailea den aldetik) eta/edo SPRI SAk enpresa eskatzaileari eskatu ahal izango diote aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazioa.

Artículo 9.- Lehendik programa honen onuradun izandako enpresek berriro laguntzak eskatzea.

Lehendik programa honen onuradun izandako enpresek beste eskaera bat egin ahal izango dute, programarekin bat, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Programa honen arabera jasotako diru-laguntzen zenbatekoak ezingo dira izan 6. artikuluan ezarritako gehienezko mugatik gorakoak (6. artikulua «Finantza-aholkularien ordainsariak eta laguntzaren zenbatekoa»).

b) Programa honen 7. artikuluan (Laguntzen metaketa eta mugak) ezarritako arauak jasotako laguntzen guztizko zenbatekoari aplikatuko zaizkio.

c) Eskabidea behar bezala bete eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.- Enpresaren bideragarritasuna egiaztatzen duen informazioa, 3. artikuluan (Erakunde onuradunak) ezarritakoaren arabera.

2.- Zerbitzu profesionalen eskaintza eta aurrekontua, SPRI SAk homologatutako finantza-aholkulari batek zorra berregituratzeko finantza-aholkularitza emateko; aipatu zerbitzu profesionalak direla-eta sortutako ordainsari finko eta aldakorrak jasoko dira bertan.

3.- Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

4.- Erantzukizunpeko aitorpena, ondoko hauei buruzkoa:

- Proiektu bererako beste instituzio publiko edo pribatu batzuetatik eskatu eta/edo jaso dituzten laguntzak.

- Enpresa eskatzaileak ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik jaso, eta ez duela inolako legezko debekurik diru-laguntza publikoak jasotzeko.

- Enpresa eskatzailearen finantza-zorraren zenbatekoaren xehetasuna.

- Enpresak, aurtengo ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda, laguntza eman duen entitatea edozein dela ere. Aitorpen horretan, kontzeptu hauek zehaztu behar dira laguntza bakoitzeko:

+ Jasotako laguntza publikoaren izena.

+ Administrazio erantzulea: laguntza zein erakundek ematen duen adieraziko da.

+ Laguntza noiz eskatu den.

+ Laguntza noiz jaso den.

+ Zenbateko gordina.

- Aitorpena, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki ondoren, enpresa onuraduna ez dagoela berreskuratze-agindu baten menpe dioena.

4.- Programa honen bidez lehendik jasotako laguntza zertan erabili den zehazten duen txostena; honako hauek adieraziko dira bertan:

- Berregituratutako zorra

- Zorpetze berria erakartzea

10. artikulua.- Laguntzak emateko irizpideak.

Laguntzak emateko banan-banako ebaluazioa egingo da; espedienteak izapidetu eta ebazteko kontuan hartuko da eskabideak aurkezten direneko hurrenkera; behar besteko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean emango dira laguntzak.

Alde horretatik, eskabideak aurkezteko hurrenkera zehazteko, aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa osorik aurkezten den unea izango da kontuan.

Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta aurkeztuta egon. Kreditua agortu izanaren berri Interneteko helbide honetan emango da: www.spri.es.

Dagoeneko aurkeztuta eta izapide-fasean dauden eskabideei, esleituriko aurrekontu-hornidura agortu delako erantzun ezin izan bazaie, ezezkoa emango zaie arrazoi hori dela-eta, organo eskudunaren ebazpen bidez.

11. artikulua.- Eskabideen azterketa. Ebazpena.

1.- SPRI SAk aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SAk emandako txostenarekin batera.

2.- Programa honen bidez lehendik laguntzak jasotako enpresek aurkeztutako eskabideak badira, laguntzak emateko, honako hauek baloratuko dira:

a) Lehendik jasotako laguntza behar bezala erabili izana.

b) Enpresaren bideragarritasunaren inguruko aurreikuspenak.

c) Nolako birfinantzazioa behar den, inbertsio-proiektu berriei ekiteko.

3.- SPRI SAren zuzendari nagusia edo hark izendatzen duen beste bat izango da laguntza eman ala ez ebazteko organo eskuduna. Ebazpena onuradunari jakinaraziko zaio, eta SPRI SAren web-orrian (www.spri.es) argitaratuko da bi hilabeteko epean, laguntzak eskatzeko beharrezko agiri guztiak aurkeztu diren egunetik hasita. Epe horretan ebazpena argitaratu ez bada, eskaria ez dela aintzat hartu ulertuko da.

12. artikulua.- Laguntzaren justifikazioa, likidazio-eskabidea eta ordainketa.

1.- Behin laguntza ematea ebatzi dela jakinarazita, aholkularitza-lanak aurkeztutako eskabidearen arabera egin behar ditu bertan aukeratutako finantza-aholkularitzak.

2.- Enpresa onuradunek, laguntza ordain dakien, hilero dokumentazio hau bidali behar dute SPRI SAra:

a) Finantza-aholkulariaren faktura, hilabete horretako ordainsari finkoen zatiari dagokiona, onartutako eskaintzan ezarritakoaren araberakoa.

b) Faktura hori finantza-aholkulariari ordaindu izanaren egiaztagiria.

c) Banku-kontuaren zenbakia.

d) Aitorpena, honako hau adieraziko duena: enpresak, likidazio-eskabidea aurkezten den ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda eguneratua, edozein delarik ere laguntza eman duen erakundea. Helburua: likidazioaren egunean 7. artikuluan (Laguntzen metaketa eta mugak) ezarritako gehienezko muga ez dela gainditu egiaztatzea.

3.- SPRI SAk laguntzen zenbatekoa ordainduko du dokumentazio hori jaso eta, gehienez, bi hilabeteko epean.

4.- Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, artikulu honek adierazten duen likidazio-egunean berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresei ez zaie erregimen honetan ezarritako laguntzarik emango.

5.- Berregituratutako zorraren zenbatekoa, guztizkoaren gaineko zor horren ehunekoa eta bildutako zor berria zehazten duen txostena igorri beharko du onuradunak, berregituraketa-prozesua amaitu eta hilabeteko epean.

IV. KAPITULUA

INFORMAZIO BETEBEHARRA ETA EZ-BETETZEAK

13. artikulua.- Informazio betebeharra.

1.- SPRI SAk eskubidea du egoki ikusten dituen egiaztatze, ikuskatze eta gainontzeko kontrol neurriak gauzatzeko, laguntza-programa honen garapena eta aplikazioa bermatze aldera eta baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatze aldera.

2.- Enpresa onuradunak fakturen koadroaren arabera aurkeztutako fakturek 5 urtez egon behar dute artxibatuta eta SPRI SAren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egongo dira.

3.- Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez eskatzen dieten informazio oro eman behar dute nahitaez enpresa onuradunek.

14. artikulua.- Ez-betetzeak.

Egiaztatze-lanen bidez ikusiko balitz diru-laguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzaren bat bete, kobratu dituen diru-kopuruak itzul ditzala eskatuko dio SPRI SAk eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori egiteko behar diren legezko jarduerak martxan jarriko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Laguntza Programa hau indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2011ko abenduaren 31 arte. Aurkezten diren eskabideak hurrenkera kronologikoaren arabera aztertuko dira, behar bezala beteta aurkezten diren momentutik aurrera, harik eta erabilgarri dagoen urteko kreditua agortzen den arte. Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta aurkezturik egon.

Bigarrena.- Jada egindako aholkularien homologazioaren indarraldia luzatu egiten da; SPRIren web orrian argitaratua dago zerrenda.

Hirugarrena.- Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, eskatzaileak ematen dituen datu pertsonalak bi fitxategi hauetako batean sartuko dira: SPRI SAk diseinatu eta/edo kudeatzen dituen laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzeko «Laguntzak» fitxategian, edo SPRI SArekin zerbitzuak eta laguntzak ematen jarduten eta/edo kolaboratzen duten profesionalen informazioa kudeatzeko «Aholkulariak» fitxategian.

SPRI SAren ardurapekoak dira bi fitxategiok (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbao. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero. Gogorarazten dizuegu datu hauek eskuratzeko aukera duzuela, eta hala behar izanez gero, datuok eskatzeko, zuzentzeko, aurka egiteko edo baliogabetzeko, aipatu legean xedatzen den moduan. Horretarako idatzizko komunikazioa helarazi beharko zaio SPRI SAko Segurtasuneko arduradunei lopd@spri.es helbidera.

Laugarrena.- SPRI SAren erabakia merkataritza-izaerakoa da eta jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan, zuzenean edo zeharka, sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jarriko dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Bosgarrena.- Programa honetan aurreikusi gabekoetan, honako hauetan xedatutakoa beteko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, eta gainerako araudi aplikagarria.

Bilbao, 2011ko martxoaren 30a.

Zuzendari nagusia,

TOMÁS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala