Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2011ko apirilaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2062

AGINDUA, 2011ko martxoaren 23koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako «ordainketa bakarreko» erkidegoko diru-laguntzen jardunbideak eta zuzeneko laguntzen beste jardunbide batzuk garatzeko eta aplikatzeko urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan araututako laguntzak iragarri eta 2011ko kanpainara egokitzekoa.

Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma eta «ordainketa bakarraren jardunbidea» Europako Kontseiluak ezarri zituen, 2003ko irailaren 20ko 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren bidez. Politika hori berriki berraztertu dute, hizkera arruntean «NBParen mediku-azterketa» izendatu denaren esparruan.

Mediku-azterketa horretan onartutako aldaketak Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan datoz; haren bidez, nekazaritza politika bateratuaren esparruan nekazarientzako zuzeneko laguntzen jardunbideei aplikatzekoak zaizkien xedapen orokorrak eta laguntza jardunbide zehatzak ezarri ziren, eta zenbait erregelamendu aldatu ziren -hain zuzen ere, 1290/2005 (EE) Erregelamendua, 247/2006 (EE) Erregelamendua eta 378/2007 (EE) Erregelamendua-, eta 1782/2003 (EE) Erregelamendua indargabetu. Batzordearen 2009ko azaroaren 30eko 1122/2009 (EE) Erregelamenduak Kontseiluaren 73/2009 Erregelamendua garatzeko arauak ezarri zituen, kudeaketa eta kontrolaren gaineko baldintzei, modulazioari eta sistema integratuari dagokienez.

Funtsean, hauxe da erregelamendu horrek ekarritako lehen aldaketa sorta handia: aurrez osatuta edo neurri batean osatuta zeuden laguntzak pixkanaka txertatuko dira ordainketa bakarraren jardunbidean. Halaber, kanpaina honetan Kontseiluaren 73/2009 Erregelamenduaren 51. artikuluan ezarritako salbuespenaz baliatzeko aukera desagertzen da, beraz, ordainketa bakarreko eskubideak erabiltzeko onargarriak izango dira fruta eta barazkietarako eta gizakiek kontsumitzeko patatarako erabiltzen diren azalerak.

Garrantzizko bigarren aldaketa da estatuek beste ordainketa espezifiko batzuk egin ahalko dizkietela ekoizpen jakin batzuei, baldintza jakin batzuetan, Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduko 68. artikulua aplikatuz. Diru-laguntza horiek arlo hauek jorratzeko eman ahalko dira: ingurumenarekin eta animalien ongizatearekin loturiko alderdiak aztertzeko, nekazaritzako produktuen kalitatea edo merkaturatzea hobetzeko, nahiz esne-kuota etengabe murrizteak eta oso ahulak diren sektore batzuk bereizteak dakartzan ondorioak arintzeko.

Espainian mediku-azterketa aplikatzeko erabakia Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak hartu zuen, apirilaren 20an. Erabaki haren bidez, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioa eta autonomia-erkidegoak ados jarri ziren Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak estatu kideei nolabait arautzeko tartea uzten dien alderdien inguruan. Erabaki hori osatzeko, bi dekretu hauek argitaratu dira: 1680/2009 Errege Dekretua, azaroaren 13koa, ordainketa bakarraren jardunbidea nekazaritzan aplikatzeari buruzkoa eta nekazaritzako laguntza jakin batzuk 2010etik aurrera jardunbide horretan sartzeari buruzkoa; eta 66/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 29koa, nekazaritzari eta abeltzaintzari 2010ean eta 2011n zuzenean ordaindu beharrekoari buruzkoa, azaroaren 26ko 1597/2010 Errege Dekretuak aldatutakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan laguntza horiek guztiak urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak, ordainketa bakarreko laguntzen Batasuneko erregimena eta nekazaritza eta abeltzaintzarako laguntza zuzenen beste erregimen batzuk EAEn garatu eta aplikatzeari buruzkoak, arautzen ditu. Dekretu horretako azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, agindu bidez beharrezko xedapenak eman ditzan dekretu hori erkidegoetako araudietan egiten diren aldaketetara eta Estatuko oinarrizko legeriara egokitzeko.

Horren ondorioz, agindu honen xedea da 2011ko kanpainarako laguntzak iragartzea, eta, aldi berean, zuzenean aplikatzekoak diren arauzko aldaketak eta nahitaez bete beharreko estatuko oinarrizko araudia txertatzea, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuko azken xedapenetako lehenengoak ematen duen aukerari jarraiki.

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

2011ko kanpainan, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan eta agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari bidaliko zaizkio, 2011ko otsailaren 1etik maiatzaren 2ra bitartean, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan entregatuko dira.

2. artikulua.- Modulazioa.

1.- Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak 6. artikuluan xedatzen duena alde batera utzita, 2011ko kanpainan, zuzeneko ordainketetan guztira 5.000 eurotik gora eman behar zaizkien nekazari guztiei % 9ko murrizketa aplikatuko zaie, 5.000 euro horietatik gorako zenbatekoen gainean.

2.- 1. paragrafoan azaltzen den murrizketaren portzentajea lau puntu handituko da 300.000 eurotik gorako zuzeneko ordainketetan; igoera hori ez zaie aplikatuko lehenengo 300.000 euroei.

3. artikulua.- Ordainketa bakarraren erregimenaren integrazioa.

1.- Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. eta 7. artikuluetan eta I. eranskinean xedatutakoa alde batera utzita, 2011ko kanpainan % 100 integratuta daude ordainketa bakarraren erregimenean honako laguntza hauek:

- Belarkien laborantzako ekoizleentzako laguntza.

- Olibadietarako laguntza.

- Ardi- eta ahuntz-abereen ekoizleentzako laguntza.

2.- Horren ondorioz, 2011ko kanpainan eraginik gabe geratzen dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan aurreikusitako zenbait laguntza:

- belarkien laborantzako ekoizleentzako ordainketa osagarriak (25. artikulutik 36.era, biak barne), proteaginosoen prima ezik (32. artikulua), hori 2011ko kanpainan aplikatuko baita;

- energiarako laboreetarako laguntzak (37. artikulua);

- olibadietarako laguntzak (42. artikulutik 45.era, biak barne); eta

- ardi- eta ahuntz-abereen ekoizleentzako ordainketa osagarriak (74. artikulutik 78.era, biak barne).

4. artikulua.- Lurren nekazaritzarako erabilera.

Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoa alde batera utzita, nekazariek laguntzarako eskubideen ordainketa justifikatzeko hektarea onargarriei dagozkien lur-sail deklaratuak edozein nekazaritza jarduerarako erabili ahal izango dituzte, fruta eta barazkien eta gizakiek kontsumitzeko pataten produkzioa barne.

5. artikulua.- Azukre-erremolatxaren ekoizleentzako laguntzak.

1.- Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduko 93. artikuluari jarraiki, ekoizten duten azukrearen araberako laguntza emango zaie azukre-erremolatxaren ekoizleei, 2011-2012ko merkaturatze-kanpainako kuoten babesean. Laguntza emateko orduan, hornikuntza kontratuen arabera emandako azukre-erremolatxatik kuotako zenbat azukre lortu den hartuko da kontuan.

2.- Laguntza 48,2481 eurokoa izango da, kalitate arrunteko azukre zuriaren tona bakoitzeko.

3.- Azukre-industriek banaketen gaineko kontabilitate espezifiko bat eraman beharko dute hornikuntza kontraturen bat izenpetua duten nekazari bakoitzarekin, eta haien ardura izango da banaketa bakoitzaren datuak benetakoak izatea.

Eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko irailaren 10a baino lehen, kuotako azukrea ekoizteko kontratu baten bidez erremolatxa eraldatzen duten azukre-industriek ekoizle guztien eta egindako banaketen zerrenda bidaliko diete azukre-lantegia kokatua dagoen autonomia-erkidegoko organo eskudunei. Banatutako azukre-kopurua kilotan emango da, eta kalitate arrunteko kuotako azukrea adieraziko du. Aurreko datuak jasotzen dituen autonomia-erkidegoak bere lurraldean aurkeztu ez dituzten eskabide bakarrei buruzko datuen inguruko informazioa igorriko dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.

4.- Artikulu honetan ezarritako diru-laguntza lortu nahi duten azukre-erremolatxaren ekoizleek 2011n azukre-industriekin formalizatutako kontratuak aurkeztu beharko dituzte eskualdeko nekazaritza-bulegoetan, beranduenez eskabide bakarra aurkeztu den urteko maiatzaren 15ean. Ekoizleak kontratua aurkeztuta ere, administrazio eskudunak zuzenean eskatu ahalko die azukre-industriei kontratu horien gaineko informazioa.

6. artikulua.- Lekaleen sektorean kalitateko ekoizpena izateko laguntzak.

1.- Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) letrako 1. idatz-zatian xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren bidez ezarritako lekaleen kalitaterako programa nazionalaren esparruan, ustiategi bakoitzeko laguntza espezifiko bat emango zaie Nekazaritza Ekologikoak edo «Gernikako Babarruna», «Tolosako Babarruna» eta «Arabako Babarrun Nabarra» kalitateko labelek edo bereizgarriek babestuta gizakiaren kontsumorako lekadunak ekoizten dituzten nekazariei.

2.- Ustiategi bakoitzeko zenbat ordainduko den kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: hektarea bakoitzeko oinarrizko laguntzaren zenbatekoa bider laguntza kobratzeko zehaztutako hektarea-kopurua, gehi, hala badagokio, JDBrako eta AGBrako osagarriaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa bider zehaztutako hektarea-kopurua -deitura horiekin erregistratuak edota erregistratzeko prozesuan daudenak-, edota, hala badagokio, kalitateko gainerako deituretarako osagarriaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa bider zehaztutako hektarea-kopurua -deitura horiekin erregistratuak edo erregistratzeko prozesuan daudenak-. Ustiategi bakoitzeko urteko gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da.

3.- Ustiategi bakoitzeko ordainketaren onuradun izateko, aurreko idatz-zatian zehaztu den moduan, urtero eskatu beharko dute nekazariek, eskabide bakarrean, artikulu honetan ezarritakoa betetzen duen ustiategiaren eremurako. Horretarako, nekazari horiek 1. idatz-zatian zerrendatutako kalitate-deituraren batean inskribatuta egon beharko dute edo inskribatzeko prozesuan egon beharko dute 2011ko otsailaren 1ean.

4.- Ustiategi bakoitzeko ordainketaren onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte nahitaez:

a) Urtero eskatu beharko dute ordainketa hori, eskabide bakarrean, ezarritako moduan eta eran.

b) Artikulu honetako lehenengo idatz-zatian jasotako kalitate-deituretakoren bati dagozkion lekadunekin erein beharko dute laguntzarako adierazitako eremu osoa. Onartuko dira ekoizpen sistema elkartuak, baldin eta kalitate bereiziko deituren gaineko baldintza orriak hala exijitzen badu bere ekoizpen-metodoetan.

5.- Hektarea bakoitzeko oinarrizko laguntza 100 eurokoa izango da. Estatuan, oinarrizko azaleren guztirakoa 10.000 hektareakoa izango da, eta hiru azpiazaleratan banatuko da:

a) Oinarrizko lehen azpiazalera: JDB, AGB: 4.000 hektarea.

b) Oinarrizko bigarren azpiazalera: Nekazaritza ekologikoa: 5.500 hektarea.

c) Oinarrizko hirugarren azpiazalera: Aurrekoetatik bereizitako beste kalitate-deitura batzuk: 500 hektarea.

Laguntzarako ezarritako azalera guztizko oinarrizko azalera baino handiagoa bada, modu linealean murriztuko da oinarrizko azpiazalerako zati bakoitza, gainezkatzearen araberako proportzioan; horretarako, beharrezkoa izanez gero, zehaztutako azalerak azpiazalerako zati batean dituen eskasiak orekatu egingo dira bestean dituen gainezkatzeekin. Lehenik eta behin, oinarrizko lehenengo azpiazalerako gainezkatzeak orekatuko dira.

Aurreko paragrafoa aplikatzearen ondorioz, JDB eta AGBpeko azaleren azalera linealaren murrizketa-faktorea nekazaritza ekologikorako lortutakoa baino handiagoa izango balitz, berdindu egingo lirateke. Gauza bera egingo da nekazaritza ekologikorako azaleretarako murrizketa linealeko faktorea kalitate desberdinduko gainerako deituretarakoa baino handiagoa denean.

6.- Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, ekoizpen ekologikoa eta kalitate-bereizgarriak ziurtatzen dituzten erakundeetako arduradunek beharrezko informazio guztia emango diote Eusko Jaurlaritzako Elikadura Kalitatearen Zuzendaritzari, aurreko urte osoan beren ekoizpena erakunde horien ardurapeko kalitate programen babesean merkaturatu duten ustiategien eta titularren inguruan, eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen.

7. artikulua.- Tabakoaren sektorean kalitateko ekoizpena izateko laguntza.

Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) letrako 1. idatz-zatian xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuak ezarritako Tabakoaren Kalitatea Sustatzeko Programaren baitan, laguntza espezifiko bat emango zaie tabako gordina urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 75-82. artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren arabera ekoizten duten nekazariei.

8. artikulua.- Kalitateko behi-okela ekoizteko ordainketa gehigarrirako betekizunak.

1.- Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 72.1.c) artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 54. artikuluan xedatutakoaren arabera, aplikatu beharreko araudiak ezarritakoak baino baldintza zorrotzagoak ezartzen dituen okelaren aukerako etiketatzearen kasurako, balio erantsi gisa segidan adierazten direnetakoren bat biltzen dutenak soilik onartuko dira:

a) Animaliaren ezaugarriak: hemengo arrazetako animaliak.

b) Ekoizpenaren ezaugarriak: jardunbide estentsiboa edo amarekin gutxienez bost hilabetean egon diren animaliak gizendu eta hiltzea.

c) Elikadura: okelaren kalitate organoleptikoa edo elikagarria hobetzeko asmoz pentsuan labore, bitamina, gantz-azido eta beste osagai batzuen gutxieneko portzentaje edo kopuru batzuk erantsi dituzten elikadura-sistemak.

d) Ingurumena: ustiategian energia berriztagarriak erabiltzea, energia edo baliabideak -batez ere ura- aurrezteko programak izatea, berotegi-efektuko gasen igorpena murriztea.

2.- Kasu honetan, baldintza-orriak abeltzaintzako ustiapenetik hasi behar du, balio erantsia ematen duten elementu guztiak betetzea ustialekuan bertan egindako jardueren araberakoa izango delarik.

Baldintza-orri guztiek beteko dute abenduaren 12ko 1698/2003 Errege Dekretua, behi-okela etiketatzeko sistemei buruzko erkidegoko erregelamenduak aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

Kontrol-erakunde independenteek balio erantsia ematen duten ezaugarriak betetzen direla egiaztatuko dute, auditoretzen bidez. Horretarako, behar beste irizpide tekniko aplikatuko dituzte orriak babestutako ekoizpen osoaren ezaugarriak kontrolatzen direla ziurtatzeko. Kontrol-prozesuak, gutxienez, baldintza-orriko ustialekuen % 25era urtean bisita bat egitea bilduko du, eta ustialeku bakoitza, gutxienez, lau urtean behin bisitatu beharko da kontrol administratiboen bitartez soilik egiaztatu ezin diren eta balio erantsia ematen duten elementuak daudenean.

Baldintza-orria kudeatzen duen erakundeak bere eskuetan izan beharko du aukerako etiketatuaren agiriaren arabera hildako animalien identifikazioari eta erregistroari buruzko informazio guztia, eta, behar izanez gero, autonomia-erkidegoko organo kudeatzailearen esku jarriko du, hark hala eskatuz gero.

Horretarako, autonomia-erkidegoak emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak, eskaeraren urteko otsailaren 1a baino lehen, idatz-zati honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten aukerako etiketatuari buruzko orrien zerrenda nazional bat egin eta argitaratuko du.

9. artikulua.- Esne-sektorean ordainketa gehigarria emateko baldintzak.

Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuko 80.d) artikuluan xedatutakoa alde batera utzita, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuko 57. artikuluan ezarritakoari jarraiki, ez da beharrezkoa izango nekazariek edo haien elkarteek behi-esnearen hornikuntzarako kontratu homologatu bat edukitzea, urtarrilaren 7ko 2/2000 Legeak ezartzen duenaren arabera.

10. artikulua.- Kalitateko ekoizpeneko deituren babespean ekoizten duten ardi- eta ahuntz-abereen ekoizleentzako laguntza espezifikoak.

1.- Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko 1.a.ii) idatz-zatian xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraiki, laguntza espezifiko bat emango zaie beren esne edota okelaren ekoizpenaren zati bat behintzat kalitate-deitura baten babespean merkaturatzen duten ardi- eta ahuntz-abereen ekoizleei.

2.- Abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa zenbatekoa izango den Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak ezarriko du, modu honetan: funtsen guztirako zenbatekoa zati autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera emakidaren baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.

3.- Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten nekazariek gutxienez ustiategiko eme hautagarrien % 15ek ekoitzitakoa merkaturatu beharko dute dagozkion kalitateko ekoizpen-programekin. Bi ekoizpen-orientazioak -okela eta esnea- dituzten ustiategien kasuan, betekizun hori betetzat jotzeko, ustiategiko bi ekoizpen orientazioetako batean lortu beharko da portzentaje hori. Nolanahi ere, bi ekoizpen-orientazio horietako batek soilik jasoko du laguntza.

Gutxieneko portzentaje horiek ezartzeko, eskabide bakarra aurkeztu den urtean merkaturatutako esne-kantitatea edota ardi- nahiz ahuntz-kopurua umetarakoen kopurura bihurtzeko koefizienteak aplikatuko dira, 66/2010 EDaren XIV. eranskinean xedatutakoaren arabera.

4.- Laguntza animalia hautagarri bakoitzeko emango da eta hautagarriak izango dira ahuntzaren espezieko emeak, gutxienez behin erditu dutenak edo gutxienez urtebete dutenak 2011ko urtarrilaren 1ean, baldin eta behar bezala identifikatuta eta erregistratuta badaude Kontseiluaren 2003ko abenduaren 17ko 21/2004 (EE) Erregelamenduan, ardi- eta ahuntz-espezieetako animaliak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duenean, ezarritakoaren arabera, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean, eta urtarrilaren 1ean errolda-aitorpenean bildu bada, eskatzailearen ustialekuan. Errolda-aitorpen hori abeltzaintzako ustialekuen erregistro orokorrari jakinarazi behar zaio, 479/2004 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

5.- Ondorio horietarako, kalitate-deituratzat joko dira ardi eta ahuntzen sektorean ofizialki onartutako kalitate-sistema hauek:

Europar Batasunaren esparrukoak:

a) Adierazpen geografiko babestuak.

b) Jatorri-deitura babestuak.

c) Espezialitate Tradizional Bermatuak.

d) Abeltzaintza ekologikoa.

Estatuaren esparrukoak:

e) Abeltzaintza integratua.

f) Aukerako etiketatua; Nekazaritza eta Abeltzaintzako Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko irailaren 10eko Ebazpenaren, arkume- edo antxume-okelaren aukerako etiketatuaren gida onartzen duenaren, bidez aitortutako baldintzen edo Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak arau bidez aitortutako kalitatea ziurtatzeko edozein eskemaren araberakoa izan beharko du.

Horrez gain, laguntza kobratzeko, urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzkoan, ezarritakoaren arabera erregistratutako multzoko eme hautagarrietatik jaiotako arkume edo antxumeak soilik hartu ahal izango dira kontuan.

6.- Animalia hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:

- Europar Batasunaren esparruko kalitate-deituren kasuan: laguntzaren zenbateko osoa.

- Estatuaren esparruko kalitate-deituren kasuan: laguntzaren zenbateko osoaren % 80.

Laguntza ordaindu ahal izateko, aukerako etiketatuaren orrien arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek, jatorri-deitura babestuen kontseiluek nahiz abeltzaintza ekologiko eta integratuaren ekoizpena egiaztatzen duten erakundeek, beharrezko informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzako Elikadura Kalitatearen Zuzendaritzari, eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen, aurreko urte osoan beren ekoizpena urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren XII. eranskineko datuen arabera erakunde horien ardurapekoak diren kalitate-programa horien babesean merkaturatu duten ustiategien eta titularren inguruan.

11. artikulua.- Okela ekoizten duten ardi eta ahuntzen ustiategietako ekoizleentzako laguntzak.

1.- Kontseiluaren urtarrilaren 13ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letran xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki, diru-laguntza espezifikoak emango zaizkie gisa honetako ustiategiek ekonomia aldetik bideragarriak izateko dituzten desabantaila espezifikoak orekatzeko elkartzen diren okela oneko ardi eta ahuntzen ustiategiei, halako moldez, non ustiategi horien lehiakortasuna hobetuz edo ekoizpenaren eskaintza antolatuz edo balioa handituz jardueran jarrai dezaten bermatu ahal izango den.

2.- Abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa zenbatekoa izango den Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak ezarriko du, modu honetan: funtsen guztirako zenbatekoa zati autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera ezarritako baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.

3.- Laguntzak eskuratzeko, Nekazaritza Ustiapenak Modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1995 Legeak 6. artikuluko a) eta b) letretan zehazten dituen elkarte-ustiategietakoren batean sartuta egon beharko dute ekoizleek; ustiategi horiek umetarako azienden gutxieneko errolda batzuk izan beharko dituzte, 5.000tik gora umetarako abelburu dituzten ustiategi elkartuetako titularren jabetzakoak, eta beren estatutuetan agertzen diren helburuen artean hauetakoren bat izan beharko dute:

- Arkumeak gizentzeko eta tipifikatzeko edota okela nahiz artilea merkaturatzeko azpiegiturak izatea.

