Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2011ko apirilaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
2061

AGINDUA 2011ko martxoaren 14koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, nekazaritzaren eta basogintzaren arloan, energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzetarako 2011ko ekitaldiko deialdia egiteko dena; laguntza horiek azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren bidez arautzen dira.

Azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta basogintza arloetan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzak ezarri eta arautzen ditu. Diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko Programan (2007-2013) daude sartuta. Programa hori Europako Batzordeak onartu zuen 2008ko otsailaren 15eko C(2008) 704 Erabakiaren bidez, eta 2010eko martxoaren 2ko C(2010) 1228 Erabakiaren bidez aldatu da.

Dekretu horren 9.2 artikuluak honela dio: «Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu bidez, honako dekretu honetan araututako laguntzen deialdia egingo da urtero, laguntza-eskabideak aurkezteko epeak zabalduko dira, aurrekontuko kreditu erabilgarriaren berri emango da eta laguntzen diren proiektuen iraupena zehaztuko da. Alderdi horiek guztiek ezin izango dituzte inola ere dekretu honetan ezarritakoak urratu».

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateragina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen diru-laguntzak emateko arauak eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat. Behin Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legea onetsita, beraz, beharrezkoa da deialdi hori egitea.

Horri jarraiki, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Agindu honen xedea da nekazaritza eta basogintzaren arloan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko laguntzen deialdia egitea, 2011ko ekitaldirako; laguntza horiek azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuan arautzen dira.

Bigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea.

2011. urtean, 302/2010 Dekretuak araututako laguntzen deialdirako eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.- Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.- Dekretu honetan xedatutako laguntzak eskatzeko, azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuak dakarren 1. eranskineko inprimaki-eredua bete behar da (www.nasdap.ejgv.euskadi.net webgunean egongo da eskuragarri) eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzan aurkeztu; edonola ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 eta 38.9 artikuluetan finkatu diren bideetatik edozein ere erabili ahalko da.

2.- Eskaerarekin batera, azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren 9.1 artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.- Ekonomia-baliabideak.

1.- 2011ko diru-laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 390.625 eurokoak dira, guztira.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarri diren aurrekontu-kreditua 250.000 eurokoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko Programaren (2007-2013) babesean, LGENF Europa elkarteko funtsari dagokionean, jarritako kredituak 140.625 eurokoak dira, aipaturiko Dekretuak ezarritako helburua betetzeko.

2.- Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren diru-laguntza guztiek ez dute gaindituko deialdiaren aginduan urtero hori finantzatzeko ezartzen den gehienezko diru-kopurua, ezta haren eguneratzetik lortzen den kopurua ere, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita.

Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, zenbateko hori handitu ahal izango da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Hazkunde hori izango balitz -laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehen gertatu beharko da-, iragarri egingo litzateke, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariaren ebazpena sartuz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bosgarrena.- Proiektuak burutzeko epea.

2011. urtean, azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren arabera diruz lagundutako jarduerak burutzeko epeak ezin izango du gainditu 2011ko abenduaren 31.

Seigarrena.- Justifikazioa, kitapena eta ordainketa.

1.- Deialdi honek ezarritakoaren arabera emandako diru-laguntzen ordainketa diruz lagun daitekeen gastua burutu aurretik egingo da, eta, horretarako, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzari honako agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio:

a) Lanak esleitzeko ebazpenaren kopia konpultsatua, hala badagokio.

b) Fakturen kopia konpultsatuak.

c) Ordainketen bankuko egiaztagiriak.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko edota dagokion Aurreikuspen Sozialeko Erakundearekiko zergak ordainduta dituela frogatzen duten agiriak, hala badagokio.

Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla egiaztatze aldera, inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, bi hilabetekoa izango da, onuradunak inbertsioa gauzatu eta ordaintzen duenetik zenbatzen hasita. Luzatutako proiektuen kasuan, gehieneko epea luzapena amaitzen den ekitaldiko urriaren 31n bukatuko da.

2.- Erkidegoko LGENF funtsaren arabera emandako laguntzen ordainketa Erakunde Ordaintzailearen bidez egingo da urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan jasotakoaren arabera: dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde ordaintzailea osatzen da, horretarako Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak dagozkion ebazpenak eman ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta honen aurka berraztertzeko hautazko errekurtsoa jarri ahalko dute interesdunek Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea egongo da honakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko Auzi errekurtsoa jartzerik dago Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko apean honakoa aldizkari berean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.- Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 14a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala