Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2011ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

Zarauzko Udala
2701

IRAGARKIA, 1-1 area -OR alde zaharra- birgaitzeko Udalak sustatu duen plan bereziari buruzkoa.

2011ko martxoaren 30ean egindako osoko bilkuran, Zarauzko Udalbatzarrak honakoa erabaki zuen:

1-1 area -OR alde zaharra- birgaitzeko Udalak sustatu duen plan berezia aurkeztu da, Udalbatzarrak behin betiko onar dezan. Rosario Marijuan arkitektoak zuzendutako lantaldeak idatzi du dokumentua, Udalak hala aginduta eta emandako irizpideak oinarritzat hartuta.

Espedientearen izapidean ondoko aurrerakinak eta egintzak dira azpimarratzekoak:

- Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren 2006ko urriaren 31ko Aginduaren bidez, zera erabaki zen: Zarauzko Alde Zaharra birgaitze integratuko eremu deklaratzeko espedientea hastea.

- Alkatetzaren 2007ko maiatzaren 7ko ebazpenaren bidez, Plan bereziaren aurrerapena jendaurrean jartzea erabaki zen. Jendaurreko erakustaldia 2 hilabetekoa izan zen, eta 1-2 areako -OR hiriguneko zabalgunea- plan bereziaren aurrerapenarekin batera egin zen; guztira, 15 alegazio-idatzi aurkeztu ziren, eta horietatik 14, guztiz edo zati batean, 1-1 area birgaitzeko plan bereziari buruzkoak izan ziren. Talde egileak alegazioei buruzko txostena egin zuen (2007ko iraila); ondoren, hirigintzako informazio-batzordeak, 2007ko urriaren 8ko bileran, onespena eman zion talde egilearen txostenari. Eta, azkenik, interesdunei horren berri eman zitzaien.

- 2007ko azaroaren 29ko bilkuran, Tokiko Gobernu Batzarrak plan berezia burutzeko oinarri izango ziren irizpideak eta irtenbide orokorrak onetsi zituen.

- 2008ko ekainean, foro irekiak egin ziren plan bereziaren proposamenak herritarrei azaltzeko. 2008ko uztailean, Hirigintzako informazio-batzordeak herritarren proposamenak eztabaidatu, eta hasierako onespeneko dokumentuan sartu beharreko irizpide batzuk onartu zituen.

- 2009ko abenduaren 3ko bilkuran, Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onespena eman zion 1-1 area -OR alde zaharra- birgaitzeko plan bereziaren proiektuari.

- Jendaurreko erakustaldia 2 hilabetekoa izan zen, eta 1-2 areako plan bereziarekin batera egin zen; guztira, 89 alegazio-idatzi aurkeztu ziren, horietatik 84, guztiz edo zati batean, 1-1 area birgaitzeko plan bereziari buruzkoak izan ziren. Halaber, ondorengo administrazioek egindako txostenak ere sartu ziren espedientean:

- Foru Aldundia: Bide Azpiegituretako Departamentua.

- Euskal Trenbide Sarea.

- Eusko Jaurlaritza: Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

- Ingurumeneko Ministerioa: Kosta eta Itsasoaren Zuzendaritza Orokorra.

- Eusko Jaurlaritza: Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritza.

- Plan berezia egin zuten teknikariek alegazioak eta txosten sektorialak aztertu, eta horiei buruzko txostena egin zuten (2010eko urria). Gero, 2010eko azaroan eta 2011ko otsailaren artean egindako bileretan, Hirigintza, Obra eta Proiektu, Zerbitzu eta Ingurumeneko informazio-batzordeak talde egilearen txostena eta alegazioak eztabaidatu zituen.

- Informazio-batzordeko idazkariak alegazioei emandako erantzunak jaso eta biltzen dituen dokumentua idatzi zuen (2011ko martxoko dokumentua). Bestalde, talde egileak ere ordenantza orokor eta partikular aldatuak aurkeztu zituen. Aldaketa horiek, hain zuzen, txosten sektorialen, onartutako alegazioen eta informazio-batzordeak onartutako proposamenen ondorioz egin ziren. Hirigintza, Obra eta Proiektu, Zerbitzu eta Ingurumeneko informazio-batzordeak, 2011ko martxoaren 23an egindako bileran, bi dokumentuak eztabaidatu eta horien aldeko txostena egin zuen.

Espedientea aztertu eta aurrez eztabaidatu ondoren, Udalbatzarrak, legezko gehiengo osoaren quorum-az,

ERABAKI DU:

Lehenengoa.- Hasierako onespeneko dokumentuari egindako alegazioak eta proposamenak onartzea eta ezestea, Hirigintza, Obra eta Proiektu, Zerbitzu eta Ingurumeneko informazio-batzordearen 2011ko martxoaren 23ko aktari erantsitako dokumentuaren edukiaren arabera.

Bigarrena.- 1-1 area -OR alde zaharra- birgaitzeko Udalak sustatu duen plan bereziaren proiektuari behin betiko onespena ematea, Rosario Marijuan arkitektoak zuzendutako lantaldeak idatzi duen dokumentuan jaso diren aldaketekin (2011ko martxoko dokumentua).

Hirugarrena.- Onartutako aldaketak jasoko dituen plan bereziaren testu bategina aurkeztu beharko du talde egileak, Udalak onar dezan. Behin testu bategina onartutakoan, ondorengo tramiteak egingo dira:

- Onartutako dokumentua Foru Aldundiko hirigintzako plangintzaren erregistro administratibora bidaliko da.

- Behin betiko akordioaren testu osoa eta plan bereziaren hirigintzako arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara emango dira. Halaber, behin betiko onespeneko akordioa lurralde historikoan hedadura gehien duen egunkarian edo egunkarietan argitara emango da.

Laugarrena.- Hasierako onespeneko dokumentuari alegazioak aurkeztu zizkioten interesdunei akordio hau jakinaraztea.

Hala jakinarazten da, orok jakin dezan eta ondorio egokiak izan ditzan. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du. Nahi duenak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Udalbatzarrari, hilabeteko epean, edo zuzenean aurkatu bi hilabeteko epean Bilbon egoitza duen Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan.

Aipatutako epeak iragarki hau argitara ematen denetik edo, beranduago egiten bada, interesdunak jakinarazpena jaso eta biharamunean hasiko dira.

Zarautz, 2011ko apirilaren 12a.

ALKATEA.


Azterketa dokumentala