- Ekintza bateratuak egitea, ekoizpenaren trazabilitatea edota etiketatua hobetzeko.

- Ohiko zerbitzuak eta ordezkatzekoak izatea (esate baterako, larratzeko, ilea mozteko...).

- Ekoizpenaren edota merkaturatzearen esparruan ekintza bateratuak egitea, trebatzeko, hobekuntza teknologikoak egiteko eta berritzeko.

Aldi berean, elkarteek konpromiso hauek hartuko dituzte:

- Lehen laguntza eskatu duten egunaz geroztiko hiru urteetan, hau da, laguntza eskaeraren urtean eta hurrengo bietan, jarduerari eta, gutxienez, elkarteko errolda adierazlearen % 90i eustea.

- Elkarteko kide diren ekoizleek banan-banako konpromisoa hartzea elkartean, gutxienez, hiru urtez egoteko eta bajaren berri, gutxienez, eguna baino sei hilabete lehenago ematea.

4.- Laguntza animalia hautagarri bakoitzeko emango da eta hautagarriak izango dira ahuntzaren espezieko emeak, gutxienez behin erditu dutenak edo gutxienez urtebete dutenak 2011ko urtarrilaren 1ean, baldin eta ez bada esnea edo esnekiak merkaturatzeko jezten eta behar bezala identifikatuta eta erregistratuta badaude Kontseiluaren 2003ko abenduaren 17ko 21/2004 (EE) Erregelamenduan, ardi- eta ahuntz-espezieetako animaliak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duenean, ezarritakoaren arabera, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean, esnerik edo esnekirik merkaturatzen ez duten ustiategietan, eta urtarrilaren 1ean errolda-aitorpenean bildu bada, eskatzailearen ustialekuan. Errolda-aitorpen hori abeltzaintzako ustialekuen erregistro orokorrari jakinarazi behar zaio, 479/2004 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.- Esne-sektoreko nekazarien desabantaila espezifikoak orekatzeko laguntzak.

1.- Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko b) letrako 1. idatz-zatian xedatzen duena betez, laguntza espezifikoak emango zaizkie eremu ahuletan dauden esne-ustiategietako titularrei, urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuko 90. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta lehentasuna emango zaie, laguntza gehigarri baten bidez, esnea ekoizten duen ganadua elikatzeko eremuren bat dutenei. Halaber, ustiategi horiek urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 83. artikuluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak bete beharko dituzte.

2.- Abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa zenbatekoa izango den Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak ezarriko du, modu honetan: funtsen zenbatekoa zati emakidaren baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua, erkidegoek emandako informazioaren arabera eta artikulu honetako 4. idatz-zatian azaltzen den modulazioa kontuan hartuta.

3.- Laguntza horiek eremu ahuletan kokatutako esnetarako behien ustiategietako titularrek eskuratu ahalko dituzte, 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

4.- Ustiategian esnetarako ganadua elikatzeko bazkalekua duten nekazariek laguntza osagarri bat eskatu ahalko dute, betiere behi bakoitzeko 0,40 hektareakoa baino handiagoa ez bada azalera hori, artikulu honetako 5. idatz-zatian zehaztutakoarekin bat.

Laguntza honen ondorioetarako, bazkalekutzat joko dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuko 2.i) artikuluan xedatutakoa betetzeaz gain Sigpac sisteman LT (larre tokia) edo LG (lur goldagarria) erabilera dutenak eta ustiategia kokatua dagoen udalerrian edo inguruko udalerriren batean daudenak.

5.- Laguntzak animalia hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Animalia hautagarriak esne oneko behiak izango dira, urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduko IV. eranskinean zerrendatutako behi-arrazaren batekoak; behi horiek 24 hilabetekoak edo gehiagokoak izango dira, eta eskabidea aurkeztu den urteko apirilaren 30ean Animalien Banako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta egon beharko dute, 728/2007 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

Animaliek urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduaren IV. eranskinean adierazitako behi-arrazaren batekoak izan beharko dute eta, horrez gain, EAEn hautagarriak izango dira suitzar arrea espezieko behiak, abeltzainek horretarako egiten dituzten eskaeren arabera.

Ondorioz, laguntza hori kobratzeko hautagarritzat har daitezkeen suitzar arrea arrazako animaliak esne onekotzat joko dira ume-hazle beharrean, beraz, eskaera egiten den kanpainan behi ume-hazleentzat dauden laguntzak kobratzeko eskubidea galduko dute.

Foru-aldundiek adieraziko dute ustiategi bakoitzeko zenbat animalia hautagarrik betetzen dituen hurrengo idatz-zatian eremu ahul bakoitzerako eta modulazio tarte bakoitzerako ezarritako betekizunak.

6.- Animalia hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:

- Mendialdean edo muga espezifikoak dituzten eremuetan edo jendez hustu diren eremu ahuletan kokatutako ustiategien kasuan: lehenengo 40 animalientzat laguntzaren zenbateko osoa, eta zenbateko osoaren % 80 gainerakoentzat; ustiategi bakoitzeko gehienez ere 100 animaliarentzat emango da laguntza.

- Esnea ekoizten duen ganadua elikatzeko, animalia potentzialki hautagarri bakoitzeko 0,40 hektareatik gorako bazkalekuak dituzten ustiategien kasuan: lehenengo 40 animalientzat laguntzaren zenbateko osoa, eta zenbateko osoaren % 70 gainerakoentzat; ustiategi bakoitzeko gehienez ere 100 animaliarentzat emango da laguntza.

13. artikulua.- Kalitateko esnekien ekoizpena sustatzeko laguntzak.

1.- Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko 1. idatz-zatiko a.ii) letran xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki, laguntza espezifiko bat emango zaie beren produktuak lerro hauetakoaren batekin merkaturatzen dituzten esne-behien ustiategietako titularrei:

A) Kalitate-deitura.

B) «Q Letra» logitipoa duen aukerako etiketatua.

2.- Abelburu bakoitzeko laguntza zenbatekoa izango den Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak ezarriko du, modu honetan: funtsen guztirako zenbatekoa zati autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera emakidaren baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.

3.- Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 80. artikuluaren eta urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 83. artikuluaren xedapen komunetan ezarritakoaz gain, laguntza hauek edozein lerrotan eskuratu nahi dituzten nekazariek ustiategian diren esne oneko behiek ekoitzitakoaren % 25 gutxienez merkaturatu beharko dute, kasu bakoitzerako ezarritako baldintzetan.

4.- Laguntza animalia hautagarri bakoitzeko eta urteko ordainduko da. Animalia hautagarriak izateko, behiak 24 hilabetekoak edo gehiagokoak izango dira, Animalien Banako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta egongo dira, 728/2007 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera, eta ustiategian kokatuak egon beharko dute eskabidea aurkeztu den urteko apirilaren 30ean; behi horien ekoizpenak 13. artikuluaren 1. idatz-zatian ezarritako lerroren baten babespean egon beharko du merkaturatuta.

5.- Ustiategi bakoitzeko 3. idatz-zatian agertzen diren betekizunak zenbat behi hautagarrik bete behar dituzten kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: eskabide bakarra aurkeztu den urtean kalitate-deituraren batekin eta Q Letraren logotipoarekin merkaturatutako kilogramo-kopurua zati Espainiarako ezarritako batez besteko esne errendimendua -Batzordearen 2009ko apirilaren 17ko 316/2009 (EE) Erregelamenduak ezarri zuen errendimendu hori, urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduaren bidez indargabetutako 1973/2004 (EE) Erregelamendua aldatu zuenak-. Dena dela, foru-aldundiek Batzordeak onartutako edozein dokumentu erabili ahalko dute nekazari bakoitzarentzat esnetarako ganaduaren batez besteko errendimendu bat ziurtatzeko.

6.- Ondorio horietarako, kalitate-deituratzat joko dira (13.1 artikuluan bildutako A lerroa) esnetarako behien sektorean ofizialki onartutako kalitate-sistema hauek:

Europar Batasunaren esparrukoak:

A.a) Adierazpen geografiko babestuak.

A.b) Jatorri-deitura babestuak.

A.c) Espezialitate Tradizional Bermatuak.

A.d) Abeltzaintza ekologikoa.

Estatuaren esparrukoak:

A.e) Abeltzaintza integratua.

A.f) Agintaritza eskudunek aintzatetsitako kalitate-ziurtagirien edo berme-marken eskemak, araudi orokorrean baino betekizun gehiago badituzte. Kasu horretan, soil-soilik balioa erantsia ematen duten elementu gisa hauetakoaren bat dutenak onartuko dira:

- Ekoizpenaren ezaugarriak: jardunbide estentsiboko ekoizpena.

- Elikadura: pentsuan esnearen kalitate organoleptikoa edo elikagarria hobetzen duten labore, bitamina, gantz-azido eta beste osagai batzuen gutxieneko portzentaje edo kopuru batzuk erantsi dituzten elikadura-sistemak.

- Ingurumena: ustiategian energia berriztagarriak erabiltzea, energia edo baliabideak (ura) aurrezteko programak izatea, berotegi efektuko gasen igorpena murriztea.

- Esnearen garbitasun- eta osasun-kalitatea, nahitaezko lege-betekizunetatik haragokoa.

Kasu honetan, baldintza-agiriak abeltzaintzako ustiapenetik hasi behar du, balio erantsia ematen duten elementu guztiak betetzea ustialekuan bertan egindako jardueren araberakoa izango delarik.

Ziurtagiri-eskema eta berme-marka guztiak oinarrizko araudi bidez edo autonomia-erkidegoko organo eskudunak berak ezarritako legezko araudian jasotakoari lotuko zaizkio.

Kontrol-erakunde independenteek balio erantsia ematen duten ezaugarriak betetzen direla egiaztatuko dute, auditoretzen bidez. Horretarako, behar beste irizpide tekniko aplikatuko dituzte ziurtagiri-eskemak babestutako ekoizpen osoaren ezaugarriak kontrolatzen direla ziurtatzeko. Kontrol-prozesuak, gutxienez, eskemako ustialekuen % 25era urtean bisita bat egitea bilduko du, eta ustialeku bakoitza, gutxienez, lau urtean behin bisitatu beharko da kontrol administratiboen bitartez soilik egiaztatu ezin diren eta balio erantsia ematen duten elementuak daudenean.

Horretarako, autonomia-erkidegoek urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuak 109. artikuluko 2. ataleko q) letran xedatzen duenaren arabera emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak, eskaeraren urteko otsailaren 1a baino lehen, idatz-zati honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten kalitate-ziurtagirien eskemen zerrenda nazional bat egingo du.

«Q Letra» logotipoa duen aukerako etiketatuari dagokionez (13.1 artikuluan aurreikusitako B lerro), martxoaren 31ko 405/2010 Errege Dekretuan, esnea eta esnekiak etiketatzeko «Q Letra» logotipoa erabiltzea arautzen duenean, ezarritakoa bete beharko da.

7.- Adierazpen geografiko babestuak, jatorri-deitura babestuak eta espezialitate tradizional bermatuak arautzen dituzten kontseiluetako arduradunek eta abeltzaintza ekologiko eta integratutako ekoizpena, kalitateko ziurtagirien eskemak eta «Q Letra» logotipoa arautzen dituzten kontseiluetako arduradunek beharrezko informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzako Elikadura Kalitatearen Zuzendaritzari, eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen, urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuko XV. eranskinean xedatutakoaren arabera (1597/2919 EDak aldatua).

8.- Animalia hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:

- Europar Batasunaren esparruko kalitate-deituren kasuan: laguntzaren zenbateko osoa.

- Gainerako kalitate-izendapenen eta Q Letra logotipoa duen aukerako etiketatuaren kasuan: laguntzaren zenbateko osoaren % 80.

14. artikulua.- Erabilera komuneko bazka-azaleren kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

13/2009 Dekretuaren V. paragrafoaren (Informazio eta dokumentazio gehigarria) XI. eranskinari (eskaera bakarrean adierazi beharreko gutxieneko informazioa) honako paragrafo hau eransten zaio:

«1 bis.- Bazka-azalera komunen kasuan, entitate jabeak, lur-sail bakoitzagatik, bazkaleku kolektiboaren guztizko azalera egiaztatzen duen dokumentazioa, dagokion kanpainan bazkaleku hori erabiltzen duten azienda larrien guztizko kopurua eta animalia horiek bazkaleku kolektiboetan ematen duten denbora adierazi beharko ditu».

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Dena dela, agindu honen bidez urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak araututako ordainketa bakarreko erkidegoko laguntzen jardunbidean eta zuzeneko laguntzen beste jardunbide batzuetan egindako egokitzapenak 2011ko kanpainaren hasieratik (2011ko urtarrilaren 1a) aplikatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 23a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala